AbainGoardia











{2009/09/03}   Anticristo

antichrist-webAnti Christ (2009)antichrist_affiche-web

Zuzendaria: Lars Von Trier

Antzezleak: Willem Dafoe eta Charlotte Gainsbourg

Gidoia: Lars Von Trier

Iragan astean bidaian nindoan, eguna Iruñean igarotzera eta autobusean nengoela Barcinopoliseko kaleak zeharkatzen iragarki publizitario batez ohartu nintzen, hasieran ez nuena ongi ikusten eta pentsatu nuen kolonia baten iragarkia zela. Ondoren, semaforo baten aurrean paratuak, ohartu nintzen eskuz idatzitako letrak zeudela eta segituan bururatu zitzaidan bazela publizistek, situazionisten irakaspenak jarraituz egindako iragarki berria non sistema kritikatzen dutenaren plantak eginez zerbait saltzen dizuten. Edo agian izan zitekeen Gobernuz Kanpoko Erakunderen baten kanpaina. Baina segituan ohartu nintzen kartelaren irudi erakargarriaz, non bikote bat txortan den zuhaitz baten babespean eta sustraietatik besoak ateratzen zirela. Eta izenburua ikusi nuen, Anticristo. Zuzendaria Lars Von Trier eta antzezleetako bat Willem Dafoe ziren. Deigarria zen.

Atzo asperturik, oporrak hartu berri, zinemara joateko gogoa piztu zitzaidan eta kartelera kontsultatu nuen ea zerbait interesgarri zegoen eta nire harridurarako bi film hauta nitzakeen, Coetzee idazlearen liburuan oinarrituriko Desgracia eta Anticristo bera. Azkena hartzeko hautua sinopsia izan zen, guztiz erakargarria baitzen. Erabakigarria zen izan dituen kritikak, kultuzko zinearen bidean, independentea eta polemikoaren artean doazen aipuekin. Lars Von Trierren filmografiak ba omen ditu film nahiko onak, pertsonalak eta independenteak, nahiz eta gehiegi ezagutu ez arren. Baina erabakiaren erru handia Willem Dafoe aktoreak izan zuen, zine independente eta Willem Dafoe ezaugarrien baturak film onak ematen baititu emaitzat, Hollywoodeko zenbait superprodukziotan parte hartu izan badu ere emaitza ezberdinekin (bikaina Platoon ikaragarrian duen paper ahantzezina, hiltzen duten eszenan oinarrituriko filmaren kartela betirako gelditu da zinearen munduan grabatua; ordea, Spiderman saga berrian izandako papera ez da oso apartekoa, filme berak bezala ene ustez, diru eta efektu pila ezer gutxirako). Beraz trena hartu, arrakasta handiko pelikulak emititu beharrean kalitatezkoa eta zenbaitetan ezezagunagoak direnak hautatzen dituen Multizineetan sarrera hartu eta salan sartu nintzen. Desgracia laster izango den hurrengo saiorako uzten dut.

Pelikularen ardatza bikote batek beren infernuetarako hondoratzea azaltzen digu beren semea hiltzerakoan. Hortik abiatu eta leher egiten digu filmak aurpegian. Protagonistak senar emaztea ditugu, argi geratzen da hori, film osoan ez baita beste pertsonaiarik azaltzen, hasieran eta amaiera beldurgarrian izan ezik, zeinetan azaltzen diren pertsonen aurpegiak (euren seme gazte Nick ezik) lausotzen diren bi pertsonaiengan erakartzeko begirada. Esan bezala senarra Willem Dafoe dugu, eta emaztearen rola Charlotte Gainsbourg dugu, zeinak filmografia luzea izan arren, soilik ikusi nuen Alejandro Gomez Iñarritu mexikarrak filmaturiko 21 gramos zoragarrian izan zen, zeinean izandako papera oso bigarren mailakoa zen.

Filma (bi orduko iraupenekoa) liburu baten modura aurkezten da, sarrera, hiru kapitulu eta amaiera. Sarrera eta amaierak sekulako erakargarritasuna dute, zuri beltzean aurkeztuak, kamera mugimendu motel motelekin, kokaleku eta pertsonaien mugimenduei plastikotasuna ematen die, sentsualagoak egin eta beharrezkoa denean ikaragarri egitea, eta musika klasikoa soinu bakartzat baretasuna emateko asmoz, oso lortuak dira irudiak. Sarreran ikusiko dugu nola bikotea larrutan den bitartean (nabarmentzekoa azaltzen den irudi erabat esplizitua, pornozko film batetan ez bada ikusten ez denetakoa) euren seme gaztea (hiru urte ingurukoa gehienez), bere gelatik ihes egin eta leiho ireki bat ikusten duenean hara hurbildu eta irrist egin ondoren kalera amiltzen den bigarren pisu batetik.

Semea galtzearen oinazeak bikotea astintzen du baina emazteak jasotzen du kolpe latzena (sentitzen dut izenik ez aipatzea, baina memoriak huts egiten ez badit, film osoan ez da izen bakarra aipatzen Nick semearena ez bada). Ospitaleratzen dute, baina ez du hobetzen eta senarrak, psikologo bezala lan egiten duena, bere burua jartzen du emaztearen terapeuta gisa eta etxeratzen du.

Lehen saiakerak egiten ditu emaztea hobetzearren baina ez du hobera egiten, zotinka da etengabe eta deskonektatzeko senarra behartu nahi du larrutan aritzera. Azkenik, beldurren piramidea osatzea proposatzen dio eta nola ez duen beldurrik deskribatzen, beldurra non daukan galdetzen dio. Emazteak basoan beldur dela esaten dio, eta zehazkiago Eden inguratzen duen basoan. Eden bikoteak daukan edo ezagutzen duen borda da, baso itxi baten erdian kokatua. Bertan emazteak azken uda igaro zuen semearekin, bere tesia prestatzen. Nola Edenek beldurra sortzen dion ondorioztatu duten, hara joatea proposatzen dio senarrak beldurrak desager arazteko.

Bidaian zehar ikusiko da film hasieratik ikusitako hainbat ezaugarri guztiz erakargarriak (zenbait irudi subliminalez gain). Esan bada irudi oso motelak erabili direla, zuzendariak gaitasun paregabea izan du alde batetik koloreekin jolasteko, horra emazteak basotik ibiltzen den ametsa deskribatzeko erabilitako kontrasteak, non baso ilun baten erdian azaltzen den purutasun birjinala adieraziz. Eta bestetik fotografiak paper handia du, badira zenbait irudi non basoaren irudiak azaltzen diren non itzalekin jokatuz arriskugarritasuna eransten dion.antichrist-basoa-web

Bordan direnean pixkana beldurra pizten da, hasieran soinu arraroak entzunez, sabaiaren kontra etengabe talka egiten duten ezkurrak, krask egiten duten zuhaitzak… Baina izuak gora egiten du emazteak okerrera joan ahala. Senarrak tesiaren edukian sakondu nahi du, zeinak ikertzen zuen gizakiak emakumeen aurka zuzenduriko genozidioa historian zehar, Erdi Aroa eta ondorengo bi mendeetan zentratuz bereziki. Ikuspegi kritikoa izan behar zuen tesia baztertua izan zen emakumeak nolabait emakumezkoen maltzurtasunean sinestean. Senarrak ez du onartu nahi baina zalantzak pizten zaizkio semearen argazki batzuk aurkitzen dituen zeinetan azaltzen den zapatak aldrebes jantziak. Emazteak hiru eskaleen istorioa kontatzen dio, belea, azeria eta oreinkumeak irudikatuak (izar konstelazio bat omen da), zeinak dioen hirurak azaltzen direnean zorigaitza datorrela. Filmean zehar Dafoek hiru eskaleak ikusiko ditu bakarka egoera oso gogorretan (oreina hildako kumea erditzen, azeria bere erraiak jaten…) baina azkenik hirurak elkarrekin ikusiko ditu.antichrist-charlotte-web

Motel joan den filmak abiada hartzen du azken ordu erdian, Charlotten pertsonaiak, bere infernuan itoa, senarrari abandonatu nahi duela aurpegiratzen dionean, hark ukatzen duen artean. Orduan helduko da benetako hondamendia, irudi oso, oso gogorrekin. Nahikoa da esatea txortan direnean emazteak kriston harria hartu eta zutun den zakila kolpatzen diola, senarrak konortea galdu eta artean, zakila astintzen diola odola isurtzeko eta ondoren, eskuzko zulatzaile batekin hankan zuloa egiten dion harrizko gurpil bat kateatzeko torlojuekin. Eta hori ez da irudi gogorrena.

Pelikulak amaiera zirraragarria du, bihotza iraultzen duena, are gehiago, amaiera atalak eman nahi duen lasaitasuna (hasieran aipaturiko musikak gidatua) segituan desagertzen da hiru eskaleen bigarren agerraldiak dakarren egoerarekin, hasieran horrenbestekoa ematen ez duena baina hazten doan heinean zur eta lur uzten zaituena. Pelikula bikaina da, nahiz eta irudi gogorrak izan eta misoginoa izatearen kritikak jaso arren. Hori bai, ez esan masailezurra erauzteko irudiak daudela jakin arazi ez dudanik.



Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

et cetera
%d bloggers like this: