AbainGoardia











{2010/11/02}   Hell Division eta Tragedy, Putzuzulo Gaztetxea, 2010-10-18

Putzuzulo Gaztetxea

2010-10-18

Hell Division + Tragedy

Heldua zen zaletu askok urtetan itxaron dugun eguna, Tragedy estatubatuarrek gure artean jotzeko eguna eta ia esan daiteke asko hartarako mentalizatu eta atondu ginela. Nork esan behar zigun ordea gaua bestelako modu batean amaituko zela.

Gaueko bederatziak aldera Hell Division donostiarrek hasiera ematen diote emanaldiari. Soinu oso iluna, crust doinuetan sakontzen badute ere, hauek metal oinarrietatik aurrera egiten dutenen multzoan bil genitzake, punkaren bidetik joaten direnen aurrean. Instrumentalki asko gustatu zitzaizkidan, oso trinkoak eta basatiak egiten baitziren. Abeslaria ordea ez zitzaidan horrenbeste gustatu, ez hasieran behintzat, ez dakit izango zen ahotsa berotu ez zuela, baina ahots gutural edo benetan basatia egin beharrean, erdibidean geratzen zen eta ez ninduen batere konbentzitzen. Kontzertuan zehar baliatu zen zenbaitetan delay pedalaz oihartzunak sortzeko, eta hasieran ere ongi ez bazihoan, onartu beharra dut orokorrean, eta ahotsa partikularki, hobetzen joan zirela gustura utzi ahal izateko moduan.

Ondoren Tragedy helduko zen. Hiru disko puska (Tragedy, Vengeance harribitxia eta Nerve Damage txukuna) eta, oroimenak huts egiten ez badit, bi single kaleratu ostean (horietako bat Totalitar taldearekin) beraiek bultzaturiko crustaren berriztapenak zaletu asko bildu ditu eta taldea ikusteko zain ziren. Ezin dezaket ziur esan zenbat ginen, oso txarra naiz halako kalkuluak egiteko Gaztetxeko gela itxi hartako leku ilunetan (eta zabaletan okerragoa da). Hirurehun bat izan gintezkeen, batzuek askoz gehiago ginela esan zuten, eta toki askotatik etorriak ziren ere (antza denez, bira jarraitzera igotako sevillarrak ere baziren!).

Portlandeko laukotearen emanaldia bi zatitan bana daiteke. Lehena kontzertu bera da. Kanta puska asko egin zituzten hiru diskoetatik hartuak (Vengeance diskoko kantu gehiago ezagutu nituen), bakarkako singlearen lehen kanta eta ohartu nintzen ere ezagutzen ez nuen beste kanta bat egin zutela, zenbaitzuei Motörheaden moduko erritmoak gogoratu zizkigunak argi eta garbi (kantu berria?). Emanaldia ikaragarri ona izan zen, zuzenekoan estudioan grabaturiko bezain ostia txarrarekin aritu baitziren, ez zen indarrik galtzen, eta jendeak gozatu zuen gogoz, lehen lerroan mosh eta abarrak dantzatzen aritu baitziren eta kantak zekizkitenek kantatu zituzten (The hunger kantu puskan bezala). Niri erakarri ninduen nahikoa pegatina eta kamisetetan aldarrikatzen zituzten taldeak, argi baitzegoen oso metal doinuak erabilita ere, Punk-Hardcore mundutik datozela: GISM, Wretched, Post-Regiment…

Emanaldiaren bigarren zatia, okerrena, goizegi etorri zen. Zortzi kantu ingururen ondoren, hogeita hamar minutu inguru pasata, jotzeari utzi zioten. Guztiok pentsatzen genuen atsedena hartzen zutela bisak egiteko gero. Baina ez. Inor ez ginen handik mugitzen eta ezin zuten urrun joan, irtenbide bakarra jendaurretik pasatzea baitzen. Bateria joleak haizagailuarekin airea hartzen zuen artean, gainontzekoak desmuntatzen joan ziren, oso pixkana. Jendea txistuka hasi zen, oihuka. Bateria jolea egoeraz ohartu zen, ikusi baitzuen bost hamar minutu inguru pasa zirela eta ez zela inor mugitu. Gainontzeko taldekideak konbentzitzen ahalegindu zen eta ia lortu zuen, bi kantariek beren anplifikagailuak piztu baitzituzten berriz. Baina bigarren gitarrak, hitz egiten zuten artean, desmuntatzen jarraitu zuen eta azkenik halako aurpegi batekin begiratu zien, “akaso nahi al duzue orain berriz ere dena muntatzen hastea?”. Eta horrela, hogeita hamar minutuko emanaldiaren ostean, kontzertua amaitu zen. Maitena eta biok gaueko hamaiketan itzuli ginen etxera. Aurretik ikusi ahal izan genuen nola baten batek zerbait bota zien. Jarrera lotsagarria izan zen taldearena eta, nahiz eta jada ez zen posiblea sarreratik kobratu zuten dirua erreklamatzea, jendeak beste modu batez ordain arazi zien. Egin zuten neuk egingo nukeena aldez aurretik erosi izan ez banitu kamisetak: ez erostea. Lagunek esan zidaten ia ez zutela salmentarik izan kontzertuaren ostean, eta ziur izan hori izan zela taldearen jarrera dela eta.



Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

et cetera
%d bloggers like this: