AbainGoardia











{2009/11/01}   Grupo Armado

grupo-armado_webGrupo Armado

Tomas Pellicer

ISBN 978-84-613-1240-5

382 orrialde

2009ko Apirila

Autoekoizpena

Pixkana Estatu espainiarrean zein Euskal Herrian izan diren talde armatu ezberdinen inguruko obrak argitaratzen ari dira. Halakoek gogora ekartzen dute belaunaldi gazteei bereziki halako gauzek erakartzen dietela, iraganeko kontuak bezala, nagusien batailatxoen modukoak, azken finean erromantikoagoa da istorioak irakurtzea edozein mailan (ez da behar talde armatu batean aritzea arukariari aurre egiteko) borrokatzea. Urte batzuetatik hona talde ezagun gehienak aipatu dira eta horren lekuko aipagai dugun liburuan sakondu aurretik zeharka aipatuko ditugun liburuak.

eta1958_web2ETAren inguruan liburu piloa argitaratu da, baina zabor guztien artetik nabarmentzen diren bakanetakoak Txalaparta argitaletxeak argitaratu dituenak dira. Azkenekoa ETA 1958-2008. Medio siglo de historia entsegua da, Iker Casanovak idatzia eta zoritxarrez aurkezteko aukerarik izan ez duena, argitaratze dataren inguruan espetxeratu zutelako. Liburua oso objektiboa da, datu piloa jasotzen du eta historian zehar izandako batzar guztiak, zein eztabaida eta zatiketa guztiak. Baina ez dena. Badira oso gainetik aipatzen diren gaiak (ETA (p-m) arin zeharkatzen du) eta aipatzen ez direnak. Baina liburu nahiko oso honek badu gustatzen ez zaidan gauza, alegia, beste testu batzuen nahasketa dela. Alegia, Txalapartak aurretik argitaratu zituen Luigi Bruniren ETA. Historia política de una lucha armada, Giovani Giacopuzziren ETA. Historia política de una lucha armada Parte 2 eta La tregua, eta GARA egunkariak 2005-2007ko azken prozesua amaitu zenean ateratako iruzkin lodia irakurri bazenituen aurretik, Iker Casanovaren liburua irakurri duzu jada, fusilatu dituela ematen baitu.

etapm_web2Esan bezala, Iker Casanovaren liburuak ez zuen ETA PMren esperientzia behar bezala aipatzen, nabaritzen zen ez zela bere gustukoa. Ordea, izandako ibilbide harrigarri zein bitxitik irakaspena interesgarriak ateratzen dira eta nahikoa da ikustea nola berea ez zen arren, polimilien tesi batzuk (zein militante ohi batzuk ere) sakon eragingo zutela urteen ondoren ezker abertzalearen baitan. Guzti hau ezagutzeko benetan interesgarria da irakurtzea Giovanni Giacopuzziren ETA PM. El otro camino.

comandos-autonomos_web2ETA (eta haren zatiketa ezberdinak) ez da Euskal Herrian izan den talde armatu bakarra. Beste zenbaitzuk izan dira beren ibilbidea izan zutenak eta ezagunenetako bat, izan zuten oihartzunagatik, Komando Autonomo Antikapitalistak izan ziren. Alderdi zein erakundeekiko autonomia eta boterea batzarretan aldarrikatzen zuten talde ezberdinak, 70. hamarkadaren amaieran eta 80.aren hasieran puri-purian izan zirenak. Haien inguruko testu interesgarrienak (oraingoz), Likiniano Elkarteak argitaratu zituen Comandos Autonomos. Un anticapitalismo iconoclasta eta Komando Autonomoak. Sasiaren arantzakada izan ziren. Lehenak taldeen jatorri teoriko eta politikoak sakontzen zituen eta gehigarri benetan interesgarriak zituen, hala nola KAA eta ETA (m)-ren arteko eztabaida teorikoak. Bigarrenak taldeen historia osoa jasotzen du, hasieratik amaiera lazgarriraino, baita ondoren izango ziren presoekiko elkartasun ekimenak ere. Iragan urtean beste liburu bat argitaratu zen Katalunia aldean Emboscada en Pasaia. Un crimen de Estado izenekoa, non ikertzen den Enrique Casas senataria hil ondoren Pasaiako badian poliziak prestaturiko tranpa non hil zituzten KAAetako lau kide eta bat ozta-ozta atera zen bizirik. Liburuak testuingurua nahiko ongi islatzen du, baina ez du KAAei buruz ia ezer aipatzen, azkeneko atal oso azalekoa besterik ez.

iparretarrak_web2Ipar Euskal Herria ez da soilik Hegoaldeko iheslarientzako babeslekua izan. Urteetan Iparretarrak aritu ziren Euskal Herriaren eskubideak aldarrikatzen eta azken urteetan autonomia proiektua bultzatzen (gogora dezagun Iparraldean ez dutela sikiera departamentu propiorik eta ez da Ipar Euskal Herria zein bere kultura ezagutua). Eneko Bidegainek Iparretarrak. Erakunde politiko armatu baten historia liburu polita osatu zuen 2007an, non ibilbide osoa islatzen den, hasiera, ETArekin izandako liskarrak, amaiera. Interesgarria da izandako beste taldeen inguruan egindako atala non ikusten dugun nola KAAen antzeko planteamenduak izan omen zituen Hordago taldea existitu zela esaterako.

mil_webEstatu espainiarrean beste taldeak izan dira. Alikorniok MIL taldearen ibilbide politikoa egiten du Sergi Roses Cordovilaren El MIL: Una historia politica liburu bikainean. Muturreko Burutazioak argitaletxeak erakusten digu nola talde independenteak izan ziren estatuan (Grupos Autonomos izenarekin identifikatuak izango direnak), 70. hamarkadan ziren gogoeta asanbleario zein autonomoen jarraitzaile, eta talde hauetako espetxeratutako kideek idatzitako komunikatuak biltzen ditu Comunicados de la prision de Segovia liburu motzean.

Esan bezala talde piloak badute jada beren inguruan idatziriko obrak, baina badira oraindik haien inguruan idatzi ez den libururik. Euskal Herrian esaterako Iraultza okurritzen zait. GRAPOren inguruan ez nago ziur, ez bainago ziur Kale Gorriak argitaratu zuen Francisco Brotonsen Memoria Antifascista. Recuerdos en medio del camino liburuak bere kartzelaldia besterik ez duen islatzen ala ordea GRAPOn izandako ibilbidea jasotzen duen.

Azken obretako bat izan da hain zuzen talde autonomo eta anarkisten inguruan argitaratu zen Por la memoria anticapitalista, hainbat banatzaile eta argitaletxeren artean argitaratua, non MIL, GARI, COPEL, Valentziako talde autonomiak, Komando Autonomo Antikapitalistak eta beste aipatzen diren (laster liburu honen berri emango dut).

Gaur arte FRAP (Frente Revolucionario Antifascista y Patriota) taldea zen falta zen bakarretakoa. PCE (m-l) alderdiari lotua (Partido Comunista de España Marxista-Leninista), 1973-78 urteean artean aritu zena eta sei puntu programatiko nagusi zeuzkan, zeinen artean nabarmentzen ziren errejimen frankista zapuztu eta iparramerrikar inperialismoa kanporatzea estatutik, Errepublika sozialista eta federatiboa sortzea eta aberastasunaren birbanaketa oligarken ondasun zein latifundioak desjabetuz.escudocolor2

Aurreko liburuetan ez bezala, zeinak ikerketa historikoak diren (imajinatzen dut Brotonsen liburua ezik), Tomas Pellicerrena eleberria da, eleberri historikoa nolabait, militanteen bizitza aipatzen baitu zenbait iturri erabiliz, Diario 16, El Pais, Informaciones eta La Vanguardia Española egunkariak batetik eta Tribunal de Orden Publico eta haren ordezko Audientzia Nazionaleko sumarioak batik bat.

Liburuak 1976 eta 1980 urteak ditu mugarri. Pena bat da, izan ere lehen urteak ez dira aipatzen, non ziurrenik ezagun diren frankismoak nahi izan zuelako bere hiru militante (Xose Humberto Baena Alonso, Jose Luis Sanchez Bravo eta Ramon Garcia Sanz) ETAko Jon Paredes Manot Txiki eta Angel Otaegirekin batera historian geratzea errejimenaren azken fusilatuak bezala 1975eko Irailaren 27an (ordutik Gudari Eguna bezala ezagutzen den data). Baina hasierako urte horiek ez dira aipatzen eta horren arrazoi nagusia izango da egilea, FRAPeko kidea, aipatutako urteen artean izan zelako taldeko militantea.

Eleberria bost ataletan banatzen da. Lehenak La cruz de la pandereta du izena eta 1976ko hasieran hasten da, bi pertsonai nagusiek, Eusebio eta Ramiro, muga zeharkatzen dutenean alderdiaren aginduz, Estatu Frantsesean FRAPeko taldeak egituratu eta errejimen frankistaren krimenak zigortu eta Errepublika Sozialista aldarrikatu ahal izateko indar eta elkartasuna lortzeko atzerriko militanteen artean. Bertan pertsonai ezberdinak ezagutuko dituzte, unibertsitateetan ikasten ari diren hegoamerikar ikasleak, plaestinarrak, komunatan bizi diren gazteak, 68ko iraultza saiakerako gazteak (gauchistak, anarkistak…), non Danielle neska alemaniarra nabarmenduko den, zeinak FRAPen propaganda eramango duen muga zeharkatuz Bartzelonara kotxez, inongo susmorik sortu gabe turista bezala, eta bestetik beste taldekideak elkartuko dira haiekin, Carlos edo Maria, Ramiroren neskalaguna, besteak beste.

Bigarren atalean, Gatos en el foro, alderdiaren agindua jasotzen dute muga berriro zeharkatu eta ekintzak egiten hasteko. Nabarmentzen dut alderdiak aginduak ematen dituenarena, atalean zehar ikusten baita PCE (m-l)-ren joera estalinista dela, dena komiteak zuzentzen baitu eta militanteek bete kritikarik gabe, pasarte batean ikusten da nola Eusebio eta Danielle, muga zeharkatu duena FRAPen aritzeko buru-belarri, prentsa bidez jakiten duten alderdiak legalizatzeko eskaera egiten duen eurek ezer jakin gabe eta Ramirori, alderdia eta taldearen arteko bitarteko bilakatu dena, azalpenak eskatzen dizkiotenean, honek azaltzen die inozokeri bat balitz bezala, zertarako galdegin haiei azken finean.

Ekintzak lapurretak dira batik bat. Bartzelona eta Madril artean egiten dira eta hasieran txikiak badira, supermerkatuetan, pixkana handitzen joango dira, El Corte Ingles eta Banco de Bilbaoraino helduz. Garai horretan ekintza bakarra dute pertsona baten aurka eta hor ikusten da alderdiaren aurpegi estalinistaren beste ezaugarri bat. Helburua alderdiko kide ohi eta orduan ORT-ra igaro den pertsona bat ezabatzea da, alegia, “disidentzia kontrairaultzailea” purgatzea. Eta horrela ikusiko dugu nola bahitzen duten baina ezingo duten hil armak huts egin eta ihes egiten duelako gizonak.

Errekurtso literario dotoreak erabilita ere, atalak erakusten digu nola nahiko arin eta nahasi egiten den narrazioa, bi urte igarotzen baitira (1976 amaiera ingurutik, 1978ko azaroaren amaierara, Konstituzioaren inguruko erreferenduma baino egun batzuk lehenagora arte) bizkor eta gainera badira gertatzen diren hainbat kontakizun sakontzen ez direnak. Horrela ezagutzen ditugu bizkor Marcos Markutxo bizkaitarra, Vivó eta Boronat; ia oharkabean Mariak Ramiro uzten du Vivorekin elkartzeko eta bat-batean banatzen dituzte Vivó Bartzelonako taldeen arduradun eta Maria Madrilekoaren buru izateko; eta atal interesgarrienetako bat agian, 1977an preso politikoei emandako amnistiaren karian beren baitan izandako haustura, batetik alderdia baitago, non Ramirok tokia izango duen, behin amnistiatuak eroso izango diren legalizatu aurretik ere bizi duten egoera erosoan eta talde armatuen beharra zalantzan jarriko duten, hauek nolabait baztertzen joanez. Bizkor eta nahasiegi igarotzen da atala erreferendumaren bozketaren inguruko kanpainan (non PCE (m-l)-k ezezko botoa eskatzen zuen ez zutelako frankismoaren garaiko krimenak epaiturik izan gabeko sistemarik onartu nahi, are gutxiago erregea onartzen zuena) taldeak erortzen diren polizien sarekadetan, taldekideen erdia eroriz, eta beste erdiak ihes egin behar duelarik, Danielle bezala, Frantziara itzultzen dena jada nahiko errea zenean alderdiaren jokaera okerra iruditzen baitzitzaion.

Hirugarrena La naja del kie deitzen da eta bertan lehenik ikusiko dugu Ramiro eta Eusebiok pairatzen dituzten tortura guztiak, Barra nabarmenduz, zeinean hankak gurutzatuz eta besoak haien artean bilurtuz, barra bat gurutzatzen diete honekin eskegiak geratzen direlarik buruz behera bi mahairen artean eta torturatzaileek oin-zoletan kolpatzen dieten etengabe.

Handik Carabancheleko espetxera eramango dituzte, aurreko udan preso sozialek amnistia eskuratzeko egindako matxinadetan (horrela zeharka ikusiko dugu COPELen existentzia) ia suntsiturik geratu zena, seigarren eta zazpigarren galeriak geratuz soilik bizigarri. Kartzelako talde ezberdinak ikusten dira zeharka eta horrela anarkisten lagun egingo dira, galeriako preso politiko bakanetarikoak, eta Torres anaiak ezagutuko dituzte, COPELeko buru nagusienetakoak. Eusebiok ikusten du luze izango direla bertan eta ihes egiten ahaleginduko da, Antonio ijito salatariarengana hurbilduz baliabideak baititu erabat ohartu gabe ere eta berak ihes plan bat eskaintzen diolako. Ijitoarena nabarmentzen dut ia beti erromanieraz hitz egiten diolako ia beti, atalaren izenburua markatzen duena (eta pena bat da itzulpen argirik ez ematea, batzuetan ulertzen bada ere bestetan zaila egiten da). Medius ezagutuko dute, ETAko kidea, jarrera nahiko harroputza erakusten duena eta mespretxagarria preso sozialengana, FRAPeko kideak arazotan jarriko dituena su txikia lapurtzen dioten egunean kartzelariak behartzen dituenean gela guztietatik su txikiaren bila jartzera. Eta era berean poliziaren oldarra pairatuko dute kartzela barruan. Azkenik galeriaz aldatuko dituzte, ihesalditik aldenduz eta handik Segoviara eramango dituzte.

Laugarren atalak El renuncio del revolucionario du izena. Bertan ikusiko dugu nola pixkana elkartzen dituzten FRAPeko zenbait kide preso anarkista eta autonomoekin. Egoeraz baliatuz, Ramiro ahaleginduko da taldearen izate politikoa sendotzen berriro, baina berandu da jada, egindakoak lotzen jarraitzen baditu ere ez dutelako ezer jakin nahi doktrina klasikoez, bere militantetzat publikoki onartzen ez dituen alderdiaz, defendatzen duen ikuspegi estalinistaz. Urteak igaroko dira, ihesaldi saiakerak, epaituak izango dira Audientzia Nazionalean eta, 1980an, alderdia behin betiko legalizatua denean, Eusebio eta beste kide batzuek, egunkariaren bidez beren buruak PCE (m-l) alderdiko militantetzat definituko dituzte eta indultua eskatuko dute, batzuek berehala lortuz eta azken presoek 1982ko Abenduan lortuko dutelarik Felipe Gonzalezen gobernuaren lehen ministro kontseiluak erregeari eskatua.

El tiempo vencido azken atalak eleberriko (eta FRAPen historiako) pertsonaien ondorengo bizitza azaltzen digu, batzuk beren arrastoa ezabatzen lortu zuten, eta besteek beren bizitza berrosatu zuten, baina gehienetan sumatzen da iragana ezkutatu edo ahaztu nahi izatearena.

Liburuak arazo bakar zein garrantzitsua du nire aburuz. Akats estilistikoez beterik dago, min ikaragarria sortzen dutenak begietara irakurtzean: lerro bukaeretan gaizki banatuak diren hitzak (Mon-tpellier esaterako…), tildeak leku ezegokietan, beharrezkoak ez direnean edo falta direnak zuzenean… Ez zitzaiokeen gaizki etorriko argitaratu aurretik norbaitek edizio lana egin izana halako akatsak guztiz ezabatzeko.

Eleberri polita, militante batzuen historia erakusten digu, garaiak zanpatu zituena eta beren ustezko adiskideek erabili ondoren ahaztu zituztenak. Gomendagarria.

Liburua bi modutan eskura daiteke. Fisikoki hamar euroren trukean lor daiteke (bidalketa gastuak kontutan hartu gabe) eta zenbait tokitan lor daiteke, bere banatzaile nagusietako bat DDT Banaketak delarik (www.ddtgatazka.com). Beste aukera da egilearen web orrira jotzea eta bertan erosi edo deskargatzea osorik, http://www.tpellicer.com



Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

et cetera
%d bloggers like this: