AbainGoardia











{2009/09/15}   Gran Torino

gran-torino_webGran Torino (2008)

Zuzendaria: Clint Eastwood

Antzezleak: Clint Eastwood, Christopher Carley, Bee Vang, Ahney Her, John Carrol Lynch, Cory Hardrict, Brian Haley, Geraldine Hughes, Dreama Walker, Brian Howe, Doua Moua, Sarah Neubauer, Chhe Thao

Gidoia: Nick Schenck

Aurretik esan nuen Clint Eastwoodek ez dakiela pelikula txarrik. Esan daitekeen okerra da ikus daitezkeen pelikulak egin dituela (Space Cowboys dibertigarri edo Blood Work bezala). Ordea, azken hogei urteetan egin dituen pelikula bikainak zenbatzea gozagarria egiten da: Unforgiven (Western saileko film onenetakoa ezbairik gabe), A perfect world, Mystic River, Million Dolar Baby eta Letters from Iwo Jima. Itzelak dira.

Gran Torino film ederra da. Walter Kowalski aurkezten digu, Koreako Gudako beteranoa, Ford fabrikan lan egindako jubilatua, bere emaztea zendu berri da. Hiletan beran ikusten da etengabeko tentsioan bizi dela eta umore txarra duela, ezin baitu bere ilobak ikusi ilobak bezala, hildakoak errespetatzen ez dituzten mukizuak baizik. Bere bi semeekin ere ez da ongi moldatzen eta etxean bizi da bakarrik, Daisy zakurra, Koreatik ekarri zuen fusila, eta berak muntatu zuen Ford Gran Torino kotxe ederra dira dauzkan gauza bakarrak. Egunak igarotzen ditu aita Janovich gaztea saihesten, zeinak agindu zion Walten emazteari Walt aitortuko zuela.

Bere auzoa nahiko andeatu da, iraganeko bizitegi-auzo bezala goibelduz joan da hiriguneetara joan edo hil diren pertsonak desagertzen direnean. Auzoa orain Hmong etniako familiek betetzen dute, Laos, Vietnam, zein Asiako zenbait lurraldeetako pertsonak, amerikarrei lagundu zietenak Vietnamgo guda eta hau galdu zenean Estatu Batuetara joan ziren errefuxiatu politiko bezala.

Walten auzokideak ditu Vang Lor familia, non ama alarguna, amona eta seme-alaba nerabe Thao eta Sue bizi diren. Bi semeek arazoak dauzkate, Spider ezizenaz ezaguturiko euren lehengusu nagusi gangsterrak Thao sar arazi nahi duelako taldean. Honek ez du nahi, baina Spiderren taldearen presioa dela eta sarrera proba egingo du: Walten Gran Torinoa lapurtu beharko du. Baina Waltek harrapatzen du eta fusilarekin uxatuko du Walten gaitza ikusten den artean: minbiziak jaten ari du eta odola eztul egiten du.

Gangsterrak itzultzen dira eta familiarekin duten borroka baten erdian Walt azaltzen da fusilarekin berriz eta uxatuko ditu. Ordutik auzoko heroia bihurtuko da baina ez du onartuko, beti bezala irainduko ditu. Familiak, Thaok egindakoa jakitun, esango dio Walti haren zerbitzura izango dela astebetez iraina ordaintzeko.

Modu honetan Walt Hmong familia honengana hurbilduko da eta ohartuko da nola zerikusi handiagoa duen urtetan iraindu dituen larru horiekin (deitzen dituen bezala) bere familiarekin baino. Nolabait ordura arte izan ez duen aitatasuna aurkituko du bi gazte hauekin. Horrela, familiaren bizi kalitatea hobetzen lagunduko du, Thao mutil azkar baina lotsatiari adoretsu izaten lagundu eta lana lortuko dio, Sue izan ez zuen begietako alaba bezala duen artean.

Baina gangsterrek azken kolpea eman nahiko dute eta Thao eraso eta Sue bortxatuko dute Waltek gangsterrei egindako “bisita” baten ondoren. Berriz ere bere iraganeko akatsek inguratua, Waltek hasitako borroka amaitu nahiko du. Eta bere beldur guztiak uxatuko ditu, berrogeita hamar urtetan, Koreako gudatik ekarri zituenak eta behar bezalako gizona izaten utzi ez ziotenak.

Nick Schenkek idatzitako istorio orijinalak inolako asmorik ez bazuen ere, Eastwoodek iraganean egindako pertsonaiak irudikatzen dira Walten rolean eta horrek egin zuen apropos egin ez arren Clinti ezin hobe egokitzea papera. Waltek Dirty Harry zahar bat dakarkigu burura, umore txarrekoa, etengabeko aipu politikoki ez zuzenak, egoera zailei aurre egitera prest nahi izan gabe ere. Horren saihestezina da konparaketa, pelikula estreinatu aurretik esaten zela Harryren sagako azken filma zela Gran Torino. Eta keinuak baditu. Emaztearen hileta elizkizuneko eszenan Walter aurkezten zaigunean aurpegiak eta gorputzak (bere aurreko papera izan zen Million Dolar Babyn baino argalago azaltzen da) Harry aurkezten digute. Bitxikeri bezala, esan behar da Clintek azkeneko eszenetako batetan eramaten duen txandal praka, Harryren azken filma izan zen The dead poolen Dirty Harryk entrenatzerakoan erabili zuen berdin berdina da.

Zurrumurruek ere esan dute Gran Torinorekin Clin Eastwoodek agur esan diola antzezteari. Ez dakit egia izango den, baina azken eszenak bere pertsonaiei, eta berari eginiko omenaldia ematen du, nolabaiteko agurra. Hala iruditu zait niri behintzat.

Pelikula ez da aipatu ditudan pelikula bikain horien parekoa, baina nahiko ona da. Berriz ere datorkigu Eastwood akziozko pelikula dibertigarri batekin baina pelikula bikain horietan bezala zabaldutako giro eta pertsonai ilunekin. Ikusteko guztiz gomendagarria.



Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

et cetera
%d bloggers like this: