AbainGoardia











{2009/09/10}   Una princesa en Berlin

princesa_webUna princesa en Berlin

Arthur R.G. Solmssen

ISBN 978-84-7223-739-1

408 orrialde

10. edizioa Fabula sailean: 2009ko Urtarrila

Tusquets Editores

Weimarreko Errepublikaren aroa Alemanian izandako aztoratuenetakoa izango da urte eskas haiek izan zuten ezegonkortasun ikaragarria zela eta. Weimarreko Errepublikaren aroa deitzen zaio 1919. urtean Alemaniako Weimar hirian hitzartu zen konstituzio errepublikanoa idatzi zenetik, Adolf Hitler, jada boterean, III Reicha deklaratu zuen arteko hamabost urte inguruko denbora. Epe horretan guztian Alemaniak sufrikario ugari izan zituen: I Mundu Guda galdu berri zuten, Iraultza Sozialista aldarrikatu zen eta odolez ito zuten haren “buru” izan behar zuten sozialdemokratek muturreko eskuineko jendeak sorturiko Freikorps ankerrez baliatuz, Versaillesen sinaturiko bake akordioan Alemania oso gaizki atera zen, lurralde ugari galdu zituen, kalte-ordain ikaragarri eta ordain-ezinak ordaindu behar zizkien Ingalaterra eta, bereziki, Frantziari, alemaniar ejerzito (Reichswher) ehun mila soldadutara murrizten zen, ezin zuten guda baliabiderik garatu, eskuinak estatu kolpe batzuk bultzatu zituen (Hitlerrek 1923ko azaroan burutu nahi izan zuena besteak beste), erailketa politikoak, eta hiperinflazio sinestezina (liburu honetan islatzen den bezala, Reichsbankek 100000000 markoko billeteak inprimatu behar izan zituen, kale eskas batzuk zeharkatzen zituen taxiak 500000000 marko eskatzen zituen, eta liburuaren amaiera, dolar bakar  bategatik 11000000000000 marko ematen ziren). Garai latz horren inguruko zenbait liburu interesgarri idatzi izan dira, neuk irakurri ditudanen artean interesgarrienetakoak Sebastian Haffner ikerlariak egin dituenak dira, Alemaniako historia garaikideari buruz idatzitakoen artean interesgarrienak La Revolución Alemana de 1918-1919 eta El Pacto con el diablo diren. Lehenean Alemanian izandako Iraultzaren nondik norakoak ikertzen ditu beren benetako neurria hartuz, Liga Espartakistari eman zaion pisua arinduz, eta hura zanpatzeko sozialdemokratek baliaturiko Freikorps faxisten analisia eginez. Bigarrenak Alemania eta Sobietar Errusiaren arteko erlazio bitxiak azaltzen ditu, non ikusten den nola Alemaniar Inperioak lagundu zuen Lenin Europa tren blindatuan zeharkatzen Sobietar Iraultza egin eta horrela ekialdeko guda frontea desegiteko (gai hau komunisten artean ez da gogokoa gogora ekartzea), nola ondoren Weimar eta Moskuko agintariek elkar baliatu zuten munduari aurre egiteko (Alemaniar ejerzitoak Errusiar lurralde galduetan garatu zituen sekretuki bere gudaroste zein baliabide militarrak, Ejerzito Gorriari irakaspenak ematen zizkioten artean) eta Hitler eta Stalinen arteko erlazio behartu zein interesatua. Liburu bikaina. Weimarreko garaiaren inguruan irakurri dudan beste liburu interesgarria Richard J. Evansek nazien aroari buruz idatziriko trilogiaren lehen liburua dugu, La llegada del Tercer Reich, oso dokumentatua eta grafikoki azaldua.

Arthur R.G. Solmssenen eleberri hau ere nahiko interesgarria da lehen urteak azaltzeko, bereziki lehen aipaturiko liburuak adreiluak iruditu ahal zaizkienentzat eta ikasteko eleberri historikoak nahiago dituztenentzat apropos.

Eleberriak Peter Ellisen kontakizuna da. Ospe handiko mediku familia kuakeroko estatubatuarra, Lehen Mundu Gudan parte hartzen du Kuakeroek bultzaturiko kanpainako osasun zerbitzuetan. Verduneko bataila pizten denean istripu bat izaten du amiltzear zen alemaniar hegazkin batekin. Aeroplanoaren sutetik Christoph Keith ateratzen du, hanka apurtua daukana, eta ordutan egoten dira biak kamioi azpian, alemaniarrek bonbardaketa hasi dutelako.

Urte batzuk geroago, Peter Parisen da, AEBtan ospitalean izan ondoren gudak sorturiko arazo psikikoengatik, hara itzuli da margolari bilakatzeko gurasoen nahien kontra. Familiaren abokatuak aholkatua, alemaniar negozio gizon ospetsuekin harremanetan jartzen da, Waldstein bankariak, eta han berriz ere Christophekin topatuko da, zeinak Waldsteindarrentzat lan egiten duen. Hauek Alemanian epe bat igarotzea proposatzen diote negozio munduan trebatu eta, nahi izanez gero, margolari ospetsuekin aritzeko daukan dolar eskasekin (garai hartan aipatzen dute dolarra 600 markoren trukean ordaintzen dela). Peterrek liluratua baietz esaten dio lagunari.

Peter Keith familiaren etxetzarrean geratuko da. Keith familia militarra izandakoa da, aita oso militar ospetsua izan da, Christoph pilotua izan aurretik husarra izan da eta bestetik Kaspar gaztea dago, Guda amaitzean kadetea zena. Honek kolpe latz bikoitza jaso zuen. Gudako porrota gutxi izan balitz, alemaniar iraultzaileek matxinada piztean, aurreko errejimena gaitzesteko, militar graduazioak ezabatu nahian kondekorazio zein txarratelak kentzen dizkiete ofizialei, Kaspar berak umilaziotzat zuen hura pairatuko zuelarik. Bestetik bere neskalagun zen Sigrid Alfred von Waldsteinekin ezkontzen da (zeinen ahaide nagusiena kristautasunera bihurturiko judua zen). Kolpe hauek erradikalizatzen dute eskuinerantz eta Alemaniar Iraultza odolez gelditzen duten Freikorps ankerrenean parte hartzen du. Familia hau diru egoera oso txarrean dago, aitaren pentsioak ez du balio inflazio egoeran, Kasparren freikorpsa lizentziatu zutenetik ez du beste lanik izan eta diru sarrera nagusiena Christopehk dakar Waldsteindarren bankuko lanpostutik. Horrela, Boby von Waldsteinek, Christophen adiskide eta begikoa, proposatzen dio Keithdarrei laguntzea aldiro Meier etxezainari bost dolar inguru emanez, horrekin aise biziko baitira.

Waldstein familia ezagutzeko aukera izango du. Bobyz gain, Alfred anai nagusia ezagutuko du, idazle bilakatu dena. Haien senide den Helenak printzesa titulua dauka, guda hasieran printze batekin ezkondu baitzen, hilabete gutxitan frontean hilko zutena, eta Crhistophekin maitasun erlazio bitxia du, artean boteredun gizonekin ikusten uzten da. Familia hartatik gehien erakarriko duena Elizabeth, Lili, von Waldstein alaba txikia izango da, hamazazpi urtekoa, zeinez maiteminduko den.

Bi familia hauekin alemaniar gizarteko estratu ezberdinak ezagutzeko aukera izango du zeharka ala zuzenean. Max Liebermann margolaria aurkeztuko diote eta honek Fritz Falke margolari militante komunista jarriko dio irakasle modura. Fritzek estudioa bere amaginarrebaren etxean du, non Mutti Bauerrez gain, Bärbel emaztea eta haren hamabost urteko ahizpa Baby eta bien semearekin bizi den. Hemen tirabirak izango ditu, bereziki bi ahizpekin oheratzen denean etxekoen jakinaren gainean.

Bankuan Strassburger doktorea ezagutuko du, zeinak finantza aholkuak emango dizkion diru piloa egiteko inflazioaz baliatuz, hasieran emaitza onekin.

Kabaret ezberdinak eta hango giro xelebreak ezagutuko ditu, antzerki saioetara joango da eta festa ugaritan izango da, non besteak beste Bertolt Brecht bera ezagutuko duen.

Laster Alemaniako egoera politiko ezegonkorrak erdian harrapatuko du. Helena zein beste iturri ezberdinen bidez jakiten dute erailketa politiko baten mehatxua badela, ziurrenik Walther Rathenau Atzerri Ministroaren aurka. Rathenauri egozten zioten eskuindarrek Alemaniarren gaitzak, sobietarrekin elkartasun akordioa izenpetu izana, inflazioa bultzatu duen kalte-ordainak ordaindu nahian Mendebaldearekin adiskidetu nahi izana eta abar. Zurrumurruak hor dauden arren Rathenauk ez du babesik nahi, beraz atentatuaren arriskua oso erreala da.

Jakingo dute konplota eramaten dutenen artean Kaspar dagoela eta, konspirazioa gelditzen saiatzeaz gain, Kaspar erditik kentzen ahalegintzen dira Keith sendiaren izena babesteko. Kaspar erditik kendu bai (sasi-bahiketa baten bidez), baina ezingo dute Rathenauren aurkako atentatua eragotsi.

Beranduago gauzak okertuko dira, inflazioa aipaturiko eromenera hurbilduko da eta 1923ko azaroaren 9an naziek estatu kolpe saiakera egingo dute Munichen, non berriz ere Kaspar izango den, familiak egin zionaz haserreturik eta edozer egiteko prest.

Liburu paregabea, aro iluna bizi izan zuen gizarte baten erradiografia egiten du, zeinean familia dirudunen kalamitateak gehien islatu arren, familia txiroenen larritasunak ere aipatzen dira, eta ederki azaltzen du nola izan zen posible eromen horren erdian naziak gailendu izana.



Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

et cetera
%d bloggers like this: