AbainGoardia











{2010/07/24}   Dut “Askatu Korapiloa”: Iragan hamarkadako euskal disko onena

Dut “Askatu korapiloa”

CD, 2000

Esan Ozenki Records

Beno, bada bolada bat ez nuela ezer idazten eta baliatuko dut gogoan neukan gauza horietako bat egiteko. Urtea hastean nire iritziz iragan urteko euskal disko onena eta atzerriko disko onenak aipatu nahi nituen eta, hamarkadaz aldatu garenez, gauza berdina egin nahi nuen hamarkadako disko onena izendatzen. Ez nuen egin, denborak aurrera egin du eta orain halakorik egitea beranduegi iruditzen zait. Baina beno, behintzat laburbilduko ditut lehen bi hautatuak. 2009ko euskal diskorik onena nire ustez, diferentzia handiarekin, Neilaren Danza de nieblas, eta atzerrikoa Mastodonen Crack the Skye ikaragarria (“The Czar” kantuak oraindik ere oilo-ipurdia jartzen dit). Hamarkadako atzerriko disko onena hautatzeko orduan zurian geratzen naiz, horrenbeste entzun ditut eta… 90. hamarkadakoa esateko ez nuke inongo zalantzarik izanen Refuseden The shape of punk to come diskoak ez baitu inongo aurkaririk niretzat. Baina XXI. Mendeko lehen hamarkadan gogora datozkit batetik (a ze nobedadea nire partetik, kar kar kar) Isisen Oceanic ederra, baina ez lirateke urrun izango The Mars Volta eroen zenbait disko, Francess the mute edo Amputechture esaterako.

Hamarkadako euskal disko onenerako ez dut horrenbeste zalantzarik izan, Dut hondarribitarren Askatu korapiloa disko ikaragarri honek duen indar zein energia ez baita aurkitzen beste inon ozta-ozta. Gertutik jarriko nuke Lisabö, baina aipatuko nituzkeen bi diskoak, Egun bat nonahi ederra eta Izkiriaturik aurkitu ditudan gurak ikaragarria, itzelak badira ere, badituzte zenbait gauza ez dituztela Dutena bezain emaitza ikaragarria sortzen, lehena hiru kantu besterik ez baititu (baina a ze hiru kanta!), eta bigarrena disko bezala bikaina izanda ere, ezin daitekeelako disko arrunt gisa hartu, Lisabök beste talde eta abeslarirekin elkarlanean egindako proiektua izan baitzen, zeina gainera zuzenekora eraman ezin izan zen (eta hasierako proiektua egin izan balute, diskoa Mikel Laboarekin egin izana alegia, mundu erdiak flipatuko zukeen).

Dut 90. hamarkadaren lehen erdialdean sortu zen boskote bezala eta formatu horretan argitaratu zuten beren lehen disko ofiziala, Underribi izeneko elkarlaneko diskoa Beti Mugan, Orgasmic Toothpicks eta The Ilussionsekin. Disko hura entzun zuten askok ezingo zuten imajinatu urteen igarotzeaz sortuko zen zarata matraila.

1995. urtean beren aurkezpen lana atera zuten, taldearen izen berekoa, non eta orduan indarrez betea zen Esan Ozenki Records zigiluan (Negu Gorriak taldearen babesean sorturiko zigilu independentea). Orduan Negu Gorriaken begietako taldetzat aurkeztua izan zen. Boskotearen une gogoangarrietakoa izan zen, esaterako, Rodriguez Galindok NGren aurka jarririko salaketaren aurka dirua lortzeko antolatu zen Hitz Egin jaialdia, zeinean Esan Ozenkiko ia talde guztiek eta zenbait lagunek parte hartu zuten, eta handik ateratako bideoan ikus zitezkeen “Itxura faltsuak” kantan, abeslariak megafono batekin hitz egiten zuela mikrofono parean.

Taldea betiko markatuko zuen aldaketa etorriko zen berehala. Abeslariak alde egiten du lan kontuengatik eta ez askoz beranduago bigarren gitarrak ere agur esaten du. Gainontzeko hiru taldekideak (Galder, Joseba eta Xabi) ordea ez dira kikiltzen eta, taldekide berriak bilatu beharrean, hirukote bezala geratzea erabakitzen dute, abestea euren artean partekatuz.

Zaila izan bazitekeen ere, erantzuna berahala eman zuten, 1996.eko amaieran beren bigarren lana kaleratu baitzuten, lehena hirukote bezala, At ederra, beren ibilbide osoan zehar bezala Esan Ozenkiren babesean.

Beste gertaera garrantzitsua beraientzat laster etorriko zen. Urte berean, Negu Gorriak agur esaten du (2001. urtean hiru kontzertu gogoangarri egingo dituzte, zeinetako batetan izan nintzen ni, Esan Ozenkik garaian eman nien dirulaguntza eskertuz emandako gonbidapenarekin, Rodriguez Galindoren salaketa artxibatu zela ospatzeko. Ikaragarria) eta taldekideak kontu ezberdinetan sakabanatzen dira. Fermin Muguruzak bakarkako ibilbidea hasten du, baina Jello Biafrak egingo zuen bezala, bere bakarkako lehen lana beste talde batekin egin zuen 1997an, Dutekin alegia. Emaitza Ireki ateak disko interesgarria izan zen, zeina du beta junglean murgiltzen zen eta Victor Jararen “El derecho de vivir en paz” gogoangarriaren euskarazko moldapena egiten zuten. 1998an mundu osoan zehar bira egin zuten, apartekoa, beraiekin batera kantuen hitzak antzezten zituen Gaitzerdi antzerki taldea eraman zuten, zenbait emanaldi ikusi izan nituen eta benetan ikusgarriak izan ziren.

1999an, Ferminekiko elkarlana amaitua, disko berria egiteari ekin zioten, zeinak 2000.eko udaberrian argia ikusiko zuen eta aipagai dugun hau da.

Askatu korapiloa adrenalina hutsa da, eta adrenalinak sortutako sentsazio berak ematen dizkigu. Adrenalina puri-purian duzunean indarrez betea zara eta mundua jan behar duzula ematen du, pixkana joaten delarik baina gozotasunez utziz sarritan. Disko hau halakoa da eta horrela adieraziko dizuet:

Lehen kantua “Inkisidoreen dantza iluna” dugu, segituan entzun dezakezuena. Guda danborren deia entzun dezakegu hasieran, pixkana konplexutasunez betetzen direnak, baxuak nota potoloak ematen dituela, eta afinazio berezia erabiltzen zutela erakusten duen gitarra zorrotzak akordeak sartzen dituen ahala. Eta ondoren erritmo nagusian lehertzen dira, beti idatzi dituzten letra abilen lehen erakustaldia eginez, zenbaitetan situazionisten moduko taldeen eragina igar daitekeela. Honetan inkisidoreen papera oroitzen digute, zeinek “lan handia” egin zuten gurean, eta gogoratzen diguten nola egun ere inkisidore ugarik (epaileak, polizia, politikariak, kazetariak…) inkisizio lanetan jarraitzen duten.

Bigarren kanta, “Eromena abian” nire ustez Abiadura Handiko Trenaren aurkako borrokaren kantu handienetakoa da. AHTa bezain abiadura bizian, Hardcore hutseko pieza egiten dute, Dutek hardcoreagatik uler zezakeena, noski, zeinean bi minututan ez duten AHTaren ibilbidearen zentimetro bakarra ere zutik uzten beren hitz aldrebes baina zuzenen laguntzaz. Diskoan izandako bi kolaborazioetako lehena azaltzen da bertan. Bi taldeen adiskidetasuna agerian utziz, El Corazon del Sapo taldeko Fernandok lelo nagusia abesten du (Dutek antzera egingo zuen urte erdi beranduago apoek argitaratutako La casa magnetica diskoko “Ez jarri arreta” abestian). Zuzenekoetan erabateko arrakasta zuen kantu honek. Gogoan dut taldeak Kafe Antzokian emandako azken kontzertuan kantu hau hasi zutela abeslariaren ohiekin eta hortik aurrera abiatu zen, eroki, kantua.

Segituan “Unean uneko” dator, aurrekoaren oso antzekoa. Interesgarriena letra dugu berriz ere, abertzaletasunaren inguruko hausnarketa egiten baitute: “Harriz harri, herri eta harresi. Gotorleku ala espetxe? …eta ez da erdibiderik. […]”

Laugarren kantan martxa mantsotzen dute, ez gehiegi, gure hiriak, gizartea, Erdi Aroko mitologiarekin konparatzen dituztelarik, horrela konparatuz kotxeetako gidariak latorrizko zaldunekin, eta antigas maskaradun sorginak mintzagai dituzte.

Bosgarren kanta diskoaren kantu handienetakoa da. Baina oraingoan, kantua borobila egiten da bigarren kolaborazioaren ekarpenagatik. “Petrolioa ere” kantua indartsu hasten da, non aipatzen digute nola petrolioa eta haren boterea, mugarik ezagutzen ez duen etorkina den. Baina Dutek kantatzen uzten duen unean bertan 713avo amor taldeko izpiritua zen Carlos Desastre hasten da errezitatzen taldeak egiten dion oinarri erritmiko indartsu baten gainetik. Letra ikusgarria da:

300.000 pesetas

lo que es tierra fue mar en el desierto que bosque fue

nosotros islas vagabundas

en un mar que ya no es libre

vándalos entre los desechos de Al-Andalus.

300.000 pesetas


no quiero morir sin haber vivido

llegar lo mas lejos que me sea posible y mirar;

eso quiero, mirar hacia delante…

las estrellas nacen en el corazon del desierto

el sol me lo enseño

camino del Jebel Sharo

el tesoro esta escondido tras los ojos de un niño

300.000 pesetas


no vere como desaparecen las ovejas

ni estaré allí cuando para siempre no llueva

mírame hombre blanco, míralo todo

y entierra tus armas de fuego en el sereno silencio

del gran bosque de la noche


no es la primera vez que hago este viaje

nunca es igual

Quería que qis hermanos me viesen.

ellos también pueden intentarlo.

dios no escucha todo el tiempo.

dios también duerme

y su sueño es nuestro olvido, nuestra libertad.

300.000 pesetas


el viento nos llevará cuando seamos olas

no queda ninguna razón para matar

todas han muerto

moriremos en el mar porque del mar venimos

alguien las encuentra siempre y nacen de nuevo

no soy nadie, mi voz no escribe

en nuestro corto viaje ni siquiera hemos aprendido a salir de casa

300.000 pesetas


el estrecho se hace gigante

el ruido del motor parece querer ahogar

todos los pensamientos… solo consigue mecerlos

sobre el oscuro horizonte.

en permanente huida merodeamos

(como islas vagabundas)

trozos de un naufragio en las ciudades sin sueño

luces en la noche

reflejos azules sobre las aguas negras

estamos perdidos en cualquier lugar

nuestros nombres perdieron su sentido


luces en la noche

la costa esta cerca

la costa está lejos

seré fuerte hasta que llegue mi momento

ahora se algo sobre la vida en ese lado

hay más estrechos haciéndose abismales

somos tan pequeños como los granos de arena

del desierto que fue mar.


Alhucemas – El Morche…

Tánger – Algeciras…

Tirana – Bari…

La Habana – Miami…

Belgrado – Berlín…

El Paso – Las Cruces…

Grozni – Beirut…

Nogales – Tucson…

Ez didazue esango letra irakurtzea eta kanta entzunda ez duzuela hotzikararik somatu…

Seigarren kantak gogoan dut K7 bertsioaren lehen aldea ixten zuela eta gogoan dut horrek pentsarazten zidala Eskorbutoren Las mas macabras de las vidas diskoarekin esaten dudan bera: soilik aurpegi honengatik balitz ere pena merezi duela diskoak.

Kantua “Hor nonbait” da, motela baina indartsua eta bertan hitz aldrebesenak aurkitzen ditugu, hitzen esanahiari buelta emanez, situazionistek eta beste taldeek egiten zuten modura: “Babesten gaituen pistola berberak mehatxatzen gaitu. Elikatzen gaituen janari berberak pozoitzen gaitu. Bilatzen ditugun irtenbide berberak galdu arazi ahal gaitu. Ikusi arazten gaituen argi berberak itsutu ahal gaitu. Ez badiogu neurria hartzen aurrean dugunari, neurria honek hartuko digu eta ibiliko gara atzetik, galdurik… hor nonbait…” Bikaina.

“Jauzia” zazpigarrenak adrenalinari buruz esandakoa berresten digu, alegia, adrenalinak indar deskarga handia eman digula baina orain lasaitasun gozoan sakontzen gara, Inserta taldeko abeslarietako batek kontzertuetan esan ohi duen bezala “heroina dosira” heltzen gara. Oso mantsoa, gitarkadak baditu ere.

“Oker” oso abesti lasaia dugu ere, hemendik aipa daitekeen gauza nabarmenena hitzak dira berriz ere, oso onak.

“Izurrite zuria” kantuak osatzen du, aurreko biekin, diskotik gutxien gustatzen zaidan kantu hirukotea, aurrekoari letrak salbatzen badio ere.

Diskoa “Hotzikara” abestiak ixten du, bere izenburuari ohore eginez. Baxu lodi eta geldo batek dimentsio itogarri batean irensten gaitu, pixkana sartzen diren perkusioak iluntasunean emandako pausuak diren artean, eta gitarrak baso ilun batean entzuten diren zarata beldurgarrien gisa sartzen zaizkigun artean belarri artetik. Eta berriz ere, hitzek, Galder baterijoleak abesten dituen bakanetakoa, burmuina zulatzen digute, gogoratuz noraezean garen bizitzan babesten gaituen sarea handitu ahala txikitzen garela bere aurka zentzu guztietan.

Diskoak sekulako laudorioak izan zituen, ez zen gutxiagorako. Baina taldeak jendea zuzenekoetan sartzen zituen poltsikoan. Neuk hiru kontzertu ikusteko ohorea izan nuen (edo hori da behintzat gogoan dudana). Bata Atxondoko jaietan izan zen, Nuevo Catecismo Catolico (okertzen ez banaiz) eta El Corazon del Saporekin. Ederra. Hurrena Arrasaten ospatu zen AHTren aurkako kanpaldian, oso kontzertu ona, eta bertan, urte batzuk lehenago tributu baterako grabatu zuten RIPen “Terrorismo policial” jo zutela gogoratzen dut. Azkena, 2000. urteko abenduan izan zen, Bilboko Kafe Antzokian, Lisabö eta Anarirekin. Haiek ikustera joan nintzen, baina onartu behar dut Lisabö ere ikusi nahi nituela, Ezarian ederra aurkezten baitzuten, eta gogoan dut nire taldekide ohi Raulek Anari ikusi nahi zuela, unean aurkezten zuen Habiak ikaragarri gustatzen baitzitzaion. Zuzeneko hori gogoangarria izan zen, zapalgailu bat baino oldarkorragoak, ikuslegoa irabazi zuten ezbairik gabe, unera arte ikusi nuen zuzeneko onena izan zen. Raulek lehen ere interesgarri egin bazitzaion Dut, gau hartatik bere talde faboritoetako bat bezala ditu eta nire modura, Askatu korapiloa erre egin zuen bere ekipoan.

Taldea ordea 2001. urtean desagertzen da. Ofizialki atseden hartzea erabaki zutela esan zuten, baina bakoitzak bere bideari ekin zion. Galder eta Josebak, Fernando Sapo eta Mikel Anestesiarekin Kuraia sortu zuten eta artean Xabik Zura egituratu zuen Anarirekin aritu ondoren. 2003. urtean, Psilocybe elkartearen hamargarren urtemuga ospatzeko kontzertuan parte hartu zuten, eta pena eman zidan joan ezin izanak. Eta harrez geroztik betirako isiltasuna. 2008 edo 2009. urtean hedabideetan amaiera ofizial eman bazuten ere, askok bagenekien hasieratik proiektua, askoren zoritxarrerako amaitua zela. Baina beren haziak talde askorengan jarraitu du eta askok omendu dute Hondarribiako hirukotea, Tud deituriko tributu taldea sortzeraino.

Diskoak arrakasta izaten jarraitzen du, nahiz eta Elkarrek sekulako sakrilegioa egin duen. Aldez aurretik beharrezkoa da azaltzea Esan Ozenki Records desagertu zela Metak diskoetxeari bidea emanez 2001. urtearen hasiera. Baina diskoetxe hau 2006. urtarrilean desagertu zen, larritasun ekonomikoek itoa. Elkar argitaletxe erraldoiarekin heldu ziren akordiora eta ordutik ia disko guztien eskubideak haiek dituzte. Ia disko guztiak berrargitaratzen joan dira, baino zenbaiten formatu orijinala ez dute errespetatu. Egunean digipack formatuan kaleratu ziren diskoak pixkara berrargitaratzen joan dira ohiko plastikozko kaxetan, disko horiek zuten xarma erabat galduz. Horien artean Askatu korapiloa dugu, zeinen diseinu dotore, ilun eta itogarriak baso sorgindu batean barneratzen zintuen. Zoritxarrez, plastikozko kaxan ez du horrenbeste erakartzen.

Kontatu ditudan arrazoi mordoengatik ematen diot iragan hamarkadako euskal disko onenaren titulua. Betirako geratuko da diskoa hor, eta gainera diskoak ere esan ahalko du euskal musikan egindako disko onenen artean geratuko dela Mikel Laboa, Negu Gorriak eta beste zenbait talderekin batera.

Diskoari gauza bakarra atera dakioke gabezi bezala: Ez zela biniloan atera. Bekatu mortala…



Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

et cetera
%d bloggers like this: