AbainGoardia











{2010/08/31}   Aste Nagusia 2010: Konpartsen balorazioa eta datu gehiago (tartean opari bat)

Beno, Aste Nagusia amaitu da, bakoitzak haren inguruan balorazio ezberdina izango du. Nerea oso arina da, denbora gehiago igaro baitut kanpoan bertan baino. Baina jada nire iritzia eman nuen Udaletxeak, haren baitan diren alderdi politikoek eta hedabide batzuek (El Correo Español, Diario de Falange Española Tradicionalista y de las JONS egunkaria bereziki) egindakoaz egungo jai eredu parte hartzaile eta herrikoia suntsitzeko.

Aipatu nituen datuen artean baten bat ahaztu zitzaidan. Hauetako bat esaterako bada Udaletxeak azken urteetan nahi duen datetara aldatu dituela jaiak. Bilboko Aste Nagusia santu baten inguruan ospatzen ez den jai bakanetarikoa denez, ez da egun zehatz baten inguruan egiten, baina bai egin izan dela orokorrean Abuztuko hirugarren astearen inguruan. Udaletxeak azken urteetan ordea datak aldatu egin ditu interes ekonomiko hutsengatik, aipatuko ez ditudan gune komertzial handien eta merkatari eta ostalarien elkarteen eskakizun edo aholkuak jarraituz, hots, jai hutsa inongo arrazoi ez duena eta bai ordea arrazoi ekonomiko hutsek bultzatua, Konpartsek entzun behar duten artean txosnekin dirua besterik atera nahi ez dutela. Are eta argiagoa da ikusten badugu Bilboko beste ospakizun bat. Tomas Deunaren azoka Abenduaren 20an izan ohi da. Baina badira urteak azoka aldatu dena, larunbat edo igandean izan beharrean, astelehen edo ostiralean izan eta horrela Bilboko Alde Zaharreko Merkatarien elkartearen eskakizunak asetuz. Edo aurtengo aratusteak, lau egunetara murriztu dituztenak ez zutelako behar bezalako errentagarritasuna ematen ohi bezala astearteraino luzatuz.

Plantoaz ere nahikoa hitz egin nuen, bai neuk ikusi nuenaz nola irakurri ahal izan zenaz. Bakoitzak nahi dituen kontuak egin ditzala. Baina gauza hau da: egunkari batek, Berriak, argazkien bidez erakutsi zuela bezperan eta planto egunean ordu berean Areatzan izandako ezberdintasuna. Agintariek eta haren aldekoek diote ez zela nabaritu. Dedukzioak egiten baditugu, horrek esan nahiko luke txosnetan zein Alde Zaharrean falta zen jende guztia-guztia beste eremuetan izango zela. Norbaitek erakuts diezadake bezpera eta planto eguneko argazkirik Abando, Albia edo Abandoibarran? Zeren jendeak Konpartsez paso egin bazuen, milaka pertsona gehiago (bai, milakaz ari naiz) ikusiko ziren eremu hauetan. Halakorik izan zen? Ez dut uste…

Oraingoan argitaratu nahi dudana da Bilboko Konpartsek egindako prentsaurreko oharra atzo, zeinean eskertzen duten planto eguneko elkartasuna eta, hein berean, onartzen duten egon zela plantoa jarraitu ez duenik, noiz ikusiko ditugu ordea gainontzekoei onartzen Areatzan bereziki, eta Alde Zaharrean ere jende andana falta zela?

Era berean, Gara egunkariak aipatutako pasarteren bat nabarmenduko dut, zeinean bi datu interesgarri ematen dituzten: lehena, Alde Zaharreko tabernetan galdezka ibili zirela eta esan zietela ohi baino lehenago itxi zutela planto egunean berezoen faltagatik, eta iazko egun berean baino askoz diru gutxiago jaso zutela. Eta bigarrena, Udalak ez duela oraingoz aurkeztu nahi izan planto eguna eta iragan urteko egun bereko egunean izandako garraio erabileraren arteko ezberdintasunen daturik eman nahi izan. Halako datuak beti eman ohi dituzte. Zergatik oraingoan ez?

Berriz ere grazia egiten du El Correoren jarrerak. Konpartsen prentsa oharran esplizituki aipatzen dute egunkaria, haien aurka egindako mugimendu guztiak salatuz. Eskatzen dute barkamen eske publikoa erlazioak haustea nahi ez badute. Egunkariak oraingoz ez du txintik ere esan, eta ez dirudi esango duenik. Oharraren inguruko artikuluan ez dute sikiera eskakizun hau aipatzen, beraz, zure kontra egindako salaketa aipatzen ez baduzu ere, ez dirudi autokritika egiteko edo barkamenik eskatzeko prest zaudenik. Eta beren blog batean ere ez dute ezer esaten, eraso baino. Honen inguruan azken opari bat emango dizuet pieza honen amaieran. Blog honen helbidea emango dut, “El General” deituriko batek Konpartsen aldeko argudio oso onak ematen dituelako.

http://blogs.elcorreo.com/elcascarrabias/2010/8/30/el-plante-comparsas-un-exito-

Beno, ez naiz luzatuko. Besteei emanen diet hitza oraingoz.

http://www.bilbokokonpartsak.com/web/index.php?option=com_content&view=article&id=520%3Alehen-balorazioak&catid=1%3Aazkenak&Itemid=50&lang=eu

Mari jaiak duela gutxi utzi gaitu eta gaurkoan zuekin bildu gara, lehenengo balorapen azkarra egiteko, jaiak bukatu bezain azkar unerik onena delako. Agian ostean hurrengo egunetan bestelako azalpenak emango dizkizuegu gauzak sakontasunean argituz, eta nola ez, zuen galderei beti bezala erantzuteko prest.

Aste Nagusi berezia aurtengoa, beroa, oso beroa, ulertzen da ezta? Batzuk gehiago berotzen ahalegindu direnak.

Baina gure gaurko lehenengo hausnarketa modu positiboan burutu nahi dugu, modu positiboan, jaiak ondo egon direlako, oso ondo, esango genuke, parte hartze itzela, eta gure ustez inoiz baino argiago geratu delako jendarteak jaien kontuetan gutxienez, noren eta zeren alde egiten duen. Batzuk ezkutatu gura izango dute errealitate argi hau, baina jendartearen parte hartze itzela konpartsetan, beti leporaino, egun batean salbu, planto egunean salbu, noiz isiltasunak Areatza bete zuen lehenengo aldiz Aste nagusian goiz osoan eta arratsaldeko zati handian zehar. Eta plantoan gertatu zenaren inguruan utziguzue lehenengo hausnarketatxoa egiten, udalekoei zuzendutakoa: publikoki onartuko ez baduzue ere, jai erreferendumean galdu baino gehiago, oso porrot bortitza jaso duzuelako.

Aurten Aste Nagusiari toke berezi bat eman behar izan diegu. Plantoa, eguna zein ekitaldia, kolore beltza gehitzea adierazpen askatasunaren aldarri moduan, jai batzorde mistoaren degradazioaren salaketa, konpartsa zigortuei elkartasuna… Guztian, guzti guztian asmatu dugu, bete betean asmatu, itzelezko arrakasta izan da, eta konpartsok pozik esan dezakegu, berezia izan dela aurtengo aste nagusia, pozik gaude planteatutako kontu guztiak ondo atera direlako, baina ez gaitezen erratu, pozik bai, baina nahiago dugu, horrelako poztasunik hartu behar ez izatea, nahigo ditugu akordioak, eredua eta azken finean Jai ez hain beroak.

Jaien alde, ereduaren alde hitz egiteko, adosteko, biltzeko eztabaidatzeko eta gauzak konpontzeko gure prestutasun osoa mantentzen jarraitzen dugu. Eta jasan behar izan ditugunak jasanda, txupina kasu, oraindik ere gauzak konpontzeko eta bideratzeko gogoa daukagu, aurrean solaskiderik topatzen badugu, bestela deika eta deika arituko gara solaskideak behingoaz hartzen gaituen. Horregatik aurrekoan, planto egunean, udaleko erregistrotik alkateari berriro ere biltzeko eskaera luzatu diogu Alkateari, gauzak bideratzeko, bideratzeko gogorik baldin badu.

Aurtengo hausnarketarik garrantzitsuena hau da, jai ereduaren defentsa, jai eredu mistoa hitz eginez berreskuratu. Herriak jai eredu honen aldeko jarrera argia, oso argia azaldu duelako, eta ez ikusiarenak egitea ez litzatekeelako arduratsua izango.

Gaur ere jaiak desitxuratzen ibili diren politiko zein komunikabide batzuen jarreraren inguruan hausnarketa egin gura dugu. Gure informazioak eta prentsaurrekoak desagerrarazi, konpartsen arteko liskarrak bilatu, konpartsero disidenteak harrien azpietan bilatuz, eta konpartsok adostu duguna jendartean zalantzan jarriz, publikoki kriminalizatu gaituzte, merkatariak eta tabernariak presionatu ditugunaren buloa sortuz, gezurra esanez, argi baino hobeto demostratu den lez. Eta medio batzuekin gure limitea aspaldi gainditu da. Argiago esateko, El Correo Españolek publikoki barkamena eskatzen ez badigu, nahi duen formatuan, gurekin ez du izango jada, inolako erlaziorik. Herritarrak desinformatzekoak eta kazetarien objetibitatea galtzeak ere limitea du. Hain txarrak bagara zergatik hiri krosaren antolaketan lagundu adibidez? Aurten gertatutako guztiarekin hainbat hautagai eduki ditugu Bilboko Konpartsen bandera marroia jasotzeko, euren artean komunikabide hau, baina azkenik Isabel Sanchez Roblesek irabazi du.

Gaur egin gura dugun beste hausnarketa bat oso pozik gauden berrikuntza baten ingurukoa da: aurtengoa Aste Nagusirik garbiena izan da. Eta bereziki konpartsok edalontzi berrerabilgarrien inplantazioari esker. Gainera ezin ukatu pausu honek jendartean izan duen lehenengo ondorioa: guztiok ardura izatea Aste Nagusia garbiago bat lortzen!! Guztion ardura den heinean guztiok zoriontzeko aprobetxatu nahi dugu: zorionak Aste Nagusira hurbildu zareten guztioi eta konpartsokin batera jai-eremu garbiagoa lortu duzuen guztioi!! Ea posiblea den ahalik eta arinen Udaletxeko datuak lortzea goizetan beste urtetan jasotzen zen plastiko toneladen inguruan eta balantze teknikoagoa egin dezakegun.

Eta azkenik, eskerrak eman nahi dizkiegu, gurekin batera guri sostengua emanez, jaien alde, lanean aritu zareten guztiei, gure txosnetara hurbildu zareten guztiei, ekitaldi, txapelketa eta jolas ezberdinetan parte hartu duzuen guztiei, gurekin batera edalontzi berriekin birziklatzen aritu zareten guztioi, eta espreski Alde zaharreko merkatari eta tabernariei izandako jarreragatik, bihotzez, eskerrik asko. Irabazitako 2010ko Bilboko Konpartsen bandera urdina benetan merezi duzue!!

Garak aipatuko datuei buruzko pasartea aipatuko dizuet orain (itzulpena nirea da), gainontzekoa prentsa oharra errepikatzea baita, hala ere albistearen lotura ondokoa da:

http://www.gara.net/paperezkoa/20100831/218196/es/Bilboko-Konpartsak-insiste-emplazar-Inaki-Azkuna-tras-el-exito-plante

Bilboko Konpartsek Iñaki Azkuna deitu dute plantoaren “arrakastaren” ondoren

Agustin Goikoetxea

[…]

Lehenengo balorazioetan, esaterako, 2009ko Aste Nagusiko asteazkenarekin alderatuz garraio publikoetan izandako bidaiari murrizketa estali nahi izan bada, badira beste datu adierazgarriak. Horrela, GARAk ezagutu ahal izan du Alde Zaharreko taberna askok abuztuaren 25ean –konpartsen planto egunean- bezero jaitsiera izan zutela, urtebete lehenago izandako irabazien erdia lortuz batezbestekoz eta goizago itxi zuten.

[…]

Amaitzeko, ziurrenik askok ikusi nahiko duten irudi batzuk erakusten dizkizuet. Honakoak El Correo Españolen lehen urteetako irudiak dituzue, tartean lehen zenbaki bera. Lehen zenbaki haren data 1937ko Uztailaren 6koa da, pixelaturik ikusi ahalko bada ere (ikusten dituzuen kalitate berdinean jaso ditut neuk irudiak), argi eta garbi jartzen du “Num. 1”. 1910. urtean sortu izan balitz ez luke egun hartan lehen zenbakia izan behar. Eta argi azaltzen da egunkariaren sorrera: “Diario de Falange Española Tradicionalista y de las J.O.N.S.”. Bilboko frontea amaitua Falangek sorturiko egunkaria. HORI da bere sorrera.

Num.1, 1937-07-06

Num. 236, 1938-06-19

1939-06-18

1941-07-11



Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

et cetera
%d bloggers like this: