AbainGoardia











{2009/11/11}   MCD “Empezamos un 23-F”

mcd_web2MCD “Empezamos un 23-F”

7″+CD, 2009, DDT Banaketak

Hau bai klasikoa, arraioa! Ba al zen revivalaren modak orain arte ahaztua zuen inor? Uste zenuen ez zela talderik falta berreskuratzeko? Bada, orain MCDren lan zahar berri bat dator gaurkotasunera berriro, beste talde askorekin alderatuz izango den ezberdintasun nagusia izango delarik ez ditugula elkartzen ikusiko berriz, haien artean izan dituzten liskarren ondoren.

MCD Bilboko punkaren klasikoak dira, inor ez du horren zalantzarik. Talde hobeagoak izan dira ziurrenik, RIPen diskoa biribila da, esaterako, baina RIP disko bakarrarekin bizi izan zen artean (beren madarikazioa izan zena), MCDk munduko denbora guztia izan du disko politak, abesti bikainak eta, bereziki, zuzeneko itzelak eskaintzeko, urtetan aritu izan den talde ororen gorabehera guztiekin (aipatutako amaiera salbu). MCDk agian hoberen islatu du, inork baino, bere hiriko gazteriaren sentipena bere kantuetan, kaleetan ibiliz nabaritu izan den gogaipena, baita ametsak ere. Nire ustez Bilboko Gaztetxean (Discos Suicidas, LP, 1986) eta Jodete (Basati Diskak, LP, 1988) Euskal Herriko punkaren klasiko hutsak dira, biribilak (batzuek MCDren urrezko arora gehitzen dute Oihukak 1991an argitaratu zuen De ningun sitio a ninguna parte LPa, neuk behintzat pasio gehiegi pizten ez didala onartu behar dut).

MCD 1979. urtean sortu zen (orain hogeita hamar urte, hi!), Niko eta Rockan elkartu zirenean parrandetan sorturiko gogoetak punk doinuetan bihurtzeko. Ordea, taldearen lehen urteak madarikatuak izan ziren. Ez zuten ia jotzeko aukerarik ere, ez zuzenean ezta entseguetan, benetako arazoak baitzituzten taldea osatzeko, gitarra jole ugari igaro ziren bertatik (Vulpesseko Lolesek, Nikoren arreba, kontzertu batetan ere jo izan zuen bi entseguren ondoren), eta ez ziren gutxiago izan bateria joleak. Eta Niko eta Rockan berak beren arazoak izan zituzten zerbitzu militar madarikatua zela eta.

1984 aldera taldea erdi egonkortua dago. Nikoren anai Bernarrek bateria jotzen du eta besterik ezean Zanahoria Electricako adiskide Virgik jotzen du gitarra. Horrela, 1984ko Otsailaren 23an (Estatu Kolpe famatutik hiru urtera) Pan Pot estudioetan sartzen dira grabatzera. Pan Pot bere garaian ezagun egin zen grabaketa estudioa izan zen, bertatik Bilboko ia talde guztiak igaro ziren inguruan zen bakanetarikoa zelako, horrela igaro ziren bertatik Eskorbuto, Como Huele, Isidoro y su coleccion de puertas plegables, Lavabos Iturriaga… Grabaketa haren lekuko dugu Empezamos un 23-F aipagai dugun maketa.

Zuzenean grabatua (alegia, guztiek aldi berean grabatu zutela), MCD puri-purian jasotzen du (eta unean egindako hanka sartzeak ere, lehen kantan entzuten baita mikroaren aurka zerbait talka egiten eta barreak azken kantan). Ez ezazue abesti argitara gaberik bilatu maketa honetan, kantu guztiak ezagutu baitituzue, baina a zer klasikoak! Puta cerda, MCD, Bilbao, Mierda, Rock&Roll, Popatik Hartzera, Vomitare eta No hay libertad de expresion. Klasiko bat bestearen atzetik. Maketa honen apartekotasuna da grabaketa honek kantu hauen bertsio onenak gordetzen dituela ezbairik gabe. Basatiago jo zuten, bizkorrago ere. Eta gehien nabaritzen dena ahotsa da. Izan ere, mundu guztia ados dago, Rockanek sekula ez zuen bi disko ahots mota berarekin grabatu. Bilboko Gaztetxean esaterako ahots arrunta jarri zuen, Jodete ahots rockeroagoa duelarik, esaterako. Maketa honetan ostia txar handiagoa du, punk jarrera handiagoarekin eta horrek biziago egiten ditu kantak, Puta Cerda (letra bikaineko kanta lelo ezegokiarekin) eta Vomitare kantek hotzikara sortzen dute. Baina zoritxarrez Bilbao, mierda, Rock&Roll beti entzun izan dugun bezain ulergaitza da, kar kar kar.

Goraipatu behar da diskoaren ekoizpenean jarritako dedikazioa. Azken boladan askok dedikazioa eman izan diote honi (Vomitoren Siempre fue terror LP berriak aurkezpen benetan bikaina du), baina badira kasuak non arrazoiren bategatik posiblea izan ez den (master edo grafiko orijinalak izan ez dituztelako) edo ez diotelako ezta bost minutu dedikatu (halakoak izan dira, baina publizitatea ez ematearren ez ditut aipatuko). Askok egin duten bezala, DDT Banaketak taldekideekin hitz egin zuen proiektuaz eta hauek masterraren kopia aurkitu zuten beren traste zaharren artean ongi gordeta (zenbat grabazio jan ditu lizunak!). Bobina orijinalak digitalizatu, birmasterizatu eta horren ondoren bidali zituzten ekoiztera.

Grafikoak ere oso landuak dira. Eraberrituak (maketaren azala mantentzea zaila zen dimentsioen ezberdintasuna zela eta, baina azalean irudi ezagun hura omendu dute), nahiko txukun eta gustu handiz osatu dute, non taldearen garaiko argazki ezagunez eta garaian erabilitako letrekin (Vomitare ezik) bete duten, kolore biziez egina. DDTk bere ekarpena egin nahi izan du Revivalaren moda, aspaldiko taldeak ondu eta egungoak mespretxatzen dituena, eta bildumazaletasunaren inguruan gogoeta eginez eta diskoak zenbat kostatu duen azalduz (ekimen polita, jendeak ikus dezan kostuen eta salneurriaren arteko diferentzia, inoiz ikusiko al diogu besteei halakorik aitortzen?). Aurkezpena gatefold motako karpetan egina dago, karpeta bikoitza alegia, emaitza ikusgarriago egiten duena.

Gutxi balitz 7 hatz-beteko biniloaz gain CD euskarria ere oparitzea erabaki dute azkenik, haiekin hitz egin ondoren esan digutenez, badaezpada baden euskarri digitala izan nahi duena edo analogikoa gogoko ez duenarengan pentsatuz. Guztia 6 euro ziztrinen truke.

Beraz ez dago aitzakiarik. Disko biribil hau eskuratu eta dantza egiteko ordua heldu zaigu, fite!

2010eko Otsailaren 23ko eguneraketa: Azken hilean, diskoa berrargitaratzeaz gain, MCDren inguruko elkarrizketa azaldu dira. Iragan astean Garak bi orri eta Kultura sekzioko azala eskaini zizkion diskoaren inguruan Nikori eginiko elkarrizketari. Eta orain hilabete inguru, Irola Irratiko 77 Listukada eta Semen y Anarquia irratsaioetako kideek Niko berari elkarrizketa bat egin zioten, bi orduko iraupenekoa, hemen jartzen dizueguna entzuteko.

MCD Empezamos un 23-F Irola Irratian



Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

et cetera
%d bloggers like this: