AbainGoardia











{2009/11/20}   Krater, Depeñaperros, Crickbat eta Elfo Negro, Txarraska Gaztetxea 2009-11-14

Txarraska Gaztetxea (Basauri)

2009-11-14

AHTren aurkako asanbladaren aldeko kontzertua

Krater + Despeñaperros + Crickbat + Elfo Negro

Abiadura Handiko Trenaren aurkako asanbladak kontzertua antolatu zuen beren borrokarentzako sostengu gehiagoren bila eta, bide batez, gozatzeko asmoz, beti ez baita dena martirioa izan behar.

Krater

Gaua Krater gazteek ireki zuten. Talde berria, Bilboko Alde Zaharreko Zazpi Katu Gaztetxeko partaideekin, Hardcore Punk bizkorra egiten dute. Hirugarren aldiz ikusi izan ditut jada, lehena Otsailean Zazpi Katun bertan Criatura zaragozarrekin eta bigarrena Izar Beltzean Metralleta, Derrota eta Antiplayaxekin batera. Sentsazioa da igartzen dela talde gehienek bezala trebetasuna hartzen dutela denbora igaro ahala, geroz eta soinu hobeagoa baitute. Eta poztekoa da ikustea nola beren eraginen artean ezagunenetara joan beharrean, sare alternatiboko taldeak izatea, aski da aipatzea El Corazon del Saporen El Arbol bikaina egiten zutela eta bateria jolea ikus daitekeela sarritan Disface bartzelonarren kamiseta bat jantziz.

Despeñaperros

Segituan Despeñaperros etorri ziren, ezagutzen ez nituen bakarrak. Hirukote gaztea, taldekideren bat hamaika taldetan aritzen da. Hasiera oso ona egin bazuten ere doinu oso geldoekin, sludge, doom edota Black Sabbathen moduko berrikuspenak ekartzen zituztenak gogora, segituan hasi ziren abiadura handia erabiltzen, AHTa bezala, eta orduan beraiekiko interesa galdu nuen erabat. Beste Crust talde bat. Uler dadin, niri crusta gustatzen zait, baina musika hau oso mugatua da eta, edo oso ona zara eta ekarpen fresko bat ematen diozu, edo behin talde bat entzunda guztiak entzun dituzu. Eta hauxe da Despeñaperrosekin sentitu nuena.

Crickbat

Zoritxarrez Crickbati buruz ezer gutxi esan dezaket. Kontua da material mahaitxoa eraman genuela eta baliatu nuela egiteke nuen lana aurreratu ahal izateko eta horrela izan nintzela gau osoan azken taldera arte. Beste bi taldeek egiten zutenaz ohartu nintzen, baina Crickbaten kasuan abesti bakar batez ohartu nintzen. Hardcore klasikoko boskote bilbotarrak ibilbide luzea du, bildumaren batetan parte hartu du, Handplantekin elkarlan CD bat argitaratu zuen eta urte hasieran Dias de frustracion argitaratu zuten CD eta LP formatuan. Disko hartako lehen kanta izan zen ezagutu nuen bakarra, izenburua oroitzen ez dudana baina kartzelen aurkako letra polit bat duela oroitzen dudana.

Elfo Negro

Gaua Elfo Negro Arangoitiko taldeak ixten zuen, ezbairik gabe gaueko izarrak. Urtetan El Corazon del Saporen kopiatzat kontsideratuak izan ziren (Sapos II deitu ohi zieten), eta ez zen oso harritzekoa, 2001. urteko beren lehen diskoan zaragozarren zein Münsterlanden eraginak oso agerikoak baitziren. 2004. urtean Margenes disko itzela argitaratu zuten harrera bikaina izan zuena (kontzertuan igarri zen) eta kontzertu mordoa egin zituzten 2006.eko Urtarrila arte, non agurtu ziren abeslaria Argentinara baitzihoan urte luzez, agurraren kontzertuan bi kantatako CD-R bat aurkeztu zutelarik (deskargatu daiteke DDT Banaketaken web orrian). Isiltasun luzea izan zen DDT eta AHTren aurkako asanbladak 2008ko Maiatzean Izar Beltzen antolatutako kontzertuan jo zuten arte Inserta eta Pateando Porkeria taldeekin batera. Horren ondoren kontzertu pare bat inguru egin zituzten honetara heldu arte.

Kontzertua ikaragarria izan zen. Ez zuten tregoarik eman hasieratik amaieraraino. Margeneseko kantu gogoangarrienek (Besame, Busco Veneno, Irreverentes, Disparos…) kantu berriei egiten zieten leku. Entzuleek gozatu genuen eta ingurura begiratzen nuen eta GUZTIEK kantatzen zituzten letrak. Martik mikroa hondatuz gero geuk kantatu ahalko genukeen, zuzeneko baten grabaketan primeran geratuko litzateke. Irreverentes kantan, ezagutzen ez duenarentzat, bada pasarte bat non Alberto bateria joleak, isiltasun une batean ahots melodiatsuarekin “Contra sus paredes” kantatzen du. Ba une hori heldu zenean, isiltasunaren erdian entzuleek kantatu genuen eta hotzikara sortu zuen. Estasi hutsa. Aspaldi ikusi dudan kontzertu onenetakoa.

Adi izan entzuleok, aste honetan Elfo Negrok disko berria grabatzen hasiko baitu.



Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

et cetera
%d bloggers like this: