AbainGoardia











{2009/08/21}   2009ko Aste Nagusia Zazpi Katu Gaztetxean

Bilboko Aste Nagusia 2009

Zazpi Katu Gaztetxea

2009-08-15

JAN + Krimen & Kastigo + Ultima Neurona

Aste Nagusia hasi berria. Bilbotar eta bisitari guztiak jada jaiaren izpirituaz hordituak gaude eta gure gustuko programazioa egiten goaz. Batzuek tabernak hautatuko dituzte, besteek sasi-txosnak hautatuko dituzte (Areatzako eremutik kanpo direnak), gehienak musika estilo zehatz bati loturiko jendearentzat (eta euren bizimodu xelebrearen parte dena) apropos. Etxebarri plazako zirku edo zaldiko-maldikoak hautatuko dituzte. Edo programazio ofiziala. Baina gehienok Bilboko Konpartsen ekimenak hautatzen ditugu eta hauek sustengatzeko euren txosnetan murgiltzen gara hango giroaz gozatzeko. Eta kontzertuak bilatzen ditugu zenbaitzuk. Badira ere programazio ofizialean eta konpartsenean ez diren kontzertu zein ekitaldiak.

Hauetako bat Zazpi Kaleetako Zazpi Katu Gaztetxean antolatua zen gau hartan (Solokoetxeko eskilaretako Gaztetxea, Txokolanda zena). Sare Antifaxistak antolatua, Krimen & Kastigo, Ultima Neurona eta JAN taldeek jo behar zuten, antolatzaileek taldeekiko zuten zorra kitatzeko aitzakiarekin egindako ekimen dotorea.

Ekainaren 22an Leioako jaien egitarauan Sare Antifaxistak (Jai Batzordean parte hartzen du) gau antikapitalista edo antikomertziala egin nahi izan zuen eta horretarako hiru taldeak gonbidatu zituen, Undecimo Mandamiento taldearekin batera, azken hauek azken unean izandako arazoengatik jo ezin izan bazuten ere. Hasieran arazorik izan ez bazen ere, astebeteren faltan Udaletxeak Jai Batzordeari inposatu zion gau hartan beraiek agindutako talde bat jo behar zuela eta taldeak hautatutako orduan (eta ziur ez zuela “katxe ez komertzialik”). Jai Batzordeak, jaietarako diruaren zati garrantzitsu bat nondik datorren jakinik, ez zuen txintik ere esan, Sare Antifaxistaren zoritxarrerako. Aste horretan zehar eztabaidak izan ziren horren inguruan, DDT Banaketak-ek, Sare Antifaxistarekin batera ekitaldian parte hartu behar zuenak, ekimenetik bereiztea erabaki zuen, ulertuta Udaletxeak ekimenaren izatea eztanda arazi zuela eta ez zuela inolako zentzurik. Sare Antifaxistak bitartean, taldeei deitu zien egoera azaldu eta haien eskuetan uzteko jotzearen erabakia. Guztiek jarraitzea erabaki zuten, talderen batetan birritan pentsatu bazuten ere. Gau hartan bizi izandakoaren ondoren, guztiak damutu omen ziren. Sare Antifaxistakoak, hartaz jabeturik, kontzertu hobeago bat agindu zieten, benetako izaera erakutsiko zuena. Eta kontzertu hura Aste Nagusiko lehen eguneko hau izan zen.

JAN

JAN

Taldeek gogoz egin eta gozatu zuten dakigunez. Kontzertua JANek ireki zuen. JAN Sodupen entseatzen duen hardcore talde beteranoa dugu. 1994 aldean sortuak, disko ugari dituzte argitaratuak (Mi marido ha dejado de roncar, K7, 1997; Acatar o protestar, CD, 1998; Jodida Actitud Normal, CD-K7, 2000; Dedicado a tod@s nosotr@s, 7″, 2002; Cientos de crimenes, CD, 2006; Inzesto taldearekin eginiko 7″ elkarlana, 2007; eta iragan maiatzean kaleraturiko Y el kaos es la partitura en la que esta escrita la realidad, CD). Beren kontzertua zuzena izan zen, txukuna, ona. Hardcore klasikoa, motela, erritmo aldaketa ezberdinekin, instrumentalki melodikoa ere egiten dena. Ahotsa da nobedadea, azken finean abeslari berria aurkezten ari dira, eta honek, hasierako kantariaren ahotsari erabat fidel izan beharrean, bere ukitua eman eta ezberdintasuna eman dio, melodiaz gain erlastasuna ere ekarri diolako. Azken lanaren kantuak egin zituzten osorik (diskoa nahiko motza da iraupen aldetik), baita Seewed eta Spermbirds-en bertsioak, nola hamar bat kantu berri (disko berri baten grabaketan ari dira pentsatzen jada) egin zituzten zeinek itxura ona duten, eta euren ibilbidea jarraitu dugunontzako zoritxarrez abesti klasikoetatik lau besterik ez ditut gogoratzen, singleko bi eta Jodida Actitud Normaleko beste bi, bikainak laurak. Esan behar da ere abeslariak zuzenekoan ere puntu berri bat eman diola taldeari, frontman papera gogoz hartu eta atzera eta aurrera ibili baitelako kontzertu osoan. Urte askotarako izan dadila.

SNC00126

Kontzertuari jarraipena Krimen & Kastigo taldeak eman zion. Zoritxarrez ezin dezaket beren emanaldiaz ezer esan, barruan egiten zuen beroak batetik (gerora ohartuko ginen ez zegoela kalean alde handiegirik) eta aspaldiko bizitza soziala egin nuela bestetik, ohartu nintzenerako basauritarrek amaitu zuten. Norbaiti interesa badio, punk samintsua egiten duen talde honek urte hasiera aldera disko berria kaleratu du Jaulas de cristal izenekoa, ostia txarra dariona, eta baxulari berri baten bila dabiltzala esan didate.

Ultima Neurona

Ultima Neurona

Zazpi Katuko gaua Ultima Neuronak itxi zuen azkenik, jo ahal ezingo zutenaren beldurra egon ondoren kideetako baten famili arazoak zirela eta. Neuronak dagoeneko eskualdeko klasiko batzuk bihurtu dira, urtetan eta urtetan jotzen izan baitira ia inori ezetz esan barik eta borroka ororen alde. Eta hori beren diskografia, oraingoz, motza bada ere (agian beraiek izango dira, RIPekin batera disko bakar bati probetxu gehien atera dion talde bakanetarikoa, kar kar kar), luze igaro baita 2002an Errekaortuko Gaztetxe mitikoan grabatu zuten Rebelde y peleona K7a argitaratu (eta agortu) eta urte berean DDT-k argitaratutako Hamaika urte ehundaka idei fumigatzen bilduman erantsitako Sociedad en putrefaccion kanta kaleratu zirenetik. Harrez geroztik ez dute beste ezer kaleratu, eta gure inguruan askok txantxak egin ditugu horren inguruan (pikeak, badakizue, batzuek esaten zuten “Pateando Porkeria diskoak egiten baino geldoagoak zarete” eta besteek “Ultima Neurona diskoak egiten baino motelagoak zarete” esanez, kar kar kar). Horrenbeste denbora igaro da zinta hartatik, larunbateko kontzertuan kanta bakarra jo zutela, Ultima Neurona himno ahanzgarria (Sociedad en putrefaccion-ez gain). Beste guztiak kantu berriagoak dira, baten bat jada ezagutzen bagenuen ere (Malditos eta Bioterror bikaina, crust kanta txukuna, zeina bigarren ahots bat sartuko baliote ikaragarri geldituko litzatekeen). Zorionez asko hobetu dute, beren punkari indar gehiago eman diote, trinkoago doaz, base erritmikoa ongi bazegoen, orain sendoagoa da, eta urteen poderioz euren ahulezietako bat zen gitarraren soinua ikaragarri hobetu da, ez duela beste instrumentuekin alderatuz inola ere gutxiago balio, oso ongi aritu zen. Falta zaiena da ahotsa lantzea, maketan lanak egin bazituen ere, oraindik ere nabaritzen zaio ez duela askoz gehiago sakondu, sarritan ematen baitu egunean bertan ateratzen zaion ahots egiten duela, alegia, inspiraturik badago txukun egiten duela, eta horrek aldatu behar du, asko irabazi dezaketelako, hartzen duen hautua hartuta ere. Malditos kantak Jello Biafra edo Evaristoren moduko ahotsa eskatzen du, leloetan bahintzat, baina ez du asmatzen. Betiko adiskideak direnez, halakoak barkatzekoak dira eta beti ere pentsatu nahiko dut denboraren poderioz serioago hartuko dutela ahotsa.  Amaitzeko bertsio sorta bat oparitu ziguten, batetik ezusteko gozagarria izan zen Eskorbutoren kanta bat, La cancion del miedo (oso eskertzekoa da talde handi honen bertsioa egitean Eskizofrenia edo Anti Todo diskoetako kantuak edo Ados Reina mia  ultra erabiliak alboratzen dituztenak Eskorbutoren beste konposizio bikainak aldarrikatzeko), orijinalari oso fidel zein propio egin zutena. Urteetako zurrumurruari jarraituz, aurten AZKENIK grabatuko dutela diote, oraingoan serioagoa dela ematen duelarik. Ea egia den.

SNC00140

Gau ederra alegia, aspaldiko lagunak ikusi, entzun, hitz egin, eta jaiez gozatzeko. Festa hasi berria zen…



Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

et cetera
%d bloggers like this: