AbainGoardia











{2009/12/13}   Estricalla eta Jello Biafra and the Guantanmo school of medicine, Kafe Antzokia, 2009-12-01

Kafe Antzokia (Bilbo)

2009-12-07

Estricalla + Jello Biafra and the Guantanamo School of Medicine

Estricalla

Pentsatzea ez joatekotan izan nintzela! Hori bai izango zitekeela bekatu larria, 20 urteetara itzuli bainaiz kontzertuaren ondoren! Aran, eskerrik asko bihotzez gorde zenidan sarreragatik.

Egun osoa generaman Durangoko Azokan ordulariari begira zenbaitzuk, bai bisitariak nola standetan geundenok, hitzordu berezia baikenuen Kafe Antzokian. Zortzietarako elkarrekin itzultzen ginenok urduri geunden jada eta ziztu bizian ospa egin genuen Bilborantz.

Estricalla eta Okene

Kontzertua Estricallak ireki zuen. Blogean aipatua dut aurretik Gimnasia revolucionaria diskoa, hardcore hutsezko disko ederra, biniloan aterata orain sei hilabete, ia agortua dena jada eta berriki argitaratu dutena CD-R txukun batetan (biniloaren modura). Arreta deitu zidan lehena izan zen taula gainean bost pertsona ikustea jakinda taldearen bizkar hezurra Kloakao taldeko musikariak direla El Corazon del Sapoko Fernando abeslariarekin batera. Gau hartan bigarren gitarjole bat zen eta hasieran ez nintzen ohartu, Alfonsok galdetu zidan arte ea Sapoetako gitarjolea ez ote zen. Arraioa, egia da! Guillermo da eta! Fernandori galdetuko nion beranduago eta esan zidan berez taldekide finkoa izan beharko lukeela baina lana eta laster aita izan behar duela eta ia ezin duela jo, are gutxiago asteburuetan, beraz astelehenean aukera zuen eta ezin zuen galdu.

Estricalla eta Jello Biafra

Hasieratik erakutsi ziguten Hardcorerako ez dagoela adinik (Jellori esan diezaiotela bestela), eta egia da (nahiz eta batzuek beste musika motak esperimentatu nahi ditugun). Hardcore indartsua ziztu bizian jota, gorputza astintzeari saihestu ezin diozuna. Diskoko kantak erortzen joan ziren bata bestearen atzean erremediorik gabe (ez ditut izenburuak aipatuko, kantak bezain luzeak diren izenak jartzea otu baitzaie, kar kar kar). Baina diskoak sei kantu besterik ez ditu. Bosgarrena egin zutenerako lehen gonbidatua igo zen. SNFUren kantaren bertsioa egiteko (“Errealitatea autobusean paseo bat da”), BAP!! eta Inoren ero ni taldeetako Okene abeslaria igo zen, diskoan egin zuen bezala, eta kantu entretenitua izan zen, motel joaten den tarteetan bere ahotsak eramaten gintuen derrigorturik BAPen Zuria Beltzez disko itzelaren garaira (pentsatzea ez dudala BAP ikusi ahal izan…).

Jello Biafra and the Guantanamo School of Medicine

Emanaldia jarraitzeko bertsiotan aritu ziren bata bestearen atzetik, eta a zer bertsioak! Kloakaoren Favela globaleko azken kanta egin zuten. El Corazon del Saporen hiru, “(In)justicia de clase”, La casa magnetica azken diskokoa, hautatu zitzaketen abesti onen artean (“El estrangulador”, “La silla electrica” edo “Angeles muertos” ederra) ez dagoena niretzat. Apoteosia heldu zen “Matarifes” jo zutenean, Fuego al cielo de los cuervos klasikokoa, jendea kantaka eta dantzaka. Egin zuten hirugarrena La imaginacion contra el poder ezinbestekoaren “Stop Control” abestia izan zen, ona, benetan ona, baina ziur jendeak gozatuko zukeela gehiago “Circulos de cera”, “Desnudo rojo”, “La noche de los cristales roto” edo “El arbol” klasikoekin, baina hau ere aukera ona zen.

Kanta gehiago egin zituzten, ezin zuten geldi. Bad Brainsen “Sail on” egin zuten, beste bertsio bat zeinean espontaneoki atera zen Jello kantatzera, eta azkenik diskotik falta zitzaien kanta bakarra egin zuten, Irungo lagun batek kantatu zuena ere. Itzelak.

Beren zoritxarrerako beren emanaldi bikainaren atzetik Jelloren taldearena zetorren eta horrek ekarriko zuen ezinbestean jendeak gehiago gogoratzea.

Jello Biafra and the Guantanamo school of medicine taldeak hasi zuen bere emanaldia. Luzez instrumentalki aritu ondoren azaldu zen Jello, odolez blai zen mediku bata eta latexeko eskularrua jantzita. Musikari bikainak zituen Dead Kennedyseko abeslari ohiak, hardcore adindu ederra egiten zuten (adindua esaten diot besterik gabe, hardcorea eta rockaren zizelkada ederrak dituelako, hardcore zalapartatsu hutsa beharrean). Bigarren kantarako jendea dantzaka zegoen etengabe eta une horretan nire aukera azaldu zen. Seigarren lerroan nengoen dantzak pasillo itzela ireki zidanean lehen lerroraino heltzeko, fededunek (edo haiek manatzen dituztenek behintzat) Moisesek Itsaso Gorrian egin zuena dioten bezala. Eta han nengoen lehen lerroan. Beste bi kanta eder egin zituzten eta orduan gaueko lehen bonba jaurti zuten, “California über alles”. Jendeak kantatu baino oihukatu zuen. Onena Jello ikustea zen. Abesteaz gain batetik bestera zen, dantzaka, antzerkia egiten eta speech laburrak egiten, amerikarra baino alemaniar doinua ematen zuen gaztelaniaz hitz egiten noizbehinka (doinuarekin, baina ongi aritu zen). Eskailerak jaitsi, hesietan inpultsoa hartu eta jendearen gainera botatzen zen airean eraman zezaten kantatzen zuen artean. Bikaina. Publikoa irabazi zuen ezbairik gabe kabroi hark. Bekatua izan beharko luke horren ona izan eta zahartzarora heltzea. Taldearen kanta batetan hasi zen azaltzen desagertuen aurkakoa zela eta munduan ziren hainbat kasu aipatzen zituen, Argentina, Txile… bat-batean ikusten dugunean poltsikotik paper bat ateratzen ari dela eta Aitor eta biok behintzat pentsatu genuen “ez du ba Jon Anza aipatuko orain?”. Ez, baina ia, “Euskal presoak etxera” aldarrikatu baitzuen. Esan bezala, publikoa irabazi zuen.

Joan ziren. Jendea, nola ez, gehiagoren eskean. Itzuli eta bat-batean baxuak doinu sarkorra egiten du eta hari gitar riff ero eta reverbez beteak segitzen diote. “Holiday in Cambodia”. Ene! Estasi hutsa izan zen, mundu guztia “Pol Pot” kantaka, ziur “Lopez” edo “Ares” esan izan balu segiko geniokeen bai ederki, kar kar kar. Dead Kennedysen beste hainbat kantu egin zituzten, ez ditut izenburuak oroitzen, baina memoriak huts egiten ez badit guztiak Fresh fruit for rotting vegetables eta Plastic surgery disasters ezinbesteko diskoetakoak ziren.

Eta kontzertua amaitu zen. Itzela. Aldamenera ikusi eta nabaritzen zen guztiok hamar urte galdu genituela gutxienez. Noiz itzuliko da gizona gurera? Batzuek ibilbide turistiko politikoa zor eta agindu diogu, itzuli bizkor Jello!



Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

et cetera
%d bloggers like this: