AbainGoardia











{2009/10/12}   Katyn

katyn_webKatyn (2007)

Zuzendaria: Andrzej Wajda

Antzezleak: Magdalena Cielecka, Andrzej Chyra, Jan Englert, Agnieszka Glinska, Maja Komorowska, Wladyslaw Kowalski, Pawel Malaszynski

Gidoia: Przemyslaw Nowakowski

Bi urte igaro badira ere, orain aurkezten digute II. Mundu Gudako atal ilunenetako bat pantailetan. Andrezj Wajda zuzendari beteranoak (80 urte pasatxo) Katyngo basoan (Smolensketik kilometro gutxira eta filmaren arabera Moskutik 400 kilometro ingurura) Ejerzito Gorriak eraildako militar poloniarren salaketa egiten digu, zeinaren ezagun den, bere aita hildako kapitainetako bat izan zen. Atal iluna da, Sobietar Batasunak ez baitzuen sarraskia onartu kolapsatu baino urtebete lehenago arte, 1990ean. Kasua ezagutzeko zertxobait atzera egingo dugu.

Poloniako inbasioan bi potentziek izan zuten ardura, Alemania eta Sobietar Batasuna. Hitlerrek zeuzkan handinahikerien artean Alemaniaren hedapena zen. Alemania herri industriala zen, hiperinflazioaren aroaren ondoren garatzeko aukera handiak zituena eta militarki ederki prestatzen zuen, baina garapen guzti hark arazoa zuen bere ustez, alegia, nazio txikiegia zela alemaniar zoriontsu ugari izateko, eta hartarako lurralde berriak behar zituen. Mendebaldera begira dena beteta zegoen (Herbehereak, Belgika, Frantzia…), baina Ekialdera begira Errusian estepa eta zelai ugari zegoen libre (gainera baziren jada kolonia alemaniarrak inguruan), beraz haraino heldu behar zuen. Gerra aurretik agindu zuen urteetan zenbait lurralde beretu zituen (Austria, Txekoslovakiako Sudeteak). Errusiara iristeko akordioak egin nahi izan zituen baketsuki Poloniarekin baina hango Gobernu nazionalista eskuindarrak muzin egin zion eta nola oraindik ez zuen Alemania SESBen aurka borrokatzeko prest ikusten Stalini akordioa proposatu zion. Stalini ere ez zetorkion batere gaizki eta horrela, 1939. abuztuaren amaieran bi potentziek akordioa sinatu zuten, euren Atzerri Ministro Molotov eta Ribbentropek izenpetua, non Polonia bien artean banatuko zuten. Kapitulu honen inguruan badira liburu interesgarriak, nire ustez agian garbiena Sebastian Haffneren El pacto con el diablo da, non bi Guda Handien artean Alemania eta Errusiaren arteko erlazio bitxiak azaltzen diren ezin hobeki.

Filmak badu gustatu ez zaidan gauza bat eta hori nolabait da Polonia biktima huts bat bezala aurkeztea. Esan bezala, Polonian Gobernu nazionalista eskuindar bat zen buru (garai horietan Europako Ekialde eta Erdialdean arrunta ematen zuen, Hungaria eta anexionatu aurreko Austria besterik ez ziren begiratu behar) eta beraiek ere hedatu nahi izan zuten (Itsasorako korridore estua zabaldu nahi zuten Danzig hiri libre alemaniarra, egungo Gdansk hiri poloniarra erreklamatuz, esaterako) eta Polonia bera izan zen 1938an Hitlerrek Txekoslovakia zatitzeko asmotan Munichen izandako akordioan bere zatia eskuratu zuena, nazioaren eskualde bat bereganatu baitzuen (1939an, guda aurretik, Hitlerrek Txekiatik geratuko zen zati bat okupatuko zuen, Eslovakiako eremu txiki bat geratuz libre). Beraz Polonia ez zen santua. Baina horrek ez du desegiten bertan izandako sarraskia.

Filma 1939ko Irailaren 17an. Guda Irailaren lehenean hasi da, alemaniarrek Polonia inbaditzean, jendea ihesean da ekialderantz, baina egun hartan Ejerzito Gorriak berdina egiten du eta Polonian kaosa da errege, Gobernuak ihes egin behar baitu eta hiritarrek ez dakite nora ihes egin. Bertan aurkezten zaizkigu Anna eta bere alaba Nicka, poloniar ejerzitoko kapitaina den Andre senar eta aitaren bila dabiltzanak. Ejerzito Gorriak poloniar ofizial guztiak atxilotu ditu, kapitulatu baitzuten. Aurkitzen dute eta ihes egin dezan erregutzen diote, baina berak ejerzitoari leialtasuna aldarrikatu eta sobietarrek ekarritako trenetan igotzen da atxiloketa gune baterantz.

Batetik ikusiko dugu Anna, Krakoviara itzultzeko ahaleginetan eta iragarri nahi izan ez den kapitulu horietako bat ikusiko dugu: nazi eta sobietarren komisio misto batera jo behar du Krakoviara itzultzeko. Lehenengo eszena hauetan ikusten da bi ejerzitoen arteko hasierako adiskidantzak. Ofizialen emazteak laster arriskuan izango dira, Ejerzito Gorriak atxilotzeko agindua jasotzen baitu laster eta Annak ofizial hauetako baten laguntza izango du, NKVDaren buruekin (barne ministeritzakoak eta zerbitzu sekretukoak) arazoak izan arren (gaztelerazko bikoiztean obsesionatu dira NKWD deitzen).

Bestetik Andre ikusten dugu bere ofizialak animatu nahian Kozielskeko atxilotuen esparruan, bere jeneralarekin batera, eta bere adiskide Jerzy eta Pilot teniente ezagutzen ditugun (zeinen inguruan, edo bere familien inguruan, kokatzen den filma). Laster ikusiko da beren patua. 1940.eko udaberri aldera ia ofizial guztiak bidaliko dituzte Katyn aldera.Katyn_trena_web

Filmak salto egiten du 1943. urtera arte. Krakovia naziek okupaturiko eremuan da eta bertan ofizialen senideek desagertuen berri izan nahi dute. Alemania eta Sobietar Batasuna ez dira aliatuak 1941. urtetik, Hitlerrek Bizargorri Operazioa agindu zuenetik, Errusia inbaditzea, alegia. Katyngo basora heldu dira eta han ofizial poloniarrak hilobiratu diren hobi komunak aurkitzen dituzte. Errusiarren ankerkeria salatu nahi dute, benetako gaizkileak haiek direla esateko (esparru guneetan gas kamerak erabiltzen ari diren artean). Han jasotako ondasun ugari bidali dituzte Krakoviara eta jeneralaren emaztea deitzen dute deklarazio bat egin dezan errusiarren aurka baina uko egiten dio, ez baitu naziekin kolaboratu nahi. Katyngo hildakoen berri ematen da kaleetan megafonia bidez.katyn_krakovia_web

1945.eko urtarrilean errusiarrek alemaniarrek okupaturiko eremua “askatzen dute” eta ordutik Polonia sobietar eraginpean da. Annak azkenik Andreren berri izango du Jerzy NKVDren menpeko den poloniar ejerzito berriko ofizial bezala itzultzen denean. Denek uste zuten Jerzy hil zela, megafonia bidez bere izena aipatu baitzen, baina berak argituko dio hildakoa Andre dela, une hartan hark bere izenean zen jertse bat zeramalako. Jerzy errudun sentitzen da, libratu zen bakanetakoa baita eta orain hiltzaileentzako lan egiten duelako eta bere buruaz beste egiten du. Annak era berean Tadeusz iloba aurkituko du, gizondua jada eta mendeku gogoak dituena. Asaldatuta, sobietar propaganda kendu eta ihesean jeneralaren alaba Eva aurkitzen du bidean eta laguntzen dion artean beraz maiteminduko da, gauza inora ez badoa ere.

Bestetik Pilot tenientearen familia ikusiko dugu, zeinak duinki oroitu nahi duen eta hartarako hilarri bat enkargatzen dute non benetako erailketa data ematen den (sobietarrek ez dutenez erailketak bere gain hartu nahi, alemaniarrak Errusian zireneko data bat ematen zuten ofizialtzat) eta arazo ugari ekartzen dizkie.

katyn1_webFilmaren amaieran, Annak bere senarraren egunkaria jasoko du klandestinoki, zeina 1940.eko Apirilaren 4an amaitzen den. Hortik ikusiko dugu ofizial hauen amaiera: Batzuk atxiloketa gela batzuetara eramaten dituzte banaka, non tiro bat jasotzen duten garondoan eta beren gorpuak handik Katyngo basora eramaten dira. Beste batzuk zuzenean eramaten dituzte basora eta han erailak dira hobi komunen aurrean.katyn_basoa_web

Pelikula honek esan bezala Historiaren atal beltz bat aurkezten digu, zeinak gogora ekartzen digun Errusia estalinistaren ankerkeria eta bere jokaera Mundu Gudan, Alemania Naziarekin izandako harreman berezi hura (komunistek onartu nahi ez dutena) aireratuz.



Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

et cetera
%d bloggers like this: