AbainGoardia











{2009/07/27}   Watchmen (Filma)

Watchmen_10_webWatchmen (2009)

Zuzendaria: Zack Snyder

Aktoreak: Patrick Wilson (Daniel Dreiberg / Bigarren Gaueko Hontza), Billy Crudup (Jon Osterman / Manhattan Doktorea), Jeffrey Dean Morgan (Edward Blake, Komediantea), Jackie Earl Haley (Walter Kovacs / Rorschach), Malin Akerman (Laurie Juspeczyk / Bigarren Zetazko Mamua), Matthew Goode (Adrian Veidt / Ozymandias) eta Carla Gugino (Sally Juspeczyk / Lehen Zetazko Mamua)

Gidoia: Alex Tse eta David Hayter

Esana nuen Watchmen komiki edo nobela grafikoa aipatu nuenean pelikula ikusi behar nuela konparaketa egin eta jakiteko ea Alan Moore jatorrizko gidoilariak arrazoiak zituen ala ez filma errefusatzeko, aurreko pelikulekin egin izan duen bezala.

Komikia bezala, pelikulak 1985 alternatibo batetan kokatzen gaitu, non mundu nahiko faxista batean AEB garaile izan diren Vietnamgo gudan, Nixonek konstituzioa aldatu duen nahi bezain beste aldiz presidente izateko hautagai aurkezteko, eta AEB eta Sobietar Batasunaren artean guda nuklearra pizteko zorian den.

Kokaleku horretan abiatzen da istorioa, Edward Blaken erailketarekin, bizi den etxe orratzean sekulako jipoia jaso ostean leihotik behera botatzen duten gorpua erabat txikituz. Blakek sekretuzko identitatea zuen, Komediantea izeneko zaindaria zen, berrogei urtez justizia ezartzen aritu dena eta guda garrantzitsuenetan parte hartu eta gobernuarentzat lan egin duena.watchmen-comedian1_web

Bere heriotza Rorschach zaindariak ikertuko du, 1977an lege batek gobernuarentzat lan egiten ez zuten zaindariak legez kanpo utzi zuenetik klandestinitatean lan egiten jarraitzen duen bakarra. Honek, zaindarien hiltzaile bat izan daitekeena susmatuz, bere kide ohiak abisatuko ditu, Bigarren Gaueko Hontza, Bigarren Zetazko Mamua, Manhattan Doktorea eta Ozymandias. Guztiak pixkanaka konspirazio ilun baten erdian topatuko dira beren bizitza, jarrera zein pentsaera guztiz aldatuko dituen.

Gehiago aipatzea, filma kontatzeaz gain, errepikakorra iruditzen zait, azken finean orain ez asko komikiaren aipamena egin bainuen, beraz zuzenean filmari buruz hitz egingo dut.

Alan Moorek nire ustez baditu horrenbeste arrazoi pelikula errefusatzeko nola berea egiteko. Egia da, Watchmen moduko komiki bat ez da posible bi ordutako pelikula batean irudikatu. Arrazoi horrek eraman zuen proiektuak 20 urteko atzerapena izatea, bertsio ugari izan ditu gidoiak eta zuzendari posible ugari. Serioena Terry Gilliam Monty Python ohia izan zen, zeinak azkenik bertan behera utzi zuen proiektua orain hamabost urte inguru, batetik esaten zuelako teknologi infografikoa ez zegoela filma irudikatzeko bezain aurreratua, eta bestetik, esaten zuelako iraupenak ez zuela posible egiten filmatzea, ez bazen sei ordu inguruko miniserie batetan aurkezten. Nola egin orduan?

Alex Tse eta, bereziki, David Hayterrek egindako gidoian istorioaren pasarte ugari moztu dituzte, hala nola zaindarien lehen belaunaldiaren (Minutemenak, non Komediantea bera, filman agerpen sinple bat duen Lehen Gaueko Hontza eta Lehen Zetazko Mamua zeuden besteak beste) gorabeherak desagertzen diren (hasierako kreditu tituluetan besterik ez dira azaltzen flashbacketan), konspirazioaren gakoa aldatzen dute alde batetik agian zerbait posibleago egiteko, eta bestetik konspirazio orijinalak suposatzen zuen azalpenerako minutu gehigarriak ezabatzeko. Era berean desagertzen da komikiaren barruan garatzen den bigarren mailako istorioa, kioskoko saltzailearekin ibili ohi den gazte beltzak (biek ere agerpen bakarra dute film osoan) irakurtzen duen Itsasontzi Beltzaren Istorioak, zeinak nolabaiteko atsedena ematen duen istorio nagusia digeritu ahal izateko pixkana, baina hau mantentzea erokeri bat izango zitekeen (pelikula bat pelikula baten barnean? Gehiegi). Eta atalen artean istorioa eta pertsonaiak garatzeko azaltzen diren gehigarri modukoak (Lehen Gaueko Hontzaren autobiografia, Manhattan doktoreari buruzko txostena, eta abar) ere ez dira garatzen. Aldaketa patetikoena zalantzarik gabe zuzentasun politikoak ekarritakoa da, zuzentasun politikoa deitu ahal bazaio. Dakizuenez, gobernu askok jarrera guztiz hipokritarekin, zigarro erretzearen errealitatea ezkutatu nahi dute tabakoaren industria laguntzen jarraitzen duten artean. Zinearen munduan zuzentasun hori sartu zen urte batzuetatik hona eta orain “onak” diren pertsonairik kostata ikusiko dugu erretzen, “gaiztoek” bakarrik egingo baitute. Komikian ia edonork erretzen duen artean, film osoan ikusten den zigarro bakarra erretiratutako Moloch maltzurraren esku hiletan azaltzen da. Baina patetikoena ez da zigarroak kendu izana. Eszena patetikoena da Lauriek sute bat eragiten duenean istripuz Gaueko Hontzaren garajean. Komikian sortzen du zigarroa piztu nahian su-jaurtigailuaren botoia pizgailu batekin okertzen duenean. Filman sutea besterik gabe eragiten du, botoia sakatuz zertarako den jakitearren, botoian sua irudikatzen duen marrazki bat argi eta garbi azaldu arren.

Gehien nabaritzen dena da agian komikia nolabait Rorschachek gidatzen duela, bera baita ikerlari nagusia, bere egunkaria nonahi azaltzen da eta bere ikerkuntzak murgiltzen ditu erretiratutako zaindariak berrabiatu eta konspirazioan itotzera. Filman ordea, Rorschachen papera ez da nagusia, azaltzen da eta protagonismo handia du, baina argi dago pelikulako protagonista nagusiak Bigarren Gaueko Hontza eta Bigarren Zetazko Mamua direla, bienak baitira gehien garatzen diren istorioak.

Baina aldi berean pelikula ona eta oso leiala da. Aipatutako konspirazioaren aldaketa alboratuz, mantentzen diren ia beste gauza guztiak mantentzen dira zehatz-mehatz, hizketak bereziki, zeinak guztiz kalkatu diren.

Oso aipatzekoa da mugimenduen jasotzea, ez nahiz aditua zinema munduan, baina suposatzen dut fotografiaren eragina dela, mugimendu guztiak hartzen dituzte sekulako elastikotasuna sortuz. Horren adierazle onena eszena bat dugu, non Gaueko Hontza eta Zetazko Mamua matxinaturiko kartzelan sartzen diren Rorschach salbatzera eta presoen borroka batetan murgiltzen dira. Bertan kamerek hartzen dute mugimendu bakoitza eta nabaritzen da Laurieren ile luze-luzea astintzean mugimendu osoa hartzen duelako abiadura motelean, eta berdin gertatzen da Adrianen kapa mugitzen denean. Edo sute bat itzaltzera joaten direnean, non Lauriek bi solairu zeharkatzen dituen jauzi batean eta berriz ere ilearen mugimendu guztiak hartzen dituen (horren gauza arina hartzen badute, pentsa gorputzaren beste atal guztiak).watchmen3_web2

Soinu banda aipatzekoa da ere, egokitutako eszenetan primeran txertatuak izan direlako, bereziki KC & The Sunshine Band eta Jimi Hendrix maisuaren kantak, eta agertzen dira ere Bob Dylan folk bakarlari garaian, Janis Joplin, Leonard Cohen, My Chemical Romance, Nat King Cole edo Billie Holliday.

Film ona da, onartu behar da, azken aldian ikusi dudan onetakoa. Baina noski, V for Vendettarekin gertatu zitzaidan bezala, komikia irakurtzeko aukera baduzu ohartuko zara mila buelta ematen dizkiola filmari. Hala ere ikusteko gomendagarria iruditzen zait.



Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

et cetera
%d bloggers like this: