AbainGoardia











{2010/11/07}   El infierno de los jemeres rojos

El infierno de los jemeres rojos

Testimonio de una superviviente

Denise Affonço

ISBN 978-84-92663-23-1

256 orrialde

2010eko Urria

Libros del Asteroide

 

Badira historiaren ibilbidean ikasteko edo ezagutzeko gogoak sortzen dituzten gai asko, berdin dio hamaika urte irautea ala ia aharrausi bat baino motzagoak izatea, Rosa Parksek zuriei erreserbaturiko autobuseko bere eserlekua gizon zuri bati ukatu zionekoa bezala. Khmer gorriek sorturiko Kanputxea Demokratikoaren lau urteek sorturiko triskantza eta kaosa historiaren atal aparte horietakoa da, izugarria baita Khmer gorriek boterean izan ziren lau urte eskasetan izandako ankerkeriak, non 1975ean bizi ziren zazpi milioi pasatxo pertsonetatik bi milioi inguru hil ziren (lau urtetan!), desagerraraziz nekazari edo arrantzale ez ziren ia beste edozein langile. Hala ere, ziurrenik Khmer Gorrien papera ezin daiteke ulertu garaian izandako gertakari baten ausentzian: Vietnamgo guda. Eta hori bera gogoratzen digu Denise Affonçok, zeinak lortu zuen bizirik ateratzea lau urteko infernuaren ondoren.

Vietnamgo guda hastean Kanboian buru den Norodom Sihanouk erregeak babesa helarazten die Ipar Vietnameko borrokalariei, Vietcongari, alegia. Estatu Batuei ez zaie halakorik gustatzen eta animatzen dituzte erregeari aurka egin diezaioketen botereei. Beste hainbat lekutan bultzatu egin izan zuten bezala garai horietan (Txile aipatzearekin nahikoa dut), 1970. urtean, erregea bisita ofizialean den artean atzerrian, estatu kolpea burutzen du Lon Nol jeneralak, berak zuzenduriko Errepublika diktatoriala ezarriz. Norabide politikoa aldatzen da eta, noski, AEBn alde egiten du eta Vietcongaren aurka jartzen da, hauen ustezko babesleku diren kanboiar herrixkak eta biztanleak, Khmerrak batik bat, kolpatuz. Urteetan pogromoak egingo ditu hauen eta Kanboian bizi diren vietnamdarren aurka, bere gizarte eredua dekadentzian eta ustelkerian finkatzen den artean hiriburuetan. Guzti honek lortuko du aurkari asko biltzea eta sortzen den borrokalari talde bat animatzea, Khmer Gorriak. Ospe handia jasotzen dute eta pixkana Lon Nolen armadari aurre egingo diote, garaipen militarrak lortuz uneoro, 1975eko apirilaren 17an Phnom Pehn hiriburua hartzen duten arte.

Une hartatik aurrera beren muturreko proiektua aurrera eramango dute, txinatar komunismoan oinarrituriko neurri ezin zorrotzagoak finkatuz. Hiriburu guztiak husten dituzte, diru propioa dutela aurkezten badute ere, ez da haren zantzurik ikusten inon (funtsean deuseztua izan omen zen), nekazari edo arrantzalerik ez zen beste ogibiderik ez zen existitzen. Halako neurri zorrotzentzako izua sartzen dute kanboiarrengan eta era berean ezerezera kondenatzen dituzte, ez badira gosez edo gaixotasunez hiltzen, bortizki erailak direlako basoetan edo Tuol Sleng bezalako tortura guneetan.

Denise Affonço sortzez kanboiarra bada ere, aita frantsesa eta ama vietnamdarra zeuzkan, horren ondorioz naziotasun frantsesa zuen. Khemer Gorriek Phnom Pehn hartzen dutenean bera hantxe da Seng, bere bikote txinatar komunista peto-petoarekin, eta beren seme-alaba Jeannie eta Jean-Jacquesekin, Denisek Frantziako enbaxadan lan egiten zuen artean.

Infernuaren sarrera egiten digunean kontatzen digu nola Khmer Gorrien garaipena ezin litekeela ulertu ziurrenik Lon Nol jeneralik gabe, Denisek ikusten ez bazuen ere Khmer biztanleek pairatzen zituzten ankerkeriak (baina bai azaltzen du nola bere auzokide vietnamdarrak eramaten zituzten), bai ikusten zuela bestelako errepresioa eta errejimenaren jarraitzaileen gehiegizko dekadentzia. Horrela azaltzen digu Khmer Gorriek hiriburua hartu eta garaitu zutenean, lehen egunean ospakizun handiak izan zirela bertan eta biztanleek gerrilariak gonbidatzen zituztela edan edo bazkaltzera.

Baina biharamunean hiriburuaren hustea abiatzen da. Borrokariek esaten diete hiriburua ez dela segurua eta ahal duten bezainbeste gauzekin abiatu behar dutela handik, baina ez arduratzea, beraiek biztanleen etxe zein gainontzeko jabetzak zainduko baitzituzten. Denisen familia abiatzen da ihesaldian Sengen autoan haren arreba Li eta bere lau seme-alabekin, Hoa, Ha, Leng eta Phan. Ondoren jakingo zuten hirietatik, beren etxeetatik atera nahi izan ez zuten oro erail zituztela Khmer Gorriek.

Familia hegoalderantz bidalia da eta zenbait kontrol pasatzen dituzten, zeinetan geroz eta baliozko gauza gutxiagorekin geratzen diren. Helduko dira azkenik hegoaldeko eremu batera, ibai baten erdian den Koh Tukveal irlara, jada kotxerik gabe. Bertako biztanleek jasotzen dituzte eta segituan hasi behar dute arroz eta artoaren landaketa kolektibizatu gogorrak egiten. Berehala kiloak galtzen hasten dira, hiriburukoek, “sistema kapitalistak usteldutako horiek”, jasotzen duten elikagaia oso murritza delako, arroz plater bakarra egunean eta halakorik dagoenean, beste batzuetan arroz soparekin moldatu behar baitziren, bertako biztanleek zertxobait gehiago jasotzen zuten artean (Khmer Gorrietako buru eta yauthea zaindariek hobeto jaten zuten, noski). Eta hori soilik lan egiten zutenek, gaixo zirenek edo hamar urte baino gutxiagoko haurrek arrazioaren erdia jasotzen baitzuten. Bazuten eskubidea beraiek elikagaiak bilatzeko lanorduetatik kanpo, baina errealitatea izan zen elikagai asko desagertu zirela berehala goseteen eraginez (Denisek kontatzen digu nola gosetea benetako arazo bilakatu zenean, bera bidalia izan zen herrixketan jada ez zela ez kilkerrik entzuten ezta arratoirik ikusten).

Lehen bilerara deitzen dituztenean azaltzen diete preso direla, baina Angkarrek (Alderdiak) beren hobe beharra bilatzen zuela eta zainduko zituela. Haur nagusiak familietatik bereiziak izanen ziren, gizarte berrirako prestatuak izan behar baitziren, txikienak familiekin geratuko zirelarik. Eta eskatu zieten zintzoak izatea eta aurreko gizartean zuten bizimodu eta ogibidea azaltzea. Liburuan zehar Angkarrekiko azalpenek gehiegi ekartzen didate gogora sekta erlijioso suntsitzaile baten jokamoldeak, Angkar gora, Angkar behera, Angkarrek zure hobe beharra bilatzen du, Angkarrek ustelkeriatik libre den paradisua ekarriko du… Herriaren Tenpluaren moduko zaborra dakarkit gogora, esan bezala.

Seng komunista peto-petoa zenez yautheen zuzenbideak jarraitzen zituen eta aho handi gehiegi azaltzen zuen. Bere erruz aurreko errejimeneko funtzionario, militar zein mediku deskubritu ziren eta “bigarren heziketa guneetara” bidaliak izan ziren (hots, erailak). Sengek laster zori bera jasango zuen, 1975eko uztailean gune haietako batera bidalia izan baitzen.

Denise bakarrik geratu zen Li koinata eta Jeannie eta Ha haurrekin, gainontzekoak Angkarrek eraman baitzituen berekin. Denbora igarotzen joango da eta geroz eta okerrago ibiliko dira, herrixka berrietara bidaliko dituzte eta bere familia ez da libratuko kanboiar askoren patutik. Vietnamgo armadak Kanboia askatzen duenean, Denisek hogeita hamar kilo pisatzen du eta bere seme Jean-Jacques da bizirik geratzen zaion senide bakarra, beste guztiak gosez edo gaixotasunez hil direlako.

Benetan ikaragarria egiten da bere kontakizuna, neuk liburua irakurri ahala ezin nuen masaila itxi izu edo nazkaz. Oso gogorra egiten da ikustea nola pertsona bat heriotzetik gertu zenean yautheak azaltzen ziren arroz eta beste osagaiez eginiko bola bat eskaintzen, diarrea latza sortu ondoren gaixoaren heriotza bortizki bizkortuz. Edo kontatzen duenean nola balak aurreztearren gizon, emakume, zein haurrak erailtzen zituzten aizkorakadekin buruan. Eta nola erabiltzen zituzten haien errautsak ongarritzat. Edo nola behartzen dituzten emakumeak dikeak egitera, behin amaituak “alargunen dikea” deitzen dela esanez (horrela ohartzen dira desagertuak diren senarrak hilak direla).

Liburu beldurgarria dugu honakoa, lau urte ikaragarri horietako idatziriko testigantza bakanetakoa bihurtu dena. Gomendagarria eta baliagarria, ezagutzarik gabe edonolako zorakeriarekin jolasten dutenek irakurri beharko luketena.



Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

et cetera
%d bloggers like this: