AbainGoardia











{2010/04/09}   Eskorbuto “Maldito Pais” (LP)

Eskorbuto “Maldito Pais”

LP, 2010

Munster Records

Beno, ez dut luzez hitz egingo honetaz ez baitiot merezi ez duen promoziorik egin nahi. Eskorbuto bada urteetan egin denaren kasurik argien eta larriena. Askok aspalditik esaten dugu nola revivalaren modak lortu duen askok berehalako diru erraza bilatzea iraganeko taldeen materiala berrargitaratuz egungo taldeekiko konfiantza ukatuz, nolabait esaten dutelarik (batzuek argi diote, besteek ekintzengatik erakusten dute), iraganean egindakoak solik pena merezi duela.

Eskorbutorena da niretzat larriena, ikusi dugulako nola material berdina berrargitaratu den zenbaitetan, ofizialki edo pirata modura. Iragan hamarkadaren hasieran CD formatuan argitaratu ziren material ugari, bi maketak, entseguak eta zuzenekoak (gehienak Surco argitaletxearen bidez, Working Class Recordsek argitaraturiko zuzeneko bat ezik). Urteek aurrera egin ahala, eta biniloak bere betiko tokia berreskuratu ahala biniloan argitaratu dira hauetako asko. Aurrekoan esan nuen nola Brixton Recordsek Jodiendolo todo lehen maketa, Las mas macabras de las vidas eta Demasiados enemigos lanak berrargitaratu zituen LP formatua (azken biak CDan ere berrargitaratu ditu). Munster Records ere Eskorbutoren ondarean ere egin du bere ekarpena orain aipatzen dizkizuegun materialekin. Eta diskoak ez badira ere, DDT Banaketak taldearen biografia modukoa den Detestable Raza Humana fantzinea berrargitaratu du formatu definitiboan. Eskorbuto izena duen orok gainera etekinak ematen ditu. Sarritan esan dugu lagun batzuen artean, disko bat grabatu eta Eskorbuto bezala saltzen saiatuko bagina agian ziria sartuko genukeela. Eta bestetik ia ziur nago Eskorbutoren hil osteko diskografia (ez dut bertan sartuko Iosu eta Jualma hil ondoren Pacok grabaturiko hiru diskoak), ia diskografia ofiziala bezain beste direla eta martxa honetan gehiago izango direla.

Munsterrek hiru formatu oso ezberdin aurkeztu ditu azken hiruhilekoan Maldito Pais izen berarekin. Kronologikoki aurrena zazpi hazbeteko singlea dugu. Aipatu genuen nola aurrez zezaketen edizioa, erdipurdikoa iruditzen baitzitzaigun, A aurpegia batik bat. Bertan topatzen ditugu “Maldito Pais” eta “Oh no! Policia en accion” kantak, non berezitasun handiena den “Maldito Pais” kantaren bertsio hau lehenbizikoz argitaratzen dela. Eta ez da harritzekoa. Bi kanta hauek eta beste hiru 1982an grabatu zituzten Madrilen eta disketxeak kantak aukeratzera behartu zituzten, oso ezaguna egingo zen “Mucha policia, poca diversion” singlea bilakatuz. Aukeraketa egiterakoan ziur “Maldito Pais” baztertu zuten penagarri gelditu zelako. Jualmak etengabe desafinatzen du, belarrietara mingarri egiten da. Gehiegizkoa. “Oh no!” ere ez da aparteko gauza eta dagoeneko beste disko batzuetan azaldu da. B Aldeak RIP taldearekin argitaraturiko Zona Especial Norte diskotik kanpo geratu ziren bi kanta azaltzen dira, “Criaturas al poder” eta “Rogad a Dios por los muertos”.

Urtarrilean CD bikoitza argitaratu zuten, “Primera epoca 1982-1984” azpitituluarekin. Eta zer dago bertan? Lehenik Mucha Policia, poca diversion grabaketa saioko kantu guztiak (“Oh no” ezik, okertzen ez banaiz). Gero entseguak datoz. Lehen CDa Jodiendolo todo maketaren zati batekin ixten da. Bigarrenean maketaren beste zatia dator eta ixten du Que corra la sangre, 1984ko Bilboko Aste Nagusian zuzenean grabaturiko bigarren maketa. Ikusten duzuenez nahiko osoa da disko hau, nahiz eta Surcok aurretik hiru CD ezberdinetan salduriko diskoak bakarrean aurkituko ditugun (ez da ezer berririk, agian soilik “ETA” kantuaren bi bertsio azaltzen direla, horietako bat zentsuratua txistu klasikoekin).

Martxoan binilozko formatua argitaratu da eta honetan nire ustez zentzugabekeri hutsa egin dute. Aurrena, Mucha Policia saioko kantak sartu dituzte, “Oh no” ezik. Zer zentzu du? Gogoan izan dezagun “Maldito Pais” (eta “Oh no”) ABENDUAN argitaratu zutela single batean eta beste hiru kantak birritan berrargitaratu dituela Munster berak single arrunt eta picture disc formatuetan. Zer behar zuten hirugarren aldiz kantu bera saltzeko? Horiek sartzeko hurrengo grabaketa saioen kantu kopurua moztu dute. Entseguen parte aurkituko dugu bakarrik eta, gutxi balitz, batzuk Brixton Recordsek argitaraturiko Jodiendolo Todo diskoan aurkituko ditugu, grabaketa bera, orain bi urte eskura zitekeen beste disko batetan (zehazki ondoko kantuak gutxienez errepikatzen dira: “El exterminio de la raza del mono”, “Os engañan”, “No quiero cambiar” eta “Mierda, mierda, mierda”, Brixtonen diskoan “Seguridad Social” izenarekin). Eta hirugarren grabaketa saioa Que corra la sangre zuzenekoa dugu. Sakrilegioa. Ez dute zuzeneko osoa sartu, lau kanta inguru falta dira. Nire ustez, disko hau behar bezala argitaratzeko egin behar zutena zuzenekoa soilik sartzea zitekeen. Zeren, gainera, diskoak 16 euro inguru balio du, eta salneurri horretan binilo bertsioan kantu batzuk bigarren (edo hirugarren) aldiz saltzea eta aparteko soinua ez duten entseguak saltzea ia iraingarria da.

AbainGoardiaren musika saioa berpiztuz:

Bigarren aurkezlea: Eta zer esan behar duzu Maldito Pais LPari buruz?

AbainGoardia: Aski da grabaketa saio berdinak estalki ezberdinean hogei bider saltzeari. Aski da. Eta honekin AbainGoardiaren musika saioa amaitzen dugu.



Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

et cetera
%d bloggers like this: