AbainGoardia











{2009/05/24}   Jose Pellicer, el anarquista integro

pellicer_webJose Pellicer, El Anarquista integro
Vida y obra del fundador de la heroica Columna de Hierro
Miquel Amoros
ISBN 978-84-92559-02-2
380 orrialde
Virus Editorial

Miquel Amoros idazle ezin emankorra dugu. Bere militantzia anarkistaren ikaspegietatik hartutako lezioei so, gai ugari jorratu ditu bere kabuz zein enkarguz egindako idatzietan, non nabarmendu daitezkeen urbanismoa eta desarrollismoa batetik (hemen Euskal Herrian beranduen ezagutu dutenek AHT Gelditu! Elkarlanak ekoitziriko DVDan ikusi ahal izangu zuten), eta anarkismo iraultzailearen historia bestetik. Hitzaldi asko eman izan ditu ateneo, gaztetxe zein beste gune libertarioetan gai piloa izanik mintzagai, hitzaldi gehienen berri aurkitu ahalko dugu hiru liburutan, Las armas de la critica (Muturreko Burutazioak, 2002), Golpes y contragolpes (Pepitas de Calabaza, 2005) eta Desde abajo y desde afuera (Editorial Brulot, 2007).
Aipagai dugun liburuak paralelismo ugari ditu urte 2003an Virusen bitartez ere argitaratu zuen La revolución traicionada, La verdadera historia de Balius y Los Amigos de Durruti liburuarekin, orduko hartan 1936ko altxamendu faxistak pizturiko erantzunetik sorturiko Iraultza Sozialaren egoera ezagunenetako bat aurkezten baitzuen, Bartzelonakoa alegia, baina beste ikuspegi batetik, non Jaime Balius eta parte hartzen zuen Los Amigos de Durruti talde anarkistaren historia eta garapena azalduz, zeinak etengabeko eztabaida ideologikotan zeuden CNT eta FAIko buruzagi burokratekin, lehenek Uztailaren 19an sorturiko egoera iraultzailearen defentsa eta garapena aldarrikatzen zuten, eta bigarrenek, botere politikoa ezagutu zutenean, haren parte izan eta lehenik Guda egitea eskatuko zuten, Iraultza Soziala garaipenaren ondoko egunetara eramanez.
Amorosen liburu berriak Iraultza Sozialaren beste aurpegi bat erakusten digu: Valentzia eta bertako eskualdetik, Teruelgo atarira eramaten duen eremura. Horretarako garai hartako pertsona oso garrantzitsu baten historia aztertzen du, zeinak errespetu handia sortzen zuen bai jarraitzaileen zein arerioen artean (komunistak zein faxistak, berdin zuen), Jose Pellicer, Burdinezko Zutabearen (Columna de Hierro) sortzaile eta buruetako bat. Esan beharra dago Burdinezko Zutabearen historia beste hainbat obratan aztertua izan dela, garrantzitsuenetako bat berriki zendutako Abel Pazen Cronica de la Columna de Hierro izan daitekeelarik (Virus, 2001), baina obra hauetan gertatu izan da edo Zutabearen inguruko mito guztiak (onak zein txarrak) handietsi diren, edota Abel Pazen obran bezala, Zutabeak CNT-FAIrekin izandako liskarrak txikitzen diren.
Horrela, liburuak Pellicerren bizitza azaltzen digu hasieratik, laster batean heltzen bada ere Errepublika garaira eta handik heltzen garen liburuaren mamira, Burdinezko Zutabea.
Uztaila amaiera eta abuztu hasiera artea, beste hiri batzuetan ez bezala, zertxobait gehiago kostatu zitzaien anarkista zein errepublikarrei hiria kontrolatu eta elementu faxistak desagerraraztea. Baina behin lortuta anarkistak ezin kabiturik daude beren arrakastan, lantegiak eta bereziki lur eremuak kolektibizatzen dira (jabeak kanporatzen dira langile zein nekazariek hartuz erabateko kontrola). Iraultza soziala hedatu eta faxistek irabazitako lur eremuak berreskuratzeko ahaleginetan, valentziar anarkistek miliziak osatzen dituzte Teruelera faxistei kentzeko asmoz. Data horietan sortzen da Burdinezko Zutabea. Teruelgo bidean aurkitzen dituzten herri guztietan komunismo libertarioa aldarrikatu eta nekazal lurrak kolektibizatzen dituzte, herrien eta kolektibitateen kudeaketa biztanleen esku uzten dutelarik. Dauzkaten gabezi piloen arren (Valentziatik ia armarik gabe ateratzen dira, lortzen dituztenak, edo oso zaharrak dira, edo bidean aurkitu dituzte Guardia Zibil zein poliziei kendutakoak dira), Escandongo portura heltzen diren arte, Terueletik bost kilometro ingurura.
Uda han igarotzen dute borrokan edo beren lerroak defendatzen baina laster erretagoardian, Valentzian, gertatzen ari denaz kezkatzen hasiko dira. Han utzitako egoera iraultzailea atzeraka doa eta batailoi batzuk bidaltzen dituzte armen bila eta une iraultzailea mantentzera. Horrela ez dute zalantzarik bitxi-denda zein bankuetatik bisitak egitera, edo epaitegietara joatera bertako fitxategiak suntsitzera (fitxa polizialak, jabetza izkribuak, eta abar) eta Udaletxean asmo berdinekin azaltzera. Gertakari hauek izutzen dituzte errepublikar burges zein gorakada nabaria sumatzen ari diren komunistek.
Mehatxu eta promesa faltsuen artean, Escandoneko Gainera itzul daitezen lortzen dute eta une horietan sortzen da gudan gakoa izango den gertakari bat, miliziak militarizatzearen dekretua, Herri Ejerzitoa sortzeko asmoz. Gainera, 1936 azaroan, Madrileko borroken presioa jasan ezinik, Errepublikar Gobernuak (lau ministro anarkistekin) Valentziara ihes egiten du, bertara joanik ere erakunde ezberdinetako funtzionario zein burokratek.
Bi gertakariek errepublikar aldeko zoria aldatuko dute. Militarizazioak, gudaroste frankistei balizko aurrez arrea egiteko aitzakia hartuta, bilatuko duena da borroken kontrola botere errepublikarrera igarotzea, hartarako milizia eta zutabeen desagertzea eskatzen duelarik brigadak sortzeko, agintari militarrekin. Horrek eztabaida piloa sortuko ditu anarkisten lerroen baitan, izan ere kalitate txarreko armak baitituzte eta eskuratzeko uzten dieten modu bakarra militarizatzea da. Pixkana guztiak militarizatzen joango dira, azkena Burdinezko Zutabea izanik, zeinak ez duen erabakia hartu eta 83 Brigada Mistoan bihurtzen 1937ko Apirila arte (militarizatzen den azken Zutabea izango da). Guda igaro ahala ikusiko dute nola, dagoeneko Negrinek zuzenduriko gobernu sasi komunistak gidatua, dagoeneko indar handia duen Alderdi Komunistak ahalegin guztiak egingo dituen beren buru estalinistak edonon jarri eta brigada anarkistak desegin edo nahasten beste batzuekin, hauen pisua deusezteko.
Eta Errepublikar gobernuaren sarrera Valentzian, eta are gehiago CNT-FAIko buruek gobernuetan parte hartzeko nahiak eztabaida sakon zein mingarriak sortuko ditu lerro anarkistetan, iraultza sozialaren aztarnak alboratu, erreprimitu egiten baitira guda irabaztearen izenean.
Egoera horretan, Pellicer eta Zutabe ohiak une gogorrak biziko dituzte eta ideologi anarkista eta iraultzailea bultzatzen ahaleginduko dira, iraultza guztiz suntsitua eta guda galtzear direla ikusi arte. Tartean Jose eta Pedro Pellicer anaiak atxilotuak izan dira eta denbora luzea iragan dute errepeblikar espetxe edo ziega estalinistetan.
Azken une latz horietan, non askok ihes egiten ahalegindu eta beste askok beren buruaz beste egiten duten, Pellicerrek ez du ihes egiten bere anai Pedro eta Vicenteren bila baitago haiekin ihes egiteko. Baina ez dute lortuko eta atxilotuak dira. Epaitegi Militar Frankistek epaituak, Jose eta Pedro heriotzera zigortuak izango dira eta Vicente anai gaztea hamabi urte lan behartuak egitera (ez diote zigor gogorragorik jartzen guda garaian adingabekoa zelako).
Pellicer anaiek, gartzelan gurutzatzen diren Joan Peiró ministro anarkista ohiak bezala, bisita bitxi bat jasotzen dute. Francoren mezulari batek bisitatzen ditu, esanez bizia barkatuko dietela trukean Afrikan espainiar koloniak zabaltzeko ahaleginetan sortuko liratekeen gudarosteen buru jarriko balira. Euren ideologiari eutsiz, guztiek ezetz esango dute eta fusilatuak izango dira.
Liburu hunkigarria, historiak heroi bihurtuko zituen pertsona batzuekin identifikatuko baikara, bai iraultza soziala bultzatu eta defendatzeko une ezin hobean direnean, bai “alde antifaxistetik” zein “anarkistetik” jasotako kolpe guztiak jasotzen dituztenean, nola Joseren azken arnaskadan, fusilatua izan zenean zutik geratu zen bakarra izan baitzen eta azkeneko tiroa jaso ondoren bere borreroek benetako gizon bezala agurtu ondoren. Irakurketa benetan gomendagarria.



Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

et cetera
%d bloggers like this: