AbainGoardia











{2010/04/18}   Los debates de Putney

Los Debates de Putney

En las raices de la democracia moderna

The Levellers

ISBN 978-84-937709-0-7

304 orrialde

2010eko Urtarrila

Capitan Swing Libros

Esan dudan bezala, Capitan Swing Libros argitaletxe oso berria da, baina bi urte eskasean liburu deigarriak argitaratu ditu. Bi urte hauetan ez da soilik titulu eta egile aukeraketarako gustu ona atzeman, ez da soilik lau sail ireki izana: Matrioska feminismoaren inguruko testuentzat, Entrelineas historia, ekonomia eta soziologiaren inguruan, Polifonias testu literarioagoentzat (zeinen Americo Vespucio aipatu berri dugun), eta Historia profana historia politikoaren saila, zeinean topatzen dugun ondoko liburua.

Bi urte hauetan gehien nabaritu dena da sail bakoitza bereizteko gogoa eta baita gustu ona ere azal beretik. Argitaletxearen lehen bost tituluak ikusten baditugu oso estetika berdintsua dute: ez da bereizten ia Maquiaveloren Florencia Insurgente, Friedrich Engelsen La Guerra campesina en Alemania, Henri Pirenneren La democracia urbana: una vieja historia, Werner Sombarten ¿Por que no hay socialismo en Estados Unidos? eta Vladimir Ilich Lenin eta John A. Hobsonen Imperialismo liburuen arteko aurkezpen ezberdintasunik ia (lehen hirurak Historia profana sailekoak dira eta azken biak Entrelineas sailekoak). Ostera, seigarren liburuan Ch. P. Kindlebergeren La crisis economica 1929-1939 Entrelineasen saila erabat ezberdintzen da eta orain aipatuko dugun Putneyko debateen liburuak Historia profana saila definitu zuen gustu oso onarekin.

Baina harira joan gaitezen behingoz. Putneyko eztabaidak oso testuinguru zehatzean garatzen dira: XVII. mendean Ingalaterran garatzen den Iraultza Burgesaren erdian. Iraultza hau mende erdian zehar hedatzen da eta horren abiapuntu da Karlos I. erregearen jarrera absolutista. Parlamentua existitzen zen, non baziren Parlamentu Altua (Lorden Ganbara) eta Parlamentu Baxua (Herri Ganbara, zeinean jabetzak izan baina titulurik ez zutenak ziren, jaiotzen ari zen burgesia, alegia), baina ez zuten eginkizun handirik. 1642. urtean, hamarkadatan deitu gabe igaro ondoren, deitzen ditu zerga berrien legea ezartzeko: Lordak libratzen dira eta herri xeheak ordaindu ezin duenez, burgesek ordaindu beharko dituzte Gorteko gastuak. Horrela, burgesak ukatu eta Oliver Cromwell buru lehen Guda Zibila abiatzen da (1642-1645), sortu berri den New Model Army izango delarik garaile burgesen zorionerako. Ordea, erregea eta jauntxoak ez dira ados eta, preso zen erregeak ihes egin ondoren, bigarren Guda Zibila piztuko da 1648an eta urtebete beranduago amaituko da Karlos I. publikoki exekutatzen dutenean. Horrela abiatuko da Ingalaterran ezagutu den Errepublika garai bakarra, Cromwellek bortizki gidatua 1660. urtean ihes egin behar duen arte Karlos II.ak tronoa berreskuratzen duen artean. Iraultzaren amaiera Jakobo II.aren erregetzan jartzen da (1685-1688), garai hartan Monarkia Konstituzionala ezartzen baita.

Iraultzaren ardatz nagusietakoak ziren, besteren artean, erregeari botere absolutua kentzea eta gizonen sufragio unibertsala (emakumezkoengan pentsatzea oso urruti geratzen da). Aldarri hauek hasieratik pizten dira eta hauen lekuko dugu Putneyko Eztabaida hauek. Bi guda zibilen artean, 1647an, New Model Armyko soldadu askok beren soldatak erreklamatzen dituzte eta horrekin batera gizarte berria eskatzen dute. Ofizialek ere bilatzen dutenez aldaketak eragitea, Tamesis ibaian, Parlamentuaren aurrean den Putneyko elizan biltzen dira jende ugari Herriarentzako Akordio baten bila. Bertan bi bandok eztabaidatuko dute: ofizialek daramatena, erreforma arinak bilatzen dituztenak beraiek eta burgesia (zeinen partaide diren azken finean) pribilegiodun estatus berri batetan bilakatzeko, eta zibilak, soldadu arruntak eta ofizial bakan batzuk bestetik. Hauek Levellers (Mailatzaileak) deituak izan ziren, beren arerioek iraintzeko esaten zietelako gizarte osoa maila berera jaitsi nahi zutela, anarkistatzat eta guzti definituz.

Beren programa ikusiz esan liteke ez zirela oso urrun. Ordura arte bozkatzeko eskubidea lurrak zituzten gizonak besterik ez ziren. Ofizialek eskubide hori mantendu nahi zuten, baina jabetzen balioa jaitsiz. Levellerrek ordea eskatzen zuten gizon guztiek bozkatu ahal izatea, jabetzak alboratuz. Eztabaida hauek dira Putneyn garatzen direnak.

Liburu hau eztabaida haietan Sir Fairfaxen idazkariak harturiko aktetan oinarritzen da batik bat. Hiru jardunaldietan ikusiko dugu lehenik nola bi bandoak maila berean hitz egiten dioten elkarri, ofizialen graduazioa baztertuz. Cromwell, laster Errepublikako gidari izango dena, moderatzaile bezala jarria bada ere zenbaitetan argi uzten du bere jarrera eta Levellerrek animoak xaxatzen dituztenean bere pisu politikoaz naliatzen da alde jartzeko jendea. Henry Ireton nabarmentzen da, Cromwellen aldeko ofiziala, zeina izango den “eskuinekoen” eztabaida-gizon trebe eta onena. Eta gero Levellerretan zenbait pertsona argi azaltzen dira, Walwyn abokatua, Sexby soldadua eta Thomas Rainsborough ofiziala, zeinek sutsuki defendatuko duten sufragio unibertsala.

Esan beharra dago akta hauen irakurketak bere gorabeherak dauzkala, batzar orotan gertatzen den bezala. Lehen jardunaldia erabat astuna egiten da, beren garaiko gizonak izanik, denbora gehiago ematen dutelako Jainkoaz eta haren hitzaz hitz egiten bildu diren arrazoiaren inguruan eztabaidatzeaz baino.

Bigarren jardunaldian eztabaida oso interesgarria dugu, benetan Ireton oso hizlari ona dela ikusiko dugulako eta bere aurrean bere mailan diren aurkariak aurkituko dituelako. Hirugarren jardunaldian Herriaren Akordioa, Konstituzio modukoa, izan behar den dokumentuaren zirriborroa irakurtzen ari dira eta eztabaidak sortzen dira berriz ere.

Liburuak Putneyko eztabaiden emaitzarekin egiten du amaiera, alegia, Konstituzio moderatu bat proposatzen dela, Cromwellek lidertza hartzen duela Karlos I. hiltzen duten ondoren, eta Levellerrak jazarriak direla. Horren lekuko dugu liburuaren eranskina, Londreseko Dorreko ziegetatik lau Leveller buruk aurkezten duten Herri Akordioa, non programa nahiko aurreratua aurkezten duten, gizonezkoen sufragio unibertsal erreala aldarrikatuz eta, besteak beste, hauteskundeak urtero egin daitezen eta hautagaiek ezin dezatela bi hautagaitza jarrai aldarrikatzen duten.

Garairako oso aurreratua baina tira, neu behintzat ez nau gehiegi kitzikatzen. Interesgarriago iruditzen zait hauen muturreko adierazpena izan zena, True Levellers edo Diggers (Zulatzaileak) deituak izan zirenak, liburuan behin besterik aipatuak ez direnak. Txiroenak, nekazal erreformen aurka egin zuten eta, eztabaidetan parte hartu zuen Gerrard Winstanley apaiza buru, lurra eta Naturaren kolektibizazioa aldarrikatu eta lur-sailak partekatu zituzten, Gobernu komunal-asanblearioa aldarrikatuz. Hauek Levellerrak bezain bizkor izan ziren zanpatuak.

Liburu dotore honek badu azken bitxikeri bat. Argitaletxearen liburu guztiek bezala, irakaspenak azkeneraino eman nahian, azken orrian, liburua argitaratu zen eguneko efemeride interesgarria egiten digute, orokorrean liburuaren gaietako bati lotua. Kasu honetan liburua 2010eko urtarrilaren 21an inprimatu zen eta gogora dakarkigu 1790.eko egun berean Frantziako Biltzar Konstituziogileak hiritar guztien legearekiko berdintasuna aldarrikatu zuela (errealitatea beste kontu bat da).



Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

et cetera
%d bloggers like this: