AbainGoardia











{2009/12/25}   Eskorbuto “Las mas macabras de las vidas”

Eskorbuto “Las mas macabras de las vidas”

LP/CD, 2009

Guns of Brixton Records

Negar malkoak isuri behar ditut. Luzez neraman disko honen binilozko bertsioaren arrastoaren atzetik (harritzekoa bada ere, ez da ezta Ebayn aurkitzen), eta a ze poza hartu nuen jakitean Erromoko Brixton Records zigiluak Las mas macabras de las vidas eta Demasiados enemigos berrargitaratu behar zituela jakin nuenean, zer esan herenegun eskuetan izan nuenean.

Zer esan daiteke Eskorbutoz dena esanda dagoenean (arraioa, esaldia aldatu beharko dut, klitxe bat bihurtu behar dut eta)? Santurtziko punk taldeaz dena esana dago jada, idatzi ugari sortu ditu eta horien lekuko dira, besteak beste David R.Z.k bildu zuen eta DDT Banaketek argitaratu zuten Detestable Raza Humana fanzinea (aurten berrargitaratu dena formatu dotorean eta bost orri berrirekin), edo Diego Cerdanek idatzi eta argitaraturiko Eskorbuto: Historia triste, erdipurdikoa nire ustez (neuk ez dut inondik ere gomendatzen hirukotearen historia ezagutzeko).

Eskorbuto 1980. urte aldera sortzen da, Iosu eta Jualma elkartu eta rock taldea osatzeko gogoak pizten zaizkienean. Zenbait taldekide ezberdinekin hasi (laukote izatera heldu ziren), baina laster behin betiko formazio klasikoa osatuko zuten Pacok bateria jotzeari ekin zionean.

1981-82 aldera beren lehen maketa grabatzen dute, Jodiendolo todo izenekoa, basakeri hutsa, gordina (eta akats batzuez osatua). Maketak zeresana sortzen du eta taldeak are gehiago (maketa birritan berrargitaratu da, CDan 2002 aldera Surcok argitaratua; eta binilo formatuan 2008 inguruan Guns of Brixton, Brixton Recordsen azpizigiluan). Ez nago ziur maketa horren kantekin izan zen, 1982 aldean Madrilera joan zirenean promozioa egitera irratietatik eta poliziek atxilotu zituztenekoa “Maldito Pais” eta bereziki “ETA” moduko kantak izateagatik, lege antiterrorista aplikatu zitzaielarik. Izugarrizko eragina izango zuen honek taldearengan, bereziki ohartu zirenean Amnistiaren Aldeko Batzordeek zein ezker abertzaleak kasurik egin ez zienean. Nihilistatzat jo ahal baziren ere, ez zioten uko egiten ezker muturreko talde edo kolektibo politikoei babesa ematea eta elkartasuna ez bueltatzeak min egin zien. Urte bakan batzuk aurreratu ziren zoritxarrez, oraindik ere ezker abertzaleak musikarekiko jarrera klasikoa baitzuen (folk bakarlariak…), eta hiru urte inguru falta ziren belaunaldi berrien eragina sumatu eta Martxa eta Borroka moduko kanpainak egiteko (agian garai horretan atxilotuak izan balira erantzuna ezberdina izango zitekeen…). Atxiloketa horren ondorioen suminetik sortuko zen esaterako “A la mierda el Pais Vasco” kanta.

1982aren amaiera aldera Mucha policia poca diversion singlea kaleratzen dute Spansuls Records zigiluarekin, lema bihurtuko zen kanta, besteak beste Bilboko Aste Nagusiko konpartsetako batek (Ipurbeltz deitzen ziren okertzen ez banaiz), pegatinak atera zituen lemarekin.

1983an beste disko puzka batetan parte hartzen dute, RIP arrasatearrekin batera kaleratzen duten Zona Especial Norte, non bi taldeen klasiko ugari dauden (Soldados, Antimilitar, Kaos, A la mierda el Pais Vasco, Ratas de Vizcaya, Brigada Criminal, No hay futuro eta Dios, Patria, Rey). Munster Records zigiluak aurten berrargitaratu du LP+CD formatu bikainean.

1984an beren lehen lan luzea argitaratzen dute azkenik Twins argitaletxearen bitartez, Eskizofrenia. Klasiko hutsa, nahiz eta batzuei gorrotagarria egiten zaien garaian modan zen bateria elektronikoaren soinua. “El exterminio de la raza del mono”, “Mierda, mierda, mierda”, “Os engañan…”.

1985an ziurrenik beren disko ospatuena kaleratzen da, Anti Todo, Discos Suicidasen babespean. “Historia triste”, “De ti depende”, “Es un crimen”, “Ha llegado el momento (el fin)” edo jada zoritxarrez Top Txosna bilakatu duten kanta klasiko bikaina, “Cerebros destruidos”.

1986an geldiezin dira, beren urrezko garaian dira sormen aldetik. Maketa berri bat kaleratzen dute, Ya no quedan mas cojones, Eskorbuto a las elecciones izenekoa, hauteskunde garaietan kaleraturikoa (alderdia osatu nahi izan zuten hauteskundeetara aurkeztu eta iskanbila sortzeko).

Urte berean Santurtziko Institututan zuzenekoa grabatu zuten eta egun berean izandako negoziazioen ondoren, urte batzuk beranduago multinazional batek erosiko zuen DRO zigiluak kaleratu zuen Impuesto Revolucionario izenarekin.

1987an beren egitasmo bitxienetako bat osatzen dute denbora errekorrean, Opera Punk moduko bat, disko kontzeptuala, Los demenciales chicos acelerados izeneko bikoitza. Eduki zuen gabezi bakarra (eta larria) izan zen iraupen arazoak zirela eta kanten ordena aldatu zutela biniloko aurpegi bakoitzean behar bezala argitaratzeko, istorioa guztiz galdu zelarik. Bitxikeri bezala, taldeak masterra bi disketxe ezberdini saldu zien, Discos Suicidas eta DRO, urtetan bi diskoak salgai aurkitu zitezkeelarik azal ezberdinekin.

1988an jada Iosu eta Jualmak osasun arazo larriak dituzte beren muturreko bizitzaren ondorioz, heroinak ez du barkatzen. Baina horrek ez du eragozten segituan aipagai izango dugun Las mas macabras de las vidas argitaratzeko.

Ordutik urtetako isiltasun diskografiakoa hasten da, non taldearen inguruko zurrumurru ugari zabaltzen diren, hil egin direla, instrumentuak saldu zituztela… Kontzertu eskasak egiten dituzte, Jualma ez bada, Iosu delako erietxean dena larri.

1991. amaieran formazio klasikoaren azken diskoa grabatu eta argitaratzen da, Demasiados enemigos, Alicanteko Matraka Diskak zigiluak argitaratua (El Ultimo Ke Zierreren lehen diskak argitaratu zituen eta beren managerra zen bera. Bizitzaren ironiak, Matrakako arduraduna ez dakit une hartan, baina ez askoz beranduago Alderdi Popularreko zinegotzia izan zen).

1992ko maiatzaren amaieran Iosu hiltzen da. Jualma eta Pacok jotzen jarraitu nahi dute eta kantak konposatzen hasten dira (mitoek diote Demasiados enemigos diskoko kanta ugari, kutsu komertzialenak zituztenak agian, “Adios reina mia”, “En la luna”…, Jualma eta Pacoren joera berria zirela), baina urte bereko Urrian Jualma da desagertzen dena. Paco da geratzen den taldekide bakarra.

Eztabaida handiak sortuko dira ondoren izen berarekin jarraitzea erabakitzen duenean, are gehiago hiru disko gehiago kaleratzen direnean Eskorbutoren izenarekin, Aki no keda ni Dios (Jualma eta Pacok konposatutako kantak) 1994an, Kalaña 1996an, biak Discos Suicidasekin, eta Dekadencia Surcorekin.

Aipagai dugun Las mas macabras de las vidas 1988ko uztaila aldera kaleratu zen. Neuk onartu behar dut disko hau izan zela entzun nuen santurtziarren lehen diskoa, Egin egunkariak argitaraturiko “Euskal Rockeroak” bilduman baitzegoen beste disko klasiko ugarirekin. Eta lehen kantatik harrapatu ninduen. Ordutik Las mas macabras izan da beti aldarrikatu dudan Eskorbutoren diskoa. Harribitxi bat da. Hasiera-hasieratik hotzikarak sortzen dizkit.

Diskoaren A aurpegia jartzen dugu, ohorezko matrikulazkoa. Lehen kanta “Rock y violencia” da. Itzela. Gitarra akustiko baten erritmo tristeek irekitzen dute, gitarrarekin jotzen ikasi dudan eta jo nahi dudan erritmo bakarra. Gustu ona erakusten du eta harritzen du nola izan dezakeen holako trebetasuna punka besterik egiten ez jakitea salatu zaion gizonari. Aitor Amezagaren sintetizatzaileak sartzen dira, are eta doinu tristeagoa egiteko, lehen leloak hasten direnean: “Con la rabia en las entrañas, y la muerte en sus ojos… ¡Rock y violencia!”. Ikaragarria. Ordutik aurrera, kantua amaitu arte, in crescendo huts bat da, non Iosuk (edo Jualmak, orain zalantzak ditut biotako zeinek kantatu zuen klasiko hau) birao bat bestearen atzetik jaurtitzen duen inolako errimarik gabe, baina hauek entzunda, nork behar ditut errimak?

Hurrengo kanta “Pelos largos, caras enfermas” dugu, bi zati oso bereizitan banatzen dena. Lehena, kantaren hasiera eta amaiera, taldearen eta beren inguruaren autobiografia da, bizi diren Ezkerralde nazkagarria, ezker abertzaleari kritika, Egin eta beste hedabideen aurka egiten dute behar zenean ezer ez esateagatik… Ondoren tarteko zatia dator, jostagarria, beraiei gustatzen zitzaien bezala, non, beren burua ironikoki definitzen duten (Ile luzeak, aurpegi gaixoak), hasierako puntura itzultzeko.

Hirugarren kanta “Iros a la mierda” dugu, taldearen kantu zaharra disko honetarako berreskuratu zutena. Abesti dibertigarria baina onartu behar dudana berstio hobeagoak entzun ditudala, 2000. urtean Diego Cerdanek egindako tributuan El Ultimo Ke Zierrek, bertsio indartsuagoa egin zuen agian.

Laugarrena, eta aurpegia ixten duena, diskoari izenburua ematen dion “Las mas macabras de las vidas” dugu. Beste autobiografia bat, beren ikuspegi partikularretik, zenbaitetan handitzen dutelako beren irudi on edo txarra. Diskoaren aurpegi honengatik bakarrik merezi du diskoak. Esan bezala ohorezko matrikulakoa da. Baina tira, aurpegiz alda dezagun.

B aldean “Felices dias de tu vida” dugu, non kanta jostagarri batetan pertsona baten bizitza zoriontsua garatzen duten. Zoriontsuegia agian, idilikoegia akaso, zeren lelo nagusian botatzen baitigute segituan buruaz beste egitea.

“Sangre” kantak jarraitzen du, Eskorbutoren balada bakanetakoa, Eskorbutok baladatzat ulertzen zuena behintzat. Erritmo guztiz mantsoak baina hitz gogor eta sadikoez beteak.

“La ultima pelea” eta “Que corra la sangre” beste borroka aldarriak dira, non nahiz eta ikusten duten larri direla osasun aldetik hil arte bereari eutsiko diotela aldarrikatzen duten.

Diskoa “Cantame una cancion” motz, jostagarri eta gozoak ixten du, non esaten diguten abesti bat kanta dezagun horren triste ez izateko. Diskoa hasieratik jartzeko deia? Kar kar kar.

Esaten da diskoak arazo larriak ekarri zizkiola taldeari, Iosuri agian bereziki. Grabaketan ia berak egin behar izan zuen gehiena, Jualma erietxean baitzen, konposatu, gitarrak eta zenbait baxu grabatu, ohi baino kanta gehiago abestu… Gainera, musika argitaletxeez nekatuak, beren kabuz argitaratzea otu zitzaien Buto-Eskor izenarekin eta Iosuk banatu zituen bere kabuz ia 3000 ale. Konposaketa aldetik esan dut ikaragarri gustatzen zaizkidala, A aldea batik bat, eta kontutan izanik Iosuk egin zuela atal handiena, gogoan utzi gintuela asko, hil aurretik bakarkako lana egiteko proiektua baitzuen eta “Rock y violencia” bezalako konposaketak eginda gauza ederra izan zitekeen.

Hitz egin dezagun edizio berri honetaz. LP eta CD formatuetan argitaratu da. CDa digipack dotorea da. LPa oso txukuna, okertzen ez banaiz fidelki errespetatu da orijinala, kontrazala bereziki. Biniloa, kopiak geratzen diren artean behintzat, hauta daiteke ohiko beltza ala gorri eta arrosa ilunaren arteko kolorea. Baina badira gustatu ez zaizkidan gauzak.

Lehenik faltan botatzen dut ikaragarri disko honek izandako edizio ezberdinei falta zitzaien gauza bera: kanten letrak. Ez daude. Orri dotoreak erantsi dituzte, lehenan taldearen bi argazki nahiko ezezagun aurkitzen ditugu kolore bizitan, eta bestean aurpegi batetan diskoaren historia daukagu eta beste aurpegia erabat zuri. Ezin zitekeen bertan  jarri hitzik?

Bestetik pena eman dit ikustea nola Demasiados enemigosen berrargitarapena dotoreagoa izatea kontutan izanik niretzat behintzat erdipurdiko diskoa dela. Binilozko formatua gatefold karpetan inprimatua izan da, karpeta bikoitza alegia, non itxura ederragoa lortu duen. Baina Las mas macabrasek karpeta arruta du eta bestea baino kalitate zertxobait baxuagokoa. Ezin zitekeen hau ere karpeta bikoitzean jarri? Pena bat da benetan, biribil egingo zukeen edizioa. Baina horrek ez du edukia gutxiesten zorionez, soilik ohorezko matrikula izan zitekeen notaren beharrean Oso Ongi bat izatea.

Bide batez aipatuko dut nola Eskorbutoren itzala oso luzea dela eta bildumazaleentzako edizio piloa ateratzen ari direla orain traste zaharren kutxetik aurten. Lehena Zona Especial Norte izan zen, Munsterren esku. Ia aldi berean binilo pirata bat atera zen, Al parlamento izenarik, non Ya no quedan más cojones… maketa aurkitzen dugun. Guns of Brixtonek aipagai den diskoa eta Demasiados enemigos kaleratu ditu. Eta oraintxe ere Munsterrek single berri bat kaleratu du, Maldito Pais izenekoa, eta nire ustez aurreztu zezaketena, erdipurdikoa baita. A aurpegian “Maldito Pais” eta “Oh no!” dauzkagu, Mucha policia, poca diversion singleko saio berean grabatuak eta errefusatu zirenak. Eta ez da harritzekoa. “Oh no!” Eskizofrenian grabatuko zuten baino askoz bigunagoa da (bere alde duen bakarra da taldearen “La una de la madrugada” kantaren tartetxo bat gehitzen duela, sekula grabatu ez dena osorik). Baina “Maldito Pais” kantak delitua du. Jualma etengabe dago trakeski kantatzen, ez dakit zertan pentsatzen egongo zen gizona. Nire ustez behintzat ez zuen pena merezi ateratzea, orain ulertzen dut zergatik dioten lehenbizikoz argitaratua izan dela kanta. Eta laster atera behar dituzte Munsterren ere LP bat singlea eta gauza gehiagorekin eta CD bikoitz bat zuzenekoez betea. Beldur naiz aurretik argitaratu diren zuzeneko berak badira (orain urte batzuk Surcok atera zituen berak), Que corra la sangre, 1984ko Aste Nagusiko zuzenekoa salbu, ez du pena mereziko.

Laburbilduz, Las mas macabras de las vidas. Zoragarria. Eta edizio honek ere pena merezi du.



Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

et cetera
%d bloggers like this: