AbainGoardia











{2009/09/18}   Vision Tunel “La discordia original”

tunel-discordia-webVision Tunel “La discordia original”

7″, 2009, Mago Fermin, The Plutonik People

Vision Tunelek bere lehen binilo kaleratu du, txikia bada ere, atzean duen ibilbidearen ondoren.

Zaragozar taldea 2000. aldera sortu zen gaur egungoa den oso bestelako formatuan. Post-rocka egiten duen laukotea, 2001. urtean Criatura eta Le fil d’Arianne taldeekin elkarlaneko CDa argitaratu zuten Mala Raza banatzaile zaragozarraren laguntzarekin. 2002. urtearen amaieran beren lehen lan luzea aurkezten dute aldaketa nabariekin formazioan: boskote izatera igarotzen dira musikari trukaketen bidez eta ordura arte zuten gizonezko ahotsa aldatzen dute Criatura taldeko neska abeslaria jarriz. Diskoak harrera bikaina du, oso zuzena, gozoa, intentsitate handikoa, berehala agortuko zen. Eta zuzenekoak ematen hasiko dira etengabe, gure artean sarritan izan direlarik. 2004. urtean disko berri bat grabatzen dute baina ez dute argitaratzen eta grabazio hartatik argia ikusiko zuen abesti bakarra Gancho Sonoro Social Club 2000-2004 bilduman agertuko zen “Corrient.v.” kanta izango zen (pena bat, kantak entzun ahal izan ditugun askok buruari galdetzen baitiogu zergatik ez zituzten argitaratu). Aldaketak izaten dira berriro eta denbora luzearen ondoren, 2007. hasieran beren bigarren CDa argitaratzen dute, Vacio izenekoa, husturaren inguruko disko kontzeptuala bezala definitzen dutena. Ez da aurrekoa bezain zuzena baina baditu kantu on mordoa, emo argienetik, jazz pasarteetara igarotzen direnak.

Eta horrela egungo single honetara heltzen gara. Azkeneko formazio aldaketaren ondoren Bonbereneara joaten dira hiru kanta grabatzera. Diskoa “La discordia” kantak irekitzen du, orain arte egin dutenaren lagin dotorea. Emozioz betea, gitarra ezberdinek egiten dituzten melodia ezberdinek apaindua, oinarrizko erritmo indartsua eta ahots nagusia gozotasunetik bibratzera igarotzen dena.

“Terricolas: Habitantes de la tierra” tarteko abiadurako erritmo errepikakorrez sortua dago abeslariak kantatzen digun mezua argi jasotzeko, non gizakien jarduera eta hauskortasunaz hitz egiten duen (edo hala ematen du, oso kriptikoa baita letra).

Biniloaren B aldean gehien gustatu zaidan kanta aurkitzen da, “El dia que solte los globos a pie de carretera”. Izen luze zein bitxi honen atzean abesti geldo bat aurkituko dugu, non gitarraren doinuen atzean baxua aurkitzen dugun nota bakan batzuekin zorua jarriz eror ez gaitezen, bateriak lokartu ez gaitezen kolpe bigun ezberdinak ematen dituen artean. Eta berriz ere ahotsaren gozotasunak bereganatzen gaitu. Abestiari falta zaion gauza bakarra instrumenturen bat gehiago izatea da, batzuetan biluziegia ematen baitu, baina tronpeta (aurreko diskoan egin zuten bezala), biolin edo biolontxelo batek sakontasun gehiago emango zioketen kantari. Bestela ere, kantu ederra da.

Diseinu ederrekoa, aurreko lanetan ohitu gaituzten bezala minimalistak izan arren gauzak behar bezala eginez emaitza onak egin daitezkeela erakusten digute. Biniloa pisu handikoa da (ohiko berrogei gramo ingurukoen aurrean, hirurogeita hamar pisatzen du honek) eta honek presentzia handiagoa ematen dio. Disko eder hau http://www.magofermin.org web orrian eska dezakezu edo deskargatzen ahalegindu zaitezke taldearen web orrialdean, http://www.nohayluzalfinaldeltunel.net, eta bide batez harritzen zarete orriaren diseinuarekin.



Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

et cetera
%d bloggers like this: