AbainGoardia











{2009/07/03}   El pais de las ultimas cosas

ultimas-cosas_webEl pais de las ultimas cosas

Paul Auster

ISBN 978-84-339-2098-0

206 orrialde

Anagrama

 

In the Country of Last Things aipatu izan dut niretzat behintzat badela Paul Austeren hiru eleberri hoberenetako bat, berriki aipaturiko Leviathan eta The book of Illusions liburuekin batera. Eleberri distopikoak gustatzen baizaizkizu (Distopia: Etorkizun beltza, iluna, ezkorra…), alegia, George Orwellen 1984, Aldous Huxleyren Brave New World (Un mundo feliz gaztelaniazko bertsioan eta Bai mundu berria euskaratua), edo Eugueni Ivanovich Zamiatinen Nosotros moduko eleberriak (barka, baina ez dut idazkera zirilikozko gaitasunik errusiarraren eleberriaren jatorrizko izena txertatzeko), Austerren honek ere erakarriko zaitu.

Eleberriak Mad Max filmak irudikatu zuen moduko aberri batean kokatzen gaitu. Eleberria Anna Blume narratzaileak bere mutil-lagun ohiari idazten dion gutun luzea da. Anna aberri madarikatu hartara bidaiatzen du bere neba kazetariaren arrastoa bilatzera, zeina nazio horren gorabeherak kontatzera bidali zuen egunkariak eta desagertu egin zen. Bidaia hasi aurretik, egunkariko buruak, Anna ez joateko konbentzitzen saiatzeaz gain, lortzen ez duena, daukan arrasto bakarra azaltzen dio, neba desagertzerakoan beste kazetari bat bidali baitzuten haren arrastoaren bila, hura ere desagertu zelarik.

Bidaia egin duen ontzia lehorreratu eta segituan Annak gizarte horren errealitatea ulertzen du segituan: Nazio hori azkeneko gauzen nazioa da, ikusten duen oro azken aldiz ikus dezake (beranduago jakingo du hara eraman duen itsasontzia bidaia egingo duen azkena dela), kaleek ez dute sekula itxura bera mantentzen egun batetik bestera (edo denbora gutxiagoan), ia etxe guztiak suntsituta daude eta gaur hiru solairuz osaturiko eraikinak bihar bakarra izan dezake kasurik onenean, soinean daramatzazun zapatak azkenak izan daitezke.

Infernuko gizarte horretan biztanleak haren neurrira jartzen dira. Jendeak ere azkenak izan daitezke, egunero asko hiltzen baitira goseak jota edo bortxakeriagatik. Baina badira bolondreski hiltzeko sektak eta planifikazioak. Badira jauzilariak, zeinak prestatzen diren etxebizitzetatik salto egiteko, zeinak sarritan espektakulu ikusgarri bilakatzen diren han direnentzat. Badira korrikalariak ere, kontzientzia osoarekin prestatzen direnak fisikoki hil arte korrika bizian hasteko. Eta badira buruaz beste egiteko klinikak, dirua dutenentzat (desagertzeko arriskuan den beste jabetza), non injekzioen bidez modu ezberdinetan amaiera eman diezaiokezun zure biziari.

Baina badira gizarte horretan bizia mantendu nahi dutenak eta egunero jarraitzeko arrazoiak izan edo bilatzen dituztenak.

Hauen artean baditugu zitalak (ezagutzen ez den gobernuko funtzionario eskasak kontutan izan gabe), zeinek esaterako espekulatzaileen papera muturrera eramaten duten, etxe batera joaten direlarik alokairua eskatzera egun baten, eta biharamunean haren moduko beste ezberdin bat azal daitekeen arrazoi berdinagatik, nola dagoeneko ez den jabetzen izkriburik, familiek ezin dute jakin nor den etxearen jabe eta dirua duten heinean ordaindu behar dute bizirik jarraitu nahi badute lau hormen artean.

Baina bada pertsona onik, horien artean badira txatar biltzaileak, zeinek hondakinen artean aurkitu ahal duten oro bilatzen duten saldu ahal izateko. Annak puntu horretan abiatzen du bere infernurako bidaia, ekarri duen azkeneko sosak xahutzen dituenean txatar biltzaile lizentzia eta orga erosterakoan.

Liburuak hunkitzen zaitu, bihotza iraultzen dizu. Eleberriak azaltzen digu gizarte hura bolondreski heldu dela paisai apokalipsi ondorengo hartara, idatzi zeneko garaian beldurra ematen zuen guda nuklear baten ondorengo errautsezko hiriak gogoratzen dituena. Zergatik ezin daiteke gertatu? Bidea behintzat hartuta daukagu, Zentral Nuklearrak dauzkagu (bide batez, zorionak PSOE! Garoñarekin zuen milioigarren promesa apurtu duzue eta. Oraindik ere harritzen nau inork haiengan konfiantza izatea), kotxe ilara geroz eta handiagoak sortzen ditugu garraio “publikoa” erabili beharrean (doakoa ez den artean ez ditut kakotxak kenduko), gainera auto bakoitzean pertsona bakarra joanik, mendiak zulatuz, abiadura ikaragarrizko alferrikako trenentzako pistak eta energia elektriko ikaragarria eraikiz… Hunkitzen du, guztiok identifikatzen baigara Annarekin eta bertan izan gaitezkeenaren pentsamenduarekin, nola erreakzionatuko genukeen pentsatuz eta itxaropenerako tarterik ote den galdetuz.

Baina beno, lasai izan zaitezte. Hori gertatzen ez den artean lasai irakur dezakezue liburu on hau, ozonoari kalte egiten dioten aire girotua martxan eta hondamendira eramaten gaituen gure ordez erabakitzen duten sasi-demokrazia parlamentarioetan sinetsiz (eta behin-behineko zilegitasuna ematen dieten botereak existituko ez balira bezala pentsatu nahiean).



Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

et cetera
%d bloggers like this: