AbainGoardia











{2009/12/19}   Q (Luther Blissett)

Q

Luther Blissett

ISBN 978-84-613-5252-4

Euskarazko lehenbiziko argitalpena: 2009ko Abendua

612 orrialde

Ekoizpen Galduak

Zer esan dezaket liburu honi buruz? Zer esan daiteke jada piloa esana duen eleberri honetaz? Egia esan, itsusia egiten zait nik neuk egitea euskarazko argitalpenaren aipamena, baina nola liburu bera denez erakartzen duena hizkuntzak baino, aipatuko dugu.

1517. urtean historian zeresan handia emango duen itxuraz ekintza hutsala suertatzen da: Martin Lutero fraide agustindar gazteak Eliza Erromatarraren aurkako bere tesiak eskegitzen ditu Wittenbergeko (Alemania) katedralaren atarian. Fraileak salatzen ditu Eliza Katolikoaren indulgentzien salerosketa (justifikazioa obren bidez), hauen irakurketek baitiote sortzez bekatariak garela, beraz zerua, barkamena, obren bidez lortu behar dugu bizitzan zehar, ordainduz, alegia. Luterok aldarrikatuko du sortzez bagarela jada hautatuak (ala ez) zerurako, beraz, ez da obrarik egin beharrik, fedearen bidezko justifikazioa bezala ezagutzen dena.

Gertakari hau bada XVI. mendeko Europa nahasian den beste puntu bat. Nekazari zein herritar lau eta txiroak itoak bizi dira Feudalismoaren eta sortzen hasi behar den Kapitalismoaren hatzaparretan. Ondasunik gabe, jauntxoen lurrak lantzen igarotzen dute bizitza eta horregatik tributuak ordaintzen dituzte, ez dute ia eskubiderik. Eta Elizak ere eskatzen die zergak ordaintzea barkamena nahi badute. Horrela, Luteroren erronkak herritar xume asko erakarriko ditu. Baina ez dira bakarrak. Printze alemaniarrek begi onez ikusiko dute bere ekimena, Eliza Erromatarrarekiko distantziak egin eta, bereziki, Karlos V. enperadore katolikoarekiko independentzia izateko.

Nekazariak laster ohartuko dira beren nahiak ezerezean geratzen direla, desira duten independentzia gogoeta desegiten baita Luterok hierarkia erromatarra, berak eta printze alemaniarrek zuzenduriko beste hierarkia bategatik ordezkatzen duenean. Baina txinparta piztua da jada.

Horrela abiatzen da eleberri historiko honek deskribatzen digun hogeita hamar urteen kronika. Interesgarriena dugu bi pertsonai nagusien gainetik jendetza aurkituko dugula benetako protagonista: emagalduak, bat-bateko profetak, liburugileak, mertzenarioak, anabaptistak, meatzariak, hiltzaileak, irakasleak, Inkisizioa…

Liburua hiru ataletan banatzen da. Lehenean Alemaniar nekazal guden mamia dastatuko dugu, non Luterok abiaturiko erreforma bultzatuko duten bere muturreraino. Horrela, hamabi puntutako programa defendatzen dute, non badauden benetako aldarri iraultzaileak, komunismo eta anarkismotik gertuegi: ondasunen partekatzea, jabetza pribatuaren desagerpena, jauntxoen pribilegioen amaiera… Bertan pertsonai garrantzitsuenetakoa Thomas Müntzer izango dugu, zeinak nekazarien desioak sintetizatuko dituen eta gudara bultzatuko dituen 1525eko Frankenhausengo azken borrokaraino.

Bigarren atalean anabaptisten mugimendua ezagutzen dugu, zeinen idei teologiko nagusia den kontzientziarik gabeko bataiatzearen ukapena, alegia, beren aldarri nagusiak zioen bezala, ume bat bataiatzeak ez duela zakur bat garbitzea baino balio gehiagorik, ez baitute egiten dutenaren kontzientziarik haurrek. Baina garai horretan bada anabaptisten korronte nagusi iraultzaile bat, zeinak paradisua (gizakiaren askatasuna) segituan nahi duen eta horrela xaxatzen hasiko dira, Münster hiria, hein batean Errusiar Iraultza, Pariseko Komuna edo Espainiar Iraultza oroitzen diguten matxinada batekin askatzen duten arte eta hiri honen esperientziaren dirdira eta usteltzea ikusi ahalko ditugu.

Hirugarren atalak badu fikzio kutsu gehien izatea ematen duena, eleberriko bi pertsonai nagusien norgehiagoka zuzena erakusten baitigu, batetik jada zahartu den narratzailea, mila iraultzetako galtzaile erromantikoa, eta bestetik Q, liburuari izenburua ematen dion Inkisizio erromatarreko espia, zeinak beti lan egin duen asmo iraultzaileak hondatzeko.

Liburuak aspaldi erakarri gintuen jende asko, bere balio militante zein politikoagatik. Ez da ahaztu behar egileen (Luther Blissett, egun Wu Ming bezala izenpetzen duen egileen kolektiboa) jatorri militantea, obrari indar gehiago eman ziona. Nire ustez behintzat hau da beren obra nagusia, maisulana.

Bageunden euskaraz argitaratzeko gogoak genituenak eta horra lehen atalaren itzulpenaren zirriborroa jaso genuen. Liluratuak aurrera egiten segitzeko esan genion eta itzulpena hasi zenetik hamalau hilabete inguru ondoren amaitua zegoen. Ordutik lan eskerga zegoen, zuzenketak batetik (beste hainbat hilabeteko lana ekarri duena) eta gero dirua biltzea, aukerarik onenak bilatzea eta, bereziki, egileen eta Giulio Einaudi Editore, jatorrizko argitaletxearen oniritzia eskuratzea. Liburua azkenik posiblea izan da kaleratzea aurtengo Durangoko Azokaren atarian, horrela hiru urteko agonia zoragarriari amaiera emanez une egokian, liburuaren argitaratzearen hamargarren urteurrenean, alegia.

Akatsen bat badu ere (ez gara perfektuak eta gure maketazio jakituria mugatua da, hala ere atentzio handia eman diogu), liburuak aurkezpen dotorea du. Tamaina handikoa, benetan lodia, azal ederra, eta eranskinean azaltzen diren irudiei tratamendu handia eman zaie ere.

Liburuak badu aparteko gauza bat. Jtxo Estebaranzek hitzaurre moduko bat (Nabarra eta hirugarren milurteko igualitaristak) idatzi zuen, non batetik paralelotasunak bilatzen diren Qren unibertsoa eta Euskal Herrietan izandako gertakari batzuen artean; eta bestetik aurkeztuko digu Qren planteamenduen, izpiritu militantearen eta idei iraultzaileen eta euskal ezker antagonistaren ibilbidearen artean.

Liburuxka ezin izan da garaiz sartu ahal izan liburu guztietan, beraz DDT Banaketak eta Gatazka Guneak banatzen ez dituzten aleetako bat eskuratu baduzu, eska ezazu liburuxka ondoko helbidean: ekoizpengalduak@gmail.com

Liburuak 20 euro besterik ez du balio kostatu duenarentzako, duen neurrirako, eta bere edizio mugatua kontutan izanik (500 ale besterik ez). Gogora ezazue eskuratu ezin baduzue zuen herri, hiri, institutu zein fakultateko liburutegian izatea eskatzea, zuen eskubidea eta haien betebeharra baita.

Beste aukera bat izango litzateke deskargatzea. Euskarri digitalean aurkitu ahalko duzue ondoko hiru web orritan:

http://www.wumingfoundation.com (egileen web orria)

– ww.ddtgatazka.com

– eta blog honetan ere, abaingoardia.wordpress.com, alegia

Ez galdu ezinbesteko liburu hau eskuratzeko aukera.

Omnia sunt communia! (Guztia guztiona da)



txerra says:

Itzela liburua, gaztelaniaz irakurria nuen, baina berriro hartu dut eta euskarazkoa irakurri. Edizioa itzel ona da, zorionak beraz. Baina itzulpena … makala da, euskara ez da bat ere txukuna, akats ortografiko dezente ditu, akats gramatikal eta estilistiko askotxo, … Pena bat da, baina militantziazko itzulpen bati ezin gehiago eskatu.

Mila esker, gure hizkuntzatxora ekartzeagatik maisulan hau.



abaingoardia says:

Eskerrik asko zure zintzotasunagatik. Zoritxarrez dena ezin daitezke laudorioa izan, are gehiago merezi ez denean.
Argi zegoen itzulpena ez zela merezi duena bezain ona izan, itzultzailea ez delako profesionala, baina bai eman zaiola gure eskuetan zen atentziorik handiena. Behin zirriborroa zuzenduta, balizko kanpoko irakurle bati eman genion behar bezalako zuzenketak egin zitzan (euskarazko irakasle ohia). Eta horrela akats ugari zuzendu ziren. Baina beste batzuk ez ziren zuzendu eta lerroak idazten dituenak birritan irakurri zituen inprimategitik bidalitako frogak eta ugari topatu zituen. Egia da ondoren baten bat gehiago aurkitu dugula, maketaziokoak bereziki (eta hori Jtxo Estebaranzen testuaren itzulpenean sartu gabe). Baina jada begiak guztiz nekatuak geneuzkan.
Horregatik ere argi genuen ez genuela inprimaketa handirik egingo (errepikatuko ez diren bostehun ale guztira), behar bezalako edizioa egiteko bultzada emateko asmoa du honek.
Baina esan bezala, eskerrik asko zure ekarpen zintzoagatik, bihotzez.



txerra says:

Itzultzaile jardundakoa naiz ni, eta hurrengo edizioetarako beharko bazenute, ba eskatzea librea dela, aizu. Prest nengoke itzulpenari buelta pare bat emateko (nire denborak duen mugarekin, jakina).



Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

et cetera
%d bloggers like this: