AbainGoardia











{2009/10/04}   Ongi Etorri Txabi

Atzo Bilboko Alde Zaharrean Xabier Aretxaga Llona preso ohiari ongi etorria egiten zitzaion. Hamabi urteren ondoren Irailaren 20an aske geratu zen eta egun berean lehen harrera egin zitzaion, baina omenaldia falta zen oraindik.

Ekitaldia 19:30etan hasi zen Unamuno plazan, bertsolari eta txalapartari eta albokarien harrerarekin. Hantxe abisatu ninduten egin behar nuen interbentzioa Someran egingo zela.

Txabi Likiniano Elkartean aritu zen gartzelara eraman aurretik eta behin kalean izanda Likinianoko kide ohiek eztabaidatu ondoren erabaki zuten Gatazka Guneko norbaitek hitz egitea. Asmatu nori egokitu zitzaion?

Minutuak igaro ahala urduritzen ari nintzen. Imajinatzen nuen libratuko ninduela paperean idatzitako gidoiak, espontaneoki erdia ahaztuko baitzitzaidan.

Kalejira hasi zen. Garai berrien ondorioa, nola orain elkartasuna delitua izatea nahi duten, ongi etorrientzako (zein beste ekitaldietarako) imajinazioa erabiltzen hasi behar da. Kalejirak Unamunotik Barrenkalerako bidea hartu behar zuen, baina ez ginen Unamunotik atera Rudolfen neska-mutilak azaldu zirenerako. Jendeak zeramatzan presoen afitxak kendu eta hauek zeramatenak identifikatu ondoren ekitaldia desegiteko minutua genuela agindu zuten.

Taldetxotan desegin ginen, baina pixkana hurrengo elkar puntura joan ginen. Geureak abantaila zuen, omenduarekin baigindoazen, beraz geu itxaron behar gintuzten. Despiste baten ondoren, Barrenkale ondoko triangeluan ginen (Ormaetxe tabernaren aurrean), eta han dantzari batek Aurreskua dantzatu zion Txabiri eta Arantza Urkaregik (auzoko azken preso askeak) txapela eman zion.

Handik berriro Zamudioko atarirantz joan ginen, Erronda Kalea hartu eta segituan Solokoetxeko eskaileretan geldituz. Han esaldi batzuk esaten ziren artean, bi gaztek Solokoetxeko eskaileren erdian bi bengala piztu zituzten Txabiri ongi etorria egiten zion pankarta erraldoiaren gainean. Bertan esan zitzaion Txabiri aurreko harreran Errondabiden egin bezala, Zazpi Katu Gaztetxetik bere argazkia kendu behar zuela, beraz han genuen hurrengo geldialdia.

Ez ginen guztiok igo, baina baginen nahikotxo. Gaztetxeko kideek ipuin polita egin zuten Txabiren askatasunaren inguruan, kaletik oihuak zetozen artean. Rudolfen neska-mutilak korrika zetozen gugana eta Gaztetxekoek, beren harrera eten gabe, sarrera erabat blokeatu zuten.

Artean, esan zidaten egoera zela eta, han egingo nuela nire zatia. Jada ezinegonean nintzen, zenbait adiskide agurtzen nituen eta haiek “Zer moduz” eta nik “Oso urduri”. Kaleko egoeragatik zela uste zuten, baina kalean zegoenak ez zidan inola ere ardura.

Gatazkako kide bezala aurkeztua, erdira joan eta nire interbentzioa egin nuen:

Fidelek esango lukeen bezala, motz arituko naiz, zuri bezainbeste gustatzen baitzaizkit gauza hauek.

Gogoan dut nola Likiniano zein DDT Banaketaken inplikatzen hasi nintzenean, disko zein liburuak banatzen Ezkerraldean, biltegia zeharkatu behar nuenean kutxa pare bat ikusi ohi nituela Txabiren izenean eta arreta pizten zidatela.

Denbora igaro eta inplikazioan igo ahala ohartuko nintzen Gabonak heltzerakoan postal ederrak jasotzen genituela presondegitik Txabiren izenean eta orduan galdetu nien kideei nor den Txabi.

Urteak igaro ziren eta jendea joan eta jendea etorri da eta Txabiren presentzia fisikoa urruna bazen ere gure artean tokia izan duzu beti zure hitz gozoak barneraino heltzen zitzaizkigulako. Denboraren poderioz Gatazkan gaudenok hitz haiei erantzuna eman nahi izan genien jakin zezan behintzat pertsonalki ezagutzen ez gintuen jende multzoa nor ginen. Horrela, azken Gabonetako postalari erantzun luzea eman nion, gure arten ez direnei idatzitako nire lehen gutuna, aurretik adiskideak izan baditut ere espetxeratuak (baten bat ikusten dut orain hemen).

Baina kaxek hor jarraitzen zuten, gogora ekarriz ez zeundela hemen, liburuak, aldizkariak zein beste afizioak, gogoetak, jakinmin zein burutazioak trukatzeko.

Hamabi urteren ondoren gure artean zara berriz ere eta lehen ongi etorriaren ondoren Gatazkatik azaldu zinen iragan astean bertaakook agurtzera… eta kaxa madarikatuak suntsitzera, horren lekuko direlarik ateratako argazkiak.

Zurea da oraingoz txikitu den azken kaxa, oraindik ere badira hamaika kaxa suntsitzeko eta hori gogoan izan beharko dugu beti, inork ezin dezake halakorik ahaz dadin behartu, kaxen atzean diren pertsonak direlako behar ditugunak.

Guztiok egunerokotasunean independentzia osoa borrokatu behar dugulako, PRESOAK KALERA AMNISTIA OSOA!

Eta segituan Gatazkaren izenean liburu pare bat oparitu nizkion.

Amaiera modukoa eginez, Txabik, neu baino laburrago arituko zela esan eta eskerrak eman zizkigun han ginenoi, egunerokotasunaren borrokara deituz eta barnean jarraitzen dutenak gogora ekarriz.

Baina gauzak ez ziren amaitu. Madrileko agintari eta botere judizialek bultzaturiko aldaketak (errealitatearekin zerikusirik ez duena; aski da ikustea nola gehiengo parlamentarioa izateko aukera politiko bat debekatu behar izan duten; eta nola gehiengo parlamentarioa izan arren, ez dute gehiengo soziala, bozkei begira bakarrik, gehiago baitira abertzaleak madrildar obedientziako alderdien jarraitzaileak baino, baina daukagun hauteskunde sistemari esker, beren botek gehiago balio izan dute) ekarritako Jaurlaritzako agintari berriek beren fobiak azaldu dituzte bost hilabete hauetan. Gatazkari benetako irteerak bilatu beharrean errepresioa eta ezabaketa politiko eta fisikoari bidea eman diote (non da Jon Anza?). Elkartasuna delitu egin nahi dute. Dena debekatzen dute. Erabaki judizialak errespatzen dituztela esanez ahoa betetzen zaien berei arrazoia eman ez zaienean (Arrasateko ekitaldiekin gertatu zen bezala), bat-batean ados ez daudela esan eta hemendik aurrera txosten guztiak Audientzia Nazionalera eramatea erabakitzen dute, han arrazoia emango dietelako. Grazia ematen du nola urte hasieran ezker abertzalearekin hitz egiteagatik epaitua eta Madrilen gaizkiletzat jarri zuten Rudolf bera hilabete batzuen ondoren “betiko demokraten” heroia bihurtu dela (Arrazoia dute. Betiko demokratak dira, orain hogeita hamar urte arte funtzionatu zuen Demokrazioa organikoaren jarraitzaileak ziren). Eta orain Rudolfen neska-mutilak lasaiago daude, lehen egiten zuten lan bera egiten jarraitzen dute, baina orain eskuak askeago eta inpunitate gehiagorekin ibili daitezke.

Esan bezala, gauzak ez ziren han amaitu. Gaztetxetik irteten ari ginela presaka jaitsi behar izan ginen, Solokoetxeko eskaileretatik behera, han ibili ohi diren gazte litroneroak ziztu bizian jaisten ari ziren eta zertxobait motelago beltzezkoak zetozen.

Neuk hemen utzi nuen kontua, minutu lehenago izandako estualdia ahaztu nahi nuen (ez zait publikoki hitz egitea gustatzen) eta etxerako bidea hartu nuen ibaiaren bailaratik behera, besteok beranduago afarian parte hartu behar zuten artean.



Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

et cetera
%d bloggers like this: