AbainGoardia











{2009/08/07}   Aulki-jokoa

aulki-jokoa_webAulki-jokoa

Uxue Alberdi

ISBN 978-84-9783-673-9

124 orrialde

2009ko Apirila

Elkar

Honakoa da euskal idazleen belaunaldi berriko partaideen artetik irakurri dudan azken obra berria. Uxue Alberdik lehen obra bi urte lehenago kaleratu zuen, Elkarren eskutik ere, Aulki bat elurretan izenekoa, zeina asko gustatu zitzaidan, istorio bilduma oparoa.

Oraingoan eleberri motz bat dakarkigu, zeinak istorio sorten kutsua duen, eleberria izan arren, pertsonai ezberdinek egiten duten kronikek nolabaiteko independentzia dute euren artean, kontakizun bereiziak bailiran.

Oraina eta iragana tartekatu egiten dira orrialdeetan zehar. Edadetuen oraina, koadrilan gozotegi batetan biltzen direnak kafea hartzera, eta bakoitzaren iragana, haurtzaroa, nerabetasuna eta guda zibilaren ondorioak jasaten dituen gaztaroarena.

Orainaldian Eulali, Martiña, Teresa eta Eutimiok lagunekin batera beren bizitzaren azken urtaroak igarotzen dituzte. Eutimiok Martiña emaztea lagundu behar du, gorputzaren erdia paralizatua baitauka, erraza ez dena laurogeita hamar urtetik gora duen bikotearentzat, eta Teresak ere Eulali laguntzen du, guztiz gor baita. Euren gorabeherak Ixabel gozotegiko buruak ikusi eta bizitzen ditu, eta batzuetan ere euren xelebrekerietan murgildurik aurkitzen da.

Iraganean, Martiñak oroitzen du nola Eutimiok adarra jotzen zien kanpotarrei portuan apustu eginez baietz minutuak eta minutuak igaro ur azpian. Edo nola pixkanaka hartaz maitemintzen den Eutimiok beste neska bat desira duen artean. Nola hark aitarekin batera ihes egiten duen guda garaian eta gudako ondorioak jasaten dituzten (egia esan, fikziozko Kantoieta herrian ez dute guda zuzenean ikusten, haren aztarna bakarra baita soldadu bat bizikletaz heldu eta Kantoieta tomada! oihukatu eta etorritako bidetik itzultzen denean).

Teresa eta Eulalik gogora ekartzen dituzte hainbat pasadizo, tartean guda ondorengo ondorioak, guda bera baino ankerragoak egiten direnak. Hala, ikusten dute nola hainbat gizonezko eramaten dituzten fusilatzera eta esaten dieten bakarra hilko dutela, aukeratua gainean pixa egiten den lehena izango delarik. Eta Teresak ondorio lotsagarrienetakoa jasango du, ilea oso-osorik moztuko baitiote (hala egin zuten errepublikarren emazteekin eta militanteak izan zirenekin, lekuko badira hainbat liburu interesgarri, osoenetako bat agian Criticak berriki argitaratu duen Pura Sanchez Sanchezek idatzitako Individuas de dudosa moral izan daiteke, Andaluzian guda ostean emakumeenganako errepresioa deskribatzen duena). Nola nahi izan gabe preso batek haurdun uzten duen eta umea galtzen duen lau urterekin, harrez geroztik bi nini dituelarik begi bakarrean.

Liburua ziztu baten irakurtzen da, atal nahiko motzak ditu, orrialde gutxi eta segituan gogoan geratzen da, ez da birritan irakurtzea behar ahazturiko detaileak bilatzeko. Aurreko liburua gehiago gustatu zitzaidan, baina tira, irakurtzen uzten da hau ere.



Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

et cetera
%d bloggers like this: