AbainGoardia











{2009/08/29}   Lluvia, Hierro y Rock & Roll

lluvia_webLluvia, hierro y Rock & Roll

Historia del rock en el Gran Bilbao (1958-2008)

Alvaro Heras Gröh

ISBN 978-84-612-5979-3

460 orrialde

2008ko Azaroa

Ediciones Sirimiri

Luze neraman liburu hau amaitu eta aipamena prestatzen. Hilabetetako denbora hartu dut beste gauzak irakurtzeko artean eta bestetik behar bezalako aipuak egin ahal izateko. Beno ba, garaia heldu da.

Bazen garaia norbaitek halako proiektu bat burutzea, izan ere Bilboko rockak historia handia izan du beste eskualdeetako rock mugimenduak ekarpen ezagun gehiago eman izan baditu ere. Are gehiago beste proiektu tamalgarriak argitaratu direnean, No Acepto! DVD dokumentala esaterako, zeinen egileek Euskadi deituriko atala “Donostialdea eta nire lagunak” dei zezaketen hobeto. Baina hor dira talde ezagun asko bere garaian arrakasta izan zutenak, egun ere zaletu asko biltzen dituztenak, edo revivalaren modara apuntatu direnak aukerak ikusten zituztelako: Los Mitos, Dinamita Pa los Pollos, Platero y Tu, Fito y Fitipaldis, MCD, Cancer Moon, El Inquilino Comunista, The Flying Rebollos… Izen ezagun asko, askoz gehiago umilagoak eta historia bat guztiaren atzean.

Liburuak sekzio ezberdinak ditu non mugimendu kultural honen ezaugarri ezberdinak ikertzen diren. Lehenik historia bera proposatzen digu egileak hamarkadatan banatua, 60.etik 2007 ingurua arte. Bertan ikusiko dugu nola hasieran izan ziren talde eskasek rockarekiko zerikusi eskasak zituzten eta lehen eraginak Italiatik zetozela, ondoren, familia dirudunetako seme-alabek atzerrira egindako bidaietan eskuratutako diskoek balioko zutelarik batetik diskoteka, festa, zein goatekeetako musika eraberritzeko osorik, eta bestetik talde berrientzako eragin berriak sortuz. 70. hamarkadan bi zati nabarmenduko dira, lehen erdia zeinean ia ez den talderik, eta bigarrena zeinean gorakada hasten den, rock gogor edo progresiboa egiten dutenen artean batetik, eta 77ko punkaren eztandak erakartzen dituen lehen pertsonak bestetik. Hemen ere ikusiko da nola frankismoa urteetan ezarririko pentsaera izan zen eta nola apurtzaileak ziren hainbat gauza (janzkera, orrazkera, txima luzeak…) oso gaizki ikusiak ziren eta jazarriak ziren.

80. hamarkadan, Euskal Herriko beste puntu guztietan bezala, musika eztanda gertatuko zen Bilbon, non punka gailenduko zen beste estiloekiko (Isidoro y su colección de puertos plegables, Yo soy Julio Cesar, Vulpess, Distorsion, Gazte Hilak, Primitivos…), beste estilo batzuk ere ukituko direlarik, heavya, 60. hamarkadako rockaren berrikuspena… Eta aldi berean musikaz gozatzeko leku ugari aurkitu edo irekitzen dira, La Jaula, El Garage, Barrenkaleko tabernak, Iturribide… eta nola ez, Bilboko Alde Zaharreko Gaztetxea, zeina gazte askok okupatuko zuten beren gurari oro (kulturalak, politikoak…) beren kabuz egin ahal izateko beste aukeraren faltan.

90. hamarkadan lokalen aldetik beherakada bat gertatzen da, Udaletxeak Gaztetxea bortxaz ixten du, iragan hamarkadako taberna eta areto gehienak ixten dira eta gutxi batzuk ireki edo topatzen dira (En Canal, La Catrena, Gwendolyne…). Musika aldetik ere birkokapen bat dago, punk talde asko desegiten dira eta estiloak krisia du, iragan hamarkadako Euskal Rock Erradikalaren harira sorturiko mugimendua desagertu eta nolabait errefusatzen delako. Hardcoreak gorakada nabaritzen du eta artean Getxo Sound bataiatuko den mugimendu musikala sortuko da bertako pop eta rock taldeen hazkuntzaren ondorio. Bitartean metalean ere olatu berriak datoz eta gauza interesgarriak sortuko dira rockaren bidean.

Sekzio hau egungo hamarkadaren lehen erdiak ixten du, non azaltzen den bereziki jaialdien gorakada eta egungo taldeen aipamena egiten den.

Bigarren sekzioan rockaren presentzia hedabideetan aurkituko dugu eta era berean musikak bultzaturiko hedabideak aipatzen dira. Horrela, idatzirikoan egunkarien harrera ikusiko dugu batetik, eta bestetik zaletuek egindako aldizkari eta, bereziki, fantzineak azalduko dira. Prentsaren beste atal garrantzitsua irratia da, non bidaiatzen den 60. hamarkadako lehen irratsaioetatik egungo irrati libre zein beste irratsaioetara.

Hirugarren sekzioan azken hogeita hamar urteetako rock taldeak aipatzen dira estilo musikalen arabera, lehenik punka azaltzen delarik emandako talde kopurua dela eta. Segituan rockerrak edo 50. hamarkadako soinuaren lekukoa hartu zuten taldeak aurkituko ditugu, handik 60. hamarkadako zaleen edo modernisten eszenara iraganez, azkenik heavy metalera iraganez.

Laugarren atala Eskorbuto handiei buruzko kapitulua dugu, non eskertzekoa den betiko istorioen beharrean testigantza berriak aurkitzea santurtziar hirukotearen inguruan. Bikaina.

Azkenik, drogek musika eta musikariekin izandako harremanak aurkituko ditugu, non agian ez duen ongi asmatu, testigantzak gutxi baitira eta nahiko azalekoak, agian bila zitekeen testigantza gehiago lortu edo beste ikuspegi bat bilatzea (testuingurua, ZEN plana…).

Eranskin modura, 2007 eta 2008ko kontzertu zerrenda, azken berrogeita hamar urteetako zenbait nazioarteko talderen kontzertuak, eta zenbait aretotan izandako kontzertuak zenbatzen dira (La Jaula, El Garage, Yoko Lennon’s, Bolos, Gaueko eta Bilboko Gaztetxea), kreditu zein bibliografiez gain.

Esan bezala, liburua nahiko ongi dago eta egindako lana egiteak meritu izugarria du, ezbairik gabe. Baina horrek ez du esan nahi erabat ongi dagoenik, ez behintzat niretzat, eta hitz egin dudan beste pertsona batzuek ere zenbait gauza ikusi dituzte gustatu ez zaizkienak. Badakit kritika egitea erraza dela eta egin ahal zaidan lehen kritika da gustatzen ez bazait neuk egitea. Arrazoia izango dute. Baina horrek ez du liburu honen gabeziak kenduko.

Ikusten den lehen gauzetako bat idazlearen apolitikotasuna da. Neuk beti pentsatu izan dut apolitikotasuna gaitz okerrenetakoa dela, azken finean Status Quoaren defendatzaileak baitira ekintza edo ez-egiteagatik. Egiten dituen zenbait aipamen esaterako (botereak erabiltzen duen hizkuntza kalkatzea ETAren ekintzak deskribatzean, ZEN plana arinki azaltzen duen artean). Baditu zenbait esaldi ez egokiak, esaterako ondokoa topatzen dugu Udaletxeak Bilboko Alde Zaharreko Gaztetxea hustu eta urteen ondoren Bilborock ireki izanari buruz: “[…] Y lo cierto es que visto desde hoy en día reconforta pensar que el desmantelamiento de la mayor iniciativa juvenil autogestionada jamás puesta en marcha en Euskadi sirvió finalmente para algo positivo y acabó redundando en beneficio de la ciudadanía.” Ulertzen dudanaren arabera, esaten du Gaztetxeak (eta bere husketak) balio izan zutela Udaletxeak Bilborock irekitzeko? Beno, neuk uste nuen ireki zutela isiltzeko Gaztetxea hustu zenetik Alde Zaharrean emanaldirik egiteko tokia ez zegoela salatzen zutenak, baina berak bestelakorik esaten badu…

Jarrera honek badu zerikusirik ere kolektibo zehatz batzuek egindako ekimenen inguruko isiltasunarekin. Esaterako, Bilboko Erakustazoka zaharra aipatzen duenean, orrialde batetan baieztatzen bertan izandako kontzertu aipagarriena 1999ko Rockazoka izan zela (orrialde batzuk geroago, erralitateari fidel izanez, porrot hutsa izan zela esateko). Egileak ez du inondik ere aipatzen garai horretan bertan Amnistiaren Aldeko Batzordeek antolatu zituzten Elkartasun Eguna jaialdien bi edizioak edota 2002ko otsaileak Kakitzatek egin zuen azken jaialdi erraldoia, guztiak arrakasta itzelak. Okertzen ez banaiz azken honen aipamen bakarra dago, Elkartasun Eguna ez zen existitu antza.

Gaiz aldatuz, egileari antzematen zaio erakundeekiko duen sinesmena. Zenbaitetan errepikatzen du 80. hamarkadan izan ohi zen laguntza instituzional eza eta nola ondoren parte hartzeak gora egiten duen. Batetik zentzuzkoa da erakundeen jarrera, Andeka Larrea eta Garikoitz Gamarrak idatziriko Bilbao y su doble, ¿Regeneracion urbana o destruccion de la vida publica? liburu bikainean (Gatazka Gunea, 2007) zioten bezala, agintariek ikuspegia aldatu zuten hiria saltzeko aukerei begira eta inbertsio bezala ikusten hasi ziren kultur emanaldiak, kontzertuak barne. Baina prezioak merezi du? Ikus dezagun esaterako Bilbao BBK Live. Zer suposatzen du horrelako xahubideak? Jendea pentsatzen hasi da beraiek gabe ez dagoela gauza asko egiteko aukerarik (autogestioa baztertzen da); bestetik euren aurpegiak zuritzeko balio dute, SuperSur, Abiadura Handiko Trena eta antzeko proiektu zanpatzaileetan geroz eta gehiago xahutzen duten bitartean gastu sozialak murriztuz, nahikoa dute sos apur bat ematea jendea entretenitzeko (zirkua ikusleentzako). Gutxi balitz, diru publikoa gastatu ondoren sarrera ez da librea eta, bertoko zenbat taldek jotzeko aukera dute? Ba hori, jaun andreok, etorkizuneko Aste Nagusia izan daiteke, jendeak kontrolik ez duen ekitaldiak antolatzea. Hori ez da behintzat askok defendatzen duguna.

Ez dut alor politikotik askoz gehiago aipatuko luze eman baitiezadake. Gustuen aldetik soilik esango dut ez dudala konpartitzen Uribe Kostako taldeekiko duen gehiegizko begirunea, bereziki 90. hamarkadako Getxo Sound delakoaren ingurukoak, batzuei ematen baitzaie benetan izan zutena baino oihartzun gehiago jarriz, Ezkerraldeko jendea (90. hamarkadan batik bat, Getxo Sound indartsu denean) arin pasatzen duen artean, mespretxu puntu bat egotea pentsa litekeelarik. Baina esan bezala, gustuak gustu dira, berdin esan lezakete beste aldetik, besteok idatzi izan bagenu berdina existitu ziren Hardcore Punk taldeak aipatu eta Getxo Sound aipatu izan ez balitz.

Bada gauza bat izorratu didana bereziki eta hori izan da pertsona edo kolektibo zehatz batzuk elkarrizketatu ez izana. Lehenik ikusten da ahalik eta jende gehien elkarrizketatzen dela, zenbaitetan zigilu batzuk aipatzen dira (baita elkarrizketatuak direnak) zeinak lau single atera ondoren desagertzen diren bizpahiru urteko ibilbidearen ondoren, aldi berean urte mordoa daraman jendearekin hitz egiten ez den bitartean. Delitua du esaterako DDT Banaketakeko inorekin elkartu ez izana, kontutan izanik Discos Suicidasekin batera Bilboko kultur banatzaile beteranoenetakoa denean eta musika talde askoren hasieran DDTk eman zien laguntza, bai talde txikienetik, gaur egun aski ezagunak diren talde zein bakarlari ezagunetaraino.

Bestetik grazia handia sortzen du irratien kapitulua aipatzean, hamar orrialdeetatik, irrati libreei eskainitako espazioa bi izatea eta, gutxi balitz, irrati libreetako partaiderik ez izatea (beharrez Tas Tasen izan zen bakarra ezik, lau urteren ondoren Radio Euskadira itzuliko zelarik ondoren). Egia da zaila izan daitekeela, adibidez, Irola Irratiko hasierako partaideren bat topatzea (hogei urte baino gehiagoko ibilbidea baitu irratiak), baina gertuagoko jendea topa zezakeen. Pentsa liteke irrati libreek izandako funtzioa gutxiesten dela.

Azkenik, eta amaitzeko, esango dut 2007 eta 2008ko emanaldien zerrendak ez didala grazia handirik egin. Jaialdi eta areto nagusietako emanaldiak dira gehienak, Gaztetxeetakoak ez dira (ia) aipatzen. Ematen du Internet bidez egin zituela kontsultak, non Gaztetxeetako ekimenak ez diren sarritan aipatzen (onartu behar da hala balitz, ez dela egilearen erantzukizuna).

Amaiera bezala, jendeak ez dezala pentsa liburua txarra iruditzen zaidanik, inork ez dezala horrelakorik pentsa. Liburua ona da, baina nire aburuz halako gabeziek hobeagoa izateko aukera galdu arazi dute. Liburua egun ez dago eskuragarri, egileak lortu baitzuen bere kabuz argitaratutako 1000 aleak banatu eta saltzea hilabete bakarrean (errekorra!). Bigarren edizio zuzendua prestatzen ari da eta zurrumurruek diote Udaletxetik diru laguntza izango duela oraingoan (erakundeen beste abilezia, ekimenetan ez inbertitzea “negozioa” usaintzen duten unera arte, eta bestetik beren esku hartzearekin bermatzea jendeak pentsa dezan kultura museoetako gauza dela, alegia, bizirik gabeko objektuak). Beraz adi ibili edizio berriaren kaleratze datari, ez baita urrun izango, ez galdu aukera.



Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

et cetera
%d bloggers like this: