AbainGoardia











{2009/10/10}   La Ola

La_Ola-CartelDie Welle (2008)

Zuzendaria: Dennis Gansel

Antzezleak: Jürgen Vogel, Frederick Lau, Jennifer Ulrich, Max Riemelt, Christiane Paul, Elyas M’Barek, Jacob Matschenz, Cristina Do Rego, Maximilian Mauff, Maximilian Vollmar, Ferdinand Schmidt-Modrow, Tim Oliver Schultz, Amelie Kiefer, Fabian Preger eta Odine Johne

Gidoia: Dennis Gansel eta Peter Thorwarth (Story: Johnny Dawkins, Ron Birnbach. Ideia: William Ron Jones. Eleberria: Todd Strasser)

Honakoa iragan urteko film interesgarrienetakoa dugu onartu nahi ez den egoera aurkeztu eta beldurtzen duen galdera egiten duelako: posiblea al da Hirugarren Reicharen moduko gizartera itzultzea? Egia esateko ez gaude oso urrun, nahikoa da ikustea nola hemen jendeak geroz eta interes gutxiago duen politikagatik (bizitza bera politika bada ere), beren bizitzak beste batzuek kudea ditzaten utziz; hedabideek geroz eta albiste-zabor handiagoak eskaintzen dizkigute (erdi egi edo gezurrez beteak, datu ugari gordez edo distraziora zuzenduriko albiste ugari, futbola…); jendea geroz eta berekoiagoa da (atzo esaterako: neuk ez dut Euskotren defendatuko, beraiek Abiadura Handiko Trena kudeatu nahi baitute; baina atzo langileek Lezaman hildako lankidea gogoratzeko egin zuten egun osoko lan-uztea zela eta entzun nituen aipu gehienak, politikari zein hiritarrenak guztiz lotsagarriak iruditu zitzaizkidan; grebak daudenean jendeari kezkatzen dio gehiago zenbat kaltetzen dion greban diren egoera ezagutzea baino; sarritan diot halakoak entzuten ditudanean pertsona horiek greba egiten duten egunean beren lanera joango naizela hauek izorratzera). Geroz eta kontrol sozial gehiago. Ezberdintasun bakarra da ez dela mutur okerrenera heldu (oraindik).

Galdera hau da filmaren ardatz nagusia, baina ez da lehen aldiz egin dena. 1967an Palo Altoko (Kalifornia) insitutu batean Ron Jones irakasleari galdera egin zioten eta erantzun moduan esperimentua egin zuen, klasean arau zorrotzak jarriz eta bere burua lidertzat jarriz eta mugimendu horri The Third Wave (Hirugarren olatua). Ikasleek gustura hartu zuten eta berehala hasi ziren euren artean espiatzen eta besteak akosatzen. Ondorioek ikaratua, Jonesek bertan behera utzi behar izan zuen esperimentua. Esperimentu hau pelikula oinarritzen den Todd Strasserren eleberria inspiratu zuen.

Filmak Alemaniako institutu bat aurkezten digu. Bertan Proiektuen Astea deitzen duten lana hasi behar dute, zeinean hainbat sistema politiko aurkezten zaizkien ikasleei, hauetako bat aukeratuz ikasgaitzat, horrela komunismoa, anarkismoa edo autokraziaren funtzionamendua azalduz (pelikulan irakasleek dioten bezala, benetako asmoa delarik demokrazi parlamentarioaren beharra ikas dezaten).

Rainer muturreko ezkertiar jatorriko irakaslea da, zeina eskolako ardi beltzat duten ez zituelako ikasketak behar bezala burutu eta bere iragan militanteagatik (besteak beste okupa izan zen). Berak anarkismoa irakatsi nahi du baina autokrazia irakastera behartzen dute.

Bestetik ikasle ezberdinak aurkezten zaizkigu, taldeak nahiko eredu amerikarrekoak ematen diruditelarik: Caro neska popularra, bere mutil-lagun Marco guapo eta waterpolo jokalaria, mutil istilutsuak (tartean turkiar jatorriko beste waterpolo jokalari bat), Tim mutil itxia, matematika aditua, Monna neska managaitza…

Autokrazia klasea hastean Rainer galdua dago, ez dauka behar bezala prestatua eta ikasleak bere kontura trufatzen hasten dira eta une horretan esaldia botatzen dute: “Bai, Hirugarren Reicha oso txarra izan zen. Hamarkadak daramatzagu hori ikasten. Ez da posible Hirugarren Reicha errepikatzea”. Eta Rainerrek galdetzen die: “Hori uste al duzue benetan?”. Eta horrela ideia sortzen zaio. Hemendik aurrera Wenger jauna deitu behar dute, zuzen izan behar dira eseriak eta soilik hitz egingo dute galdetzen zaienean eta aulkitik altxatu beharko dira erantzutean. Pixkana martxa militarrak praktikatuko dituzte gelan eta bertan ikusiko dugu nola Tim beldur ematen hasiko den agindu guztiak gustura beteko baititu eta taldean seguru sentitzen delako. Esperimentua lotsagarritzat hartuta Monnak klasea utziko du.

Biharamunerako uniformea erabiltzen hasiko dira: alkandora zuria eta praka bakeroak. Carok ez du onartuko eta ikusiko du nola baztertzen hasiko diren, taldearen izena hautatu behar denean ez dio Rainerrek hitza emango uniformea ez eramateagatik eta Marcoren izena onartuko da, Die Welle, Olatua.

Pelikula aurrera joan ahala ezinegona handituko zaigu. Web orri bortitza egingo dute, hirian zehar taldearen logoa margotuko dute, borrokak izango dituzte beste taldeekin (batik bat anarkistak, nola ez, estereotipoetatik ateratzen ahalegindu gabe, punkak izango direlarik anarkista bakarrak), eta beste pertsonak presionatzen hasiko dira.

Carok taldea utziko du eta kontrainformatzen ahaleginduko da erokeria gelditzeko, Rainerri abisatu ondoren ezertarako balio izan ez duela ohartzean.

Egoera gaiztotuko da, gazteak talde bezala pentsatzen dute, edo pentsatzeari uzten diote talde bezala erantzunez. Waterpolo partida batetan sekulako liskarra sortuko dute eta Marcok, mugimenduko buruetako bat, erokeriaz ohartu eta Rainerri gelditzea eskatuko dio.

Rainer kalteez jabetzen da, jada bere emazte irakaslearekin liskarrak izan ditu eta utzi du eta Timek benetan beldurra ematen du, edozer egiteko gai dela erakusten du Olatuaren alde. Esperimentua gelditu behar du.

Luzemetraia ikusgarria da, benetan izua sortzen duelako gure baitan eta erakusten digulako ez dela oso urrun muturreko gizartea (autokraziatik gertu diren sistema sasidemokratikoak egonkortzen ari gara jada).die-welle-escena-final



Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

et cetera
%d bloggers like this: