AbainGoardia











{2009/06/05}   Neila, “Danza de nieblas”

neila_webNeila “Danza de nieblas” CD/LP, 2009

Odio Sonoro, Musichole, In My Heart Empire, La humanidad es la plaga, Tabano Records, Alerta Antifascista

Beno, eskuen artean erori da zalantzarik gabe 2009ko Euskal Herriko disko onena izateko hautagai serioa, lehiaketetan sinetsiko bagenu behintzat.Ez zait gustatzen horren kategorikoa izatea, ez behintzat aipamenak egiterakoan behintzat, iritziei ere objetibotasuna eman behar baitzaie nahi eta azken finean iritziak izan.

Neilak hamar urteko historia bete du dagoeneko, baina denbora asko iragan da hasierako doinuetatik hona, horren lekuko izango ziren agian euren aurkezpeneko lau kantetako diskoa (2002, CD, In My Hearte Empire), non eragin ezberdinak zituzten Emo-Hardcorearen inguruan metal ukituekin, hala nola Dut, Alice in Chains, Neurosis… Arreta piztu zidaten euren hurrengo lanarekin, Unclean (2006, CD, In My Heart Empire eta La Humanidad es la plaga), hor aldaketak agerikoak izan baitziren. Nabariena ahotsena izan zen, abeslariak talde ixterakoan sokako instrumentisten artean banatu baitzituzten kantu edo oihuen ardura, eta musikalki ere eragin berriak antzematen dira, niretzako argiena Isis kaliforniarrena delarik.

Disko berria ordea biribila da. ezusteko ikaragarria eman didate, benetan. Aipatutako eragina eta beste antzekoak gehiago igartzen dira kopia hutsa izan gabe inondik ere. Taldekide berri bat gehitu zaie, teklatua jotzen duena, horrela giro anbientalagoan sortzen dituzte, beste doinu itogarriagoei laguntzen dietenak. Diskoa oso astuna da, indar aldetik esan nahi dut, soinu oso trinkoa, egon daitekeena minutuak eta minutuak erritmo berbera errepikatzen inondik ere nekagarri suertatu gabe, eta bat-batean eztanda egitea literalki erritmo indartsuago eta oihu ugariekin. Soinu oso ona lotu dute, gitarrek oso doinu zorrotzak markatzen dituzte, niri interesatzen zaidan aldetik (deformazio profesionala, kar kar kar) baxua bikain dago, soinu potoloa du, are gehiago distortsioa duenean, bateria erritmo bikainak eta kaxa eta plateren soinu ederra eta teklatua azkenik dotoretasun eta gustu handiz kokatua.

Ahotsak aipatu ditut eta jarraitu behar dut hauek jaurtitzen dutenaren inguruan zerbait esaten. Uncleanen hitzak gehienbat ingelesez ziren kantu pare bat ezik, gazteleraz eta euskaraz aritzen saiatuz (hizkuntzaren aurkako zenbait ostikada jaurtiz, bide batez). Izenburuak agerian utz dezake aldatzen dutela hizkuntza (ez da beti hala gertatzen), eta kasu honetan hori egiten dute, gaztelera hizkuntz nagusia bilakatzen baita, ingelesak kantu bakarra baitu ordezkari (From hell I, Fron Hell II instrumentala baita). Hitzen edukien aldetik galdetu beharko diet (elkarrizketa egin eta blogean txertatzea pentsatzen ari naiz), hartzen baitiet bi zentzu hitz motz-motzak diren arren (luzeena Como serpientes da eta bederatzi esaldi laburrez osatua da). Batetik ikusten diot gertu dituzten crust zale eta musikarien gizartearen aurkako gorroto eta etsipenaren zentzua, aipatzen duten infernua interpreta baitaiteke gizarte bera eta bertan bizitzea.

Bigarren pentsamendua bururatzen zait gustatzen ez zaidan azalari begira. Azala da agian diskotik gustatzen ez zaidan gauza bakanetarikoa (aipatu beharrekoa da lerrook idazten ditudanerako binilozko bertsioa kaleratu bada ere ez dudala esku artean izan oraindik, zoritxarrez). Arreta sortzen du aurkezpenak, bertikalean egin baitute, leiho baten modura irekitzen den liburuxkatxoan non ikusten den infernu moduko irudia (Danteren Infernua? Danteren Infernuan oinarritua?) eta orduan pentsa genezake infernuaren inguruko disko kontzeptual baten modukoa litzatekeela. Aipatutako bi zentzuak agian bakartzat har litezke, bere logika du.

Disko biribila hasieratik bukaerara, benetan. Bi kanta goraipatuko ditut bakarrik, From Hell I eta diskoari izenburua ematen dion Danza de nieblas (izenari ohore egiten diona, nolabaiteko vals moduko amaiera ematen baitio teklatuak), disko osoa tarterik gabe entzun badaiteke ere.

Diskoa zenbait zigilu eta banatzailek kaleratu dute. CD bertsioa Odio Sonoro (Santander) eta Musicholen (Areeta) ardura izan da eta 7 € balio du. Biniloa In My Heart Empire (Portugalete), La humanidad es la plaga (Barakaldo), Tabano Records (Galiza) eta Alerta Antifascistak (Alemania).

Ez galdu zuzenekoak, abesti oso geldoak badira ere intentsitate handia sortzen baitute (gustatzen zaigunontzat, onartu beharra baitago beren zuzenekoek bi erantzun mota baitute: edo ikaragarri gustatzen zaizu, edo aspertzen zaitu; horrela ikusi genuen gertatu zela DDTk martxoan egin zuen kontzertuan non txantxetan esaten genuen han zeuden zenbaiten punken gandorrak jaitsi zirela Neila ikustean).

Bide batez, Neilarentzako mezua: bigarren baxulari bat behar baduzue, neu libre nago, kar kar kar!



Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

et cetera
%d bloggers like this: