AbainGoardia











{2009/09/05}   Pateando Porkeria are fucking dead

Pateando Porkeria are fucking dead

Early days

logo_web

Gaur urtebete eta hilabete bat betetzen dira Pateando Porkeriak azken emanaldia eman genuenetik. Asko dira gogora etortzen zaizkidan oroitzapenak, batzuk zirriborrotsuak, besteak oso argiak, sentimen ezberdinak sortu baitizkit taldean aritutako zortzi urteak, denbora horretan egindako 60 kontzertuetan zehar. Are gehiago kontutan izanik harrez geroztik taldekideok erabat distantziatu garela, Raul eta biok izan ezik, nahiz eta horrek ez duen talde berririk sortzeko emaitzarik eman (nahiz eta hark disko bikoitz bat ateratzeko bezainbeste material izatea dioen). Eta are eta gehiago utzi genuenetik taldeagatik galdetzen jarraitu digutenak ikusita (kontzerturen baten parte hartzeko, taldearen egoera jakiteko, ea behin betiko azken kontzertua egingo genuen…). Oroimenak nolabait lau zatitan bana daitezke, gutxi gora behera formazio aldaketa nagusietan oinarritua. Horrela bereiziko ditut taldearen partaide honen memoriak (argi utzi nahi dut hauek nire oroimenak, sentipenak eta iritziak direla, taldearen biografia ofiziala oso bestelakoa izango litzateke ziurrenik).

Garunak huts egiten ez badit, taldearekiko nire lehen kontaktu zuzena (Raul ezagutzeaz gain DDTn aritzeagatik biok) 2001eko Ekaina aldera izan zen, Errekaortuko Gaztetxeko 4. urteurrenerako ekitaldiak antolatzen ari ginenean. Neu arduratzen nintzen, Kistine eta Alfonsorekin okertzen ez banaiz, azken eguneko kontzertu nagusiaz, eta talde bila genbiltzan. DDTren talderen baten pentsatu nuen, baina nola jakin nahi nuen talde ezagun horietakoren batek eska lezakeena haiei deitu aurretik, banatzailearen telefonora hots egin nuen. Linearen bestaldean Raul zegoen eta galdetu nion, nahiz eta laguntza askorako ez izan (bitxikeri bezala, orduan ezezagunak ziren gure adiskide Ultima Neuronak jo zuen bigarrengoz hilabete batean, Restons Sobres eta MPBrekin batera. Egun osoa bezala, bazkari herrikoia Herriko Plazan, azoka, kalejira Gaztetxeraino, kontzertuak sekulako arrakasta izan zuen, ehun pertsonatik gora dantzaka, Ekaineko egun zoragarrian Gaztetxeko atzeko patioan). Baina bai balio izan zigula bioi urtetako lotura sortzeko.

Tasio

Tasio

Jakina zen bai Gaztetxean nola DDTn ikasurtea neramala baxua jotzeko klaseak hartzen, aspaldiko gogoak asetzeko asmoz, instrumentuak beti erakarri baininduen eta talde bat osatzeko gogoak izan baititut beti. Raulek informazio hori baliatu zuen galdetzeko ea interesatuko litzaidakeen Pateando Porkeriarekin jotzea, orduko baxu jole Tasiok utziko baitzuen handik hiru hilabetera grabatu nahi zuten diskoa grabatu ondoren.

Ezustean harrapatu ninduen proposamenak, batik bat ez nuelako espero horren goiz inor nitaz ohartzerik, ikasteko piloa faltan. Egia esateko, Raulek ondoren esango zidan ez zuela gehiegi bilatu (edo zuzenean neu izan nintzela galdetu zuen pertsona bakarra). Orain oso bestelako gauza izango litzateke, suposatzen dut ibilitako bideak gauza batzuk irakasten dizkizulako edota bestelako helburuak dauzkazulako, ez dut uste horren berria litekeen pertsona batekin arituko ginatekeen zenbait gauza jakingo ez balitu behintzat. Baina garai hartan gogoak zuen indarra eta beraiek ez ziren teknikoak (nola ez, neu kaskarra nintzen), orain larregi ez bagara ere.

Ez nintzen berandutu baiezkoa ematen. Raul harritu zen eta ez zen gutxiagorako, aurretik ez bainuen beren maketa apenas entzun. Banatu bai, baina jaramonik egin ez. Jotzeko gogoak handiagoak izan ziren norekin biltzen nintzen arduratzeaz baino.

Uztailean beren entsegu lokalera jaitsi nintzen, oraindik ere bertan jarraitu izan dugun Iralako garaje multzo madarikatuan (non iragan Ekainean Raul eta bioi musika ekipoaren zati handiena lapurtu ziguten, 5000 €, 3000 nireak!), Raulek taldekideak aurkeztu nahi baitzizkidan (eta bide batez besteek nitaz iritziren bat har zezaten) eta kanta berriak entzun nitzan. Gogoan dut liluraturik atera nintzela entsegu hartatik, abestiak ikaragarri gustatu zitzaizkidan. Punk talde huts bat aurkitzea espero nuen baina bestelakoa aurkitu nuen, Hardcorean zebilena beste eraginak alboratu gabe. Ikaratu ere egin nintzen, ez bainuen uste halako erantzukizuna hartzeko gai izan nintekeenik, kantak pausuka irakatsi beharko zizkidatela esan nien, orduan ez bainuen hartarako belarri trebaturik (oraindik ere…). Raulek lasaitu nahi ninduen, denbora izango zela hartarako behin grabatu ondoren.

Tala Recording sessions, 2001

Tala Recording sessions, 2001

Uda igaro zen eta grabatzeko ordua heldu zen. Neuk aipatuta, orduan Bermeon kokaturik zegoen Tala estudiora joan ziren grabatzera eta han izan nintzen egunero, onerako zein txarrerako (gure Errekaortun jo zuten Kobayashi alemaniar bikainak galdu nituen berandu amaitu genuelako). Irailaren amaiera, Dorre Bikiak eraitsi berriak, Bush presidenteak Justizia Infinitua kanpaina deklaratu zuen (ondoren Askatasun iraungarria bataiatuko zuen horren hantustea ez iruditzeko) eta horren inguruan zerbait idaztea otu zitzaidan. Ideia komentatu nion Rauli eta hark esan zidan ez zuela argi ikusten, baina zerbait idatzi nahi banuen, bazeukatela erritmo bat letrarik gabe eta kanta nezala. Ez nuen bide horretatik segi baina bai pentsatu nuela garai horretan goraka zioan antiglobalizazio mugimenduan eta hilabete batzuk lehenago Eguzki Irratiak kaleratu zuen Herrien Ekintza Globala txostena baliatuz Indarrak globalizatuz kanta idatziko nuen, taldearen euskarazko lehen abestia (bitxikeri bezala, Trozos de la nada diskoaren azala txosten hartatik atera genuen). Urtetan kantatu arren, denboraren poderioz desagertuko zen. Arrazoi nagusienetako bat letran sinesteari utzi niola izan zen. Urteak iragan ahala ikusi zen nola antiglobalizazio mugimendua hustu zela, bereziki ziudadanistak direlakoek burua hartu eta edukirik gabeko deialditan bihurtu zutenean, are gehiago ekintza erradikalak burutzen zituzten militanteak (Black Block deituriko horretakoak) salatzen hasi zirenean poliziek kargatu ez zezaten manifestazioetan. Horrek desengainatu ninduen eta kantatzeari utziko nion.

tala2_webDiskoa grabatzen amaitu zenerako lehen kontzertua lotu zen, Durangoko Azoka ofiziala eta Sapuetxe Gaztetxean antolatzen zen azoka alternatiboaren inguruan DDTk antolatzen zuen kontzertua, Cave Canem (Basauri), Sklerosis (Iurreta) eta Karkaba (Azpeitia) taldeekin batera, guztiek diskoa aurkezten baikenuen. Neu izan nintzen antolatzaileetako bat, baina aldi berean konpromiso handian sartu nintzen, hilabete t’erdiren bueltan kontzerturako abestiak ikasi behar bainituen nire murriztasun guztiekin. Zorionez, Tasiok azken kontzertua emateko gogoak zituen eta horrela adostu genuen kontzertua partekatzea, neuk bost kanta inguru jo nituen eta besteak berak egingo zituen.

Kontzertua heldu zen, 2001eko Abenduaren 8an. Egun osoa azoka ofizialeko standean aritu nintzen baina guztiz urduri nengoen, lehen kontzertua! Kontzertua berez ez dut ongi gogoratzen jada, ñabardurak baizik. Entseguetan ohartzen hasi nintzen bezala, taldearen (eta bereziki zenbait partaideren) ezaugarrietakoa izango zen Puntualtasun ezarekin (letra larriekin) heldu ziren. Cave Canemek bere diskoa aurkezteko emango zituen bi kontzertuen lehena eman zuen (ondoren desegingo ziren, DDT eta Pozoin Banaketak disko ugarirekin utziz). Bigarrenak izan ginen geu, Raulek birritan apurtu zuen soka, Cave Canemeko Aranek gitarra utzi zion eta bizpahiru kantatan, ohartu gabe jotzen aritu zen zi bat soken artean lotua Aran eta Pepino (Sin Dios ohia) hari seinalatzen zioten artean, eta neuk, nola ez hanka sartze ugari izan nituen urduritasunaren urduriaz. Sklerosisi buruz ezin dezaket gauza handirik esan afaltzeko aitzakiarekin lasaitzera joan bainintzen. Karkabak ezagun egiten hasiko zeneko lehen kontzertuetakoa emango zuen entsalada-ontzia plater gisa! Eta gaua amaitzeko, ordura arte Likinianotik zebilen erasotzaile batek azkeneko liskarra sortu zuen gure artean, Pepinorekin ukabilka amaituz.

Beste bi hilabeteren buruan (2002an sartu gara dagoeneko) kontzertu gehiago ematen hasi ginen, kantu guztiak prest izan nituenerako. Kontzertu horietan ilusioa borbor nuen, baina baita hasi nintzen zenbait miseria ikusten. Garai hartan Barakaldon zen bigarren gaztetxeak, La Probi, urteurrena ospatzen zuen eta jotzen genuen Kloakas del Ebro taldearekin. Asanbladak ez zuen sarrerarik kobratu nahi, baina libre utzi eta taldeei zerbait ematea adostu beharrean (Errekaortun egiten genuen bezala, dirua barratik ematen genien kasu horietan), borondatearen esku utzi zuten. Baina ez zuten ezta borondatea eskatzeko borondaterik izan. Botea eskenatokian utzi zuten, nire oinetan, eta kontzertua amaitu zenerako ez ziren ezta hiru euro bildu. Kriston errieta egin nien eta esan zidaten zerbait esango zidatela. Oraindik ere zain nago.

Abadiñoko Gaztetxea, 2002-05-18

Abadiñoko Gaztetxea, 2002-05-18

Kontzertu mordoa etortzen zitzaigun dagoeneko diskoa aurkezteko aitzakiarekin, garai hartan hiru kontzertu egin ahal genituen hilero, makala ez zena. Promozioak lagundu zigun (eskertu behar genion dedikazioa DDTtik joan berri zen Davidi), kontzertu ederra izan zen Bergarako Gaztetxean jo genuen lehen aldia, lagun handiak egingo genituen han, Fly Shiteko jendea, Supercools, edo gau hartan elkarrekin joko genuen Dog Biteko taldekideak (No Toxic Pipe, Code 69 eta DJVU ziren gaueko beste taldeak).

Beranduago beste pertsonai partikularra ezagutuko genuen sakonago. Koss, garaian Usurbilen bizi zen alemaniarrak deitu gintuen Sklerosis eta geu beste batzuekin okupatu zuen Irisasi Etxean jotzeko. Baietz esan genion. Ondoren jakingo genuen gau hartan bertan, Usurbilen, kontzertu jendetsu bat izango zela, beraz ikusle gutxi aurkeztu zitekeen. Baina okerrena izan zen hara heldu (basoaren erdian galdutako etxea) eta ohartu ginenean ez zuela kartelik zein beste iragarkirik jarri eta etxeko jendearen parte ere falta zela (herrian omen zeuden!). Nola ez, kontzertuko ikusleak batik bat taldeak ginen, eta dirua galdu genuen. Hura izango zen Kossek ezustean harrapatuko gintuen aldi bakarra (baina ez halakorik egingo zuen azkena, kolektibo ugari suntsitzen trebatu baitzen). Irisasi handik gutxira bota zuten bertako biztanleek izandako liskarren ondoren.

Ordurako soinua indartzeko gogoekin geunden eta horretarako bigarren gitarra jolearen bila jarri ginen, hirukote izateari uzteko. Neuk Alfonsorengan pentsatu nuen, Ultima Neuronaren hasieran aritutakoa eta Errekaortuko Gaztetxean kide nuena.

Errekaortuko Gaztetxea, 2002-04-13

Errekaortuko Gaztetxea, 2002-04-13

Ez zen asko falta izan etxean jotzeko. Laudioko Orbeko Etxeko kideek proposatu zidaten Errekaortun jo zezaten Elektroduendes bartzelonarrek eta geuk joko genuen haiekin. Kontzertua ez dut ongi gogoratzen, baina bai kataluniarrak nahiko autistak izan zirela eta (ez dakit zerbait esango zieten ala ez) Pateando afaririk gabe utzi gintuztela. Ia jakirik gabeko afarian Alfonso izan zen eta bertan hitz egin genuen taldean gehitzeaz. Baietz esango zuen.

Gogoratzen dut nola zenbaitetan jaitsi nintzen Errekaortura Gorkak utzi zidan gitar espainiarrarekin, diskoa musika katean jarrita, Alfonsori kantak ikas zitzan laguntzeko.

2002ko uztailak 19an, Art Fanzinearen 2-3 zenbakia (zenbaki bikoitza) aurkezten zen, Restons Sobres ordezkatu genituen eta El Trono de Judas eta Penadas por la ley taldeekin jo genuen. Hura izan zen hirukote bezala luzez joko genuen azken kontzertua. Ordutik lau izango ginen, baina hori hurrengo atalerako utziko dugu.



Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

et cetera
%d bloggers like this: