AbainGoardia











{2010/07/04}   Campo Cerrado

Campo Cerrado

Max Aub

ISBN 978-84-937709-4-5

304 orrialde

2010eko Apirila

Capitan Swing Libros

Max Aub gaztelaniazko literaturan modernoaren izen nagusietakoa dugu eta Campo cerrado honek osatzen duen El laberinto magico sagaren lehen atala bere pieza nagusietako bat dugu.

Aita alemaniarra eta ama frantsesak sortua, bere gaztaroa han hemen egin zuen aitaren ofizioa zela eta (saltzailea). Lehen Guda Mundialak Valentzian harrapatzen ditu eta handik gutxira espainiar naziotasuna eskatzen dute gudatik ihes egiteko besteak beste. Helduagoa delarik idazten hasten da, 27ko belaunaldia deritzonaren parte bilakatuz eta militantzia politikoa egiten hasten da, PSOEren baitan.

Espainiar Guda Zibila heltzean erantzukizunak hartzen ditu, Pariseko enbaxadan diplomatiko gisa aurrena, eta Antzerki Kontseilu Nazionalaren idazkari egin zen ondoren, Andre Malraux idazlearekin Sierra de Teruel dokumentala hasiz guda galtzear zela ihes egin behar izan zuen arte. Frantziar esparru gune batean atxilotua, ihes egitea lortuko du, Mexikora, non amaituko duen bizitzen hil arte.

El laberinto magico, Benito Perez Galdosen Los episodios nacionales obraren omenez deitua, Espainiar Guda Zibilaren inguruan eta bertan faxismoaren aurka borrokatu zutenen aldeko omenaldia den saga dugu, hainbat liburuk osatzen baitute hau, Guda Zibilaren kronologia (eta ez argitalpenena) jarraituz: aipagai izango dugun Campo cerrado (1943), Primo de Riveraren diktadura garaitik 1936ko uztailaren 19ko Bartzelona handira heltzen dena; Campo abierto (1951), hiru zatitan bereizia, Valentziako frontearen lehen egunak, Burgos eta Madril artean doan bigarren atala eta 1936ko azaroaren lehen egunetako Madrilen setioa; Campo de sangre (1945), 1937ko amaiera eta 1938 lehen hileak narratzen dituenak, Teruego setioan parentesi bat hartuz; Campo del Moro (1963) liburuak Madrileko frontearen azken egunak deskribatzen dizkigu, non Casado koronela eta Juan Negrin Errepublikako lehendakariaren jarraitzaileen arteko borrokak areagotzen diren; Campo de los almendros (1967), Valentziaren azken egunak, sekula iristen ez diren ihes ontzien zain diren pertsonak Alacanteko portuan eta faxisten erailketak eta errepublikarren bidalketak esparru guneetara kontatzen duen; eta Campo frances (1965), behin guda galduta, kontatzen diguna frantziar estatuak ihesean ziren espainiarrentzat eginiko esparru guneetako kontakizunak egiten dituena.

Campo cerrado obra da era berean saga honetan pertsonai nagusi bakarrarengan doan liburu bakarra. Honek Rafael Lopez Serrador gaztearen historia azaltzen digu. Liburuak dituen hiru ataletan hazten ikusiko dugu. Castelloko bere gaztaroan oroitzen ditu bere herriko, Viver de las Aguas, festak, zezenak, beroa; hiriburuan bertan nola lan egin zuen zilargile bikote batekin hamasei urterekin Bartzelonarako bidea hartzen duen arte.

Bigarren atalean, Errepublika garaitik altxamendu faxistarainoko Rafaelen bizimodua ikusiko dugu. Kafe eta taberna ugaritan politika puri-purian da eta horrela Rafael, askatasuna eta justiziaren bila, solaskide ugarirekin arituko da, errepublikarrak, komunistak, sozialistak, anarkistekin egingo du adiskidantza hasieran eta hauekiko elkartasuna medio, mendeku hutsagatik, erailketa bat egingo du. Baina laster bere ezjakintasun eta ziurgabetasunak irentsia alde ilunera joaten ikusiko dugu, anarkista ohi batzuek beste kafetegi batetan mintzagai diren falangistengana hurbilduko baitute eta haientzat lan egiten eta Estatu Kolpea izan behar zenarentzat prestatzen ikusiko dugu.

Hirugarren atalean, Bartzelonako altxamenduaren kontrako borroka azaltzen diguna, Rafael desagertzen da hein handi batean eta nagusitasuna hartuko dute beste pertsonai garrantzitsuek, Buenaventura Durruti, Juan Garcia Oliver, Francisco Ascaso, Lluis Companys, Goded… Rafael noizean behin azalduko da zalantza ugarirekin eta garaileen berora etortzen ikusiko dugu.

Liburua amaitzen da Bartzelonaren gau arrakastatsuan, zeinean eliza guztiak sutan diren, elektrizitate faltan, kaleak argiztatzeko erremedio onena baitira.

Liburua egiten da oso interesgarria, behin heltzen diozula utzi ezin duzuna, eta Bartzelonaren egunera heltzean gertakarietan murgiltzen zara. Eskertzekoa da gainera argitaratzaileak egin dituen ahalegin guztiek, orri amaierako aipuetan, garaiko egoera eta pertsonai ezagun ugari ezagutu eta haria ez galtzeko.

Daukan ahulezi bakarra bada bere hiztegi zabala, izan ere Auben lagunek zioten liburua idazten ari zela bere aldamenean hiztegi lodi bat izan zuela konpainia, ondorengo liburuetan errepikatuko ez zena horrenbeste. Eleberriaren lehen orrialdeak irakurtzean galtzeko arrisku handia duzu, ez baituzu esaten duenaren erdia ulertzen, eta horrek sor dezake liburua abandonatzeko arriskua. Ez ezazue egin, pena merezi du, beharrezkoa bada hiztegi bat edo RAEren online hiztegia kontsultatu.

Liburu ederra eta are eta edizio ederragoa Capitan Swing argitaletxeak egindakoa, benetan saga osoa irakurtzeko eta argitara dezaten esperoan utzi gaituena.



Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

et cetera
%d bloggers like this: