AbainGoardia











{2009/10/24}   El imaginario del Doctor Parnassus

imaginarium_of_doctor_parnassus_webThe imaginarium of Dr.Parnassus (2009)

Zuzendaria: Terry Gilliam

Antzezleak: Heath Ledger, Christopher Plummer, Lily Cole, Tom Waits, Verne Troyer, Andrew Gardfield, Johnny Depp, Colin Farrell eta Jude Law

Gidoia: Terry Gilliam eta Charles McKeown

Heath Ledger eta Christopher Plummer

Heath Ledger eta Christopher Plummer

Terry Gilliam bueltan datorkigu film entretenitu, arraro zein zertxobait lisergikoarekin. Monty Pithon komikoen taldekide bezala eman zen ezagun mundura (nahiz eta bere papera taldean bigarren mailakoa iruditu, zuzendari bezala lan gehiago egin baitzuen antzezten baino). Filmografia luzea du non ikusten den irudimenerako gaitasun handia duela, taldekideekin batera eginiko Monthy Pyton and the Holy Grial (Los caballeros de la mesa cuadrada) eta The meaning of life filmaren hasierako The Crimson Permanent Assurance laburmetrai xelebrea egin ondoren (The Life of Brian bikaina Terry Jones taldekideak zuzendu zuen) bakarka hasi zen taldearen amaiera heltzean (tartean Jabberwocky, La bestia del reino, eta Time Bandits, arraroak egin zituen). 1985an Brazil egiten du, Orwellen 1984 nobelaren moldapen benetan bitxia. Ondoren etorriko da The adventures of Baron Munchausen, askok esaten dute porrotik handiena izan zela eta baita 80. hamarkadako film garestienetakoa. 1991an kritikoen arabera Hollywoodeko komertzionaltasunari men egiten dion lehen filma aurkezten du, The Fisher King. 1995ean Twelve Monkeys dibertigarria egiten du non Bruce Willis denbora bidari behartua eta Brad Pitt ekologista militante eroa diren. 1998an Fear and loathing in Las Vegas interesgarria egiten du non lehenbizikoz lan egiten duen Johnny Deppekin batera. Urte askoren ondoren, 2005ean itzultzen da kritikoen araberako bere bigarren film komertzialarekin, The Grimm Brothers, non bertan lehenbizikoz elkartuko den Heath Ledgerrekin. Eta aipagai dugunaren aurretik Tideland egin zuen. Beraz filmografia bitxi zein interesgarria du zuzendari honek.

parnassus2_webAipagai dugun filmak zailtasun handiak izan zituen eta horrek nolabait Terry Gilliamen madarikazio aura handitu zuen. Izan ere aurretik, On Kixoteri buruzko filma egin nahi izan zuen eta arazo ugariren ondoren pelikula bertan behera geratu zen (Orson Welles handiari berdin-berdina gertatu zitzaion bere garaian), horren lekuko Lost in La Mancha dokumentala delarik (badiote orain proiektua berriro hartuko duela). Oraingoan arazoa oso bestelaka zen. Antzezle nagusia zen Heath Ledger hilik azaldu zen 2008aren hasieran The Dark Knight filman eginiko Jokerren paper ikusgarri zein ikaragarria amaitu ondoren (Oscar saria jasoko zuen hil osteko sari bezala. Paper oso ona bete zuen, baina egia esateko, nire ustez hil izan ez balitz ez zioketen saria emango). Gilliamen filma grabatzen hasia zen zendu zenean eta arazoak ekarri zituen, aurrera egiteko aukerak ezberdinak baitziren: hamabost urte lehenago Brandon Lee The Crow filmaren erdian hil zenean egin zen bera, alegia, aktoreak aurretik grabatu zituen eszena batzuetatik bere irudia atera ordenagailuaren bitartez; edo, esaterako, haren aita Bruce Leerekin gertatu zen bezala, beste batek amai zezala pelikula. Segituan ikusiko dugun bezala, hautua azken bide honetatik joan zen.

Filmari lotuz, pelikulak Parnassus Doktorea aurkezten digu, Christpher Plummerek antzeztua, zeinak zirku ibiltari xelebrea duen non lan egiten duten Persival ipotzak (Verne Troyer), Anton gazteak (Andrew Garfield) eta doktorearen alaba Valeriek (Lily Cole). Parnassusek milaka urte dauzka, historiaren garai ilunenetan monjea zenean apustua egin zuelako deabruarekin, Nick izena duena (rola urte gutxi batzuetatik hona bere ospea berpiztu den Tom Waits musikariak hartzen du). Parnassusek “irabazi” zuen (deabruak engainatu eta irabazten utzi zion) eta hilezkortasuna ematen dio, inoiz seme-alabarik izanez gero, bere jabe izaten utziko diolarik hamasei urteak betetzen dituenean.

Alabak hiru egunen buruan hamaseiak beteko ditu eta Parnassus patua saihesten ahaleginduko da, eta Nickek beste apustu bat proposatuko dio. Alabak hamaseiak betetzen dituen egunerako bost arima bereganatzea lortzen badu alaba libre utziko du.

Zirku ibiltari xelebreak atrakzio bakar zein ikusgarria du. Marko magiko bat iragaten denean Parnassusen imajinazio munduan sartzen zara eta horrek zoriontasunera eraman zaitzake, edo, Nicken tranpan sartuz gero, hiltzera eramango zaitu.

Tartean urkatzetik salbatzen dute Tony Shepard, Heath Ledgerren pertsonaia. Ez omen du bere iragana oroitzen eta salbatu izanaren trukean zirkuan parte hartuko du. Baina alde iluna du, aurkitzen dituzten egunkari puzketako lehen orrietan bere argazkia azaltzen baita. Era berean Valerie gaztea erakarriko du, Anton jeloskor jarriz, bien artean amodio jaiogabea baitago. Ledgerrek utzitako papera nahiko ongi egina dago, zertxobait zaputza, paranoikoa, argi-itzal askotakoa eta zenbait tik dauzka ikaragarri gogoratzen dutenak Joker bera (hil zenean, esan zuten bere etxean egunkari bat aurkitu zela non zenbaitetan nahastu egiten ziren Heath eta Jokerren aipuak, kontzientzi handiarekin egin baitzuen papera).

Johnny Depp

Johnny Depp

Bost arimen bila hasten dira eta horretarako Tonyk zirkuaren itxura eraldatzen du askoz erakargarriago egiteko. Lehen arima markotik iragatean bera ere sartuko da eta hemen dator Ledgerren heriotza saiesteko gidoian egindako aldaketa. Fantasiazko mundura iragaten diren bakoitzeko Tonyren aurpegia aldatzen da eta horrela lehen sarraldian Johnny Deppen aurpegia hartzen du. Esan behar da lehenaren hutsunea bete zuten hiru antzezleen artean berea da sinesgarriena, itxura aldetik antz handiagoa izateaz gain, bere tik ezagun askok zerikusi handiagoak baitituzte pertsonaiak egindakoekin.

Errusiar mafiosoak saihesteko sartzen den bigarren aldian Jude Law izango da Tony berria, nire ustez ezbairik gabe sinesgarritasun gutxiena duena, bi pertsona ezberdin ematen baitute eta agian gehiegizkoa delako bere antzezkizuna, sartzen den fantasiazko munduan, lisergikoenean, bera da lisergikoena.

Jude Law

Jude Law

Data heltzear denean Nick Valerieren bila dator eta engainuen artean Tonyk neska gaztea sartuko du markoan Antonek jarraituko dituelarik bere begiko neskar salbatzeko. Orduan hirugarren aurpegia ikusiko dugu, Colin Farrellek betetzen duena, ez dena ere Tony orijinalarekiko oso antzekoa, baina behintzat onartu behar da egiten duen gizon zekenaren papera ona dela.

Lily Cole eta Colin Farrell

Lily Cole eta Colin Farrell

Pelikula entretenitua da, hasieran iruditu zitzaidan La bestia del reino edo Time Banditsen gertatu zitzaidan bezala gogorregia egingo zitzaidala arraroegi izateagatik baina azkenik engantxatzen zaitu, nahiz eta benetan Jude Law azaltzen den eszena gustatzen ez zaidan uste baitut fantasia gehiegi sartu nahi izan dutela. Pelikula gomendagarria benetan.



Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

et cetera
%d bloggers like this: