AbainGoardia











{2009/06/28}   Manituana

manituana_webManituana

Wu Ming

ISBN 978-84-397-2185-7

544 orrialde

2009ko Maiatza

Random House Mondadori

2001eko Irailaren 11. Amerikako Estatu Batuek beren historiako erasorik handiena pairatzen dute bi hegazkinek New Yorkeko World Trade Centerreko Dorre Bikien aurka eta hirugarren batek Washingtoneko Pentagonoaren aurka talka egiterakoan (laugarren bat izan zen Pennsilvanyan erori zena oraindik ere guztiz argitu ez den egoeran, batzuek esaten baitute lurrera bota zutela ehiza-hegazkinek, besteek bidari berek bota arazi zutela beste sarraski bat eragozteko). Inpaktuaren gorian, konspirazio ugariren erdian (israeldarrak izan zirela, Pentagonoan hegazkinik erori ez ela eta beste ugari), amerikar gizarteak trauma izugarria jaso zuen eta mundu osoa zur eta lur geratu zen Dorre Bikiak errauts bihurtzen ziren artean. Amerikarren ahotik adierazpen asko atera ziren, ondoko galdera izango zelarik nagusiena: “Zergatik egin digute hau?”.

Wu Ming itzuli dira literatura mundura galdera honi erantzuna ematera, beraiek hoberen dakiten bezala, eleberri historikoaren bidez salaketa eginez.

Wu Ming azkeneko urteetako idazle talde hoberenetarikoa dugu eta arreta handia pizten dute liburu berri bat kaleratzen duten bakoitzeko. Baina Wu Mingen historia atzerago joaten da, Luther Blissett izena erabiltzen zuteneko garaira.

Luther Blissett Milan Futbol Taldean 80 hamarkadan denboraldi batez jokatzen aritu zen futbolaria izan zen, nahiko grisa izan omen zena. Italiar ezker mutur eta kontrakulturaleko hainbat talde eta pertsonek 90 hamarkadan zenbait ekintza egin zituzten hainbat gairen inguruan modu nahiko orijinalean eta futbolariaren izenarekin sinatzen zuten, protagonismorik ez hartzeko asmoz, anonimotasunean eroriz eta horrela egiletasun kolektiboa aldarrikatuz. Izena Italiatik kanpo hedatuko zen, Alemanian ere erabilia izango zelarik besteak beste. Oso gomendagarria da honen inguruan orain hamar urte Literatura Gris argitaletxeak argitaraturiko Panico en las redes liburuari begiratua ematea, talde hauen ekintza zein komunikatuak jasotzen baititu (liburua zoritxarrez agorturik dago, beraz, edo lagunen bati eskatu, edo Interneten bilatu beharko duzue gogoz).

Luther Blissett izena hartu zutenen artean idazle talde bat dugu, zeinek 1999an nire ustez urtetan argitaraturiko eleberririk onena kaleratu zuten: Q. Eleberri hark XVI. mendeko kristautasunaren erreforma eta kontraerreformaren 30 urteetako gertakariak deskribatzen ditu, non Luterok Wittenbergeko elizan bere izena eramango zuen zatiketa piztuko zuten tesien orria jarri ondoren alemaniar gizartean izandako matxinadak azaltzen diren modu bikain zein hunkigarrian. Alemaniar nekazarien matxinadak lurren desjabetze eta txanponaren aboliziaren alde, Münster hiriaren askapena, eromena (bere burua Erregetzat izendatu zuen Leidengo Janek Siongo Erresuma Berria izendatuko zuen Münstergo hiri librea) eta amiltzeaz gain, liburuak duen erakargarritasuna Luther Blissetten sorreraren izpiritu bera dugu, narratzaile anonimo eta Q bere arerio den inkisizioko espia anonimoaz gain, liburuan zehar azaltzen diren pertsonai mordoa dugu, zeinek lortzen duten azkenik jendetza izatea liburuaren ardatza, alegia, guztiak eta inor ez.

2000. urtean Luther Blissetteko politikoki bere buruaz beste egiten du. Egileek bere izpirituari jarraituz idazten jarraitzen dute beste izen batekin, Wu Ming, zeinak mandarinez “Izenik ez” esan nahi duen. Izen horrekin gurean ezagun egin den beste liburu bat egin zuten, 54, 2002 urtean. Liburuak 1954 urte zalapartatsua deskribatzen digu Italian, non berriz ere pertsonai asko gurutzatzen diren, tartean Cary Grant aktore bera, zeina CIA eta zerbitzu britainiarrek espioi bezala bidaltzen duten Yugoslaviara. Liburua ederra da, baina ez du Q-k daukan indarra. Liburua ongi dago, baina Q-ren ondoren kaleratu izanak itzala egiten dio.

Egileek Manituana kaleratu artean idazten jarraitu dute, taldean edo bakarka, zenbakiak erabiliz bakoitza identifikatzeko (beherago euren bibliografia osoa aipatuko dizuet). 2007an Manituana kaleratzen dute, XVIII. mendeko Estatu Batu jaio berrien gizartea azalduko duen trilogiaren lehen atal bezala.

Manituanak Independentzia aldarrikatu behar duen amerikar lurraldea deskribatzen digu. Amerikako britainiar koloniak matxinadaren gorian dira, George III. erregeak tributu asko eskatu eta komertzio monopolioa ezartzen duelako. Bitartean, kolonoen aurretik han bizi ziren indiarrek (Mohawk, Oneida, Cayuga, Onondaga, Seneca eta Tuscarorak) ikusten dute nola beren lurraldeak, Sei Nazioen Ligaren lurraldeak arriskuan diren kolonoen handinahikeriengatik. Hori dela eta, matxinada piztu eta sezesio-gerra hasi behar denean gehienek ingelesekiko leial direnen alde egiten dute, errege britainiarrak indiarren lurraldeak errespetatzen dituela dioelako.

Honela, eleberriak zenbait pertsonai aurkezten dizkigu. Hiru pertsonai nagusi nagusi aurkezten dizkigu eta beste zenbait nagusiak izan ez arren garrantzia dutenak liburuan zehar.

Bigarren mailako pertsonai hauen artean nagusiena dena Sir William Johnson dugu. Gizon hau kolonia britainiarretan bere lekua egiten du lurraldeak jasoz, esklabutzan negozio eginez eta merkataritzan nabarmenduz. Baina indiar tribuekin harreman bikainak ditu, are gehiago kolonien nagusitasunerako izandako gudan, non ingelesen eta frantsesen arteko norgehiagokan lehenak gailentzen diren Sei Nazioen laguntza aipagarriarekin. Honela, indiarrek Sir William Sei Nazioetako ohorezko nagusi eta Inperioak Indiar Departamentuko buru izendatuko dute, eta Molly Brant indiarrarekin ezkonduko da. Gizona 1774ean hiltzen da. Kontutan izanik matxinada urtebete beranduago hasten dela, Johnsonen garrantzia ematen du ez dela horrenbestekoa, baina liburuan zehar haren arima sumatuko da pertsonai gehienen baitan.

Matxinada piztean Guy Johnson, Williamen ahaide eta honen heriotzan Departamentuko buru dena, kolokan dago, matxinoek geroz eta lurralde gehiago bereganatzen dituztelako eta leialak geroz eta gutxiago direlako, Inperioa defendatzeko gudarosteak urriak direlako. Arazo hau medio, Sei Nazioei laguntza eskatzen die.

Une horretan pertsonai nagusietako bat den Joseph Brant, Tayendanega, azaltzen da. Indiar Departamentuko interpretea eta Sir William Johnson zenaren alargun Molly Branten neba dugu. Liburuak haren eboluzioa azalduko digu, interprete arruntetik amaieran izango den buruzagi odolzalera. Guy Johnson lagundu egiten du Sei Nazioen bileran parte hartzen. Ekimen hartarako bere arreba Molly Brantek, zeinak sorgintzat hartuko liratekeen dohainak dauzkan, esaten dio bere ametsetan aspaldiko adiskide baten laguntza beharko duela eta bila dezala.

Adiskide hau Philip Lacroix, Ronaterihonte, dugu. Iragan iluneko gizona da, gaztetan Josephekin batera Williamen alde borrokatu ondoren, frantsesen alde ziren indiarrek haren emazte eta alaba hiltzen dituzte. Philipek mendeku nahian, bakarka izua zabaltzen du indiar hauen eta frantsesen artean, Le Grand Diable ezizena irabaziz. Harrez geroztik bakarrik bizi izan da basoan, Josephek laguntza eskatzen dion arte.

Bidaia hasiko duten pertsonaien artean hirugarren pertsonai nagusia Peter Johnson gaztea dugu, William eta Mollyren semea. Idealista, borrokan trebea eta bibolina jotzen iaioa, aitaren leinua eta ondarea defendatu nahi ditu.

Borrokan estualdiak dituzte, inguratuak baitaude eta Montrealera joaten dira laguntza eske, baina han ez diete jaramonik egiten, gainera Guy Johnson gutxiestu nahi dute, berez ez duelako erregea edo kolonietako ministroaren izkriburik jaso Indiar Departamentuko buru izendatzen duenik.

Estualdi horiekin, izandako garaipen eskasetako baten sari nagusiarekin, Ethan Allen matxinoen burua, ozeanoa zeharkatzea erabakitzen dute, erregeak har ditzan eta behar duten babes eta laguntza eskatzeko.

Ingalaterran liburuaren bigarren atala azaltzen da, non Joseph, Philip eta Peterrek, Sei Nazioen ordezkari goren bezala aurkeztuak diren eta gizarte ingelesa ezagutzen duten bere osotasunean, bere miseriak bereziki. Bitartean ere istorio paraleloak sortzen dira, batetik Guyren alaba nagusi eta Williamen iloba den Esther Johnsonen heldutasun prozesua eta Philipekiko bere maitasuna.

Bestetik istorio bitxi azaltzen digu, metropoliko indiar edo mohocken aurkezpena. Hauen buru Taw Waw Eben Kaladar da, antza denez, berrogei urte lehenago Ana Erregina bisitatu zuen Hendrick Sei Nazioetako buruak Londresen izandako seme bat, zeinak Mohocken enperadoren izendatzen duen bere burua eta Ligan Zazpigarren Nazio bezala txertatzea eskatzen duena.

Bigarren zati hau da agian mamitsuena, egungo gizartea islatzen du bere dekadentzia osoan, nahiz eta noblezia izan nagusi garai hartan. Kutsadura, pobrezia, Citya eta hango negozio-gizonak…

Hirugarren atala hauen itzuleran abiatzen da. Joseph eta Philip Nazioen inguruko lurraldeetara doaz bolondresen bila indiar eta kolonoen artean matxinoei aurre egiteko. Guy Johnson New Yorken geratzen da blokeaturik. Eta Peterrek erregearen gudarosteekin borroka egitea erabakitzen du.

Liburuan zehar ikusten dugu matxinoen jarrera indiarrekiko. Hau ordezkatzen duen pertsonai argietako bat Jonas Klug zitala dugu. Indiarrak animali baino okerragotzat ditu eta bere esanetan, urtxintxa bati bere lurrak hartzeko baimena eskatzen ez bazaio, indiarrei ere ez dago ezer eskatzerik. Matxinada pizterakoan hektarea ugariren jabe da, tribuetako kide ergel bati mozkorraldi baten trukatu dizkiolako bi ron kupelen trukean.

Baina bera ez da salbuespen bat. Guda bere gorian denean, ataletako batean ikusten dugu nola George Washington berak gutun bat bidaltzen dion bere ofizialetako bati indiarren lurralde oro suntsitzeko aginduz.

Hemendik aurrera zuek irakurri beharko duzue, nahikoa deskribatu dizuet dagoeneko.

Liburua nahiko ongi dago. 54ren ondoren hartutako dezeptzioaren ondoren Wu Ming berriro ere beren mailara itzultzea espero nuen. Ez gaizki ulertu, 54 ongi dago, baina esan bezala Qren ondoren egin izanak itzal handia egiten dio. Manituanak ordea indarra du, ez da euren obra nagusia bezain ona, baina maila handikoa dugu, are gehiago osotasun baten zati bezala ikusten bada. Liburuaren marketing kanpaina aldetik hanka sartze handia egin dute argitaletxe aldetik, eta hori izan da trilogia baten lehen atala eta trilogiaren nondik norakoak azaldu ez izana. Liburua irakurri duten batzuekin hitz eginez gertatzen da horrenbeste gustatu ez izana ez zutelako trilogia izatearen berri. Ordea, behin azalduta, liburuaren beste ikuspegi bat hartzen zuten.

Adi egon, trilogiak gorputza hartzen baitu pixkana, egileek diote 2012an aurkeztuko dutela azken atala. Wu Mingen arrastoak segitzea pena merezi du. Gurean ere zorionekoak izan gaitezke zurrumurruak betetzen baitira. Izan ere, Qren euskarazko itzulpen bat existitzen omen da eta urte amaitu baino lehen kaleratuko baitela baidiote, eleberriaren 10. urtemuga ospatuz.

Wu Ming/Luther Blissetten bibliografia:

Q (1999, Einaudi editore, Estatuan argitaratua)

Asce di guerra (2000, Einaudi Editore, Vitaliano Ravaglirekin batera idatzia)

54 (2002, Einaudi Editore, Estatuan argitaratua)

Giap! (2003, Einaudi Editore)

Manituana (2007, Einaudi Editore, Estatuan argitaratua)

Previsioni del tempo (2008, Edizioni Ambiente)

Grand River (2008, Rizzoli 24/7)

Wu Mingen partaideek bakarka idatzitako liburuak:

Havana Glam (Wu Ming 5, 2001, Fanucci)

Guerra agli umani (Wu Ming 2, 2004, Einaudi Editore)

New Thing (Wu Ming 1, 2004, Einaudi Editore, Estatuan argitaratua)

Free Karma Food (Wu Ming 5, 2006, Rizzoli 24/7)

Stella del mattino (Wu Ming 4, 2008, Einaudi Editore)

Estatuan argitaraturiko beste liburu interesgarriak:

Panico en las redes (1999, Literatura Gris)

Esta revolución no tiene rostro (2002, Acuarela Libros)

La fuerza del anonimato. Materiales para la subversión de la vida (Espai en Blancek kordinatua eta zenbait egileren artean egina, 2009, Edicions Bellaterra; bertan Wu Mingek Q-ren 10. urtemugaren inguruko testua aurkezten dute).

Wu Mingen web orria:

http://www.wumingfoundation.com



Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

et cetera
%d bloggers like this: