AbainGoardia











{2010/05/30}   Kanikosen

Kanikosen, El pesquero

Takiji Kobayashi

ISBN 978-84-937809-0-6

156 orrialde

2010eko Martxoa

Atico de los libros

Krisi egoerari aurre egiten ausartzen dira zenbait eta honakoan argitaletxe berri bat aurkitzen dugu, zeinak oraingoz bi titulu interesgarri kaleratu dituen, Jomeini Ayatollahk debekatu zuen Iraj Pezeshkzaden Mi tio Napoleon eta ondoko liburua.

Ziurrenik liburuaren abalik handiena egile bera dugu, bere zoriak egiten duelako errespetatua izan beharreko pertsonen zerrendan izatea. Zenbatetan ikusi ditugu gizon eta emakume ausartak injustiziari aurre egiten eta injustizi berak bortizki zanpatuak izatea? Victor Jararen oroimena etortzen zaigu berehala eta bere amaiera Txileko Estatu kolpearen ondoren, besteak beste. Takiji Kobayashik ez zuen zorte hobeagoa izan.

Japoniar langile kulturaren sustatzaileetako bat izanik Taisho eta bereziki Hirohito enperadoreen urte ilunetan, banku kudeatzaile posizio erosoak ez zion eragotsi langile mugimenduaren alde egin eta ilegala zen Alderdi Komunistako kide izaten (are gehiago, Kanikosen bera idazteagatik bota zuten lanetik). Polizia inperialak, eta bereziki disidentzien aurka egiten zuen Tokko sekzioak jarraitu zuen eta klandestinitatera pasa behar izan zen derrigorrean. 30 urte bete gabe eraila hila zen 1933an, ustezko kidea eta benetan polizien infiltratua zen pertsona batekin zuen hitzorduan Tokkoak atxilotu eta bost ordura hilko zelarik jasandako torturen ondorio. Tokkoak eta ofizialki erietxean gaixotasun batek joa hil zela esan zuen, baina familiak gorpua jaso zuenean ikaraturik geratu ziren zituen marka guztiak ikusi ondoren.

Liburuak berpizkunde bat bizi izan zuen orain bi urte, japoniar argitaletxe batek berrargitaratu zuenean Kobayashiren erailketaren 75. urteurrenean. Mainichi Shimbun egunkarian Genichiro Takahashi eta Karin Amayima idazleek izandako eztabaidaren ondorioz 2008ko urtarrilaren 9an, 7000 aleko edizioa eta segituan agortu zen, bi urte igaro ondoren Japonian fenomeno bat bilakatu eta 1600000 ale baino gehiago saldu direlarik behin behineko kontratuak dituzten eta soldata oso baxuak dituzten langileen artean.

Harira joanez, liburuak arrain-ontzi batetako miseriak kontatzen dizkigu. Hakko Maru Kamtxatka errusiar kostaldetik gertu nabigatzen du karramarroen arrantzan. Arrain-ontzi erraldoi honetan laurehun pertsona inguruk lan egiten dute eskifai eta arrantzaleen artean, oso bizi-baldintza penagarrietan Asakawa nagusiak ez duelako inolako begirunerik langileekiko, ekoizpena soilik interesatzen zaio. Horrela ikusiko dugu liburuan aurrera egin ahala nola gela higuingarrietan bizi diren, Asakawak jipotu eta gorian diren xaflekin zigortzen ditu, hamalau ordu baino gehiagoko lanegunetara derrigortzen ditu eta sekulako lehiakortasuna potentziatzen ahalegintzen da, saria emanez kontserba gehiago ekoizten dituenari eta zigor gogorra gutxienari. Ekoizpena handia ez denean gainontzeko arrain-ontzien sareak lapurtzea agintzen du. Beste ontzi batek SOS deia bidaltzen duenean laguntzea debekatzen du, ekoizpenean izango zen beherakada saihestu nahian. Liburuaren gakoetako bat da karramarroen bila joaten den boteetako bat galtzen denean, Asakawak berriz ere bilaketa debekatzen duela. Ordea, arrantzaleak errusiar herri batetan amaitzen dute eta han Komunismoaren ontasunak azaltzen dizkiete (gogora dezagun garaian Kamtxatka Sobietar Batasuneko parte zela). Hiru egunen ondoren Hakko Marura itzultzen dira.

Alegia, liburuan zehar Asakawak gorrotatua izateko ahalegin guztiak egiten ditu, baita lortu ere. Sinopsi beran ikusten dugunez, langileak matxinatzen dira azkenik. Azkenik esaten dut, izan ere 140 orrialdetako eleberri honetan, nahiz eta hasieratik jakin zer gertatuko den, matxinada ez da gauzatzen azken hamar orrialdeetara, liburuaren azken atalera heldu arte, eta hamar dira guztira. Agonia bat egiten da, orriak irakurtzen zoazela ahala sumintzen baitzara ez Asakawaren jarreragatik, langileek matxinada egitea erabakitzeko behar duten denboragatik. Gainera, behin matxinada piztua liburua amaitzen da, eta bat-batean, sinopsiak azaltzen dizkizun gauza guztiak gertatzen dira. Langileak sekzio ezberdinetan biltzen dira (makinistak, arrantzaleak, marinelak…) eta ordezkariek manifestu bat aurkezten diote Asakawari. Honek erantzun bezala gertu den Destruktore Inperiala deitzen du matxinada gelditu eta buruak atxilotzeko asmoz. Behin eramaten dituztela, eleberria amaitzen da, non egileak orrialde eskaseko eranskina egiten duen bigarren matxinada bat egiten dutela azalduz, bururik gabe, garaile ateratzen dena. Eleberriaren mamia orrialde bakarrean ebazten du.

Amaiera bezala, argitaletxeak 1933ko estatubatuar edizioaren oharra aurkezten digu, Takiji Kobayashiren patua salatzen duena.

Liburu ederra, gomendagarria nahiz eta iruditzen zaidan motelegi garatzetik supitu batean akzioa eskaintzera igarotzen dela.  Askok Las uvas de la ira edo Upton Sinclairren La jungla testuekin konparatu dute. Egilearen patuagatik soilik merezi duen liburua.



Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

et cetera
%d bloggers like this: