AbainGoardia











{2009/09/08}   Pateando Porkeria are fucking dead III

Pateando Porkeria are fucking dead III

Hard days

2004ko udan Pateando bateria jolerik gabe geratu ginen, betidanik horretan aritu zen Gorkak erretiratzea erabaki zuelako. Alfonso, Raul eta hirurok haren ordezko bila jarri behar ginen. Zenbait pertsonei galdegin genien (Ultima Neuronako Iñigo, JANeko Carro, Restons Sobreseko kantari ohi Felipe eta MDHko Gorka) eta guztiek ezetz esan ziguten. Orduan Burzakoz gogoratu ginen, Restons Sobreseko bateria jole ohia. Jotzeko modu ona zuen, korapilatsua bazen ere, eta deitu genion. Herdoildua zegoela esan arren, baiezkoa eman zigun.

Hiru hilabetetan izan ginen harekin desagertu zen arte. Dei bakarra egin zuen agur esateko. Hirurentzako alferrik botatako hiru hilabete izan ziren, kantu berriak egin beharrean betiko kantuak irakasten aritu baikinen. Ondoriotzat balio izan zigun hurrengoarekin kantu berriak soilik egingo genituela, aurrerago izango genukeen kantu zaharrak irakasteko denbora.

Alberto, Zaragoza sessions, 2005

Alberto, Zaragoza sessions, 2005

Horrela, urrian berriz ere norbaiten bila aritu ginen. Neuk Augusto deitu nuen, Infuxeko bateria. Aldi berean, DDTn zegoela, Raul Elfo Negroko kideekin izan zen, Margenes diskoa ateratzera zetozenak. Haiekin hizketan, Albertok, euren bateri jolea, bere burua eskaini zion. Esan zigunean harritu ginen, ezagutzen genuen arren, ez genion ezer esan ez baikenuen konfiantzarik halakorik proposatzeko. Augustok ezetz esan zigunean, argi izan zen gure aukera.

Barakaldoko Gaztetxea 2004-12-24

Barakaldoko Gaztetxea 2004-12-24

Albertorekin aurreko saiotik mantendu genituen kantu berri eskasak jotzen aritu ginen eta pixkanaka kantu berriak ateratzen zihoaz. Liluraturik geunden, Alberto bateria jole bikaina da eta berarekin kantuak berrasmatzen ari ginen. Kantu berriek ere geroz eta itxura bikainagoa zuten eta aspaldiko partez ilusioz beterik geunden. Horrela, kontzertuak ematen hasi ginen berriz, Albertoren debuta 2004ko Gabon-gaua izan zen, Barakaldoko Gaztetxean, JAN, eta Les Paliers (bizitza motzeko Alfonsoren talde berria) taldeekin. Hurrengoa Basauriko Gaztetxean emango genuen, DDTk urtero martxoa aldera egiten duen lehen kontzertu erraldoian, Al infierno en Goitibera, Kloakao, JAN, Disface eta El Trono de Judasekin batera.

Data horietan jada disko berriaren grabaketan pentsatzen hasi ginen. Neuk proposatua eta gainontzekoak ados izanik, Caspas deitu genuen, El Corazon del Sapo taldeko bateria jole ohia eta gustatzen zitzaizkigun zenbait Hardcore disko grabatu zituena. Hitzordua hartu genuen urrirako, aurretik esan zigularik ederki prestatu beharko genuela (metronomoa erabiltzen hastea barne).

Ordea, aurretik krisia izan zen gure baitan. Apirilean bi kontzertu eman behar genituen Deustuko Gazte Lokalean (Al infierno en Goitiberarekin) eta Urretxun (Luchando para cambiar eta Supercoolsekin). Deustun kontzertua eman ondoren guztiz gogoratzen ez dudan eta hemen aipatzea merezi ez duten arrazoiengatik, liskarra izan genuen eta Alfonsok taldea uzteko erabakia hartu zuen. Biharamuneko kontzertua ahaztu behar izan genuen, baina hori gutxienekoa zen.

Pentsatzen aritu ondoren, hirurok jarraitzea erabaki genuen kantu berriak egiten amaitu eta grabaziorako prestatzeko. Alfonsok ordura arte egindako kantekin laguntzeko asmoa aurkeztu bazuen ere, azkenik ez zen entseguetara azaltzen hasi eta bera gabe jarraitu genuen.

Lau hilabetetan egun mordoa izan ginen orduak eta orduak metronomoarekin jotzen. Hasieran zaila bazen gailu digital haren txirrina segi eta jasatea, laster hartu genion neurria eta abestiak trinkotu genituen. Alberto eta biok ongi moldatzen ginen oinarrizko erritmo sailean eta Raulek jarraitu eta osatzen gintuen ederto gitarkadekin. Egoera bikain horretan sortu genituen kantu gehiago, Vuelven ezaguna, eta niretzat diskoan hoberen geratu eta zirrara gehien ematen zidan Epitafio kantaren musika egin genituen.

Abuztuan Elfo Negrok beste talde zein kolektiborekin partekatzen duen Arangoitiko Bandera esparru okupatuan izan ginen arratsalde batez (edo bi izan ziren?), grabaketa aurreko maketa bat grabatzeko Pepinok utzi zigun lau pista analogikoan, Caspasi bidaltzeko (eta bide batez gure soinua entzun eta akatsak aurkitzeko). Horren ondoren, Raul eta biok gau batez izan ginen bere etxean ahotsak grabatu eta nahasketak egiten, bera oporretan joan aurretik.

Gaupasaren ondoren etxera joan nintzen eta esnatu nintzenean nahasketa entzun eta tamalgarria iruditu zitzaidan. Albertorekin konpontzen ahalegindu nintzen baina ez neukan egiteko ideiarik, beraz balio ez zuela erabaki genuen, Raul haserretuko zuena (arrazoiarekin), gure gaupasaren ondoren lanak ezertarako balio ez zuela erabaki genuelako.

Premaketa, Pateando Enea, 2006-09-30

Premaketa, Pateando Enea, 2005-09-30

Caspasekin hitz egitea lortu nuen (ez zen orain egiten zaidan bezain zaila hari deitzea) eta berdin ziola esan zigun, bera etorriko zela grabaketa hasi baino bi egun lehenago gida izango zen grabaketa egitera. Irailaren azken egunean etorri eta gure lokalera jaitsi ginen grabaketa hori egitera. Uste dut akatsen bat egiten genuela esan zigula, baina Zaragozan zuzenduko genuela esan zigun.

Biharamunean, Urriak 1, Pilarreko Amaren hiriburura joan ginen hirurok Caspasek gidatuak. Hiru orduko bidaiaren ondoren Gancho auzora heldu ginen (Pilar eta La Madalenatik gertu) eta traste guztiak utzi genituen estudioan. Txikia, txukuna, bi pisutan bereizia, El Corazon del Saporen lokala izandakoan ginen diskoa grabatzeko prest. Aterpea Caspasen etxean hartu genuen.

Biharamunean bateria prestatzen izan ginen, afinatu, Caspasek mikroak jartzen zizkion, ekualizatu eta probak egin. Arratsalderako lehen kantak grabatzen hasi ginen. Albertok harritu gintuen, ez soilik ongi aritzen zelako, bateria adierazpen minimora eraman zuelako baizik. Bonboa, kaxa, oinarrizko perkusioa, charles eta oinarrizko beste hiru platerak. Ez tinbalik ez ezer gehiago. Antza zenez, Elfo Negrorekin egindako zaratatik kargaturik oraindik, gauza garbiagoa egin nahi zuen eta horrela pieza gutxiago ekarri eta indar gutxiagorekin aritzea erabaki zuen. Horrek eragina izango zuen, abesti mantsoetan hoberako, eta energiaz beteriko kantetan okerrerako (Vuelvenek zerikusi gutxi zeukan zuzenekoekin). Caspasek arreta deitu zion birritan. Gure harridurarako, bateria soilik entzunez bazekien erritmoa ez zela ongi joango eta errepikatzea esan zion.

Studio Tombs

Studio Tombs

Uste dut arratsalde hartan bertan Brul parkean geundela trago bat hartzen eta kolaborazioetan pentsatzen geunden. Neuk esan nien emakumezko ahots batetan pentsatu nuela kantatzen nuen kantu batetarako (Estoldak zeruan) eta Dios Salve al Athleticentzako ahots zakar bat ederto zetorkeela. Lehen gauzarako Vision Tunel eta Criatura taldeetako Pep4 nuen buruan, eta bigarrenerako Jaume Intelectual Punks eta Disfaceko kidean pentsatu genuen (garai hartan Zaragozan bizitzen ezarri zen). Ezustea hartu genuen parke hartako terrazan Pep4k zerbitzatu gintuenean. Tragoak eskatu eta proposamena bota genion, euskaraz abestuko zuela gehituz. Kontutan izanik orduan ia elkar ezagutzen ez genuela, testua idazten nion bitartean egingo zuela esateak harritu gintuen.

Pep4

Pep4

Zaragozako gure egonaldia zoragarria izan zen denontzat nire ustez. Ez soilik diskoa egin genuelako. Lagun piloa egiteko aukera eman zigun. Caspas izan zen lehena, nolabait idolatratzen genuen gizona Sapoetan aritu izanagatik, idolatria utzi eta pertsona ezagutu eta adiskidetzeko balio izan zigun. Ondoren Mala Raza banatzailearen inguruko jendea ezagutu genuen (Alvaro, Jorge, Cayo, Marta, …). Raul eta biontzat garrantzitsua zen, DDT eta Mala Razaren arteko erlazioa ez zen nahi bezain ona, haientzako euskal punka besterik kaleratzen ez zuen pertsonak ginen eta guretzat zaragozarrak hantusteak ziren. Gainera, oroitzen dut nola bi urte lehenago haietako bat elkar aurkeztu gintuztenean Pateando Porkeria taldekoa nintzela eta aurpegi arraroa jarri zidala. Han izandako egunek balio izan zuten aurreiritzi batzuk kendu eta adiskidetasuna errotzeko.

Gancho Sonoro Social Club

Gancho Sonoro Social Club

Albertok segituan amaitu zuen eta neu etorri nintzen ondoren. Onartu behar dut ikaragarri kostatu zitzaidala grabatzea. Nire lehen grabaketa serioa zen (Talako kantu hura kenduta) eta horrek urduritu ninduen lehen kantetan. Gero Caspas nirekin grinatu zen, arrazoiarekin. Gauzak konplikatuegi egiten nituen (eta gaizki), atzamar kolpe gehiegi tarte estuan, bateriarekin egoki kokaturik ez zeuden doinuak… Piloa kostatu zitzaidan, Caspas izan nuen atzean denbora guztian egin beharreko erritmoak deskribatzen.

Erritmoek itxura ona zuten gitarra sartu behar zenerako. Baina hona heltzean diskoaren akats nagusietako bat egin zen. Anplifikadorearekin grabatu beharrean, Caspasek lineaz zuzenean grabatzea esan zuen. Guk anplifikadorea erabiliko ote genuen itaundu genion eta baietz esan bazuen ere azkenik ez zen erabili. Horregatik dauka diskoak gitarra soinu kaskar hori. Bestela ere, Raulek nahiko ongi egin zuen, Caspasek ez zion gauza handirik esan.

Alberto und Marta

Alberto und Marta

Ahotsak sartzeko egun t’erdiko atsedena hartu genuen. Izan ere, grabaziora letren faltan heldu ginen, hamar kantutik lauk zituzten amaituak eta beste seiei nola edo ahala egin behar zitzaien. Neuk horretarako hogei liburu eraman nituen hara. Luther Blissett, Wu Ming, International Situationniste, Nanni Balestrini, Irvine Welsh… Raul gaueko ordu txikitan, besteok lo geunden artean, doinuak egin eta hitzak idazten aritu zen. Neuk kantu pare batentzako hitzak idatzi nituen, Gizarte sistematikoki alienatuan bizitzeko tratatuari behin betiko ukitua eman eta Albertok abestuko zuen Epitafioren letra moldatuko nuen Wu Mingen 54 eleberrian azaltzen zen sarreran oinarritua.

Kantatzen hasi ginen. Albertok bere zatia bizkor egin zuen (arratsalde hartan tratatuaren hitza amaitu nuen berak grabatu zuen artean), ikaragarri gustatuko zitzaidalarik Epitafioren emaitza (amorratu ninduen han egon ez izana ahotsak sartzeko). Neu joan nintzen ondoren eta berriro ere arazoak izan nituen. Hobekien egin nuena Athleticena izan zen, arazo bakarra azken zatiko oihua ongi sartzen ez nuela izan zen. Besteetan arazo gehiago izan nituen. Ahots garratza utzi nahi eta melodikorako balio nuela erakutsi nahi nuen, eta asmoekin bai baina ideia gutxirekin, hanka sartze ugari egiten nituen eta ez zegoen asmatzeko modurik. Ordea, nola ematen zuen ahotsak bikoizteko abilezi ona nuela, Alberto jaitsi zen nola egin beharko nukeen erakustera eta zenbait ataletan bere gainean egin nuen.

Raulekin hasterako orduan arazo handia genuen. Ordenagailuak huts egiten zion Caspasi eta batzuetan arazoak ematen zituen grabatzeko. Horri gehitu zitzaion niri bezala, Raulek arazoak izan zituela grabatzeko. No hay lider kantuko ahotsak oso bestelakoak ziren eta Caspasek ez zetozela bat abestiarekin inola ere esan zion. Nola bi arazo horiek zeuden, astebete bidali gintuen etxera, ordenagailua garbitzen zuen artean.

Itzuli behar ginenerako arazo bat zegoen: ahalik eta kide gehien izan behar ginen hantxe, nahasketetan parte hartzeko, baina astebetez bagindoazen, Albertok ostegunean bere anaiaren ezkontza zuen eta neuk beste batetan izan behar nuen larunbatean Zaldibian. Nola kronologikoki berea zetorren lehenbizi, Alberto Bilbon geratu eta neu joan nintzen handik bidai utopiko hori egiteko. Ez nintzen ezkontzara joan azkenik, grabaketaren une garrantzitsu horretan ahalik eta gehien izatea garrantzitsua baitzen (berriz ere barkamena eskatzen diet Monike eta Xabiri).

Raulek ahotsak grabatzen amaitu eta nahasketekin hasi ginen. Grabaketan zehar taldearen amaieran eragina izango zuen gaitzetako bat azaldu zen: egoen borroka. Alberto Zaragozan izan zen astean liskarrak izan ziren Raul eta bere artean Albertok gitarra batzuk sartu nahi zituelako. Nahasketetan liskar gogorra izan zen Raul eta bion artean ez ginelako ados jartzen balizko nahasketa hautatzeko orduan. Horren beroak izan ziren, han izan ginen azken egunetik astebeteraino ez geniola elkarri hitzik egin.

Itzuleran diseinuan pentsatzen hasi ginen eta aurreko diskoan bezala TV Eyeko Peruri eman genion ardura. Artean liskar berria izan genuen taldearen izenagatik. Neu behintzat aspaldi nekatu nintzen izenaz, ez nuen horrekin jarraitzeko indarrik ikusten. Gaitz handia zen guretzat, zenbaitetan ikusi ahal izan dut nola egon gintezkeen hainbat kontzertutan izan ez garela izen madarikatuagatik eta azalpen piloa eman behar ziren taldearen izena aipatzean norbaitek diskoa entzuteko. Horrela azaldu nien besteei eta gutxi gora behera ados zeuden, baina nire harridurarako, aurreko kideekiko errespetua alegatuz, taldearen izena mantentzea erabaki zen, gustatu ez zitzaidan egoeran jarri izan ondoren.

La Kelo Gaztetxea 2005-12-03

La Kelo Gaztetxea 2005-12-03

Abenduan grabaketa ondoko lehen kontzertua eman genuen Saturtziko La Kelo Gaztetxean, Los Huevos de Kinder eta Zinc taldeekin batera. Han nabaritu zen grabatu berri genuela, kontzertu bikaina eman baikenuen, berriz ere zoriontzera etorri zitzaizkigun, Zinceko kideak barne.

Peruk huts egin zigun diseinuarekin. Egia da ez geniola gauza handirik eman, baina berak ez zuen esfortzu handirik egin eta beharbada historiako interes gutxieneko azala izan zuen La revolucion no tiene rostro disko berriak.

Artean, Zaragozara itzuli ginen, Estoldak zeruan (Oroimenaren zapore mikatza II) kantak akats bat zuelako gitarretan eta berriz grabatzera joan ginen (bide batez ahotseko hanka sartze bat zuzenduko nuen). Abenduaren 30an hirurok itzuli ginen, Alfonsok denbora zuela aprobetxatuz konpainia egin zigularik eta horrela kantu hartan bere gitarretako bat sartu zuen. Gitarretako bat desagertu zen eta Raulek errepikatu behar izan zuen. Etxera itzultzean ohartu nintzen Raulek ez zuela aurrekoan bezala sartu, sinpleagoa zen eta ez zen ongi geratzen, baina ez zegoen zuzentzeko aukerarik jada.

Diskoa Urtarrilean bidali genuen fabrikara (DDTk Polisistemekin egin zuen azken lana, hauek abisurik gabe itxi eta DDTri master guztiak itzuli gabe joan zirelarik). Presaka bidali genuen, lehen aurkezpen kontzertua egin behar baikenuen bi astetan Laudioko Orbeko Etxean, Cordura eta Vision Tunelekin (konfiantza dagoen tokian… kar kar kar).

"La revolucion no tiene rostro" diskoaren aurkezpena, Orbeko Etxea, 2006-02-18

"La revolucion no tiene rostro" diskoaren aurkezpena, Orbeko Etxea, 2006-02-18

Diskoa ozta-ozta heldu zen eta berriz ere kontzertu ona eman genuen. Vision Tuneleko gainontzeko kideekin adiskidetasuna sortzeko balio izan zuen gauak eta horrela lotu genuen Zaragozan egin beharreko kontzertua.

Hirugarren kontzerturako berriro ere laukote izateko gogoekin geunden eta aldi berean toki hori hartzeko interesaturik izan zen. Bere izena Felipe zen, Restons Sobreseko kantaria, bateria jotzeko eskatu genionean behar bezala erantzun ez gintuen bera. Deustuko Gazte Lokalean berriz ere azken aldiz jo genuen hirukote bezala (bitxia, leku hura formazio aldaketa baten aurrekari izan da birritan), Fly Shit bergararrekin batera. Baina hori azken atalerako geratzen da.



Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

et cetera
%d bloggers like this: