AbainGoardia











{2009/09/09}   Pateando Porkeria are fucking dead IV

Pateando Porkeria are fucking dead IV

Last days

Beno, jada heldu gara Pateando Porkeriaren inguruko nire kontakizunen azken atalera, honekin txapa emateari utziko dut. Epe hau gogorrena egiten zait, erraza da oroitzea gertuenekoa izateagatik, baina mingarria egiten da izandako egoera latzengatik.

Felipe

Felipe

Esan bezala, Restons Sobreseko kantari ohi Felipek bere burua proposatu zigun bigarren gitarra jole modura. Albertok ez zuen arazorik jarri, Raulek aipatu zuen ez zitzaiola gustatu urte t’erdi lehenago bateria jotzea proposatu genionean erantzuteko izan zuen modua (ez zuen erantzun). Neuk arazo gehiago neuzkan. DDTn aritu zen hilabete eskasetan bion arteko erlazioa ez zen izan behar zuena izan eta handik joan zen egunean liskar gogorra izan genuen elkarri gauzak aurpegiratzen. Egun hartatik ia lau urte igaro ziren Felipez berririk izan gabe, kasualitatez, guk diskoa atera eta gurekin jotzea interesatu zitzaionetik. Neuk hori azaldu nion Rauli, baina taldekideei esan nien konpon nintekeela. Horrela, Felipe gurekin entseatzen hasi zen. Pozik geunden, Alfonsorekin edo nirekin gertatu ez zen bezala, Felipek abesti asko ikasi zituen aurretik, beraz ez genuen denbora asko iraun abestiak irakasten, soinua trinkotu besterik ez genuen behar.

Feliperen debuta 2006ko maiatzean izan zen Zarautzeko Putzuzulo gaztetxean, Asfixia, Més que odi eta Enoch Ardon taldeekin. Kontzertu hartaz ez dugu oroitzapen onik, kontzertu kaskarra izan baitzen denon partetik. Aurka geneukan berandu hasi zela eta abesti kopurua murriztu behar zela. Abestiak makal zihoazen eta ez zen emaitza onik ateratzen, baina okerrena azken kantarako geratu zen. Egun hura izan zen diskoko nire abesti gogokoena (Epitafio) gorrotatu nuen egun bakarra. Kanta liraina, sei minutukoa, horren motel jo genuen, zazpi minutura luzatzeaz gain, bizi gabe utzi genuela. Lehen akordeetatik nabaritu nuen eta guztiz harriturik besteei begiratu nien. Raulek ere aurpegiekin begiratzen ninduen, baina jotzeari utzi beharrean (eta berriro hasi nahi izanez gero), jarraitu genuen. Nire bizitzako abestirik luzeena, eta hori hamar minututako abestiak maite ditudala. Ez nuen ezta jendea begiratzeko adorerik (orokorrean ez nuen jendea begiratzen baina egun hartan desberdina zen), argi zegoen zarata gau batean halako kantak jendea ederki aspertu zuela eta ordulariari begira zeudela. Felipe moldatu zen baina luzez edukiko zituen akatsak erakutsi zituen: ez zen gitarra bere kabuz afinatzeko gai (areagotuko zena afinazioa aldatu genuenean) eta abestiak aurreratzen zituen erritmoak birpasatuz.

Ekainean gure buruekin (nirearekin bereziki) eta punk eszenarekin barkazioa lortuz, hiru urte lehenagoko akatsa zuzendu eta Agropunkean jo genuen behingoz. Jotzen zuten hamaika taldeen artean geuk trasteak JAN eta Karnvapen Attack zaragozarrekin partekatu genituen (gogoratzen dut nola bateria jole Buda niregana hurbildu zen larriturik ea Albertok platerak utz ziezazkiokeen). 18:30 aldera jo genuen (aukerak ziren ordu hori ala gaueko bostetan jotzea, lehenaren alde egin genuelarik ezbairik gabe) eta polita izan zen, eguzkia gure aurka (beti jo izan dugu gauez) taula gainean jo beharrean zelaian jotzeko aukera izan zuten artean txanpa baliatu genuen bakanetakoa izan ginen. Alberto eta Felipek laster ihes egingo zuten, gaueko ordu batak arte izan ginelarik Raul eta biok hortik kontzertuak ikusten eta Josu Arkadari gure buruak eskaintzen laguntzarik behar bazuen.

AbainGoardia, Udondoko Gaztetxea, 2006-05-27

AbainGoardia, Udondoko Gaztetxea, 2006-05-27

Arrebato 2006-06-10

Arrebato 2006-06-10

Egun batzuk beranduago Zaragozan jotzeko aukera izan genuen. Hango lagunek aurreko egunean izatera gonbidatu gintuzten, festa baitzegoen Criaturakoekin. Neu izan nintzen joan zen bakarra, beste taldekideak gure taldearen autismoaren gala eginez kontzerturako utzi zutelarik festa. Kontzertuan ez zen jende asko izan, Torrero auzoan festak ziren eta jaialdi erraldoia antolatua zegoen, baina itzultzean Arrebatoko foroan kontsultatu eta batzuek esan zuten gure emanaldia Torreroko taldeena baino hobea izan zela. Halakoak entzutea batzuetan ongi dator. Ulut gazteek ireki zuten gaua, jende bikaina. Gure kasuan, aipatzekoa da Laudion bezala Pep4k euskarazko kantan lagundu gintuela, eta orokorrean ongi aritu ginela.ulut_pateandoporqueria_0581_web

Beste kontzertu gogoangarri bat urte hartan Urbinan ospatu zen Abiadura Handiko Trenaren aurkako kanpaldian egindako kontzertua izan zen. Gure kontzertua ez zen ona izan inondik inora (neuk arazoak izan nituen baxuarekin eta Al infierno en Goitibera taldeko baxu jolearenarekin moldatu behar izan nintzen), baina inoiz ikusi ez genuen pogoak dantzatzen aritu zen jendea, neuk ezin izan nuen eutsi eta behin bota nintzen euren aurka.

Hilabeteetan salto eginez odisea handienetako batera heltzen gara. Felipek hiru kontzertu lotzea lortu zuen, non eta Ingalaterran! Lehenbizikoz atzerrira joan behar genuen jotzera, kontzertuetako bat Londresen bertan izango zen gainera. Felipe zenbait urtetan izan da udan lan egiten Eastbourne eta Brighton artean eta lagunak egin zituen, M.T.A. deitzen zen taldekideen artean, ondoren desegin eta Hateball eta Constant state of terror taldeak sortuko zirelarik. Jende horiek lortu zizkiguten kontzertuak, trukean geuk hemen berdina egingo genuela aginduz (2007an Hateball gure artean izan ziren hiru kontzertu egiten Felipe haren kargu izan zen biran). Printzipioz geu arduratu behar ginen gauza bakarra hegazkina, kotxe alokairua eta giri bezala aritzea zen. Beste guztia (non lo egin…) beren esku geratzen zen. Hegazkin-txartelak hartu genituen eta nola arazo ezberdinengatik gutako inork ezin zuen kotxerik alokatu, Ultima Neuronako Balenek bere burua eskaini zuen lagundu eta gurekin etortzeko. Joan behar ginenerako jada bagenekien bi kontzertu besterik ez zirela izango, Londresen kontzerturik lortu ez zelako.

2006ko urriaren 19an Londreserako hegazkina hartzera joan ginen bostok. Gure ekipaia maleta bat eta instrumentua ziren (Albertok bateria piezak eramaten zituen). Gitarrak motxilekin sartu zituzten, ez ziguten gora igotzen utzi, eta Albertok bere piezak eman zizkigun eskuko ekipai bezala igotzeko. Libratu zuen eta ezin zezakeen imajina zein neurriraino.

Stanstedeko aireportura heltzean ekipai berezien zintara joan ginen gure gitarren bila. Ez ziren azaltzen. Beste zintara hurbiltzen ginen eta ez ziren azaltzen. Denbora piloaren ondoren gitarrak aterako ez zirela ondorioztatu genuen eta erreklamatzera joan ginen Easyjeten standera. Zaila genuen, gauez heldu ginen (han igaroko genuen gaua goizean goiz kotxea hartzeko). Pertsona batek egin zigun kasu, baina esan zigun biharamunera arte ezingo zuela gauza handirik egin. Gaua gaizki pasatu nuen, lurrean ez nintzen batere eroso sentitzen eta horrela gertatu zen bi egunetan berrogeita hamar minutu besterik ez nuela lo egin (Felipek nik baino hogei minutu gehiago egin zuen lo).

Goizean goiz erreklamatzera joan ginen eta esan ziguten egun berean bidali eta jasoko genituela Eastbournen ziur (berandoago Balenek, aireportuan lan egiten du ekipaia kargatzen, esango zigun jakin zuela gitarrak zintan trabaturik geratu eta inork ez zuela konprobaziorik egin). Kotxea hartu eta Eastbournera heldu ginen.

Feliperen lagunek bigarren danbatekoa eman ziguten. Ezin gintuzten beren etxeetan sartu eta alternatibak bilatzen ari ziren. Alternatiba: hotel batetan igaro egunak, gure kontura, noski. Artean, Balen eta Raul kotxean siesta hartu zuten, Alberto, Felipe eta hirurok bi egun beranduago joko genuen pubean izan ginen zerbait hartzen.

Behin esnaturik aireportura deitu genuen, ez genituelako gitarrak jaso, eta Easyjetekoek erantzun ziguten. Beren erantzuna: konpainiak erabaki du merkeago ateratzen zaiola biharamunean entregatzea gaur baino. Felipek kriston errieta egin zien, kontzertua gaur genuela esanez eta beraiek berdin zitzaiela esan ziguten.

Gauean Brightonera joan ginen eta The Cowley Club lokal anarkistan aritu ginen, Constant state of terror eta Ratpigekin. Ez zen kontzertu ona izan eta gogoratzen dut nola guztiz autista izan nintzela, Feliperi aitortu nion lo faltagatik ez nuela ezer ulertzen eta bera izango zela gure ordezkaria egun hartan, biharamunetik aurrera lagunduko niola.

Dumbs in a van

Dumbs in a van

Larunbata libre geneukan, Londreseko kontzertua faltatzeagatik, eta egin genezakeena hauta genezakeen. Lehenik Raul konbentzitu behar izan genuen aireportura ez joateko gitarren bila, temati baitzegoen bertaratzeko. Azkenik konbentzitu genuen argudio logiko batekin: kontutan izanik zeukan ostia txarra eta teorian gitarrak bidean zirela, joan etorria guztira lau ordu suposatzen duen bidaia egin eta gitarrak ez jasotzeko aukera %95ekoa izanda, ostia txar handiagoarekin itzultzeko aukera handiek ez zutela pena merezi. Neuk Londresera joatea proposatu nien, turismoa egitera eta, bide batez, egun hartan ospatzen zen liburu azoka anarkista bisitatzera. Besteek ez zutela haraino joan nahi esan zuten eta Brightonera joan ziren disko dendak bisitatzera. Neuk trena hartu eta hiribururako bidea hartu nuen.

Bizkor igaro zen eguna, ordu biak aldera heldu eta seietarako hartuko nuen itzuliko trena. Azoka bizkor ikusi nuen, jende asko eta inork ez zuen ezer trukatu nahi, ingelesezko testuak besterik ez zituztelako nahi. Ondoren giriarena egin nuen, Picadilly Circus, Trafalgar Square, Big Ben… Ondorioztatu nuen metroak klaustrofobia ikaragarria sortzen zidala, bagoien eta hormen artean zentimetro eskasak baitzeuden. Ezbehar bat gertatzen bada, alboetatik joan beharrean, bagoi buruetatik ihes egitea da aukera bakarra eta ez zitzaidan inondik ere gustatzen.

Ahaztu zait aipatzea egun hartan ere ez zirela gitarrak heldu. Aireportura deitu genuen eta esan zuten mezulariek zutela eta igandean entregatuko zutela. “Igandean?”, “Igandean, of course”.

Igandean ez genituen jaso, of course. Deitu genuen eta igandeetan mezulariek lan egiten ez dutela esan ziguten. Gutaz trufatzen ari ziren. Feliperi deitzeko ardura kendu genion behingoz (lagunak bisitatzen ari zen) eta Raul saiatu zen hitz egiten, baina telefonoaren bestaldeko emakumeak esaten zion ez ziola piperrik ulertzen eta kristauez hitz egiten zuen norbait jartzea. Neuk hartu nuen telefonoa eta ongi moldatu arren bota zidan “ingelesez ez dakien inor izan arte ez dut erantzungo”, eta eseki zuen telefonoa!

The Gildrened Pub 2006-10-22

The Gildrened Pub 2006-10-22

Gauean berriz ere jo genuen lagunen instrumentuekin. Oraingoan Eastbourne beran izan ginen, The Gildrened Pubean Hateball eta Constant State of Terror adiskideekin batera. Bitxikeri bezala, ia Alberto gabe jotzen dugu. Antza denez, hango legeek diote adingabeek ezin dutela pubetan izan, eta segurtasun neurriak hartu behar direla ekiditeko. Pubekoek zaindaria zuten sarreran, benetakoa, jantzia eta belarriko irratia eta guzti. Ba, tipoak ez zuen Alberto sartzen utzi nahi eta karneta eskatu zion. Batak “How old are you?” (Zenbat urte dauzkazu?) eta besteak ostia txarrez “Veinticinco!”. Uste dut Hateballekoren bat atera behar izan zela Albertok joko zuela esatera. Kontzertu nahiko ona izan zen, bost CD saldu genituen eta guzti (errekorra! ordura arte miraria zen disko bakarra saltzea kontzertuetan).

This is not Abbey Road, 2006-10-23

This is not Abbey Road, 2006-10-23

Astelehenean etxera itzultzen ginen. Aireportura deitu genuen esateko ez ekartzea gitarrak eta aireportuan hartuko genituela. Hara heldu ginenean, gitarrak Eastbournera heldu berri zirela esan ziguten. Nahi izanez gero Madrilerako hegazkinean sartuko zituztela esan ziguten! “Ze Madril eta ze Madril ondo? Gitarrek Bilbora joan behar dute eta gurekin!”. Baina nola ez, ez ziren heldu. Bi egun beranduago arte ez genituen Gatazka Gunean jasoko gitarrak.

Aireportuan liskar gogorra izan genuen gure artean. Odisea guzti hark sekulako dirutza suposatu zuen guretzat, antolakuntza penagarria izan zen, eta Felipek oraindik gehiago gastatu behar genuela zioen. Eromen horren erdian ohartu nintzen kafetegiaren ondoan ilara luzea zegoela eta pentsatu nuen, kontutan izanik epe horietan zeuden kontrol antiterroristak, hura izan zitekeela hegazkinetarako ilara. Abisatu nien eta bizkor jarri ginen. Hiru ordu laurden luze izan ginen ilaran, kontrol handia egiten ari ziren, gutako hiru oinutsik jarri zituzten. Hegazkina ateratzeko bi minutu falta ziren eta oraindik kontrolean geunden, beraz korrika jarri ginen guztiok, Raul izan ezik, noski. Errieta egiten genion eta berak kasurik ez. Eskerrak konpainiei garestiago ateratzen zaien pertsona bat lurrean uztea atzerapenarekin ateratzea baino, bestela Raulengatik balitz han geratuko ginatekeen.

Uste duzue hemen amaitu zirela gure penuriak? Ba oraindik postrea falta da. Gau hartan haize gogorra zegoen Loiuko aireportuan. Hegazkina birritan ahalegindu zen lurreratzen baina ez zegoen modurik. Saiakeretako batetan, turbulentzia gogor bat hartu eta segundo bakan batzuetan amildu ginen altuera berreskuratu zuen arte. Jendea oihuka jarri zen, neu zurbil eta arnasik hartu gabe nengoen. Oizeko mendiaren inguruko txantxak egin ondoren, Balenek esan zigun ziurrenik Forondako aireportura berbideratuko gintuztela. Pilotuak ingelesez hitz egin zigun bidariei. Ulertu nion bakarra Biarritz izan zen. Jendea haserre hasi zen gaizki esaka. Aukera zitzakeen gertuko aireportu guztien artean, Biarritz, urrunenetakoa hautatu behar! Hara heldu eta Loiura eraman beharko gintuzten autobusen zain geratu ginen (nori okurrituko litzaioke Bilbon bertan uztea bidariak?). Horrela, Loiura goizeko ordu batetan heldu ginen, batzuek txaia hartu behar izan zutelarik. Zorionez Balenek Portugaleteko zubiraino hurbildu ninduen.

Odisea guzti honen ikasbide nagusia: ez ezazu Easyjetekin hegan egin.

Urte amaieran Gasteizko Gaztetxean jo genuen. Ez ahazteko eguna izan zen, batetik gaztetxe mitikoetako batetan jotzeko aukera izan genuelako azkenik. Bestetik elurtea izan zelako. Elurteak Gasteiz zero gradu azpiko tenperaturan jarri zuen, Siberia-Gasteiz goitizena ederto datorkiola erakutsiz. Ez genekien Gaztetxea horrelakoa zela eta harritu ginen eskenatokiari horma bat falta zitzaiola eta handik hotza zetorrela ikustean. Albertok berogailu bat lortu eta horrekin jo zuen. Besteok goraino jantzita geunden, baina azken kantarako kamiseta huts batekin amaitu nuen, hiru gradu zero azpiko tenperaturan! Egun hura ere gogoratzen dut Epitafio jo genuen azken aldia izan zelako. Etorkizunean izorratuko ninduen piloa, errepertorioan gustatzen zitzaidan kantu eskasetakoa baitzen. Egun hartan, beste askotan bezala, ez zuen funtzionatu eta jendeak ez zuen ongi jaso. Taldekideak ikusten nituen eta ikusten nuen beste kantuetan ez bezala, gogo gabe jotzen zutela gitarra joleek eta hori transmititzen zuten.

2007an kantu berri bat grabatu behar genuen. In My Heart Empireko Albertok proposatu zigun ea parte hartu nahi genuen animali askagintzaren alde egingo zen The Smiths taldearen tributu batean. Baietz esan genion. Hasieran The Queen is dead hautatu genuen baina konplexutasuna zela eta Handsome devil egin genuen. Egunetan zehar ingelesez kantatzen ahalegindu nintzen baina Morriseyren ahoskera eta ingeles doinua konplexuegiak ziren kantu hartan. Beraz euskarazko moldapena prestatu nuen. Caspasenean grabatu genuen kanta eta hiru nahasketa ezberdin egin behar izan ziren Albertori eman genion behin betiko bertsioa izan arte. Bilduma hori oraindik ere ez da kaleratu, agian aurten aterako da.

GlinGlo, Vigo, 2007-04-28

GlinGlo, Vigo, 2007-04-28

2007ko maiatzean Galizan izan ginen jotzen eta berriz ere liskarrak izan ziren gure artean. Lehena nire inguruan izan zen. Nire osasunarekin gustura ez nintzen eta zenbait liburutan irakurritako baraua frogatu nuen. Ura edan soilik Galizan izango ginen bost egunetan zehar. Bidaideek sekulako txapa eman zidaten. Onar dezaket kritika egitea, esatea ez zela une egokia (Arrazoi puntua izan zuten, A Guardan jo genuenean zorabiatu nintzen, ez nuelako behar bezala egin baraua). Kritika egin dezakezu eta gero bakoitzak nahi duena egin dezala. Baina taldekideak ordu oro nituen belarria jaten eta ez zitzaidan batere gustatu.

A Guarda, 2007-04-29

A Guarda, 2007-04-29

Baina grabeena berriz ere antolakuntzarekin etorri zen. Kontzertuak neuk lotu nituen Siervos de nadie taldeko Manurekin eta bere aldetik gauzak ongi etorri ziren. Etxea genuen, promozioa egin zuen, eta ez zen arazorik izan. Baina bidaiaz ez nintzen neu arduratu eta gaizki egin zen. Berriz ere Balenekin joan nahi genuen eta gainontzekoek beren neska lagunak ekarri nahi zituzten, beraz gehigarrizko bigarren kotxea jarri behar izan zen. Askotan gertatu zen gauza, batzuetan Felipek gehigarrizko kotxearentzako dirua eskatu izan zuen ezetz erabaki zen arte, gehigarrizko automobilak gehigarrizko pertsonek ordaindu behar dituztelako baina ez taldeak. Beste kontu bat da bakoitzak neskalagunaren bidaia ordaintzea, baina hori ez du taldeak ordaindu behar. Baina asteburu hartan berriz ere atera zen gaia. Vigotik irten behar ginenean, eztabaidaren une batean Albertok esan zidan “bigarren kotxea zure anplifikadorea ekartzeko atera da”. Eta nik “Gezurra. Argi zegoen ez zela etorri behar kotxe bakarra ateratzeko, baina konpainia ekartzeko bigarren kotxea ekartzea erabaki zenutenean ekartzeko aukera ikusi nuen. Nire anplifikadoreagatik ez zitekeen bigarren kotxerik aterako”.

Garai bat neraman buruari bueltak ematen, ez bainengoen gustura taldean. Heldu zen sinesten ez nuen gauza egiten ari nintzela sentitzen nuen unea. Nola ez nintzen sormen aldetik oso parte hartzailea izan, nolabait ordezkatu nuen beste erantzukizunak hartuz (promozioa egitea, kontzertuak lotu, kontzertuetako salmahaia jarri…). Baina geroz eta ilusio gutxiago nuen zuzenekoekin, ez nituen disfrutatzen. Beraz ez nuen nire burua taldean ikusten eta horrela esan nien, jarraituko nuen pentsatu behar nuela. Gustatu ez zitzaidan aipua entzun ondoren (“Arreta deitu nahi duzu bakarrik”) hausnarketa epea hartu nuen.

Bildu ginen hurrengoan, ikusita batetik nire zalantzak eta bestetik errepertorioarekin gustura ez ginela, kontzertuak emateari uztea erabaki genuen, talde berria izango zenaren diskoa prestatzeko.

Hilabeteetan mantendu genuen hitza, zenbait kontzerturi ezetz esan genien. Baina erabakiak ez zuen fruiturik ematen, ez genuen ia kantarik egiten eta berriz ere 2003ko garaian bezala apatia heldu zen.

Akordioa hautsiz, Alberto eta Feliperen artean kontzertu surrealistenetako bat antolatu zuten 2008ko otsailaren lehenean. Deustuko jendearentzako festa, Deustuko musikariekin eta Algortako Gaztetxean! Guztiek jotzea erabaki zuten neu izan ezik, beraz lehen aldiz mertzenario baten modura sentitu nintzen (kobratu gabe, noski). Kontzertua Hair to the searekin egin genuen.

Garai horretan Alberto Capsularekin jotzen hasi zen eta horrek arazo ugari ekarri zituen. Capsula profesionalen modura funtzionatzen dute eta horretarako dedikazio handia ekartzen zuen. Beraz Albertok geroz eta entsegu gutxiago egiten zituen gurekin. Zenbakiek argi uzten dute: 2008an bost kontzertu egin genituen eta lau entsegu besterik ez genituen egin. Paradoxikoki, Pateandoren azken urteko bost kontzertuak onenak izan ziren (Algortakoa salbu). Aipatu behar da arrazoietako bat ziurrenik izango zela, erritmikoki jada perfektuki elkar konbinatzeaz gain, instrumentuen afinazioa aldatu genuela aurreko hileetan kantu berriei doinu grabeagoak emateko eta horrek soinua ikaragarri indartu zuen.

Izar Beltz Ateneoa, 2008-05-24

Izar Beltz Ateneoa, 2008-05-24

Otxomaiotan izan ginen Orduñan. Beste hondamendi bat. Kalean jo behar genuen Inserta, Karkaba eta La Kabaña de Bixente eta Silicosos bertoko taldeekin. Euritea izan zen egun osoan zehar eta leku alternatiboa bilatu behar zen. Txosna itxietako batetan hasi zen kontzertua, non bertokoek eta Karkabak jo zuten. Gaueko hiruretan kontzertua amaitu zen, ezin zen han jarraitu, txosnakoek ez ziguten uzten eta salatuko gintuztela mehatxatu zuten. Beste batera joan behar ginen, askoz estuagoa. Beste taldeak desagertu ziren, aiakuidao besteek jo ezin izana. Ahots ekipoa ez ziguten utzi, taldeetako batena zen (La Kabañarena okertzen ez banaiz) eta nola beraiek amaitu zuten ez zuten utzi nahi. Etapa bat lortu genuen eta ez zuen ezertarako balio izan. Inserta eta Pateandok kontzertua eman genuen kantarien ahotsa nabaritu ahal izan gabe. Trasteak jartzen ari ginen artean Alberto eta biok Insertako kideekin eztabaidatzen ari ginen ea jotzeak pena merezi zuen. Ohartu nintzen Felipe eta Raul falta zirela eta beren bila atera nintzen. Ostia txarra neukan jada, Felipe ezerezetik azaldu eta txantxetan esan zidanean “Beste nonbaitera joan behar dugula diote, kar kar kar”. Eztanda egin nuen. Behingoz probetxuzko zerbait egin zezala esan eta denetarik deitu nuen, Raulen arabera oihu bizian eta jende piloaren aurrean. Nolabait Feliperekin izandako aurreko tirabirak barnean geratu eta subkontzientea atera zen gau hartan.

Uda heldu zen eta Albertok sumatzen zena esan zigun: taldea uzten zuela Capsularekin aritzeko hertsiki. Azken kontzertua egingo genuen 2008ko Abuztuaren 5ean Lizarrako festetan Gaztetxean bertan, Capsularekin. Ez zen gustuko kontzertua izan. Bide batez, noizbait irakurtzen badu, gau hartan Lizarrako norbaitek gau hartako kontzertua grabatu zuen bideoz. Bidali ahalko baligu eskertuko genioke bihotzez.

Last Show, Lizarrako Gaztetxea, 2008-08-05

Last Show, Lizarrako Gaztetxea, 2008-08-05

Bost egun beranduago Capsularen lokalean izan ginen konposatu genituen azken bost kantak grabatzen, bateria jole berria aurkitzeko. Bertan azken borroka izan genuen. Alberto nahiko pedante aritu zen, argi utziz mesede bat egiten zigula eta ez lukeela egin beharko. Azken kanta grabatu behar genuenean ez zuen egin nahi. Minutu bakarra suposatzen zuen, ez genuelako askoz gehiago garatzeko aukerarik izan, baina ez zuen nahi. Harrigarriena zen Feliperi ongi iruditzen zitzaiola. Errieta handia izan genuen, neuk esan nion Feliperi ea kontzientea zen kantua gal zitekeela grabatzen ez bazen. Albertok berdin zitzaiola zioen eta Feliperi ongi iruditzen zitzaion. Martinek (Capsulako abeslariak) grabatzea esan zion azkenik eta Albertok egin zuen eta Felipek egun osoan bezala lausengari izan zen Martinekin. Raulek beranduago esango zidan minutu bakarra falta izan zela handik joateko ostia txarrez. Kantua egin eta Felipek bere gitarra batu eta ospa egin zuen Raul eta biok kargatzen lagundu gabe.

Etorkizunaz pentsatzen hasi ginen eta Feliperekin bildu ginen. Raulek sumatzen zuen behin Alberto joanda Felipek ospa egingo zuela, egiten zizkion lausenguak gehiegizkoa baitziren. Gure teoria zen Felipek kontzertuak egiten zituen taldea nahi zuela, aurkitu zuen, bateria jole bikainarekin gainera, eta hori amaitu zenean alde egingo zuela. Berak ezetz esan zigun. Baina susmoa egi bihurtu eta bi hilabete beranduago taldea utzi zuen, unean arduratzen zen alokairuaren ordainketa egin gabe. Deitu behar izan nuen lokaleko jabeak sartzeko aukerarik gabe utzi gintuenean.

Eta horrela amaitu zen Pateando Porkeriaren historia. Albertok egun Capsula utzi du ordu eta kontzertu mordoaren ondoren. Felipek talde batzuk egin ditu gaur arte. Neuk musika eskolan jarraitu dut violoncello ikastaroekin eta birritan izan naiz lagun batzuekin jotzen. Raulek kantak egiten jarraitzen du. Aspaldi darama esaten erakutsiko dizkidala talde berria sortzeko, baina oraindik zain nago.



Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

et cetera
%d bloggers like this: