AbainGoardia











{2010/12/12}   Lisabö “Ezarian”

Lisabö “Ezarian”

2xLP+CD, 2010

Bidehuts

Bidehuts zigiluak harribitxi bat argitaratu du. Askok ez dute klasikoa deituko disko hau, baina beste batzuek oso oroitzapen onak izango dituzte. Ezarian Lisabö taldearen aurkezpen handia izan zelako (urtebete lehenago eurek ekoitzi eta banaka muntatutako CD maketa bat kaleratu zuten).

Gogoan dut nola Lisabö aurkezten ziren unean Dut taldearen azken emanaldiak bizitzen ari ginela eta gogoangarria izan zen 2000ko abenduan Bilboko Kafe Antzokian bi taldeek Anarirekin batera eginiko kontzertua, hondarribiarrena bereziki (Askatu korapiloa diskoaren aipamenean nabarmentzen dut kontzertua).

Lisabök Ezarian eder hau 2000. urtearen amaieran kaleratu egiten du Esan Ozenki Recordsen bitartez eta ia egun beretik laudorioak jasotzen ditu estatuko musika aldizkari adituen partetik, urteko disko onenetakoen artean sartuz. Kontzertu anitz egiten dituzte eta zuzeneko gordina eskaini, non segituan deigarri egiten den bi bateriadun laukotea izatea.

Handik bi urtera enkargu berezi bat egiten diete Donostiako Kursaalean egingo den ikuskizun baterako eta hiru abesti egiten dituzte propio, besteak beste Martxel Mariskalen hitz ederrek gidatua. Honen lekuko geratzen da Egun bat nonahi disko puzka, Acuarela Discos zigiluak kaleratua (egun agortua, ausartuko dira hasieratik egin behar zuten biniloa kaleratzen?). Nire ustez Lisabören disko propio bezala biribilena hiru kanta besterik ez baditu ere (baina kasu, hamasei minutu irauten du!).

Taldeak etenaldia du, Javi abeslari eta gitarra joleak erbesterako bidea egiten du (Belgikan Amodio taldea sortuz), beraz atsedenaren erdian taldekide berriak bilatu behar dituzte. Ivan bateria joleetako batek gitarra hartu eta Karlos baxulariak ere gitarra hartzen du, Ionyu sartuz baxua jotzera eta Eneko bigarren bateria astintzera. Zurrumurruek diote Mikel Laboa handiarekin egin behar dutela elkarlaneko diskoa, baina handik Donostiako bakarlariak argitaratu zuen Xoriek azken diskoan agertu zen “Orduan” kantua geratu zen. Baina elkarlana egiteko gogoa geratu zitzaien eta beste lagunekin aritu ziren, han hemenka kantu puzkak partekatu eta osatuz, eta gero beste hainbat lagunek hitzak osatuz. Horren emaitza Izkiriaturik aurkitu ditudan gurak paregabea izan zen (Metak, 2005), non hainbat talderekin batera jotzen zuten: Manta Ray, Experience, Káhrlo Desastre, Xabier Erkizia, Anari… Beti esan dugu zaletuok pena izan dela zuzenekoetara eraman ahal ez izatea.

Zuzenekoetarako denbora piloa itxaron behar izan genuen, 2006-2007 arte. Beste behin aldaketa bat izan zen, edo bi: Aida bateria joleak abandonatzen du eta Javi itzultzen denez, Ivan bateriara bueltatzen da. Horrela Ezlekuak ateratzen dute, zalantzarik gabe taldearen disko zuzenena, batzuetan konparatu dituzten taldeekiko (Fugazi bat aipatzearren) inoiz baino gertuago geratuz, “Nekearen teoria” bikainean Javi eta Karlosen ahotsen beharrean Ian MacKaye imajina dezakezu arazorik gabe. Bi urtez etengabe jo aritu ondoren, 2008ko abenduan Irungo Tunk aretoan azken kontzertua eman zuten Visión Túnel eta Experience taldeekin eta berriro ere atsedena hartu dute, bidean Ionyu geratuz. Disko berria prestatzeko asmoa dute heldu den urtean.

Baina artean 2000. urtean kaleratutako disko hura berrargitaratzen dute hamargarren urteurrenaren aitzakian, eta biniloan, merezi zuen formatuan alegia. Aurkezpen aldetik esan behar dugu dotore geratu dela, formatu orijinala errespetatu baitute, karpeta bikoitz urdin sinple bat, zeinak azalean, trokel bati esker leiho bat egiten duen, zeinetik ikusten dugun leiho lurrundua, hotz eta euria dela eta, atzean itxura baten itzala ikusiz. Liburuxka zena, 180 gramoko bi biniloak gordetzeko estalkietan bihurtu dute, horrela bai hitzak, nola Galder Izagirreren argazkiak banatuz, mantenduz eta azken kasu honetan handitzerakoan hobetzen dituztela.

Diskoaren edukiaren aldetik zer esan. Kantu apal batek irekitzen du, xuxurlaturiko ahots batek seaska kanta egiten diolarik narrasti gizonari. Handik diskoaren bi kantu zuzenenak aurkituko ditugu, “Hemen naiz ez gelditzeko baina” bikaina, eta energia handiko “Aurreiritziak”, Fugaziren moduko doinuengandik gertuen direnak.

Ordutik aurrera erritmoen abiadurak gorabehera egiten du, non batzuetan gitarrak gutxienekoak diren, oihu batzuk entzuten dira urrunean, eta bi bateriek hartuz diskoa entzuten duzu gela osoa. Mantsotasuna entzuten da noizbait eta bitxia da, Jabier Muguruzak akordeoia sartzen duen kantu batek ikaragarri oroitzen dit berantago Gustavo Santalaollak Alejandro Gonzalez Iñarrituren 21 grams pelikula zoragarrirako musika banda.

Diskoa ixten dute bi kantuk, “Zer egiteko gai gara?” kantu motz bezain bizia, eta “Eraikitzen”. Hamalau minututako kantua, zeina geldo gorantz doan erabat moztu arte. Orduan Jabier Muguruzak ahotsa sartzen dute gitarra baten ondoan eta azkenik agur erritmoa heltzen da.

Disko oso ona, zeinak gainera, CD formatua oparitzen duen. Beraz badakizue, ez duzue aitzakiarik kopiak diren artean diskoan zuenganatzeko. Fite.



Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

et cetera
%d bloggers like this: