AbainGoardia











{2010/05/09}   OvertHHHrow “Carobs, fodder and Schadenfreude”

OvertHHHrow “Carobs, fodder and Schadenfreude”

LP, 2010

Trashtocat Records

Ene, zoriak miserian utzi nahi nau! Ez dut aurrezteko modurik, beti aurkitzen dut tentazioan erortzeko aitzakia.

Ez dudanez betiko mezu errepikatu nahi zuzenean esango dut Revival madarikatuaren azken emaitzetako bat dugula ondokoa: OvertHHHrowren diskografia berrargitaratu da bi binilotan, nire zoritxarrerako (nere buruari agindu nion Banyolesko hirukotearen diskografia izan nahi nuela eta egun Rousen Deep Wound besterik ez zait falta).

Aurretik hitz egin dut HHHri buruz. Penintsulako Hardcore talde ezagunenetakoa beren abiadura, abilezi eta hitz gogoangarriengatik. Beren diskografia hamaika aldiz argitaratu eta berrargitaratu da. Ez da ene asmoa berriro ere beren ibilbidea errepikatzea. Soilik gogora ekarriko dut beren ibilbidean beren gutiziak asetzeko, talde nagusiaren ildoari jarraitzen ez zioten erritmoak egiteko talde paraleloak egin zituztela (izena aldatzea besterik suposatzen ez zuena). Azken urteetan hardcore melodikoa beren erara egiteko Rouse egin zuten. Baina aurrena, 1988 aldera, soinu metalikoagoak egiteko, OvertHHHrow sortu zuten.

Talde paralelo honek zenbait ezaugarri izango zituen. Ordura arte Alex, taldeko baxujoleak abesten zuen (hasieran abestu besterik ez zuen egiten), baina une honetatik aurrera Koki bateria joleak hartuko du ardura. Hizkuntza ere aldatzen dute, gazteleratik ingelesera (Rousen egingo zuten bera). Eta OvertHHHrown egindako zenbait gauzek eragina izango zuten etorkizuneko grabaketetan Vitu’s Dance taldearekin kaleratutako Homo Homini Lupus lanean bereziki.

OvertHHHrow ofizialki grabaketa bakarra omen zuen, 1989an grabatu zituzten hamalau kantu, zeinek disko baten emaitza izan behar zuten baina azkenik lagunen artean banatu zen maketa bat bilakatu ziren. Hamar urte igaroko ziren jada desagertua den Soulforce Recordsek CD batean kaleratu arte, What happens next? kaliforniarrekin elkarlanean (Segituan entzun ahal duzue edizio hartako kantu bat, Politics). Trashtocatek orain berreskuratzen du binilo formatuan kaleratzeko zuzeneko kantu batzuekin batera.

Carobs, fodder and Schadenfreude beste gauza bat da ordea. Diskoetxekoek azaltzen dute nola bertan behera geratu zen beste proiektu batean lanean zirela, Banoyleseko mutilekin harremanetan jarri zirela eta haiek maketa ofiziala bidali zietela. Behin, ezustean, deia jaso zuten bigarren maketa bat aurkitu zutela esanez, orain arte argitaragabea. Hauxe da Carobs…

Soinua ez da apartekoa, izan ere maketa ofiziala estudio batean grabatua izan bazen, binilo honetako kantu gehienak behintzat entseguetako grabaketak baitira, lehen lau kantak ezik antza, Homo Homini Lupus diskoaren aurreko grabaketa omen baitira. Baina edizio honek badu aparteko ezaugarria. Instrumentalak ziren, ez zegoen ahotsik, baina grabaketa honetarako, Kokik, hogei urte beranduago grabatu ditu ahotsak gordeak zeuzkaten letrekin! Pentsa zitekeen lehen gauza zen nahasketa itsusia izan zitekeela, orain hogei urteko entsegua egungo tresneriarekin grabaturiko ahotsekin nahastea. Baina ez. Estudioan aparteko lana egin dute eta, instrumentuen soinua apartekoa ez bada ere, ahotsak ongi sartu eta nahasi dituzte, ez badizute esaten hogei urte beranduago grabatu direnik ez zenuke halakorik pentsatuko, benetan.

Bi biniloetan aurkituko duzuna hardcore oso metalikoa da, garaian Suicidal Tendencies, Cryptic Slaughter, DRI edo Corrosion of Conformityk egiten zuten bezala, hitz oso zuzen eta argiekin.

Bi biniloetan liburuxka berbera aurkituko dugu, non elkarrizketa luzea eta bi diskoetako hitzak aurkituko ditugun, katalunieraz eta ingelesez. Baduzue miserian amaitzeko beste aitzaki bat.



Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

et cetera
%d bloggers like this: