AbainGoardia











{2009/07/04}   Isis, “Wavering radiant”

isis_webIsis, “Wavering radiant”, CD/LP

Conspiracy Records

Bloga ireki eta gorputza ematen hasi nintzenetik zenbait helmuga markatu nituen, haien artean nire zaletasunik handienak partekatzea. Liburuekin dagoeneko hasia naiz, Wu Ming nire idazle gogoenetakoak baitira eta labean dira oso gustuko izan ditudan gauzen aipamenak. Diskoekin ordea asko kostatzen ari zait, oso gogokoak izan arren zaila iruditzen zaidalako disko edo talde hauengatik sentitzen dudana erakusteko. Urtean zehar talde hauetako asko aipatuz joango naiz, Crass, Dead Kennedys, Fugazi, Lisabö, Dut (hauek urte amaierarako utziko ditut, hamarkadako diskoak aipatzeko ordua heltzean), Cult of Luna, Refused, … Beno, agian ez ditut aipatuko guztiak azkenik, diskoak aipatzerako orduan zirkuitu alternatiboetatik bereziki mugitzen direnak egin nahi baitut eta asko izan beharko lukete. Gaur egun zirrara gehien sortzen didatenak aipatuko ditut, Isis, eta orain hiru hilabete zehatz argitaratu duten azkeneko lana, Wavering radiant.

Isis dagoeneko hamabi urte bete dituen talde kaliforniarra dugu (ez zaitezte okertu 70. hamarkadako talde batekin). Denbora horretan aurkeztu duten diskografia oparoa izan da. Maketa baten ondoren, 1999an euren lehenengo lan ofiziala kaleratu zuten, lau kantutako The mosquito control CD eta MaxiLPa. 2000. urtean The red sea bigarren maxia aurkezten dute, zeinak 98ko maketa gehitzen duen gehigarritzat. Urtebete beranduago bira baten aitzakian bildumazaletasun hutserako bihurtuko zen maxi berria aterako zuten Sawblade (300 CD-R+Rotaflex xafla! eta 300 LP; pentsa noraino heltzen den bildumazaletasuna, disko horren arrastoa bilatzen aritu nintzenean CD-Retako bat aurkitu nuen Ebayn, xafla eta guzti, 250 € eta saldu zen! CD-R madarikatu bat!!!). 2001an beren lehen lan luzea kaleratzen dute, Celestial, non dagoeneko arreta ugari pizten zituzten.

2003an nire ustez euren harribitxia argitaratzen dute Oceanic, disko biribila lehen segundutik azken akorderaino. “The begining and the end”, “Weight” kantu instrumental ederra, edo “False light” kantu biribilak dira. Horren disko ona da, ezen zenbait lagunek diskoko kantuak birnahastu edo berridazten dituzte elektronikaren klabean eta horrela CD bikoitza edo lau bolumen ezberdinetako LPak osatzen dituzten Oceanic Remixes / Reinterpretations argitaratzen da.

2005an Panopticon CD eta LPa argitaratzen duten, beste disko on bat, baina ez aurrekoa bezain beste. 2006aren amaieran In the absence of truth bikaina argitaratzen dute, Oceanicen parekoa eta guztiz anbientala (“Garden of light” amaiera kantua sekula entzun dudan onenetakoa da eta noizbait joko dut nik neuk). Handik gutxira, Konkurrent disketxearen enkarguz zigiluaren In the fishtank azpi-bildumarentzako sesioa grabatzen dute Aereogramme talde eskoziarrarekin batera (bi taldeak batera jotzen), hiru kantu uzten dituzte, horietako bi ikaragarriak direnak, nahiz eta eskoziarren kutsu gehiago izan kaliforniarrena baino.

2008aren hasieran, taldearen 10. urtemuga ospatzeko, Conspiracy Recordsek luxuzko edizio mugatua egiten du, non kutxa beltzean euren diskografia osoa sartzen duen LP formatuan, Aereogrammekin egindako diskoa eta 7” bat izan ezik, azal orijinalak mantentzen ez dituzten arren, kanta guztien hitzak eransten dituena, eskertzeko xehetasuna, Isisek hitzik ez jartzeko ohitura txarra baitute.

2009ko Apirilean euren bosgarren lan luzea aurkezten dute, Wavering radiant. Diskoak azken bi lanen ardatza hartzen du, batetik In the absence of truth diskoaren doinu anbientalak dauzkagu, baina bestetik Panopticonen soinu zuzen eta gordina sentitzen dugu. Diskoak soinu bikaina du, instrumentu bakoitzak bere pertsonaltasun propioa du, non aipatuko nituzkeen bateria eta baxua bereziki. Diskoaren kantuei erreparatuko diegu:

Hall of the deadek badu lehen kantuek bete behar duten formula, hots, taldearen aurkezpen gutun bezala balio eta erakartzea. Eta zinez egiten duten, hasiera nahiko metalzalea badute, berehala mantsotzen dira, teklatuek presentzia irabazten dute eta ahots erlatsek tartea egiten diete melodiei, berriro ere eztanda egiteko erritmo indartsuekin hurrengo kantarako baretasunean desegin arte.

Ghost key teklatu sarrera dotorearekin irekitzen da, segituan metal erritmo pisutsuetara igarotzeko, ahots basatiek gidatuak. Gitar zorrotzek erritmoa eteten dute amaiera ematen dion erritmo geldoari bidea ematen dioten doinuak irekitzeko.

Hand of the host diskoko beste harribitxietakoa dugu, gustu oneko baxuak (delay efektu onarekin) segitzen dion bateriak irekia, abeslariak negar eman behar duenaren sentipena sortzen du, ahots basatian eztanda egin aurretik gitarkadek jarraitua. Hortik aurrera instrumentuen lana ikusten dugu loreak egiteko tokatzen zaien unean, ez dituzte punteoak egiten (ez behintzat heavy klasikoak erakutsi dizkigunak), baina bai egiten dutela bidai ezberdinetan murgiltzearen sentipena.

Diskoari izenburua ematen dion Wavering radiant kantua, erradiazioen kakofonia modukoa besterik ez da.

Stone to wake a serpent bada gutxien gustatzen zaidan kantetako bat. Stoner ukituren bat daukana, erritmo nahiko errepikakorrak, teklatuen presentzia askorekin eta oihu piloa. Luzeegi egiten zait.

20 minutes / 40 years diskoaren singleetako bat da ezbairik gabe. Baxu eta bateria markatuez oinarrituriko erritmo geldo-geldo batek irekitzen du. Erritmo horren barruan gehituz doaz gitarrak eta teklatua eta ondoren abeslariak melodiaz sekula abestu duen tarterik luzeena markatzen digu, hiru minutuko pasartea, ahots basatiak urratzen duena, beti ere giro mantsoek zuzendua, ondoren geldialdi luzea egiteko non bateri arrada eta baxu kolpe lirainek azkeneko eztanda pizten duten.

Diskoa Treshold of transformation bikainak ixten du. Abestia sarrera nahiko heavyarekin irekitzen da, erritmo astunak eta ahots basatia, pixkanaka moteltzen joaten dena, erritmo mantso baina ez geldoko pasarte melodiko batek (teklatuak asko laguntzen du hartarako) kantuaren amaierarako prestatzen gaituen. Kantuaren azkeneko minutuak zoragarriak dira. Supituko etenaldi batek baxuaren biluztasunean uzten gaitu, zeinak amaiera deskribatuko duen erritmoa aurkezten digun. Bateriak kolpe leunak egiten ditu arrada lasai batzuen ondoren baxua segitzeko, eta bitartean gitarrek paper ezberdina hartzen dute, batek punteo modukoak egiten dituen artean, bigarrenak Ebow efektua egiten du, instrumentuaren izenak dioen bezala (Electronic Bow, arku elektronikoa), biolontxeloaren (edo biola edo bibolinaren) gainean arkuak egin ditzakeen doinu gozoak markatuz. Ederra.

Isisen garapena apartekoa izan da, lehen lan motzetan azaltzen zuten metal astunetik, geroz eta doinu anbientalagoetara igaro baitira, bere garaian Post-Hardcore edo Post-rockeko taldeek Hardcorea berrirakurtzean egin zuten bezala, estiloaren egungo maisu argienetako bat bilakatuz, Neurosis, Pelican, edota Cult of Luna taldeekin batera.

Esan dudan bezala, Oceanic eta In the absence of truth badira nire ustez Isisen maisulanak, disko hau ere biribila da, beraz ez zenukete diskoa entzuteko aukera galdu behar, are gehiago diskoa eskuetan izateko aukera, berriz ere aurkezpen dotorea lortu baitute. Ezin daiteke berdina esan zuzenekoekin, zoritxarrez gugandik gertuen jo duten puntuak Bordele inguruan izan baitzen aspaldi eta baita orain urtebete inguru Bartzelonan Tool taldeari sarrera eginez.



Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

et cetera
%d bloggers like this: