AbainGoardia











{2009/08/03}   HHH “Sin Identidad + Intelectual Punks”

hhh_webHHH “Sin identidad + Intelectual Punks”, LP, 2009

Bcore Disc

Aaaaaaaaaaaaaaaaaaaahhhhhhhhhhhhhhhhhhhhhhhhhhhhhhhhhhhhhhhhhhhhhhhh!!! Ez da posible! Norbait ausartu da talde mitiko honen grabaketa klasikoak biniloan berrargitaratzen! Eta gainera bere garaian formatu honetan argitaratu ez ziren grabaketak (Sin Identidad maketa), zuzenean argitaratu ez zirenak (gehigarrizko kantuak dakartza diskoak) edo bildumazaleen zirkuituan ere erruz aurkituko direnak (Intelectual Punks zazpi hazbetekoa). Nire ametsa bete dute, bi grabaketa horiek baitira binilo formatuan falta zitzaizkidan bakarrak.

Zer esan daiteke HHHri buruz jada dena esanda dagoenean? Ba despistaturen bat badabil hortik oraindik ere, esan behar da HHH (Harina de Huesos Humanos) Banyolesen (Girona) sorturiko 80. hamarkada amaiera eta 90. hasierako hardcore talde eraginkorrenetako bat izan zela, zale ugari egin baitzituzten eta askok beren pausuak jarraitu nahi izan dutelako.

1985 aldera hiru lagunek (Koki, Marc eta Alex) fanzineak egiten hasi ondoren talde bat osatzea erabakitzen dute. Egoera nahiko tamalgarrian hasten badira ere (baxu jolerik gabe, bi soka besterik ez gitarran eta bateria beharrean lixiba kaxak erabiltzen zituzten!) berehala igartzen da bere barruan duten sen eta ostia txarra. Urte hartan Sin Identidad deituriko maketa grabatzen dute, bateriak bere bizitzan bigarren aldiz benetako bateria erabiliz.

1986 aldera, Alex abesteaz gain baxua jotzen hasten da, eta orduan Dissonance Records zigilu italiarrak Intelectual Punks 7″ kaleratzen du, esan bezala bildumazaleentzako pieza bihurtzen dena segituan (neu oraindik ere konformatzen naiz nire begiekin bat ikusi ahal izatea).

Hirukotea ezinegonez osatua dago eta zuzenean jotzeko zituzten zailtasunak zirela eta ordu asko igarotzen zituzten konposizio ugari egiten. 1988 aldera beren abesti metalzaleenak biltzen dituzte, Cryptic Slaughter, DRI, Suicidal Tendencies edo hasierako Corrosion of Conformity moduko taldeek egindako ibilbidearen eraginez, eta talde paraleloa sortzen dute, OvertHHHrow deiturikoa. Talde paralelo honek estudioan izan arren ez zuen ezer kaleratuko 1999. Soulforce Records zigilu madrildarrak berreskuratu zuen arte What happens next? talde kaliforniarrarekin elkarlaneko CDa argitaratuz.

Denbora igarotzen da eta taldeak beste aldaketa deigarri bat izaten du: Alexek abesteari utzi eta Kokik partekatzen ditu bateria eta ahotsa (OvertHHHrow-n aldaketa egina zegoen jada). Horrek eragin ikaragarria izango du taldean ahots zakarragoa lortzen du eta Concorde baten abiaduran doan taldearen bateri jolea abesten ikustea harrigarria egiten baita (“abestearena” berez mirari bat zen, zuzenekoetan erruz ulertzen baitzitzaion), eta Alex abesteaz libre funanbulista batera eraldatzen da, taula gainean jauzi eta saltoka ibiltzen baita gelditu gabe.

1990. urtean Fobia eta Potencial Hardcore banatzaile madrildarrek taldearen lehen disko luzea argitaratzen dute, A por ellos, que son muchos y están supercachas izenburu xelebreko disko ikaragarria. Hemen jada ikusten da nola Hardcore hutsera itzultzen diren eta kantu gogoangarri ugari uzten dituzte (Tiempo, Mediocre, Que ha pasado, El otro Belfast…). Zoriontsu egin ninduten katalogo batetan orain bost urte inguru topatu nuenean salgai bere jatorrizko prezioan (700 pezeta, 4,20 €).a-por-ellos_web

1991. urtean HHHk bere azken grabaketa egiten du, Vitu’s Dance gasteiztarrekin elkarlanean egiten duten Homo Homini Lupus biniloa, Fobiak argitaratzen duena. Disko honek beren abesti onenetakoak biltzen ditu, sekula lortu zuten soinurik onena eta, gasteiztarrei dagokienez, zoritxarrez itzal egiten diena nahiz eta hauek ere sekulako kantak egin zituzten. Disko hau ere ezagun batek orain bi urte lortu zidan Gasteizko Konstituzio plazan bost eurotan, eskerrik asko!homo-homini-lupus_web

Garai hartan berriz ere beren egonezinak egiten du talde paraleloa sortzea, Rouse izenekoa, oraingoan hardcore melodikora joaz, baina HHHk soilik egin zezakeen abiada absurduan egina. Vitu’s Dancen elkarlaneko grabaketa sesio berean hamasei kanta grabatzen dituzte Rouse bezala urteak igaro behar dituztenak hauetako batzuk bi single ezberdinetan argitaratuak izateko (Does Rouse suck? eta It’s funny izenekoak), eta 2007. aldera guztiak batera argitaratzen diren arte Deep Inside izenarekin.

Taldea 1993. urtean desegiten da, Rouse bezala Deep Wound gogoangarria kaleratu eta gutxira.

HHHren diskografia ordutik oso bilatua izan da eta hori asetzeko hainbat edizio egin dira diskografia oso-osoa bilduz. Hoberena 2001ean Frantzia zein AEBko zenbait zigiluk egiten dutena da, Digipack nahiko zabalan argitaratzen dena eta, non HHHren disko guztiez gain, argitaratu gabeko abestiak eta 1990 eta 1993ko zuzenekoak biltzen diren, taldearen letrak dituen liburuxka gehituz (100 abesti inguruko diskografian gauza garrantzitsua dena).

2007an Bcore kataluniarrek diskografia hauxe berrargitaratzen dute, beste digipack oso ederrean. Erakargarri gisa, argitaratu gabeko beste grabaketa bat aurkeztu zuten eta liburuxka oso polita afixez betea. Nire ustez edizio honek bi arazo ditu: grabaketa berri hau 1988ko sesio bat da, A por ellos… diskoan azalduko ziren kantuek osatua eta non oraindik Alexek abesten zuen, baina soinua guztiz penagarria da, soinu teknikari gisa elefante bat izan zutela pentsarazten duena (benetan) eta ez duena harritzen taldea lotsa arazi eta argitaratu nahi ez izana. Eta niretzat larriena, esan bezala, horrenbeste kantu dituen talde batekin munduko liburuxkarik ederrena egin dezakezu, baina hogei orrialde inguruko liburuxka egin eta hitzik sartu ez izana sakrilegio bat da.

Lehen diskografi haren beste kopia ugari egin dira, esaterako iragan urtean Katalunian egin zutena (Bcoreren edizioa erantzun nahian?). Nire ustez hauxe lotsagarriena da. Oso merkea da, bai (8 euro besterik ez), baina honek ere ez du letrarik (lau orritako liburuxka ziztrina) eta gainera kantuen artean bi segundoko isilunea sartuz, segituan zihoazen hainbat kantu apurtuz.

Beno historia irakaspen honen ondoren disko hau aipatuko dugu. A aldean Sin Identidad aurkitzen dugu, 1985eko maketa. Esan bezala, maketa honetan ez dugu baxurik aurkituko, Alexek oraindik ez baitu instrumentua eskuen artean hartzen, eta hala grabatzea erabakitzen dute. Hasieratik Hardcore-Punkerako beren zaletasuna argi eta garbi uzten badute ere, disko honetan ondoren jarraituko ez zuten norabidea hartu zuten, garaiko hainbat eskandinabiar taldek (Mob 47, Rattus, S.O.D., …) eta bereziki Dischargek egiten zuten D-Beat edo Dis-Punk deiturikoan sakonduz. Alegia, abiada, bateria erritmo oso finko eta aski ezaguna (erakutsi beharko nizueke adierazteko zein erritmo motaz ari naizen). Maketa honetako hogeita bat kantek hitz gogoangarriak dituzte, horra Pedazo de tierra / Pedazo de mierda, Fascismo proletario, Noche y niebla, La isla del Dr. Moreau, Los niños son negocio, Disparos del poder edo Amezana.

B aldean Intelectual Punks diskoko sesioa aurkituko dugu. Hemen Alexek baxua hartzen du dagoeneko eta Dis-punk eraginak albo batera uzten dituzte, Hardcore zikin batetik gertuago geratuz, agian, Heresy, Ripcord eta antzekoek egingo zutenetik nahiko gertu. Disko honetako beste hainbat kantu ugari aurkitzen ditugu, Barcelona 92, Vota, Chernobyl, Victimas del Business, Mi ciudad edo Intelectual Punks. Sesio honetan singlego bederatzi kantuez gain, beste hainbat kanta grabatu zituzten, hainbat bildumatan argitaratu behar zirenak eta soilik Jim agertuko zena Belgikan argitaraturiko sexismoaren aurkako bilduma batetan. Kantu hauetan badira zenbait abesti interesgarri, Borrachoren lehen bertsioa (ondoren Homo Homini Lupuserako bertsio bikaina egin zuten), Viejo Pais, edo Muertos.

Biniloak maketako afixa orijinala errespetatzen duela ematen du, hitzak zekartzana, Intelectual Punkseko katuak eransteaz gain (abesti argitara gabeen kantak ez dira azaltzen). Eta badu kode bat, Bcoreren web orrian sartuz kantak deskargatzeko aukera ematen dizuna.

Jaun andreok, ez zaitezte bildumazaleengana joan disko hauek eskuratzeko. Bcorek balizko salneurrian eskuratzen digu klasiko puzka hau. Erabat go-men-da-ga-rri-a.



Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

et cetera
%d bloggers like this: