AbainGoardia











{2010/04/10}   Americo Vespucio

Americo Vespucio

La historia de un error historico

Stefan Zweig

ISBN 978-84-937709-3-8

128 orrialde

2010eko Martxoa

Capitan Swing Libros

Capitan Swing Libros bi urte baino gutxiago dituen argitaletxe oso interesgarria dugu, horren denbora eskasean lau sail aurkeztu eta liburu biziki deigarriak aurkeztu dituelako. Nahikoa da beren web orria bisitatzea (www.capitanswinglibros.com) izenburua keta egileak ikusi eta erakarriak izateko: Friefrich Engelsen Las Guerras Campesinas de Alemania, Maquiaveloren Florencia Insurgente, Daniel Dafoeren Historia del diablo, The Levellers iraultzaileen Putneyko eztabaidak (Los debates de Putney), Max Auben espainiar guda zibilaren trilogia argitaratuko dute… argitaletxe honen zenbait liburu aipatzen joango gara, oraingoz Stefan Zweig idazle austriar ospetsuaren eleberri biografiko hau aipatuko dugu.

Stefan Zweig XX. Mendearen hasierako idazle garrantzitsuenetako bat dugu. Liburu mordoa utzi dituenak historiarako, eleberriak, olerkiak, biografiak eta autobiografiak. Lehen Mundu Gudan Alemaniaren jarrera gogor salatzeagatik ihes egin behar izan zuen Suitzara eta han idatzi zuen besteak beste Jeremiah antzezlan antibelizista ospetsua. Ihesaldiek bere bizitza markatuko dute, guden aurkako bere jarrera batetik eta, nazien botereak gora egitean bere judu jatorria dela eta bestetik. Horrela bere bizia amaituko da Brasilgo Petropolis hirian, 1942an, non bere buruaz beste egiten duen, benetan uste baitu naziek guda irabaziko dutela, gerorako geratuko delarik hil eta bi urtera argitaratzen den Die Welt von Gestern (Atzoko Mundua), bere ustetan desagertu behar zen gizarte baten testigantza hunkigarria.

Idatzi zituen biografietan ondoko hau gehitu behar dugu, Americo Vespucio zenari eskeinia. Nor da Americo Vespucio? Guztiok lotzen dugu Amerikako kontinenteari, kontinenteak haren omenez baitu izena. Zweigek mendeetan askok egin duten galdera bera egiten digu: Zergatik eman zitzaion Lurraren laurden bati gizon hutsal baten izena? Urtetan liskarrak izan dira ohorea merezi duenaren aldeko eta kontrakoen artean. Benetan merezi zuen? Nola jaso zuen ohore hori? Zergatik Amerika eta ez Columbia, Colonen izenean?

Zweigek historian atzerago egiten du eta gogora dakarkigu nola Marco Poloren Asia urruneko bidaiek Europar gizartea liluratu zuten, batetik beti pentsatu zelako Mediterraniotik urrunago ez zela ezer asko eta, bereziki, ekarri zituen gauzak (espeziak, zetak, arroza…) oso baliotsuak egiten zirelako. Esplorazio eta komertzio bidaiak egiten hasten dira baina oso luzeak dira, urteak eramaten dituzte Mediterraneoa zeharkatu eta urrunagoko lurraldeetara heltzen, beraz europarrak galdetzen hasten dira ea ez ote den bide laburragorik.

Colonek burutazioa du Atlantikoa zeharkatu posiblea dela India eta Txinara heltzea bizkorrago eta Espainiar errege Katolikoen babespean ezagun egingo zuen bidaia egingo du. 1492ko urriaren 12an lurra topatzen du. Erabat sinetsia da Txina aurreko uharteetara heldu dela, baina espeziak eta zetak ekarri beharrean, oso azal beltzarana, gorria, duten biztanleak aurkezten dizkie erregeei. Zer edozer ez da behar bezala. 1498an, uharteak ez diren lur sendora heltzen da eta Indiak direla pentsatzen du luzez.

Ordea bere teoria bertan behera geratuko da Europan zehar hedatzen den esku-orria baino ez askoz luzeagoa den testu bati esker. Testu hura Mundus Novus da, latinez idatzia dago, eta bertan baieztatzen da izandako aurrekariek, Colonen bidaiek eta, bereziki, egileak egindako bidaiek ondorioztatzen dutela lurralde horiek ez direla Asiako muturra, mundu berri bat baizik. Baieztapen horren egilea Americo Vespucio italiarra da. Ez du zeresan handirik sortuko baieztapen horrek urte bakan batzuk beranduago Saint-Die hiriko inprimatzaile batek Ptolomeoren Kosmografia lur berriekin eguneratu behar duen arte, non lehenbizikoz proposatzen duen kontinente osoari Amerika deitzea.

Zweigek misterio nobela baten haria jarraituz, era oso entretenigarrian erakusten digu nola zenbait errore eta gaizki ulertuk egin zuten hilezkor Americo, eta era berean nola sortu zuten harenganako gehiegizko mirespen zein gorrotoa, deskubrituko baitugu nola esaldi anbiguoek, itzulpenetan sortutako hanka sartzeek, zein beste kasualitateek erabaki zuten betiko Historia Amerikaren alde jartzea.

Liburu oso entretenigarri honen sarrera gisa Felipe Fernandez Armesto historialariak Garapenerako Banu Interamerikarrek 2007ko jardunaldi batzuetan emandako konferentziaren gidoia topatzen dugu, non Americo Vespucio kontinentea bataiatua izateko aukeratu izanaren bosgarren mendeurrena ospatzea goresten duen.

Supitu batean irakurriko duzu, baina horrek ez du esan nahi gustatuko ez zaizunik, gomendagarria.



Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

et cetera
%d bloggers like this: