AbainGoardia











{2009/08/29}   Hijos de los hombres

hijos-de-los-hombres_webChildren of men (2007)

Zuzendaria: Alfonso Cuaron

Aktoreak: Clive Owen, Julianne Moore, Michael Cane, Claire-Hope Ashitey, Chiwetel Ejiofor, Charlie Hunnam, Pam Ferris, Peter Mullan, Danny Huston eta Oana Pellea

Gidoia: David Arata, Alfonso Cuaron, Timothy J. Sexton, Hawk Ostby eta Mark Fergus (P.D. James-en eleberrian oinarrituak)

Irakurketa txokoan erakutsi izan dut distopien inguruko historiak gustuko ditudala. Zinean zenbait saiakera izan dira, ia beti liburuetatik oinarrituak, zenbaitzuk harrera ona izan duten artean (Ray Bradburyren Fahrenheit 451 ezagunaren moldapena, The Planet of the Apes, Clockwork Orange, Metropolis, Brazil edo 12 Monkeys) eta beste batzuk erdipurdi izan dira (George Orwellen 1984 eleberriaren bi moldapenak).

Children of men izen bereko distopia baten beste moldapena dugu, P.D. James idazle britainiar ezagunak detektibeen generotik kanpo idatzi duen eleberri bakanetarikoa. Bitxikeri bezala, P.D. Jamesek agerpen txikia egiten du filmaren hasieran, kafetegian telebistari leloturik begiratzen ari den multzoaren artean azaltzen den andrea.

Filmak gertuko etorkizun baten kokatzen gaitu, 2027an zehazki. Abiapuntua munduko gizon gazteenaren hilketaren berri ematen duen albistegiak sortutako hunkidura erakusten digu. Gizon gazteenak hamazortzi urte zeuzkan.

Bai, gizakiek hamazortzi urte daramate ugaltzeko gaitasunik gabe, emakumeak antzuak bihurtu baitira supituki. Gizakien desagerpenak sortutako traumak mundua erotzen du eta nazio ugari kolapsatzen dira. Ingalaterrak hau ekiditeko neurri faxistak hartzen ditu eta mugak ixten ditu, ustezko egonkortasun honen bila datozen etorkinak ilegal bihurtuz eta esparru guneetara bidaliak direlarik. Honi aurre egiteko bada talde armatu bat, Arrainak ezizenduna.

Pertsonai nagusia Theo dugu (Clive Owen), berrogeiak beteak dituen gizona eta Energia Ministerioan lan egiten duena, iraganean aktibista sutsua izan zena. Bizitza grisekoa, iraganean semea gripeak eraman eta emazteak abailduta alde egin zuenetik, denbora igarotzen du bere lagun Jasper (Michael Cane) bisitatzen, iraganeko marrazkilari satirikoa zeinak zaintzen duen poliziaren torturak izaera hautsi zion emazte argazkilaria.

Gizon gazteena hiltzen den egunean Theo bahitzen dute arrainek. Hauen buruetako bat Julian da (Julianne Moore), Theoren emazte izandakoa. Bere kontaktuak direla eta, Theori eskatzen diote lagun ditzala emakume etorkin bat eremu seguru batera eramateko beharrezkoak diren baimenak eskuratzera. Hasieran onartzen ez badu ere, azkenik baiezkoa ematen die, baina berak ere joan beharko du, bikote batentzako baimena eman baitiote.

Bidaian atsekabeturiko erradikalek erasoko diete eta Julian hilko da babesleku batera heldu aurretik, eta iheslari bihurtuko dira, bidean bi polizia erailtzen baititu bidaideetako batek. Babesleku hartan arrain ugari daude eta Theok sekretua ezagutzen du. Kee (Claire-Hope Ashitey), laguntzen ari den emakumea, haurdun dago, hamazortzi urtetan haurdun geratu den lehen emakumea da, etorkina gainera. Horrek suposa dezakeen lurrikara itzela da eta Giza Proiektua deituriko talde batengana jo nahi dute Kee eta bere haurra zain dezaten. Hartarako kostaldera iritsi behar dira, non zain izango duten Proiektuaren Biharra (Tomorrow) arrain ontzia.

Era berean, konplota deskubrituko du Theo, izan ere arrain berek hil dute Julian, haurra erabili nahi baitute gobernuaren aurkako arma politiko bezala. Oharturik, Kee hartuko du itsasaldera eramateko. Poliziak eta erradikalek jarraituak, Jasperren etxera heltzen dira laguntza eske eta har ideia bat dauka: Bexhill esparru gunean sartu eta handik elkarretaratze puntura itsasoratu.

Filma ederra da, hunkigarria. Horren etorkizun iluna guztiz sinesgarri egitea lortzen du Alfonso Cuaron zinemagile mexikarrak, ez da hiri edo gizarte urrunik aurkezten, baizik eta desesperazioak gidaturiko gure gizarte amildua islatzen du, hartarako zenbait efekturekin jokatuz, hala nola irudi nahiko grisak erabiltzea. Eromena, hunkidura eta beste sentimenak ederki adierazten dira, horren adierazle onena izanik setioaren eszena. Haurra jada jaioa, ihesean, arrainek Kee eta haurra bahitzen dute eta poliziak jarraituak eraikin batean sartzen dira non tiroketa krudela gertatzen den. Theok jarraitzen ditu eta tiroen erdian ikusten da nola han zeuden zibilak tiroetatik babesteaz ahaztu diren, hipnotizaturik daude, urteak baitzeramaten haur baten zotinak entzun gabe. Eta Theok Kee eta haurra berreskuratu eta handik irteten direnean, bai zibilek nola ejerzitoak ere igarobidea egiten diete leloturik, ia negarrean. Eszena hori ikaragarria da, beste batek ez luke halako emoziorik igortzea lortuko. Aktoreek ere badute erru handia, Clive Owenek antiheroiaren paper bikaina egiten du, guztiz sinesgabe bihurtua, egoerak adoretu eta eromenaren erdian zentzutasuna bilatu eta bere babestuen hobe beharra bilatuko du beste edozein beharren gainetik, egoerak guztiz gain egiten badio ere.

Film asko egin dira onak direnak hamarkada honetan, baina hau agian onenetakoa izango da nire ustez, ezbairik gabe.



Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

et cetera
%d bloggers like this: