AbainGoardia











{2010/01/01}   Portu Sound

Portu Sound

Catalogo sobre bandas de musica moderna en Portugalete 1962-2009

Pablo Salgado

Ez du ISBNrik

316 orrialde

2009ko Azaroa

Banizu Nizuke Kultur Antolakuntza eta Difusio Elkartea

Beno, bada liburu berri bat gurean rockaren historiaren inguruan. Iragan urtean Alvaro Heras Grohren eskutik heldu zitzaigun Lluvia, Hierro y Rock & Roll, Bilbo inguruko rockaren berrogeita hamar urtetako historia, zeinen aipua egin nuen orain hilabete batzuk.

Oraingoan liburu honek Portugaleteko taldeak biltzen ditu, edo portugaletetar partaiderik izan duten taldeak behintzat. Alvaro Herasen liburua entsegu modukoa bazen, honakoaren ideia sinpleagoa da, eta aldi berean kriston lana izan dena: Portugaleten izan diren talde guztien katalogoa osatzea. Hori bai marka, are gehiago ehun eta berrogeita hamar taldetik gora zenbatzen dituenean! Horrenbeste talde izan al ditu gure herriak ala?

Hitzaurre motz bat aurkituko dugu non azaltzen zaigun egitasmoaren xedea eta nola egin diren elkarrizketak, bide batez harritzen gaituena, orain bi urte hasi baitzen proiektua eta burutu da zintetan eginez elkarrizketak!

Liburuak printzipioz orden kronologikoa gordetzen du. Lehenbiziko taldeak aurkituko ditugu, 1962ko Los Catires bertsioen taldetik abiatuz. 60. hamarkadak bi talde besterik ez dizkigu aurkezten, Los Catires eta The Henkens. 70. hamarkadan baten bat gehiago aurkitzen ditugu: Lunes Tormentoso, Yunke, Hash band, Way, Escombro, LSD (Locos Sin Domar) eta Garras. Hona heltzean ikusiko dugu nola ez den berez orden kronologikoa errespetatzen, talde bat baino gehiago izan duten pertsonen garapena ikusiko baitugu kronologikoki datorren talde berriari ekin aurretik. Horrela, Yunkerekin jarraituz, Los Impecables taldera pasako gara Liverpoolekin amaitzeko. Eta halako ugari ikusiko ditugu liburuan zehar, izango delarik topatuko dugun hutsune bakanetakoa (akats tipografikoren batez gain), alegia, batzuetan nahasiko garela hamabost urtetako pertsona batzuen garapena ikusten hasten zara, bat-batean hamabi urte atzera egiteko hurrengo taldea aurkezteko. Urteetan aurrera egiten dugu, 80. hamarkadan sartzen gara eta bertan ikusten dugu nola rock taldeen gorakada geldiezina den jada: Exodo, Bilbo inguruko lehen heavy taldea, Opera Omnia, Amas de casa, Laino (euskara hutsezko lehen taldea), Neurosis (nola ez, ez itzazue amerikarrekin okertu), Halley, Cibernautas, Joseba Gotzon

90. hamarkada esan daiteke taldeen eztanda dela, betekada izango baitugu aurkituko ditugun taldeekin. Bertan ezinbestekoa da Portugaletek ziurrenik eman duen talde ezagunena aipatzea: The Flying Rebollos, zeinentzat hogei orrialde jarri diren. Baina ez dira azaltzen diren bakarrak, badira beste ugari, Trontxos Peelers, Akerbeltz, Margen Toxika (guztien artean undergroundenak ziurrenik), Toxic Death (herriko Death metal talde bakarra), No Mas Miedo, El sueño de Oppenheimer, Vertical Smile

Eta horrela, amaitu berri dugun hamarkadara heltzen gara, Fallen, Cordura, Amimishock, Los 4 elementos, Jane Doe, Eten, Adarrots

Esan bezala, 150 taldetik gora daude. Egindako hautapenaren aldetik beste gabezi bat aurkitu dut. Ez nago ziur dauden guztiak izango diren, baina ziur ez daudela diren guztiak. Bada portugaletetar semerik azaltzen ez dena liburuan. Pentsa liteke hartu dela kriteriotzat soilik Portugaleteko taldeak hartzen direla eredu, baina teoria hori txikitzen da Ama Say barakaldarrak edo Fito & Fitipaldis bilbotarrak aurkitzen ditugunean liburuan.

Bi talde hauek aipatzeak dakarkigu liburuak dituen beste sekzioak aipatzera, liburua ez baita Portuko rock taldeetan geratzen. Beste sekzioetako bat Portugaleterekin nolabaiteko erlazioa izango luketen beste talde batzuk aipatzen dira. Hor agian zerikusi gehiago izango lukete Ama Say edo Fitipaldiek. Bertan ikusten ditugu Eskorbuto, Extremoduro (uffff…), Zarama edo Dinamita pa los pollos.

Beste sekzioek rock taldeez gaindi hitz egiten dute, horrela ikusiko ditugu rock taldeentzako babes izan diren tabernak, bai kontzertuak emateko noizbait, nola taldeen maketa edo diskoak saltzeko (Pelotazo, Euskal Etxea, La Terraza…). Ikusiko ditugu, oso gainetik bada ere, izandako Gaztetxe edo okupazioak, hala ere bitxia da, lehen Gaztetxea eta Amets Giza Lokala aipatzen dira, baina lehen Gaztetxetik gertu izan zen bestea, 2001ean txikitu zutena oraindik ezer egin ez duten sekulako zulo bat uzteko, ez da aipatzen. Irratiak aipatzen dira, JMC Radio, Onda 3 edo Santurtziko Pititako irrati librea. In My Heart Empire aipatzen da, bertan izandako zigilu alternatibo bakarra, Estudios Norte grabaketa estudioa… Nahiko osoa.

Osotasuna beste bi atalek ematen digute. Batetik talde guztietatik aurkitu den diskografia osoa aipatzen da, bai argitaratu direnak, nola argirik ikusi ez duten grabaketak, bai profesionalak nola entsegu lokalean egindakoak, zeinak kasu batzuetan, taldearen existentziaren lekuko bakarra diren.

Eta amaitzeko taldeen glosarioa dugu ezusteko batekin. Gehienen ondoan ikusten dugu kanta baten izen. Azken orriraino heldu eta, hara! CD bat dugu eta! mp3 formatuan sartu dira kantak eta 100 inguru dira, liburua irakurri ahala entzun ditzagun soinu banda gisa.

Bikain, liburu biziki interesgarria eman du erronka ematen zuen egitasmoak. Oraindik ere aukera duzue Portutik pasa eta liburuaren inguruan egin den erakusketa ikusteko, Casilda Iturrizar (Zuren aldapa edo La cuesta de las maderas bezala ezagunago) aldaparen erdian baitago non talde askoren argazkiez gain kartel eta, bereziki interesgarriena den, egunkari zein fanzineetako artikuluak aurkituko ditugun ikusgai. Erakusketa hilaren 4a arte izango da, beraz bizkor ibili.

Liburuak 30 euro balio du, garesti ematen du, baina pentsa kriston adreilua dela, 300 orritik gora eta gainera kolore bizitan egina, beraz pena merezi du. Ez dakit zein banaketa izango duen behin erakusketa amaitua, ziur Gatazka Gunean aurkitu ahalko duzuela, Portun ere nonbait izango da, edo bestela jo egileengana: banizunizuke@hotmail.com

Herriko talde guztien omen gisa, bi lagin uzten dizkizuegu. Batetik, The Flying Rebollosen Me vi a mata maketako Modesta kanta, ziurrenik beren kanta ezagunenetako bat.

Eta bestetik Margen Toxikak eskuz esku banatu zuen maketan erantsiriko Aspirantes a presidentes abestia.



Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

et cetera
%d bloggers like this: