AbainGoardia











{2010/01/31}   Nacion negra, poder negro

Nacion negra, poder negro

Jose Manuel Roca

ISBN 978-84-936562-1-8

194 orrialde

2008

La Linterna Sorda Ediciones

Amerikako Estatu Batuetako beltzen eskubideen borrokaren ibilbidea oso luzea izan da, nazioaren sorrera bezainbeste (eta gehiago beharbada), eta horren inguruko dokumentazioa ere goraka joan da. Gazteleraz azkeneko hamarkadan gauzaren bat argitaratu izan da, bereziki Pantera Beltzen historia islatzen duena, hala nola, Panteras Negras, Poder Negro y la historia de Huey P. Newton (agortua), edo Virusek 2007an argitaraturiko Queremos libertad, Mumia Abu-Jamal militante ezagunaren tesia hein batean Philadelphiako Panteren taldean egin zuen ibilbidea deskribatzen duena.

Jose Manuel Rocak Nacion negra, poder negro aurkezten digu, zeinak beste behin ere Black Panther Partyren esperientzia azaltzen badigu ere, askoz gehiago kontatzen digun, historian atzera egiten du borrokaren erroak bilatzeko.

Egileak gogoratzen digu nola independizatu ziren hamahiru kolonia britainiarren ekonomia sustatzen zen esklabutzak sortzen zituen etekin ikaragarriekin, oso prezio benetan baxuko esku-lana baitzuten landaketa zein industriarako, Afrikan gehienbat bahituak ziren gizon emakumeak ekarrita. Borrokak hasieratik dira, lehen esklabuak matxinatzen direnean Amerika bideko ontzietan, edo sailetan jasaten zituzten bizi-baldintzez nekatuta beren jabeei aurre egiten zietenean. Independentziaren ondoren osatzen den Konstituzioak gizon libreen eskubideak eta beste hainbat aldarrikapen justu egiten dituzte, baina agiria osatu eta izenpetu zuten gizon boteretsuek tranpa bat egin zuten: dokumentuak jada libreak ziren gizon eta emakumeen eskubideez hitz egiten zuen, alegia, esklabuak zein beste taldeak (jatorrizko amerikar tirbuak) ez zituzten aintzat hartzen.

Borroka guzti hauek muturreko bi ondorio dakartzate zurien partetik: iparreko estatuetan batik bat beltzen eskubideak pixkana onartzen hasten dira, baina hegoko estatuetan geroz eta bortitzagoak dira, eta horren irudi izango da beste arrazoiekin batera piztuko den Guda Zibilean 1860. urtean.

Liburuak urteetan aurrera egiten du eta laster heltzen gara egoera erabat aldatuko duten urteetara. Iragan mendeko 50. hamarkadan paratzen gara non ikusten den nola hutsalak diruditen ekintzek berebiziko eragina sortzen dute.

Aipatzen den lehena da botereak berak onartutako eskubidea. 1955. urte aldera legeak aldatu eta beltzen segregazioa debekatzen da ikas guneetan, unibertsitateetan bereziki, zeinak eragotsi zuen titulazio akademikodun beltzik izatea. Hegoaldeko estatuetan ez da onartzen eta orduan sekulako istiluak sortzen dira unibertsitateetan lehen beltzak matrikulatzen direnean, arrazista ugarik sarrera eragotsi nahi dietenean, estatuetako gobernadoreek aginduta poliziek ukatu nahi dietenean sarrera, eta gobernu federalak erantzun bezala Guardia Nazionala bidaltzen duenean ikasle beltzak laguntzera.

Baina benetan eragina izan zuten desobedientzia zibil ekimenek. Entzutetsuena 1955eko Abenduaren lehenan Rosa Lee Parksek egindakoa izan zen. Legeek zioten beltzek autobusen atzealdean bidaiatu behar zutela eta Rosak, jaramon egin gabe, aurrean hartu zuen eserlekua. Gidariak gizon zuri bati lekua ematea eskatu zionean eta ukatzean, iskalnbila sortu zen, espetxeratu zuten arte. Ekimen honen erantzunez, orduan ezezagun zen Martin Luther King apaiz bautistak autobus konpainiaren aurkako boikota deitu zuen urte t’erdiz indarrean izan zena agintariek legea aldatu zuten arte.

Beste ekintza deigarri bat izan zen kafetegi kate batetako lokal batean izandakoa, non debekatua zen beltzei zerbitzatzea. Lau ikasle sartu ziren bertara eta zerbitzatzen ez zituztela ikusita han igaro zuten egun osoa eserita solasean. Biharamunean lagun gehiagorekin itzuli ziren, eta egunak igaro ahala geroz eta jende gehiago etortzen zen eta kateko beste postu askotara heldu zen protesta. Azkenik, zerbitzatuak izango ziren.

Laster hasten zaigu Pantera Beltzez hitz egiten egilea, azken finean beren eragina oso indartsua izan baitzen bai gizarte beltzean nola garaiko jende matxinoengan. Ordura arte desobedientzi zibila eta eskubide zibilen mugimenduak helburutzat zuten beltzak berdintzat hartzea amerikar gizarte klasistan, eta gizarte honen erantzunetako bat izan zen mugimendu honen erreferente nagusietako bat, Martin Luther King apaiza erailtzea. Pantera Beltzek ordea aldarrikatu zuten ez zutela gizarte arrazista, faxista eta klasista baten parte izan nahi eta Iraultza aldarrikatu zuten, garaian puri-purian zen aldarria, ezin baitugu ahaztu 50-60 hamarkadetan deskolonizazio prozesuak martxan direla eta estatu berri askok iraultzaren bidea hartzen dutela. Pantera Beltzen hamar puntutako programa horren lekuko da, non autodefentsa aldarrikatzeaz gain, amerikar lurraldeen barnean estatu beltz independente eta sozialista sortzeko aldarria egiten den.

Pantera Beltzek borroka asko egin zituzten beren komunitatean oso harrera ona izan zutenak, hala nola familia txiroetako haurrei zuzenduriko doako gosarien programa, edo ospitaleen sorrera baliabiderik ez dutenentzat. Komunitateari egindako laguntzak erantzuna izan zuen beren alde eta beste mugimendu iraultzaileekin harremanetan hasi ziren, Vietnamgo gudaren aurka zeuden (are gehiago, Vietcongen alde borrokatzeko bolondresak bilatu zituzten amerikar gudarosteei aurre egiteko). Ekintza guzti horiek ez zizkieten barkatuko agintari arrazistek eta J. Edgar Hoover FBIko zuzendaria buru euren aurka bortizki jo zuten. Erailketak, gerra zikina, infiltratuak, mesfidantzen sorrera gutun eta zurrumurru faltsuen bidez, drogen sarrera masiboa. COINTELPRO programak ederki funtzionatu zuen eta horrela 1966an sortutako taldea 1972 alderako bere dekadentzian zen barnean sorturiko zabor piloa medio.

Liburua oso interesgarria da erakusten baitigu komunitate baten mendetako borroka eta nahiz eta aurretik antzeko testu asko idatzi diren, ez dator gaizki honakoa irakurtzea, aurreko asko jada zailak baitira eskuratzeko eta honek, hein batean gainetik bada ere, erakusten dizkigulako arlo asko, eta ez soilik askok fetitxe duten (dugun) Black Panther Partya.



Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

et cetera
%d bloggers like this: