AbainGoardia











{2010/09/18}   Loiolako hegiak

Loiolako hegiak

Imanol Murua Uria

ISBN 978-84-9783-824-5

316 orrialde

2010eko Martxoa

Elkar eta Berria

 

Euskal gatazkak luzerako ematen du, eta zenbat eta gehiago iraun are eta luzeago emanen du. Azken urteetan hizpide izan da 2006ko su-eten garaiko negoziaketak. Asko hitz egin da, Espainiako Gobernuak zabor asko jaurti du ETA eta bereziki ezker abertzalearen aurka, jeltzaleek halakoak zioten ere Imaz zen artean batik bat, Alderdi Popularrak gobernuaren aurka jaurti du zaborra eta artean hitz egiteagatik ezker abertzaleko ordezkariak atxilotuz joan dira. Aro horri ahanztura jantzi nahi izan diote betikoek, orain zilegitasunik gabe Lehendakaritza lortu dutela (horrela ordaindu diete jeltzaleei prestaturiko zerbitzuak) ez dute garai hartan bizitakoak aipatu ere egin nahi. Nork esango luke Rodolfo Ares, Loiolako mintzakideetako bat, pasako zela hitz egiteagatik epaitua izan nahi izatetik, Barne Sail kontseilari gogor eta burugabe izatera.

ETAk 2006ko martxoan aldarrikatutako su-etenak ibilbidea zuen atzetik eta liburuak dena azaltzen digu. Horrela azaltzen digu nola 2000. urte aldera Arnaldo Otegi ezker abertzaleko bozeramailea mintzatzen hasten den PSE-EEko legebiltzarkide orduan eta ondoren alderdiko lehendakari izango zen Jesus Egigurenekin, aspalditik ezagunak baitira, Elgoibarreko Txillarre baserrian. Bertan sukaltzen hasiko dira ondoren Loiolara eramango zuen ibilbidearen osagai ezberdinak.

Imanol Muruak kontatzen digu nola hasieran egindako pausuak interesgarriak egiten zitzaiela bi aldeei, baina ez zuen ematen beranduago izango zuen garrantzia hartu behar zuenik, ez da ahaztu behar hitz egiten hasten diren garaian Gobernuan Alderdi Popularra dela, gehiengo osoarekin gainera. Ordea, 2004ko hauteskunde orokorretan Alderdi Popularrak hiru egun lehenago Madrilgo atentatuetan ETAk erantzukizuna izan zuela sinetsi arazi izan nahiak ondorioa ekarri zuen, alderdi “sozialista” boterera itzuliz. Horrek egoera asko aldatu zuen, jada gobernuko alderdiarekin ari zen ezker abertzalea. ETAk bi alderdien artean egindako aurrerapausoak bere egiten ditu eta Gobenuarekin hitz egiten hasiko da bere aldetik, Anoetako bi mahaien eredua jarraituz, eta horrela akordio minimo batzuk adosten dituzte bi aldeek presioa arintzeko, tartean 2006ko martxoaren 22an ETAk deklaratzen duen su-etena.

Ordea, laster ikusten da Gobernuak ez dituela bere erantzukizunak hartzen, zeren egiten duen lehen gauza Arnaldo Otegi, prozesuaren sustatzaile nagusietakoa eta ordezkaria espetxeratzen du, gobernuak erakunde armatuarekin adostu zuenean ez zela ezker abertzalearen aurkako errepresiorik izanen (ezker abertzalea, ez ETA).

Denbora pasatzen da eta ez da mugimendurik sumatzen eta ETAren gutunen bidez, zeinak krisia salatzen duen, hasten dira zurrumurruak. Horrela, heltzen da Ekainaren amaiera, non Zapatero presidenteak egiten duen bere mintzaldi ezaguna Diputatuen Kongresuko pasiloan. Berriz ere egosten zaio akordioak bete ez izana, erabat adostua baitzen non egin mintzaldia (eta argi zegoen pasiloak ez zirela hautatuak izan) eta zer esan (bi aldeek ez zuten inon Konstituzioa eta egungo legediarekiko errespetuari buruzko aipurik txertatu mintzaldiaren iruzkinean).

Uda berriz ere etenean bizitzen da eta horrela, mugimenduak egiten dira, Loiolara eramango dutenak. Alderdi sozialistak zein ezker abertzaleak EAJ-PNV gonbidatuko dute parte hartzera baldintza nagusi bakarrarekin: Juan Jose Ibarretxe lehendakaria ez da ordezkaria izango.

Liburua oso ongi dokumentatua izateaz gain, hemendik aurrera Loiolako negoziazioen atala beste oinarri sendo batek finkatzen du: egileak bileretan izandako hiru partaideri egiten die elkarrizketa: Arnaldo Otegi (negoziazioak hasi baino zertxobait lehenago berriz ere aske geratu zen ezker abertzaleko kidea), Jesus Egiguren (PSE-EEko presidentea) eta Iñigo Urkullu (orduko PNVren Bizkai Buru Batzarreko presidentea eta egungo Euzkadi Buru Batzarreko presidentea). Hiruren hausnarketak oso interesgarriak dira, hiruren artean zeharka eztabaidan direnean edo arrazoia ematen ez direnean ere.

Loiolaren negoziazioen jarraipenaren gakoa han negoziatutako akordio minimoen zirriborroen dokumentazioa argitaratu izana da, ordura arte ez baitziren irakurri ahal izan. Horrela ikusten da nola egin zituzten zortzi bileren artean, azken aurrekoan minimo demokratiko batzuk adostu zituztela, non aukera ematen zen aukera politiko guztiak berdintasunean aurrera eramateko, eta EAE eta Nafarroaren arteko loturak indartzea besteak beste. Ezker abertzalearentzako atzerapauso batzuk, sozialisten partetik emandako aurrerapausoen trukean. Bilera horretan geratuak ziren bakoitza bere alderdiari eramatera onartu zezaten eta ondoren sinatzea. Alegia, ia betea zen euren helburua.

Ordea, azken bileran gauzak erabat gaiztotzen dira. Ezker abertzaleak abisatzen du aldaketa txiki batzuk proposatu nahi dituela bilera aurretik. Aldaketen artean nabarmentzen dira EAE eta Nafarroako loturak sendotuz, bi urteren buruan bi autonomien batasunaren gaia kontsultatu beharko zela; eta aukera politiko guztiak gauzatzeko bermeak izan behar zirela zioen pasartean, espreski, jarri zituzten hiru aukera: autonomia, federalismoa ala independentzia.

Imanol Muruak hausnarketa baten bitartez ederki azaltzen du arrazoiak. Azken aldaketari lotuz, gogoratzen digu nola Espainiar Konstituzioak dagoeneko esaten duela aukera politiko guztiako defendatzeko aukera dagoela. Baina Konstituzioaren zortzigarren artikulu famatuak (zortzigarrena dela uste dut) argi esaten du Indar Armatuek Espainiar Estatuaren banaezintasuna defendatuko dutela. Alegia, independentismoaren aukera politikoa ez dagoela bermatua gogoratzen digu kazetariak, halakorik gertatuz gero ejerzitoa etor daitekeelako eragoztera.

PSE, etorriko ziren ñabardura berrien aurrean, kontraproposamena egiten du, ezker abertzalean aurrerapauso batzuk proposatu zituen artean, sozialistek atzera egiten zutelarik, marko autonomikoak defendatu behar zirela esanez eta aditz batzuk aldatu (edo kenduz), esaldien nondik norakoa erabat aldatuz.

Artean ETA eta Gobernuaren lehen bilerak egiten dira eta haietan ez da ezer argi ateratzen, ETAk esanez mugimenduen ezean beraiek ondorioak aterako zituztela. Gauzak horrela, 2006ko amenduaren 30ean Barajaseko laugarren terminalean sekulako lehergailua zartarazten du ETAk, su-etena oraindik hautsia ez zuela.

Egoera blokeatzen da erabat, alderdiak ez dira berriro biltzen eta Gobernuak ez du ETArekin hitz egin nahi. Handik hilabete batzuetara, nazioarteko presioen bitartez, negoziazioetako alde guztiak biltzen ahalegintzen dira Genevan, eta une itxaropentsuen ondoren, ezker abertzaleko buruek Egigurenek egindako proposamen bat onartuz, gero sozialistek atzera botako zutela, negoziazioak hausten dira erabat. 2007ko Ekainean ETAk su-etenaren amaiera iragartzen du eta handik bi egunera Gobernuak Arnaldo Otegi, negoziazio prozesuetako sustatzailea, partaide nagusia eta Zapateroren hitzetan “bake gizona” zena espetxeratzen dute berriz.

Esan bezala, liburuaren balio handiena hiru protagonistekin izandako elkarrizketak dira, eta ez soilik gauza garrantzitsuenengatik. Baita bitxikeriengatik. Barre eragiten duten egoera bakanek beti dute Rodolfo Ares protagonista. Otegik gogoratzen du Egigurenek bazuela bere kabuz erabakiak hartzeko gaitasuna, Ares aurkeztuz etengabe Madrili deika aritzen zen gizontxoa bezala. Eta Egigurenek ere barre egiten du bere alderdikidearen kosta. Negoziazioak hasi zirenean El Correok filtrazio interesatu bat egiten du (nola ez) esateko negoziazioak hasi zirela eta Elizondon egiten ari zirela. Antza, euskararekiko duten murriztasunetik ondorioztatu zuten nonbait entzun zuten “eliza ondoaren” erreferentzia (Loiolako monastegia) Elizondo herria zela. Albistea mintzagai izan zuten negoziatzaileek jardunaldi batetan eta barreak egiten ari ziren, Aresek zur eta lur utzi zituenean Elizondo non demontre zen galdetzean. “Elizondo non den ez dakien bat zen negoziatzaile!” gogoratzen dute bai Egiguren zein Otegik.

Orain garai berri bat izanik ETAk egindako adierazpen berriaren ondoren, interesgarria da liburu honi atzera begira egitea, nahiz eta bi egoerek izan sekula gustatuko ez zaidan gauza: halako pisuzko eztabaida politikariengan uztea herritarrok benetako eztabaida soziala egin gabe.

Euskaraz zailtasunak dituenarentzat, gogora ekarriko dut hilabete batzuetara gazteleraz itzuli zela liburua, El triangulo de Loiola izenarekin.



Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

et cetera
%d bloggers like this: