AbainGoardia











{2009/09/06}   Pateando Porkeria are fucking dead II

Pateando Porkeria are fucking dead II

Glorious days

Alfonso

Alfonso

2002ko uda hirukote bezala hasi eta laukote bezala amaitu genuen. Alfonsok estraineko kontzertua Abuztuak 10ean eman zuen, Algortako Portu Zaharreko jaietan. Kontzertu hura beste gauza xelebre horietako bat izan zen. Hango bost taldek jotzen zuten Karkaba eta gurekin batera (zehazki Zei, Konter, N.C. Cush, Zast eta Patada en la papada ziren). Hara heldu ginenerako bertoko talde guztiek erabaki zuten guztiek joko zutela lehenak presa omen zutelako (edateko izango zen, N.C Cushekoak izan ziren ondoren ikusiko ez genituen bakarrak), eta Karkaba eta gure artean zozketatu behar genuen azken postua. Azpeitiarrei tokatu zitzaien. Gau amaigabe baten ondoren gure ordua heldu zen. Bosgarren kantarako Raulek soka bat apurtu zuen eta komeriak heldu ziren. Batetik teknikoek gauarekin amaitu nahi zuten, berdin zitzaien gure ondoren inor izatea (eta guk ez amaitzea), bestetik zirimiria hasi zen eta horrek gauzak bizkortzen zituen. Karkabarekiko begirunez, Raul itxaron gabe azken kanta egiten ahalegindu ginen, beharrezkoa bazen gure instrumentuekin jo zezaten denborarik galdu gabe behintzat beste horrenbeste kanta jo ahal zezaten. Baina teknikoek ez zuten nahi izan, beraz gurekin amaitu zen gaua.

Hurrengo hiru kontzertuak bereziak izan ziren, gure oroimenean geratu ziren betiko gozoaren gozoaz eta anekdota guztiengatik. Lehen biak asteburu berean izan ziren. Ostiralean Arnedon (Errioxa) jotzen genuen, Jokin Asto Pituakek (bere aurpegi iluna azaldu aurretik) lortu ziguna beraiekin batera jotzeko. Arnedoko jaiak ziren eta C.S.O.A. La Cuestako jendeak antolatzen zuen La Quincalla deituriko lokalean. Asto eta gurekin batera jo behar zuten Estigiä zaragozarrek eta Pledge Alliance austriarrek (hauek azkenik ez zuten jo). Teorian guk Raulen anplifikadorea eta nirea partekatzen genituen, Astok gutxienez ahotsentzako ekipoa ekartzen zuen eta Estigiäk beste guztia ekarri behar zuen (Astok agian bateria zati bat ekarri zuen). Ba, Estigiä esku hutsik etorri ziren eta ahots ekipoa bai, baina mikroentzako zutoinik ez iruindarrek. Laguntza eske, bertoko gazteek euren lokaletatik bueltak eman zituzten eta gitarra anplifikadore bat eta bateria pieza kalamastra batzuk ekarri zituzten, nik zutoinak egin nituelarik Kaka-Kola kaxa, erratz makila eta zelofanarekin. Hori bai Zuk Zeuk Egin filosofia, kar kar kar… Gogoan dut Asto Pituaken gitarrak sekulako mozkorra zeramala eta Alfonso eta bion artean ekualizatu behar izan genizkion anplifikadore zein gitarra bera. Gau hartan Arnedoko punk izpiritua bizi genuen, Astoren ondoren zenbait pertsona taularatu ziren Dispunk kantuak inprobisatzera (Dischargeren bertsioak barne, noski) Papelera izenpean (uste dut Jokinek bataiatu zituela horrela). Ikusgarria.

Biharamunean Elizondorako bidea hartu genuen, bertan egiten zen II. Nekazalpunk jaialdian jo behar genuelako. Hiru hilabete lehenago, Atxondoko festetan Ufestuek baztandarrekin jo genuen, eta haiek festaren arduradunetakoak zirela jakin genuenean beraien inguruan izan ginen han jotzeko eskeka. Suposatzen dut horren astunak izan ginela bakean uztearren deitu gintuztela. Bigarren edizio hura oso animatua izan zen, jende asko zegoen kalean antolatu ziren ekintzetan parte hartzen, zenbait aurpegi ezagun aurkitu genituen (besteak beste garai hartan auzokide genituen Zea Mayseko kideak handik zebiltzan eguna igarotzen, nork esango zigun han elkar aurkituko ginenik). Behin Elektrotunak animaturiko kalejira eta afaria amaitua jo genuen, gurekin batera Disorded eta Borrokan aritu zirelarik (bigarren ezustekoa, lehen diskoa atera berri eta gustatu zitzaidan Borrokan taldeko abeslaria eta biok ikustean flipatu genuen, Donostian ikaskideak baikinen eta ez genekien gure zaletasunaz ezer).

Itzulirako bertokoek abisatu ziguten adi izateko, Guardia Zibila kontrola egiten arituko baitzen. Elizondotik ateratzean furgoneta bat ikusi genuen baina ez gintuen gelditu. Bidean gindoazela, errepide erabat ilunean eta gure artean hizketan, ezerezetik argi gorri bat errepide erdira ateratzen ikusi eta supituki balaztatu behar izan genuen. Pikoloa zoro baten modura atera zen geu gelditzera eta ia ez zigun gelditzeko astirik eman! Errepidean alboratzea agindu eta han izan gintuzten kontrol antiterroristan potroak jotzen luzez berriro ere abiatzen utzi gintuzten arte. Gutxi balitz, berrehun metrora Stop bat saltatu eta haren atzeko bihurguneko beste alkoholemia kontrol batek geldi arazi gintuen isuna jartzeko.

Hurrengo kontzertua Durangoko jaietan izan zen. Ez genuen bertan jo behar. Ultima Neuronak Lagrimas y Rabiarekin jo behar zuen Sapuetxen, baina azken hauek kale egin zuten. Haien ordez J.A.N. eta geuk jo genuen. Gau hura zoragarria izan zen, gure kontzertu onenetakoa izan zen eta jende asko hurbildu zitzaigun zoriontzera, ia inoiz egin ez dutena zortzi urteko ibilbidean (hala ere, gure historiari jarraituz, ez genuen diskorik saldu, kar kar kar).

Haize eza revisited

Haize eza revisited

Urrian kantu berria grabatu genuen. DDTk aspaldi zuen bilduma bat egiteko asmoa, hamaikagarren urteurrena zela eta baina ezerezean geratu zen. Raul eta bion artean egitasmoa berpiztu genuen eta ikuspegi berria eman genion. Bilduma bat non kantu argitaragabeak aurkeztuko ziren (MPB izan zen kantu berria aurkeztu ez zuen talde bakarra), batzuek unerako espresuki grabatuko genuen gure kanta, eta guztia aurkeztuko zen 64 orritako liburutxoan. Geuk Tala estudioetan grabatu genuen gurea berriz ere (eta azkeneko aldiz), JAN eta Sklerosisek egingo zuten bezala. Gure kantua Haize eza revisited izan zen. Kantua Harkaitz Canok Norbait dabil sute-eskaileran olerki liburuan idatziriko izenburu bereko olerkian oinarritua dago, zeinak dioen: Bandera trapu bat da haizerik ez badabil. Ostera, haizea dabilenean, oso bestela dira gauzak, eta bandera trapu bat da. Olerkia Martxel Mariskalek Dut taldearentzat eginiko Haize eza kantaren hitzaren erantzuna zen, non lelo nagusia aipatutako lehen esaldia zen. Erantzun horrek liluratua, taldekideei proposatu nien hitza erabiltzea (Harkaitz Cano berari eskatu genion hartarako baimena). Ideia ona zen arren, Rauli ez zitzaion gehiegi gustatu, berak abestu nahi baitzuen baina ez zuen bere burua euskaraz abesten ikusten. Zenbait eztabaiden ondoren konbentzitu nuen eta horrela egin genuen azkenik taldearen errepertorioan ezagun egingo zen kantetako bat (beranduago jakingo genuen Bergarako adiskide batzuek moldatzen zutela entseguetan). Musika ere tontakeri batetik sortu zen, beraiekin jotzen hasi nintzenean buruan bueltan neukan OvertHHHrowren kantu bat buruan eta jotzen ahalegintzen nintzen, baina horren beharrean antzeko gauza ateratzen zitzaidan. Gorkari gustatu zitzaion eta motelago jotzea esan zidan. Okurrentzia hartatik aterako zen nire lehen ekarpenetarikoa (eta bakanetakoa).

alfonso1_web

Urte amaieran beste une zorigarri horietako bat izan genuen, nire ustez behintzat, Iparraldean jo genuen lehen aldia. Likinianoko adiskide batzuek deituak Donibane Lohitzune eta Ziburuko herriek partekatzen duten Gaztetxean jo behar genuen, Pekatralatak deituriko talde jatorriz paristarrak antolatua.

Gure kontaktua adiskide horiek ziren, baina huts egin zuten eta zita genuen Pekatralatakekoekin autobideko irteeran. Ordea, ez genekien Donibanek bi irteera zituenik eta lehenean irten ginen. Erabat galduak, herrian galdetu nuen (inork ez zekien frantsesez eta neu nintzen euskaraz zekien bakarra) baina ez zuen askorako balio, egia esateko behin ezagutua, ez bazara hangoa, gauez kostata aurkitzen den Gaztetxea da. Liskar handia furgonetan, batzuek buelta ematea esaten zuten besteek ia eroturik geunden esaten zuten artean, eta halako batean Gorkak bolanteari bira eman eta esan zuen “popatik, autobidera noa”, baina segituan gelditzea esan nion… aurkako zentzuan sartu behar baikinen autobidean!!!

Barreekin sustoa kentzen ari ginela kolpe bat entzun genuen leihatilan. Ez dakit ozen esan ala pentsatu nuen “gendarmeak, falta zitzaiguna!”, baina a ze barreak bota genituen entzun genuenean “Pateando Pogkegia?”. Pekatralatakeko Baibai zen.

Kontzertua Ekintza eta AK-47 kroaziarrekin egin genuen. Gau hartaz gogoratzen dut Raulen estualdi bitxia, batetik barrez eta bestetik inbidia puntu batekin. Neska bat inguratu zitzaion eta une baten gerritik hartu eta hasi zitzaion “begi horietan ito arte murgilduko nintzateke” edo halako gauzak esaten, euskaraz. Raulek begiratzen ninduen zur eta lur, batetik jakin nahian ea ongi ulertzen ari zen, eta bestetik estualdi hartatik nola atera nahian. Alfonso eta biok lurrean geunden barreka. Gau polita.

Formazio hark egingo genuen azken bidai luzeak ere bere abentura izan zuen. Fededunen Aste Santuaz baliatuz, gure lagun Txapuk kontzertuak antolatu zizkigun, lehena Bartzelonan, Trinitat Vella auzoko Rock & Trinin, gure adiskide Hijxs de la amnesiari esker, eta bigarrena Jaraban (Zaragoza), bertako C.S.A. El Castilloren hustearen aurkako jardunaldietan.

Lehen gaua Pies para que os quiero eta Hijxs de la amnesiarekin jo genuen, ongi, eta bide batez Intelectual Punks fantzinea egiten zuen Jaume handia ezagutzeko aukera izan nuen. Egun hartan Josu Arkadak deitu gintuen Agropunkean jotzeko eta baiezkoa eman genion. Zoritxarrez, azterketen datak ikusi nituenean aste batzuk geroago eta ezintasunaz ohartua, orduak aldatzen ahalegindu nintzen, guztiz ezinezkoa zela ikusi eta ezezkoa eman behar izan genuen arte (behintzat azterketa gainditu nuen).

Benetako komeria biharamunean izan zen. Bost pertsonarentzako tokia zuen furgonetak eta zazpi ginen, lau taldekideoz gain, Txapu, Alfonsoren neskalaguna eta haren adiskide bat baikinen. Alfonsok azken biekin Calatayuderako autobusa hartzeko erabakia hartu zuen eta, behin Jarabara iritsiak, bere bila joan behar ginen (hamabost bat kilometrora dago).

Gorkaren furgoneta gaizki zihoan. Calatayuderako bidean malda batetan gora huts egin zigun behingoz, malda arrunt bat hogei kilometro ordutik gora egin ezin zuela ikusi genuenean. Autobide baten bazterrean harrapatuak, garabiaren zain geratu ginen. Artean Alfonso deitzen aritu ginen baina uste dut mugikorra itzalita zuela.

Garabia heltzean, eta metro batzuetara zegoen gasolindegira hurbildu ondoren, gidariak Jarabara eramango ez gintuela esaten zuen, aurkako norabidean baitzuen tailerra. Txapa eman ondoren, konbentzitu genuen, 90 euroren trukean, baina lautik bi besterik ezin gintuen eraman. Raul eta Gorka joan ziren, Txapu eta biok gasolindegian geratu ginelarik zirimiriaren erdian. Honek Santi Ric deitu zuen ezbeharraz abisatzeko (berak antolatzen zuen jaialdia) eta honek norbait gure bila bidaliko zuela esan zuen. Alfonso taxiz joan zela uste dut. Baina Txapu eta bion komeriak ez ziren gasolindegi hartan amaitu.

Gaua egiten ari zen gure bila etorritakoak heldu zirenean, neu hotzikarez nengoen, zirimiriak blai utzi baininduen. Kotxera igo eta mugitzen hasi ginenean kriston haizea sentitzen nuen eta burua bihurtzean leihorik ez eta plastiko ziztrin bat ikusi nuen eta zer gertatu zen galdetu genuen. “Zera, giltzak barruan utzi eta hortik sartu behar izan dudala kotxera”. Ohartu ginen tipoa drogaturik zihoala. Autobidetik irteten zarenean, Jarabarako errepidea bigarren mailakoa dela ikusten duzu, bihurgunez betea eta garaian ez zegoen egoera oso onean. Horri gehitu behar zaio gau itxia zela eta zirimiritik euri gehiagora igaro ginela. Tipoak gainera 80 kilometro orduko abiadura zeraman, argi motzak, denbora guztian berriketan eta sarritan atzera begira. Une hartan hotzikara ahaztu eta guztiz zurbil oihukatu nuen “Geldi zaitez, astapotroa!”. Tipoak aurrera begiratu oin eta eskuko balaztei eragin eta kotxea lubeta baten hasieran gelditu zen. Maldan behera erortzekotan izan ginen! Kriston haserreaz bota nion “adi sasikumea, hemendik aurrera ez dut txintik ere entzun nahi, aurrera begiratuko duzu, motel joango zara eta argi luzeak jarri!!!”. Bidean ez zen berriz ere hitzik gurutzatu. Heldu ginenean, Raulek begiratu eta esan zidan erabat zurbil nengoela eta nik “hotzak akabatua nago” esaten nion. Txapuk esango zion gero zer gertatu zitzaigun. Eta hura izan zen gaua. Disappointment eta Karkabarekin jo genuen eta gogoan dut barreak egin genituela lehenek Manolo Kabezabolo ikusi eta harekin argazkiak egin zituztenean.

Garai horretan uste dut hasi ginela kantuez nekatzen eta hasi ginela kantu berriak sortzeko nahian. Gure erabakia izango zen kontzertuak emateari uztea, kantu berriak sortzeko dedikatuz entseguak. Kantu piloa egin genuen denbora horretan, hogei inguru. Karlos Osinaga Txap ere deitu izan genuen data hartzeko asmoarekin, baina azkenik ez genuen egin. Kantu piloa bai, baina ia ez zitzaigun bat bera ere gustatzen eta zakarrontzira bota genituen gehienak. Horrela, 2003a igaro zen ia hutsean, ekarriko zuen bakarra apatia izango zelarik, kideren batentzat zorigaiztokoa izango zena.

Apatia horren erdian nire istripua suertatu zen, ezagutzen gaituen askok aski ezagutzen dutena. Abenduak 19an entsegu batean geunden. Lagun bat izan zen gurekin. Esan bezala, garai horietan nahiko goibel geunden, ez genuen ezta mikrofonorik jartzen abesteko. Baina egun hartan antza animaturik geunden eta gogoz jotzen ari ginen. Neuk oihuak egiten nituen ozen. Lagunak, askotan esan didaten bezala, txantxetan esaten zuen ez nuela mikrorik behar entzuna izateko, baina aldi berean esaten zuen “mikroa hurbilduko dizut”, ziria sartzeko zutoina hurbiltzen zidalarik. Garai hartan baxuaren giderreko trasteak begiratu beharrik gabe ikasi nahi nituen eta horregatik begiak itxita jotzen ari nintzen. Aldi berean burua astintzen nengoen, entseguaz gozatzen ari bainintzen aspaldiko partez. Ez nuen ikusi zutoina sudurretik zentimetro eskas batzuetara hurbildu zidala lagunak. Eta burua astindu nuen uneetako batetan begia ireki eta mikrofonoaren euskarriaren aurka kolpatu nuen. Horren gogorra izan nintzen lurrera erori nintzela ziplo.

Segituan altxa nintzen, besteak zur eta lur zeuden. Eskua begira eramaten nuen eta besteek begiratu nahi ninduten. Berehala ohartu nintzen betazala puztu zitzaidala, eta denok uste izan genuen hori izan zela gaitz bakarra, kontutan izanik hori zela ikusten zitzaidan bakarra. Negar egiten nuela ematen zuen eta txantxetan esaten zidaten “a ze biguna zaren” eta barre egiten genuen. Batek ea ospitalera joan nahi nuen esan zidan, baina neuk ezetz esan nien, ez zela horrenbesterako izango. Horren arina iruditu zitzaigun, entsegua jarraitu genuela (bi kanta gehiago) eta handik etxerako bidea hartu nuen lasai asko trenean. Baita ederto lo egin ere.

Biharamunean esnatu nintzenean, begia oraindik puztuta eta hanturak zirikatzen ninduela, amari nola ikusten zuen galdetu nion. Honek aitarekin guardiako medikuarenera bidali ninduen (larunbata zen). Hark ez zigun ezer esan, kornean zerbait nuela antza, baina ospitaleko urgentzietara joatea agindu zidan. Han itxaron ondoren, guardiako oftalmologoak errieta egin zidan. “Beti berdin, zauri arina denean urgentzietara zatozte eta burua apurtzen duzuenean ezta hurbildu ere!”. Neuk harrituta zer esan nahi zuen galdetu nion. “Badakizu zer den begitik isuri duzuna? Ez dira malkoak. Korneako likidoa da. Kornea urraturik duzu, eta etorri izan ez bazina begia irekiko litzaizukeen osorik. Ebakuntza egin behar dizugu orbaina ixteko”. Une horretan hankek huts egin zidaten. Ebakuntza beste mediku batek egin zuen (nire egungo oftalmologoa), zazpi puntu inguru begiaren erdian.

Ordutik zenbait arazo izan ditut ikusmena berreskuratzen. Orain hiru urte, aurrerakuntzarik ez zela ikusita orbaina begiaren erdian zela eta, bigarren ebakuntza bat egin zidan, non nire kornea bera transplantatu zidaten orbain orijinala mugituz erdian ez egoteko (beste hamazazpi puntu guztira). Norbaitek galdetzen badu ikusmena askoz hobeto daukat orain, eskerrik asko. Medikuak ordutik taldearen nondik norakoengatik galdetzen dit (antza ezaguna naiz Gurutzetan, “mikroarekin begia urratu zuen kaikua”), txantxak egiten ditugu, eta Ingalaterrara joan ginenekoan bolantea egin zidan badaezpada zerbait gertatzen zen aduanan (bigarren ebakuntza egin berria joan ginen). Egun hartatik Rock & Rollaren biktimen zerrendan nago, kar kar kar.

Big Brother strikes again

Big Brother strikes again

2004 hasi genuen neure kolpearekin eta aipatutako apatiarekin. Hura kentzeko, berriro jotzea erabaki genuen, ia urtebeteren ondoren, eta lau kontzertu eman genituen, aipagarrienak Basauriko Txarraskan emandakoa beren bosgarren urtemuga ospatzeko (Defecto Humano eta Myra Lee frantsesekin batera) eta Orbeko Etxea eta Laudioko Gaztetxearen urtemugak ospatzeko bigarrenean egindako kontzertua Lluna Roja, Luchando para cambiar (emakumezko ahotsa zuten garaia) eta Sons of Tarantula alemaniarrekin batera. Hortik oroitzen dudan bakarra da ez genuela bisik eman begian izugarrizko mina nuelako argiak zirela eta.

Gorka, Abadiñoko Gaztetxea, 2002-05-18

Gorka, Abadiñoko Gaztetxea, 2002-05-18

Handik gutxira Gorkak taldea uztea erabaki zuen (kontzertu bat gehiago emango genuen Barakaldoko Gaztetxean, ia inoren aurrean) eta Raul, Alfonso eta hirurok kolokan geratu ginen. Baina hori hirugarren atalean aipatuko dut.



Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

et cetera
%d bloggers like this: