AbainGoardia











{2010/08/26}   Aste Nagusia 2010: Planto eguna, ikusi eta irakurritakoak

Atzo izan zen planto eguna Bilboko Aste Nagusian. Denetarik irakurri dezakegu egunkarietan baina hobe zen begiekin ikus zitekeena ikustea. Neuk esan dezaket ikuspuntu pribilegiatua dudala, Zazpi Kaleetan egiten baitut bizia eta honakoa izan da ikusi nuena.

Eguerdian iritsi nintzen Bilbora eta Termibusera joan nintzen autobus txartel bat erostera. Segituan tranbia hartu nuen, ibaiaren bailara nola zen ikusi nahi bainuen. Pio Barojara heltzen gara. Nola ez, Gogorregi konpartsan badira tragoak eta mokauak hartzen ari direnak (hamabost inguru, eguerdiko ordu bi t’erdiak dira). Ironikoki, konpartsa honek, Bilboko Konpartsen federakundean aspaldi ez bada ere, beltza aukeratu du apaingarri gisa, bederatzi egunetan dolua erakusten ari diren konpartsen modura.

Nafarroa kaletik jaisten gara Arriaga biderantz eta hona panorama: astelehen eta asteartean lanera joateko kale honetatik jendea saihestu behar nuen, gainezka baitziren espaloiak eta errepideak irekiak ziren oraindik. Atzo ordea lasai ibil zintezkeen, udako zein urte osoko beste edozein egunetan bezala. Arriagako zubia zeharkatzen dugu eta irudi espektrala, txosnek Far Westeko herri abandonatuak ematen dute, hutsak, prezintatuak, soilik direla bertan segurtasun aldetik konpartsakideren bat (elastiko beltzekin) eta eszena ikusi nahi duen bakanik. Arriaga igarotzen dugu eta atzeko geltokian paratzen gara. Kaskagorriren irudia duen eszenatokia, Pa…Ya, Kobetamendi, Askapeña. Beltz iluna eta arimarik ez. Erriberara heltzen naiz. Dendak eta tabernak irekiak dira, baina askok badute Aste Nagusiaren aldeko afixa beltza. Erronda kalera heltzen naiz. Aurreko egunetan kalea gainezka zen, gautxori asko ziren eta haiekin batzen ziren festa goiz hasi nahi zutenak. Atzo ordea, kalea hutsik zen, lanegun arrunt batean bezala. Lau bat pertsona sarreran eta tabernan bertan baten bat gehiago eta musikarik ez.

Guk gure protesta prestatzen dugu. Erakusleihoa beltzez estali dugu. Aste Nagusia bezala, erakutsi nahi genuen zer izanen litekeen kulturarik gabeko erakusleiho bat. Hedabideren bati arreta piztu zion.

Argazkiak: Marisol Ramirez eta Luis Jauregialtzo, Berriarentzat

Bederatziak aski pasata ateratzen naiz, amaitu dut eguna, etxerako bidea hartuko dut, aurrekoetan ez banuen gorpua, gaur (atzo) ez da jai eguna. Baina bisita bat egin nahi dut Alde Zaharretik ea zein giro den, ez dut nere zuloaren ikuspegian geratu nahi. Somerak, Alde Zaharreko kale erabilienetakoa festetan Iturribide, Barrenkale, Txakur edo Santa Mariarekin batera (Bilbo Zaharra ahaztu gabe), jendea izan badu, baina ez ostiral arrunt batean baino gehiago, Zamudioko atarira doan bihurgunetik erraz pasa daiteke. Artekalen ez da jenderik ia, ezta Tenderian ere. Handik Unamuno bidera noa eta urrundik jende andana ikusten dut eta pentsatzen dut lepo dela. Hurbildu ahala ohartzen naiz kale animazioen inguruko tropeltxoak direla, bata museoaren ondoan eta Unamunoren plazan bertan bigarrena. Animazioen inguruan gehienez bi edo hiru lerro, pasatzen oztopatzen dutenak, baina handik pasata erraz ibiltzen da, ez espaloitik, kaleko merkatariez beteak direlako, baina bai errepidetik. Ekaineko Kobetatik noa, Plaza Barria ikusten dut. Jendea ikusten da, baina ez naiz pasatzen ikustera jaieguna dela nabaritzen den (egin behar nukeen). Areatzan bi multzo ikusten ditut. Kale antzerki bat (uste dut urtero jarri ohi den batukada dela, ez dut ongi ikusi) Posta Kalearen sarreran, eta bigarrena Arriaga aurrean, udaletxeak kontratatua zirudien emanaldia. Zubia zeharkatzen dudala berriz ere paisai iluna ikusten dut (Berriak eman du argazkirik onena gaur). Jende asko dabil aurrera eta atzera, baina nahikotxo falta dela sumatzen da. Trena hartzen dut eta banoa.

Hori da neuk ikusi dudana. Hortik aurrera hedabideetan irakurtzen ditut ikuspegiak eta aipuak dituztenetan idatzitakoak. Grazia ematen dute batzuen aipuek esanez festa handia ikusten zela Abando, Albia zein Abandoibarran, alegia, Bilboko Konpartsen eremutik eta Alde Zaharretik kanpo. Baina badira beste zenbait idatzi dutenak Alde Zaharra hilerri bat zela eta Deia zein El Correon (nola ez) idatzitakoen faltsukeriak salatuz.

Berriz ere El Correorenak mauka du. Goiburu handia aipatu aurretik plantoari eskeinitako argazki galeria aipatuko dut. Areatzako zenbait txosnei egindako lehen planoak, hutsak bai, baina ia beste ezer erakusten ez dutenak, ezta Alde Zaharreko kaleak ere, badaezpada ez diezaien goiburua zikindu. Portzierto, non dira egunak joan egunak etorri kalean mehatxatzen izango ziren piketeen inguruko aipurik? Ez dituzte aurkitu? Normal, ez zegoen piketerik inon. Baina badaezpada gaia ez dute aipatzen.

“La fiesta siguió con las txosnas cerradas”. Ez zen harritzekoa, Aste Nagusia ez baita soilik Bilboko Konpartsak, baina berriz ere beren titularrak ostia txarra du. Hari laguntzen dion argazkiak ere. Arriagatik atera dute eta nik deskribatu dudan egoera da: egunaren argiagatik gaueko bederatzi t’erdiak izango dira. Bazter batean jende multzoa ikusten da, aipatu dudan kale emanaldiari begira, eta hori da ikus daitekeen lehena, baina gora egiten duzu eta ohartzen zara zubia aurreko egunetan ez bezala ez dela lepo.

Argi dago Falangeren egunkariaren kazetaria eta biok ez garela kale berdinetan gurutzatu, bera hasierako kaleetan geratu baita, beti, edozein asteburutan, are gehiago udan, jendea duen kaleetan baita, ez da barnerago joan. Eta noski, manipulazioarekin jarraitzen du, galdera tranpa egiten baitie tabernari zein merkatariei, alegia, ea beraiek ixteko prest ziren. Temati jarraitzen zuen plantoa egiteko ustezko presioekin. Okerrena da izan zirela jokoari jarraitu ziotenak esanez ez zeudela ixteko egoeran. Jakin nahiko nuke ea inork gogoratu dion merkatarion hilabete hasierako prentsaurrekoa, presioak gezurtatuz, eta berauok idatzi ez dituen bere errealitatea eraikitzeko. Behintzat onartu du badirela elastiko beltza daramaten tabernak.

Aipuen artean El Correoren jatorria omentzen duten pertsonak azaltzeaz gain manipulazio salaketak ere badira.

Deian ikusi dut Konpartsen adierazpena jartzen dutela eta aipuen artean manipulazio salaketarik ere.

Neuk ikusi dudanetik gertuago dira Gara eta Berria. Gararen pieza ez zait gehiegi gustatu, askoz gehiago aipatzen du Udaletxe aurreko ekitaldia giroa baino.

http://www.gara.net/paperezkoa/20100826/217497/es/Las-comparsas-paran-dia-para-impulsar-Aste-Nagusia

Askoz gehiago gustatu zait Berriarena. Aipatzen dute ekitaldi bera, baina gero bada pieza bat non ikusten den eremu osotik ibili direla eta toki batzuetan jendea badela onartzen duten artean, besteetan huts dela aipatzen dute. Honakoa da aipatuko dudana, ez dezan inork tontakeriarik esan. Lehen ikusi egin dut El Correo Español, Diario de Falange Tradicionalista y de las JONS egunkariaren foroan badela esaten duenik Gara manipulatzaileena dela, ez baitute aipurik egitea uzten. Haren mailako aipuak irakurtzeko neuk ere nahiago dut ez jarri, horretarako badaude jada eskuin muturreko foro gehiegi. Berriarekin ez dira gehiegi sartzen, are gehiago isildu dituztenetik nondik eta Audientzi Nazionaletik, Egunkaria auziko epaiak esan zuenean haren aurka jaurtitako guztiak ez zuela zentzurik.

http://paperekoa.berria.info/plaza/2010-08-26/038/006/kolorea_dolu_bihurtuta.htm

Kolorea dolu bihurtuta

Konpartsarik gabeko Aste Nagusia «umezurtz» geratuko litzatekeela nabarmendu dute planto egunean

Larunbatean Arriagan izandako tentsio uneak salatzeko antzezlana egin dute

Maite Asensio.

Bilbo

Iñaki Azkuna Bilboko alkatea agertu da segurtasun neurri zorrotzez inguratuta. Bilboko Udaletxeko eskailera aurrera iritsi denean, militarrek lerroa osatu dute, eta ez diete konpartsetako bost ordezkariei pasatzen utzi. Bertan zeuden kazetariei ere oldartu zaizkie, «alkateak esan du ezin dela grabatu, eta kito». Baina Azkuna ez zen benetako alkatea, ezta benetako militarrak ere, Aste Nagusiko planto egunaren harira Bilboko Konpartsek prestatutako antzezlaneko pertsonaiak baizik.

Elastikoak kendu dituzte konpartseroek, eta erdi biluzik egin dute aurrera, eskaileretaraino; bertan dauden hesiak kendu ostean, keinua egin diete atzean zain dituzten ehunka laguni. Eta pixkanaka, udaletxeko eskailerak hartu dituzte 29 konpartsetako kideek; eta eskaileretan denentzako tokirik ez dagoela ohartu direnean, balkoiak ere hartu dituzte. Kolorez jantzi dute udaletxea, eta ondoren dolu bihurtu.

Antzerkiaren bidez, larunbatean txupina baino lehen Arriagaren barruan jazotakoa salatu nahi izan dute: presioak eta miaketak, Txori Barroteko konpartsakide bat antzokiaren balkoira atera ez zedin. «Arrazoaik bagenituen gaur plantoa egiteko, baina txupinean gertatutakoak beste bat gehitu du», adierazi du Aixe-Berri konpartsako ordezkari batek; «Zapatuan bizitakoak argi utzi digu udalak beste urrats bat egin nahi duela: konpartsok txupinean parte har ez dezagun saiatu. Baina kontuz: txupina herriarena da, jaia herriarena da».

Izan ere, 1987tik Bilboko Udalak eta konpartsek elkarlanean antolatzen dute Aste Nagusia, baina eredu misto hori arriskuan ikusten dute konpartsek. Aurten zantzu ugari egon dira: Kaskagorri eta Txori Barrote konpartsak txosna jarri gabe zigortzea, Komantxeri txosnarako baimena ukatzea, Jai Batzorde Mistoaren funtzionamendu eskasa… «Eredua lurperatu nahi dute: zigorrak, debekuak, baimenak ez ematea… Helburua argia da: konpartsen indarra desagerrarazi, herri mugimenduak dakarren freskotasuna otzandu, ideiak eta disidentzia kontrolatu», esan dute. Tartean, traba administratiboak salatzen edota adostasuna bultzatzen duten kartelak agertu dituzte eskaileretako zenbait konpartsakidek.

Eredu mistoa alboratu eta jaiak «pribatitzatzeko» asmoa antzeman dute konpartsek udalean, «mundu instituzionalak kontrolatutako jaiak, herritarren parte-hartzea mugatzen edo ia desagerrarazten duena». Udalak aurtengo jaietarako asmatu duen leloa ere hizpide izan dute: «Bilbo Total Free!, atzerrian salgarri, eta etxekoei, kale». Konpartsarik gabeko festak «umezurtz» geratuko liratekeela nabarmendu dute taldeek: «Unescok kultura ondare izendatutako jaiek guztion inplikazio zuzena beharko dute». Hori dela eta, mezu argia igorri nahi dute konpartsek. Eredu mistoaren aldeko konpromisoa «muturreraino» eramateko prest daude, eta aurrera begira, festen defentsan lanean jarraituko dute, 2011ko Aste Nagusia «mundiala» izan dadin.

«Gaur ez da jai eguna», gogoratuz heldu da hitzaldiaren amaiera: «Egun koloretsua izan behar zen, baina kolorea galduko du». Ondoren, konpartsen elastiko alaiak erantzi dituzte udaletxeko eskaileratan dauden ehunka konpartsakideek, eta dolua utzi dute soinean: Aste Nagusia defendatuz lelodun elastiko beltza. Txaloka hasi dira guztiak. «Kolorea desagertu da egun batez, aste osoan desager ez dadin».

http://paperekoa.berria.info/plaza/2010-08-26/038/010/konpartsarik_gabe_hutsunea_eta_isiltasuna.htm

Konpartsarik gabe, hutsunea eta isiltasuna

Planto egunean ez da girorik izan Areatzako txosnen gunean, eta Zazpikaleetan ere antzeman da hutsa

M. A.

Bilbo

Konpartsarik gabeko Aste Nagusia zer izango litzatekeen irudikatu nahi zuen atzoko planto egunak, eta argazkia argia izan zen: jendeak egon behar zuen tokian, hutsunea; musika eta algarak entzun behar ziren giroan, isiltasuna; kamiseta koloretsuak jantzi behar zituzten gorputzetan, dolu elastikoak. Bilboko jaiek osagai ugari dituzte, baina konpartsek egiten dute berezi; haiek gabe, arima galdu zuten atzo festek.

Bilboko kaleak ez ziren hustu, halere. Udalak antolatutako ekimenek -herri kirolak, buruhandiak, kontzertuak, kale antzerkia…–herritar asko erakarri zituzten, eta beste zenbait pasieran atera zen eguraldi ona aprobetxatuta. Baina gastronomia lehiaketarik ez zen egon, bertso bazkaririk ere ez, eta konpartsa bakoitzak egunero antolatzen dituen jarduerak -gaurko 50 inguru daude iragarrita- bertan behera geratu ziren. Txosnetan, zaintzan geratutako konpartsakideak baino ez ziren geratu, eta zigortutako konpartsei elkartasuna agertzeko edo adierazpen askatasunaren aldeko kartelak, eskegita. Txosna artean, plantoa egiaztatzera bildutako herritar gutxi batzuk.

Gauean, parranda egiteko aukerarik ez. Txosnak dira jaietako gau giroaren bihotza, baina handik kanpo, Zazpikaleetan ere nabaritu zen hutsunea. Auzoko 250 tabernek eta dendek baino gehiagok egin zuten bat konpartsekin. Ateak itxi ez arren, elastiko beltzak jantzi zituzten langileek, eta planto eguna gogorarazteko zenbait ekimen izan ziren: Errondako Herriko tabernak musika itzali zuen egun osoan; Gatazka Gunea liburu eta musika dendak oihal beltz batez estali zuen erakusleihoa; kalean eta poteoan «askoz jende gutxiago» antzeman zuten Kalderapeko kulturguneko langileek. Atzo ez baitzen jairik egon.



Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

et cetera
%d bloggers like this: