AbainGoardia











{2009/07/16}   Nora ez dakizun hori

nora_webNora ez dakizun hori

Irati Jimenez

ISBN 978-84-9783-672-2

240 orrialde

2009ko Martxoa

Elkar

 

Esana nuen euskal idazleen belaunaldi berri bat heldu dela azkeneko bi urteen inguruan. Orain gutxi Katixa Agirreren Habitat aipatu nuen, liburu ederra.

Aipagai dugun liburu berria nire gomendio berria da. Iragan urtean Irati Elorrietaren Burbuilak irakurri nuenetik ez zidan beste euskarazko libururik horrenbeste erakarri. Irati Jimenezen obra aipatzerako orduan ezinbestekoa da atzera jotzea, bere aurretik familian idazleen leinua ireki zuen Edorta Jimenez bere aita aipatu behar baita. Onartu behar dut irakurri ditudan Edortaren obra eskasek ez nautela gehiegi erakarri, baina onartu beharra dago euskararekin duen abilezia eta, literaturari so, lizentzia estilistikoak, deskribapenentzako daukan gaitasun poetikoa eta idazteko modu fina. Eta nonbait irakasle ona izan da, Irati alabak urratsak jarraitu eta, nire iritziz, esaerak dioen bezala, ikasleak irakaslea gainditu duelako.

Iratiren lehen argitalpena Txalaparta argitaletxeak 2002an haurrentzako Axuri beltza sailean argitaraturiko Malcolm X militante beltzaren biografia izan zen. Haren ondoren liburu luzeagoa egin zuen, Bat, bi, Manchester eleberri motza, Elkar argitaletxeak kaleratua 2007an eta eskuetan izan nuenean ona iruditu zitzaidana, baina ez aldi berean jaso nituen beste batzuk bezain beste. Kutxa bankuaren fundazioaren eskutik Laranja azalaren negarra argitaratu du (zinez ezustean harrapatu dit honek, ez bainuen haren existentziaren berri eta ISBN agentziaren datu basean aurkitu dut, begiratua eman beharko diot), 2008ko Donostia Hiria literatur sariaren emaitza.

Nora ez dakizun hori obra berria eleberri luze zein xarmangarria dugu. Orrialdeetan barrena bi pertsonai nagusi ikusi ahalko ditugu zeinen ardatzean mugituko den narrazioa bi ataletan banatua.

Obraren erdia Martinek du gidari, hamabost urtetan sorterritik kanpo, argazkilari bezala lanean aritu da munduan zehar eta hainbeste denboraren ondoren, Bilbora itzultzen da bere argazkiek osaturiko erakusketa antolatzen diotenean. Martinek aldegin zuenean bizitzaren une kritikoan zen, eta une horretan gizon bitxia ezagutu zuen (kolore ezberdinetako begien jabe), zeinak galdegin zion zer egin nahi zuen (“argazkigintza”, Martinek), zer egingo zukeen, bere arima zeren truke salduko zuen, eta Martinek ezinezko ipuinak irudikatzearen truke erantzuten dio. Horrela ohartuko da nola munduko hainbat tokitan eginiko hamaika argazkitan (ez hamar, ez hamabi), pertsona bera agertzen dela beti.

Martinek lubakia du Eliasen etxean, bere aita izan ez arren, txikitandik aitatzat izan duen gizona, aspaldiko kazetari ezaguna, zeinak gauero irratia entzuten duen esatariaren ahotsak maiteminduta.

Obraren beste erdian Nora dugu protagonista, gaueko irrati esataria, bere burua banpirotzat duena eta zentzu batean bizitzan zertxobait noraezean izan dena. Amonarekin bizi da, hurak hezi izan baitu (aita ez du ezagutu, eta ama auto istripuan hil zen Norarekin haurdun zenean). Amona Rosa dugu bigarren atal honetako bigarren mailako protagonista, ezinezko ipuinen maitalea, bizitza oso gogorra izan duena, Nebraskan Ezinen Ostatua kudeatu zuena, bi seme-alabaren hezitzaile bakarra, semeak ihesi izana eta ondoren alaba haurdun zela istripuan galdu izana zama ikaragarri modura dauzka, heriotza gertu duen orduetan itsu geratzen den artean ezinezko ipuin baten protagonista bilakatzen du bere burua.

Orrialdeek aurrera egin ahala bi atalak (eta bi pertsonaiak, nola ez) geroz eta gehiago gurutzatzen dira, istorio ezberdinak eraikitzen ditu, pertsonai bakoitzaren bizitza, izuak, ametsak garatuz doaz eta horrela eleberriak xarma eta edertasun paregabean janzten gaitu, Nora eta Martinen beldur eta ezintasunek eta bion arteko erakargarritasunak hunkiduraz horditzen gaitu.

Esan bezala, urtebetean irakurri dudan euskal libururik onena topatu dut esku artean. Liburu guztiz gomendagarria da irakurtzeko, ia derrigorrezkoa. Hemendik aurrera gure argazkien artean pertsona misteriotsuaren bila arituko gara, “Zu, nora ez dakizun hori” deitzeko.



Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Change )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Change )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Change )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Change )

Connecting to %s

et cetera
Follow

Get every new post delivered to your Inbox.

%d bloggers like this: