AbainGoardia











{2010/11/04}   Septiembre del 75

Septiembre del 75

Zuzendaria: Adolfo Dufour Andia

Gidoia: Adolfo Dufour Andia

 

Septiembre del 75 azken garaietan ikusi dudan dokumental interesgarrienetakoa da. Adolfo Dufour Andiak lortzen du garai batetako isla irudikatzea, errepresio anker batetan oinarrituriko gizartea, eta hari erantzun nahi zioten talde iraultzaile ezkertiarren ibilerarena.

Dokumentalak Xose Humberto Baenaren kasua aztertzen du, Jose Luis Sanchez Bravo, Ramon Garcia Sanz, Angel Otaegi eta Jon Paredes Manot Txikirekin batera fusilatua izan zena 1975eko irailaren 27an, Franco bizi zela beteriko azken heriotz zigorrak. Kasua aurkezteko bi ardatz nagusi erabiltzen ditu.

Batetik Flor Baenaren lekukotza dugu, Xose Humberto zenaren arreba. Berak alor gizatiarrena aurkezten digu, eraildakoaren familiarena. Azaltzen digu nola saiatu ziren beren seme/neba eraila izan ez zedin, eta behin hori gertatuta, egin izan dituzten ahalegin guztiak bere izena garbitu eta epaiketa militarra bertan behera uzteko. Aurrena haren aita izan zen, 1982an hiltzen denean amak jarraitzen du borroka, eta 2000. urtetik aurrera arreba Florrek jarraitzen du borrokan ahal duen toki guztietan: Auzitegi Konstituzionalean (onartzen ez dutena, 1975ean Konstituzioa indarrean ez zegoelako), Europako Giza Eskubideen Epaitegian (onartzen ez dutena, 1975ean Espainiak ez baitzuen Europako Giza Eskubideen Ituna sinatu) eta Nazio Batuetan. Era berean erakusten digu aurpegi sentiberena, Humbertoren aitak, semea eraila izan eta hilabetera, gutun luze bat idatzi baitzuen bere ilobei zuzendua, eskatuz hauek helduak direnean irakur dezaten, beren osaba nor zen jakin zezaten.

Neretzat alor interesgarriena FRAPeko militante ohien lekukotza da. Batetik Humbertoren izena gogora ekartzen dute behin eta berriz eta nola bizi izan zen klandestinitatean atxilotua izan arte. Eta askoz deigarriagoa da militante bizitzaren kontakizunak egiten dituztenean, edota jasandako tortura edo ankerkeriak azaltzen dituztenean. Emakumezko bi militantek azaltzen dituzten torturek hotzikara sortzen dute.

Lekukotzarik zuzenenak iruditzen zaizkit Manuel Blanco Chivite eta Vladimiro Fernandez Tovarrenak dira, zeinak Baenarekin batera heriotz zigorrera kondenatuak izan ziren epaiketa berean, ondoren, fusilamenduen aurretik Francoren gobernuak bizia barkatuko ziela. Manuelek momentu gogoangarri bat du esaten duenean askok barre egiten dutela “grisen aurrean korrika egiten” zutela esanez, baina berak gogoratzen du “grisek erailtzen zuten, brigada politiko sozialak erailtzen zuen, guardia zibilak erailtzen zuen. Badut bost urtetan polizi ezberdinek hildako berrogei bat pertsonei buruzko albisteak gordeta”.

Bien une hoberenetakoa epaiketa militarra azaltzen dutenekoa da. Batetik azaltzen dute epaiketa, diktaduraren arau propioetan oinarrituz ilegalki hasi zela. Abokatuek errekurtso bat egin zuten eta horren inguruko erabakia hartu arte ezin zitekeen abiatu prozesua. Epaileak ordea hasi zuen. Errekurtsoa ukatua izan zela esan ziotenean, etenaldi bat agindu zuen. Gauza ilegal bat egin zuenez, ordu erdira prozesua berrabiarazi zuen esanez “Lehen sesioa hastera doa”. Abokatuek protesta egiten dute, “barka, baina zer gertatzen da aurreko sesioarekin?”. “Aurreko sesioa aktetatik ezabatua izan da”.

Eta bestetik azaltzen digute nolakoa izan zen prozesua. Defentsa abokatua (DA): “Arma ikusi nahi dugu”. Fiskala (F): “Ez dago”. DA: “Beno, ba lekuan jasotako balak ikusi nahiko genituzke”. F: “Ez daude”. DA: “Beno, ba orduan zuen lekukoei galdekatu nahiko genieke”. F: “Ez daude eta ez dute deklaratuko”. DA: “Nola ez daudela?”. F: “Beno, defentsak badaki badirela fidagarriak ez diren lekukoak”. DA: “Bai, baina zuen lekukoak dira!”. F: “Bai, baina ez dira fidagarriak eta ez dute deklaratuko”. Nire lagun batek dioen bezala soilik falta zen defentsak esatea: “Nahi al duzue epaituak zuzenean urkamendira eramatea, zeren zer egiten dugu hemen?”. Manuelek dioen bezala “Humberto eraila izan zen epaiketan haren aurkako froga bakar bat ere aurkeztua izan gabe”.

Dokumental gomendagarria ikusteko, egun zenbait tokitan aurkezten ari dira, Pantalla Partida ekoizle-etxeak argitaratua eta Eguzki Banaketek banatua hamabi eurotan. Hemen ikus dezakezue dokumentalaren trailerra:



Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

et cetera
%d bloggers like this: