AbainGoardia











{2009/05/12}   Watchmen

watchmen_webWatchmen

Alan Moore eta Dave Gibbons

ISBN 978-84-674-7327-8

478 orrialde

Planeta de Agostini

Alan Moore egungo komiki munduko gidioigile onenentakoa dugu. V for Vendetta, From Hell, Promethea… Istorio ugariri bizia eman die, kutsu erradikala eman die eta mezu bikaina bidaltzen dutenak. V for Vendetta agian beste une baten izango da aipagai (aspaldi irakurri bainuen), baina gaur orain hile batzuk komiki (edo eleberri grafiko) honetan oinarritutako filmak modan jarri duen Watchmen aipatuko dugu.

Eleberri grafikoa dela esan dugu ez bakarrik komikiei beste izen dotoreago bat jartzeko modu bat izateagatik. Watchmen eleberri bat da, hasiera, pertsonaien garapena, trama eta azkenik amaiera duena (ez beste komiki batzuetan bezala, zeinetan pertsonaiaren errentagarritasunaz baliatzeko inoiz ez zaion amaiera ematen, pertsonaiak betiko gazte mantenduko balira bezala, Superman, Spiderman edo, telebista munduko Simpson familia bezala, hogei urte eta Maggie oraindik ume koxkorra da eta Maude Flanders da hil den bakarra).

Istorioa 1985 paralelo batetan garatzen da. Mundua (edo Estatu Batuak behintzat) faxista da, Richard Nixonek konstituzioan egindako aldaketei esker lehendakari izaten jarraitzen du, Vietnamgo guda irabazi dute amerikarrek eta AEB eta Sobietar Batasunaren arteko liskarrak puri-purian dira, guda nuklearra pizteko edozein aitzaki falta delarik. Justizia zaintzen aritu diren heroiak izan dira urtetan 1977an Keene legeak ilegal izendatu zituen arte.

Egoera horretan hilketa bat suertatzen da. Norbaitek gobernuarentzako lan egiten duen Edward Blake jaurtitzen du bizi den etxe-orratzeko apartamentutik. Edward Blake iraganeko justiziagilea (edo super-heroia) da, zeinen ezizena Komediantea da eta bera da, Manhattan doktorearekin batera, Keene legea indarrean ez duen heroi bakarra.

Komediantearen hilketaren ikerketa egingo du heroi ilegal hauetako bat, Rorshcach ezizenekoa, eta eleberria hemendik hasten da.

Hasierako ataletan heroien historia garatzen da. Aipatzekoa da superheroien komiki honetan heroi guztiek ez dutela naturaz gaindiko botererik Manhattan doktorea ezik (beste istorioetako heroien aurrean, zeinen artean soilik gogoratzen dugun Batman naturaz gaindiko botererik ez duen superheroi bakar bezala).

Bi heroi belaunaldi aurkezten dira. 40 hamarkadakoak (Minutemen) eta 60-70 hamarkadakoak elkarren artean zenbait lotura dauzkatenak. Hasierakoen artean aipatzen dira Gaueko Hontza eta Zetazko Mamua.

Komediantea bi heroi belaunaldietan parte hartzen du eta ikusten dugu pertsonai iluna dela. Batzuek faxistatzat hartzen dute, beste batzuk nihilistatzat. Gizon honek kaleetan justizia egin ondoren gobernuarentzako lan egiten du hainbat gudatan parte hartuz, Bigarren Mundu Guda, Vietnam, Panama… Bizi duen mundua ederki ulertzen du, pikutara doala daki eta hala ere berean dirau modu ironikoan, Komediantearen izena ezin hobeki datorkiolarik.

Beste heroi bat Laurel Juspeczik dugu, Zetazko Mamuaren alaba, hark bultzatua heroi izatera, Komediantea gorroto duena bere ama bortxatzen ahalegintzeagatik eta Manhattan doktorearen azken neskalaguna.

Hirugarren heroi bat bigarren belaunaldiko Gaueko Hontza dugu, hegaztien maitalea (natur zientzia aldizkarietan kolaboratzen du erretiratu behar denean) eta ingeniari bikaina dena, bere heroi gailu gehienak, Archie bere hegazkina barne, garatu dituena.

Laugarrena Ozymandias ezizeneko Adrian Veidt dugu, munduko gizonik argiena, Alejandro Magnoren zalea eta Keene legearen aurretik erretiratu ondoren enpresa gizon are eta aberatsagoa bilakatzen dena, egoitz bat eraikitzen duelarik Antartidan eta aldaketa genetikoen bitartez Bubastis izeneko katamotz erraldoia sortzen du maskota bezala.

Azkenerako uzten ditut arrazoi ezberdinengatik gehien erakarri nauten bi heroiak. Batetik Manhattan doktorea dugu, esan dugun bezala heroi guztien artean naturaz gaindiko botereak dituen pertsonai bakarra baita. Jonathan Osterman izanik bere aurreko izena, esperimentu batetan izandako istripu bat pairatzen du eta ordutik beste entitate berezi batetan bihurtzen da, mamu atomiko bat bezalakoa (hortik Manhattan izena, bonba atomikoa garatu zuen Manhattan Proiektuaren “omenez”). Bere gaitasuna gauzak atomo mailan suntsitu eta tokiz aldatzea du, zenbait lekutan izan daiteke aldi berean eta denbora ezberdinen kontziente da (gai da bi hizketaldi izatea aldi berean baina epe ezberdinetan). Alegia, ia jainko bat da. Eta horrek egiten du pertsonai benetan iluna, bere gizatasuna galduz joan baita eta ez delako atomo mailatik kanpo diren gauzez behar bezala jabetzen.

Baina gehien gustatu zaidan pertsonaia Rorschachena da. Oinazeak jarraitu duen gizona da, bere amak, auzokideek jotzen zutena bere buruaren jabe eta injustiziei aurre egitea erabakitzen duen arte. Rorschach bilakatzen da maskara bitxi bat jarriz eta gizon nahiko erradikala da planteamendu aldetik, dena zuria edo beltza baita beretzat. Berak hartzen du Komediantea erailtzearen arrazoia bilatzeko ardura nagusia eta horrek bere odisea (eta berriro martxan jarriko dituen bere lagun heroiena) piztuko du.

Komiki edo eleberri bikain honek badu beste gauza erakargarriak. Atalen erdian parentesi bezala dauden azpiatalak aurkituko ditugu, non pertsonai ezberdinak edo istorio bera modu ezberdinean garatzen diren, testu hutsa, komiki formatua alboratuz. Pertsonaien inguruko prentsa artikuluak, lehen Gau Hontzaren memoriak, bigarrenaren hegazti artikuluak eta abar.

Nabarmentzekoa da Dave Gibbonsen papera Alan Mooren gidoia irudi bihurtzean, benetan bikainak baitira (sentitzen dut gehiago ezin esatea, ez bainaiz komiki munduko aditu ez oso jarraitzailea).

Eta azkenik azpimarratu behar da aurkezpena, nabaritzen da Planetak dirua daukala, ikusgarritasunean inbertitu baitute. Erraldoia, kolore biziak errespetatuz. azal gogorra, paper ederra…

Biribila. Ezin esan besterik. Filma lortzear nago eta beste une batetan konparazioa egiten ahaleginduko naiz, ikusi nahirik ea arrazoirik duen Alan Moorek (V for Vendetta edo beste batzuekin izan zuen bezala) filma ezeztatu eta zerikusirik nahi ez izateko.

Nork zaintzen ditu zaindariak? (Who watch the watchmen?)



Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

et cetera
%d bloggers like this: