AbainGoardia











{2009/08/22}   Ama Say eta Audience Kafe Antzokian, 2009ko Aste Nagusia

2009ko Aste Nagusia

Kafe Antzokia

2009-08-19

Audience + Ama Say

Hiru urte ingurutik hona Kafe Antzokia Aste Nagusian kontzertu programa egiten ari da, euren konpartsaren programa (Algara Konpartsa) osatuz, aurten konpartsak programarik egin ahal izan ez badu ere, euren dekorazioan salatzen duten bezala. Lehen urtean sarrera nahiko merkeak jarri zituzten, agian erreklamo modura, 5 € ingurukoak memoriak huts egiten ez badit. Iragan urtetik 10 eurotan dira, gaitz-erdi orokorrean Antzokian ordaindu behar denari begira. Iragan urtean The (International) Noise Conspiracy ikusten izan banintzen, aurten bi kontzertuk deitzen zidaten arreta, aipagai dudan Ama Sayrena eta Deloreanena.

Audience

Audience

Gaua Audience gernikarrek irekitzen zuten. Luze igaro da euren lehen diskoetatik, eta ez soilik urteen aldetik, gehiago nabaritu baita beren norabide musikalean eta. Euren lehen lanak, Gaztelupeko Hotsak eta Noizpop-ek argitaratu zien Second handed diskoa arte Post-rockarekin zirritan baitziren. Egungo euren norabidea oso bestelakoa da.

Kontzertua abesti nahiko rockeroarekin ireki zuten, amerikar rock usain handiarekin, blues, country kutsu ugarirekin. Jarraian ezagun egin zitzaidan kanta bakarra egin zuten, euren lehen diskoetako batena, oso ona, intentsitate handikoa eta indartsua. Baina berehala igaro ziren berriro folk-rockaren bidera eta hortxe aritu ziren gau osoan, post-rockaren beste zeharbide batez salbu. Ongi aritu ziren, mugi arazleak ziren erritmoak, argi geratzen zen trebeak direla instrumentu ezberdinekin (gitar joleetako batek gitarra tronpetarekin tartekatzen zuen, bigarrenak armonika batekin ireki zuen kontzertua, eta hirugarrenak zenbaitetan erabili zuen lap steel, teklatu eta biolina azken kantan), eta abeslariak jendea animatzeko trebezia erakusten zuen, eskenatokitik atzera eta aurrera baitzihoan bere gitarrarekin. Baina esan bezala, niri gehien gustatu zitzaizkidan euren kantu post-rockeroenak, pena da horiek iraganeko kontua direla ematen duela.

Minutu batzuen ondoren klasiko batzuk ikusteko aukera izan genuen. Orain urte erdi luze Ama Say taldeak tauletara itzultzeko asmoa adierazi zuen, denbora luzez ez bada ere (bi urte agintzen dute euren Myspace orrian), hilean kontzertu bana eginez gehienez. Zaletu asko poztu gintuen, bai ikusi ahal izan zituztenek, berriro ere gozatzeko aukera baitzuten, nola ikusi ahal izan ez genituenok (neuk esan behar dut ezagutu nituenerako utzi berri zutela jotzeari, beraz goiz ezagutu nituen). Barakaldarrek 90. hamarkada hasiera-erdialdean Bilbo aldean egindako proposamen interesgarrienetako bat egin zuten, rock eta pop ilun bat eskainiz, Pixies eta beste batzuen eragin zuzenekin. Horien lekuko izan ziren egin zituzten bi lan luzeak (Ikusi ditut umeak kalean ametsak akatzen bikaina, 1993; eta Say Ama, 1995), biak Esan Ozenki Recordsek argitaratuak (tartean maxi bat kaleratu zuten, No iz Pop? izenekoa, Gorlizeko Xurrut-en zuzenean grabaturiko sei kanta, hau ere Esan Ozenkiren eskutik), eta azken diskotik urtebete ingurura utzi zuten, abeslariak Bartzelonarako bidea hartu baitzuen. Beste taldekideak beste taldetan arituko ziren ondoren, Zein? edo Rafa Rueda esaterako.

Kontzertua lehen diskoko klasiko batekin ireki zuten, bizkor bizkorra. Primeran hasteko. Ondoren publikoarentzako gozagarri, kanta berriak aurkeztu zituzten. Bai, zeren revival kontuarekin askok egiten dutena ez bezala, barakaldarrek itzultzean abesti berriak zituztela esan eta grabatzeko asmoa azaldu zuten, eskertzekoa da antzinako lorietan ez geratzea euren presentzia justifikatzeko.

Kantu berriak motelagoak dira, baina rock kutsu handiarekin, oso onak. Kontzertuaren atalik handiena kantu hauek osatu zuten. Tartean ere Zein? taldeko abeslari eta gitar joleak kanta batetan jotzeko parada izan zuen, hiru gitarrekin egon zirenean sekulako indarra erakusten zutelarik.

Ama Zein?

Ama Zein?

Amaitu zutenaren plantak eman zituzten, zaletuok (ez ginen asko, izango da Aste Nagusirako ez zirela agian proposamen egokia?) gehiago eskatzen genuen artean. Abeslaria eta bigarren gitarra jolea atera ziren aulki banarekin eta ezuste bat agindu zuten. Rafa Rueda (Ω L.T.) taularatu, abeslariaren gitarra hartu eta jotzen hasi ziren. Abesti erdi akustikoa, kantariak ingeles eta euskararen arteko bere paranoiekin flipatzen zuen artean, Rafak ah eta ah egiten zuen. Aspergarria. Tarte honen ondoren beste musikariak itzuli eta klasikoak egiten hasi ziren bata bestearen atzean, Itzela, Ama Say euren bertsio onenean. Okertzen ez banaiz kontzertuaren atal honetan izan zen Pixies-en bertsioa egin zutenekoa, Raulek esan zidanaren arabera oso fidel egin zuten. Eta horri begira, arrazoia eman beharko zaie Pixies jarraitzaileak direla esaten zuten (duten) adituei, Pixiesen kanta dela esaten ez badizute Ama Sayren kantu propio bat dela pentsa baitezakezu lasai asko. Azken bi kantuak onenak izan ziren. Lehenik Ikusi ditut umeak kalean ametsak akatzen bikaina, zeina sarrera nahiko lasai, poperarekin hasten den, abeslariak Is not the love xuxurlatzen duen artean, ondoren eztanda egiteko, emozioak azaleratzen. Segituan, atseden barik, zarata handiena egin zuten euren 6 segundo itzelarekin. Gogoan nuen Hitz egin bideoetan kantu hau, eta horrek piztu zidan taldearekiko arreta. Akorde garbi batzuen ondoren, abeslariak raka-raka etengabekoa egiten du, beste musikariek eztanda batekin osatzen duten artean. Paranoia batzuk kantatu ondoren, isildu, eta bigarren gitarrak bihurkin bat hartu eta soken aurka marruskatzen du, sekulako zarata eginez, bateriak gogor-gogor jotzen duen artean. Tarte horretan, ikusleen artetik euren lagun bat igo eta abeslariari gitarra hartu eta berak ere zaratan parte hartzen du akopleak sortuz eta azken akordeak joz. Bikain. Ahaztu zait esatea bai kantu honetan zein beste askotan giroa erotu edo osatzeko lagungarri teklatuak izan zituztela, lagun batzuek esan zidatenaren arabera, Tio Pete estudioen zuzendari Jose Lastrak jotzen zituena.

Kontzertu ona, benetan. Gogoz nago berriz ere topatu eta kantu berri horien patua zein den ikusteko.



Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

et cetera
%d bloggers like this: