AbainGoardia











{2009/05/21}   Bilbaomusikaren kurtso amaierako jaialdia, Euskalduna Jauregia, 2009-05-20

Euskalduna Jauregia, 2009ko Maiatzaren 20a

Bilbaomusikaren kurtso amaierako jaialdia

Eguna heldu zen azkenik. Bilbaomusikak atzo kurtso amaierako jaialdia antolatu zuen, non eta Euskalduna Jauregian! Albistea eman zigutenean orain hile batzuk kideak emozionatu ziren, gehienek esperientzia baitute eta Euskaldunan jotzen den lehen aldia delako. Nik edukitako hausnarketak kontrajarriak dira. Nola ez, batetik poztasun handia ematen zidan soinu aldetik paregabea den eskenatokian jo ahal izatea (nire taldearekin emandako kontzertu gehienetan soinua ez zen beti ona izan, Gaztetxe zein jai batzordeen taula askotan zaila baita behar bezalako baldintzak aurkitzea soinu aldetik pozik izateko, baina Gaztetxeen bidea hautatu genuen eta ez naiz inondik ere damutzen). Baina bestetik ez zidan grazia handirik egiten, benetan. Aspalditik egiten diot kritika Bilbok izandako garapen urbanistikoari, hiri grisa izatetik, jarrera griseko hiria izatera bilakatu baita. Guggenheim, Euskalduna, Urban Circuit, Bilbao BBK Live, Kobeta Sonik, Zubiarte, Megapark… ez dira biztanleon ongizaterako sortu, kanpotarrak erakar ditzakeen espektakulua sortu zerbitzu sektoreko zein beste alorretako enpresak bertaratzeko asmoz egindako mugimendu espekulatiboak besterik ez dira izan. Halako mugimenduek azal dezakete soilik zergatik Metroa ireki aurretik errejistraturiko marka bilakatu zen eta zergatik ezin daitekeen ez argazki ez filmaketarik egin bere egituraren barnean (Benetan uste al dute halako sarkofago bat filmatzeko gogorik dagoen? Moskuko metroa dutela uste al dute?). Euskaldunak niretzako badauka gauza iraingarria. Proiektua aurkeztu zutenean Euskalduna Ontziolako langileen omenez ontzi itxura egingo ziotela esan zuten. Iraingarria. Kaleratu zutenek euren omenez beste gauza bat egitea esatea. Neu behintzat langilea izango banintz ez lidake graziarik egingo.

Beno, harira joan gaitezen.SNC00019Musika eskolatik paseo eder bat emanda ibaitik behera (kontrako aldetik, ez bainuen Puppiren etxetik igaro nahi), Euskalduna Jauregian plantatu nintzen arte 17:00ak pasata.SNC00049

Ordurako ilara ederra zegoen sortua gonbidapenak jaso ahal izateko. Han aurkitu nituen orkestrako lehen kideak. Batzuk han geratu ziren eta besteok atzeko sarrerarantz abiatu ginen, soinu proba 17:40etarako programatua baitzegoen.

-3 solairura heldu ginen eta horko hura behintzat ez zen La Casilla edo edozein polikiroldegirengandik ezberdin, benetan. Merkantzientzako pasiloan aurkitu genituen kamerinoak, lau horma zuri, lau aulki, pertxak, mahai bat eta argiz beteriko ispilua. Oso txikia, pentsa biolontxelistek instrumentuak pasiloko bazter batetan gorde behar izan genituela Celloak pilaturiko mahaien artean.

Gure zuzendari Ana aurkitu genuen urduri, proba egiteko unea heltzear baitzen eta hamar bat besterik ez geunden gehienez jota. Ilaran zeudenak deitzera bidali gintuen, hain zuzen igogailutik atera ziren unean.

Proba egitera joan ginenean han oraindik beste ikasleak zeuden eta ezin genuen egin, beraz adina denbora eman zuen guztiok pixkana azaltzen joateko. 18:30etan egin genuen proba azkenik, emanaldia hasi eta 30 minutu lehenago soilik.

Ikuskizuna hasi behar zen, baina arazoak zeuden. Segurtasun kontuengatik ez zegoen Backstage eremutik ikusle artera ateratzeko modurik buelta osoa ematen ez bazen. Nola batzuek emanaldia ikusi nahi genuen buelta osoa eman behar izan genuen, sarrera-gonbidapena eskatu leihatilan eta sartu.

Hasiera eskolako aurkezleek eman zuten, bizkaitarrez (eta euskeraz azken finean) dakienaren plantak egin nahi zituen gizona, zeinen sarrera guztiz aspergarria izan zen edozein hizkuntzatan, eta eskolako zuzendariarena, zeinak zuzenean ikuskizun bakoitza aurkezten zuen txapa eman gabe.

Hasiera Izenbaiku Txistu Taldeak eman zuen, Leandro Zabalaren Tolosa piezarekin, vals ukitua zuena.

Kantuko nagusiek ikuskizuna eman zuten segituan. Abestearekin nahikoa ez eta kantak gogoz prestatzen zituzten. V. Lleó musikariaren Trío de las viudas (La corte del faraón) egitera atera zirenean alargunen modura jantzi eta gure orkestrako bat atera zuten Nefertitiz mozorrotua. Beranduago beste bi atera zirez Pablo Sorozabalen La tabernera del puerto kantatzera arrantzalez jantzita, bikote edadetu mozkortuarenak egiten, barregarria “Escenas de matrimonio” lotsagarriaren bertsio musikala ematen baitzuen.

Ondoren mutil bat atera zen Chopinen Mi Bemol Nagusiko Gauekoa jotzera, hunkigarria eta trebezia ikaragarria.

Akordeoi taldeak bi pieza egin zituen bakarna, A. Pazzolaren Oblivion eta A. Musichini eta C. Savoireren Samba, azken hau bateria eta kontrabaxuaren laguntzaz.

Bi akordeoi jole geratu ziren ondoren dantzariei pieza bat jotzeko, S. Bikandiren Edurre (Mazurka), bikote bat nahiko ongi mugitzen zen, beste bi txukun izan ziren eta laugarrena justu-justu mugitzen zen.

Ondoren gure zuzendari Anaren haurren orkestra atera zen Mungian jo zituzten kanta berak egitera, Marco takes a walk, Tom-tom Tomahawk eta Two Scottish airs (tradizionalak guztiak S. Nelsonen moldapenetatik abiatuz). Bikain aritu ziren, lehen bibolinek inbidia ematen zidaten, dagoeneko vibrato egiten baitute eta neuk ez (orduak sartu behar ditut).

Ondoren musika modernoko taldeak atera ziren. Ikusi ahal izan genuen bakarra lehena izan zen With a little help from my friends kanta ederra jo zutenak (Joe Cockerren bertsioa, ez Beatlesen orijinala egitarauak zioen bezala). Hurrena Abbaren Mamma mia izango zela ikusi genuenean Backstagera itzuli ginen, kar kar kar. Une horretan ikusi genuen nola baten bat gu baino azkarragoa izan zen, berak Backstagera zuzenean heltzeko txartela eskuratu baitzuen.

SNC00055Heldu ginenean Anak segituan hasiko ginela esaten zigun, harritzen gintuena, programak esaten baitzuen haurren abesbatza zihoala aurretik. Han izan ginen itxoiten eta azkenik egitarauak zioena izan zen.

Sartu ginen eta berandutu zen hasiera. Biolontxelistek arazoak geneuzkan. Nagusiena izan zen bostetik hiruk ez genuela non eseri. Lerro bat osatu behar izan genuen atzean genuen teklatua mugituz eta aulki gehiago eskatuz. Azkenik prest geundenean abisua eman eta hasi ginen, berriz ere Doris Gazdaren Song of Sedona eginez.

Zuek erabaki zer moduz atera zen hemen duzue bideoa (hau eta beste gehiago ikusteko gure orkestraren blogera jo dezakezue, http://www.blogari.net/orkestra207, entseatzen dugun aulategiaren erreferentzia egin nahian, okertu baginen ere).

Ondoren beste orkestra ikusi genuen eta pote bat hartzera joan ginen. Arratsalde ederra azken finean niretzako atsegina ez den toki batean.

Ea hemendik aurrera beste motatako kontzertuak aipatzen ditudan, kar kar kar.



Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

et cetera
%d bloggers like this: