AbainGoardia











{2010/08/27}   Origen

Inception (2010)

Zuzendaria: Christopher Nolan

Antzezleak: Leonardo di Caprio, Joseph Gordon Levitt, Ellen Page, Tom Hardy, Ken Watanabe, Dileep Rao, Cillian Murphy, Tom Berenger, Marion Cotillard eta Michael Caine

Gidoia: Christopher Nolan

 

Christopher Nolan pelikula onak egiten ohitzen ari da, bere alde du gainera geroz eta diru gehiago inbertitu ahal duela horiengan, Origen hau froga argiena izanik, beste edozein modutan ezingo bailirateke istorio honetako mundu ezinezkoak filmatu. Hasierako film interesgarrietatik (Memento, Insomnio…) pausu handia eman zuen Batman heroiaren saga eraberritu zuenean Batman Begins filmarekin, deigarria. Baina hautsak astindu zituen haren bigarren atalarekin El cabellero oscuro (The Dark Knight), zeinean giro itogarriak egin zituen eta ziurrenik historiara pasako da Joker onena, beldurgarriena eskaintzeagatik, Heath Ledger zenduak borobildu baitzuen, nahiz eta pentsatzen dudan Oscarra eman ziotela hila izateagatik.

Hirugarrena  prestatzen duen artean parentesi bat egin du bere gidoi propioa duen pelikula ikusgarri hau aurkezteko.

Modan da berriz Leonardo di Caprio aktorea, Titaniceko guapoa izan ondoren ez zitzaion pelikula deigarri askotan ikusi (El aviador agian), baina aurten bi pelikulari esker ari da izaten arrakasta. Lehena Martin Scorsesek gidaturiko Shutter Island eta honako Origen bestea.

Leonardok Cobb antzezten du, zeinak beste bakan batzuek bezala abilezi handia du: besteon ametsetan sartu ahal da, bere aitak irakatsitako bideak esperimentatu ondoren aurrerapauso handiak egin zituena. Ordea, hondoa jo du. Bere emazte Malekin (Marion Cotillard) esperimentatu ondoren, honek bere buruaz beste egiten du eta hil izana leporatzen dio poliziari igorririko gutun batetan, Estatu Batuetatik ihes egitera behartua delarik. Beraz modu bakarra du bizirauteko eta bere barkamena erosteko: pertsonen ideiak lapurtzea ametsen bidez.

Une horretan abiatzen da filma, talde oso arriskutsu batek eskatu baitio Saito (Ken Watanabe bikaina) enpresagizon boteretsuari idei bat lapurtzea. Hor ikusiko dugu nola engainatu nahi duen bere adiskide Arthurren (Joseph Gordon Levitt) laguntzaz. Baina arazoa du. Cobbek ametsetan beti du aurkari bere emazte zendua, Mal. Horrela ohartzen da Saito amarruaz eta esnatzen da. Bi gizonak ditu bere esku, edo agian ez, eta esaten die ez direla behar duen lanaren neurrira, eta orduan ezustekoa jasotzen du (eta geuk bide batez): bigarren amets batetan da! Lehen ametsa bigarrenaren barnean zen! Hala ere ez dute lortzen Saitori ideia lapurtzea.

Ihes egin behar dute, hilko baitituzte kontratatu dituztenek. Saitok salbatzea eskaintzen die, eta Cobbi AEBra libre itzultzeko aukera lortu, Jatorria (Origen, Inception) bere arerio batengan sartzea lortzen badute. Jatorria da beste pertsonaren baitan sarrarazten duzun ideia, berea balitz bezala. Arthurrek ezinezkoa dela dio, baina Cobbek posiblea dela dio. Badu hartarako ziurtasuna: 50 urte ametsetan izan ondoren emaztearekin, alegizko bizi hartatik irteteko Cobbek Mali Jatorria sartu zion, hots, ez zirela benetako munduan bizi eta itzultzeko esnatu beharra zutela. Baina eskua joan zitzaion eta emazteak buruaz beste egin zuen esnatuko zela pentsatuz.

Laguntza behar dute eta horretarako kideen bila hasten dira. Ametsen arkitekto berri bat behar dute eta hartarako Pariseraino doaz, Cobben aita Milesen (Michael Caine) ikasle onenaren bila, Ariadne (Ellen Page). Afrikan identitate faltsifikatzailea bilatzen dute, Eames (Tom Hardy) eta ez oso urrun kimiko onena bilatzen dute, Yusuf (Dileep Rao). Bostek taldea osatuko dute Saitorekin batera, ametsetako turista deitzen dutena. Totemak ere ezagutuko ditugu, kide bakoitzak izan behar duen objektu berezia ametsetan ez direla jakiteko. Cobbena peontza bat da, zeina ametsetan sekula ez den erortzen. Aukera izango dugu amaieraino peontza hura ikusteko.

Dileep Rao, Tom Hardy, Joseph Gordon Levitt, Leonardo Di Caprio, Ellen Page eta Ken Watanabe

Helburua dute energia enpresa handieneko oinordekoa den Robert Fischerri (Cillian Murphy, Michael Caine eta Christian Balekin batera zuzendariaren aktore fetitxe bilakatua) sartu behar diote buruan hilzorian den bere aita Mauricen (Pete Postlethwaite) inperioa suntsitzea.

Horretarako plan bat dute. Hamar orduko loan sartuko dira denak eta bata bestearen baitan sartutako hiru ametsetan murgilduko dira, bertan biziz astebeteraino lehenean, sei hilabete bigarrenean eta hamar urte azkenan. Horrelako helburua lortzeko sedatzaile oso indartsua behar dute, Yusufek prestatzen duen cocktail boteretsua. Amets guztietatik esnatzeko ostikada deitzen dutena koordinatu behar dute; ostikada bada esnatze bortitza, amiltzen zarela amesten duzun eta kolpatzen zarela esnatu eta sentitzen duzun sentsazio hura.

Lehen ametsean Robert bahitzen dute eta sinets arazten diote aitaren kontseilari eta aita ponteko duen Browning (Tom Berenger) torturatu dutela, Eames delarik benetan, Mauricen azken testamentua lortzeko, zeinean jartzen duen inperioa desegingo duela.

Planak ez doaz ongi ordea. Roberten subkontzientea oso indartsua da, hartarako prestatu dute, eta oso segurtasun zorrotza du. Horren ondorio Saitok tiro latz bat jasotzen du. Arazo larria da, ohartzen baitira hiltzen badira droga horren ondorioz ez direla esnatuko, subkontziente hutsak sorturiko linbo batean eroriko dira, agian betiko. Bizkor ibili behar dute eta ostikadak bizkorrago sinkronizatu. Lehen ametseko ostikada furgoneta batekin zubi batetik behera ibaira amiltzea izango da.

Bigarren ametsera sartzen dira eta bertan aurkakoa esaten diote Roberti, haren segurtasuna sendotzeko direla eta norbaitek idei bat sartu nahi diola, hartarako hirugarren ametsean sartu behar direla.

Hirugarrenean mendikate elurtsu baten erdian den gotorleku batetan sartu behar dira, indar segurtasun zorrotzez betean, han aurkituko duelarik Robertek Jatorria sartua jada.

Istorioa bizkor doa (bi ordu t’erdiko iraupenak eskaintzen duen bizkortasunaren barruan), eta ikuslea gero eta nahasiago geratzen da filmean, jada galdua sentitu arazten du eta une gogoangarriak eskaintzen ditu, nahitaez Matrix gogorarazten dutenak. Eszena batetan, lehen ametsean furgoneta tronpatzen hasten da errepidean eta itzuliak ematen ari den artean mugimendua ia eteten da, artean ikusten dugularik nola bigarren ametsean grabitatea galtzen den eta Arthurrek subkontzientearen segurtasun gizonen kontra borroka egiten duen hotel batetako pasilloetan horma guztietatik igoaz, benetan ikusgarria. Edo Ariadne gai denean Pariseko kaleak tolestu eta bertikalki ibiltzen hastea. Eta horiek zaldiko-maldiko honen eszenetako bi besterik ez dira.

Istorioa korapilatzen doa, Mal azaldu eta Robert hiltzen duen arte, Saito hiltzen den une berean, Cobb eta Ariadne joan beharko direlarik linbora, laugarren ametsera, Cobb eta Malek sorturiko eta jada errautsetan den munduan barna.

Film benetan ikusgarria, doai handienetako bat du ikuslearen parte hartzea lortzea korapilo sendo honetan, Nolanek bere Jatorri propioa sartuko baitigu eta amaieran zalantza handi bat utziz, derrigortu ninduena berriz ere ikuskatzea filma. Ezinbesteko filma nire ustez.



Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

et cetera
%d bloggers like this: